Larunbat arratsaldea ez zen hain aspergarria izan

2004-10-04 8:18

Asteburuetan antzeko gauzak egiten ditugu beti: kanpora irten, erosketak egin, lagunekin Erribera kalean ibili, Amaiako plazan aspertu… Larunbat arratsaldean izan zen, ordea, ohikoa ez zen zerbait, eta ez naiz ari Zakila Biraz: musika-kontzertua izen zen Amaiako plazan. Nik, behintzat, ez nekien ezer, ez nuen-eta kartelik ikusi, eta harritu egin nintzen musika entzun, hara joan eta emanaldia ikusi nuenean. Arratsaldeko 7:30ak aldera, Amaiako plazako komunen aurrealdean, gazte mordoa, eta ez hain gazteak ere bai, ikusle; beste gazte batzuk bateria, gitarra eta baxua jotzen; beste bat abesten.
Hark guztiak bazeukan inprobisazio puntu bat, oso erakargarria, oso etxeko egiten zuena: anplifikadoreak San Miguel kaxa hutsen gainean, eszenariorik ez… Gustura egon nintzen, musika entzuten. Gero, larunbatetan ohi bezala, Erribera kalea aldera egin nuen.
Berriz ere 8:30ak aldera itzuli nintzen eta han jarraitzen zuten. Taldeak eta gazteek elkarren txanda hartzen zuten, eta musika ez zen isiltzen. Nik, behintzat, ez nekien Zumaian hainbeste talde eta musikari zeudenik! Ez naiz oso musikazalea, baina poza sentitu nuen. Emanaldi hark larunbat arratsaldea ohikotik atera zuen…
Eta bide batez, animoak eman nahi nizkieke, bai antolatu zutenei, bai han jotzen aritu ziren gazteei.

  • youtube
  • in
  • rss
  • twitter
  • facebook

Baleikera harpidetu

Jaso albisteak zure posta elektronikoan:

E-maila:

Puri-purian

RSS Baleike(e)ko iruzkinak

Sare Sozialak

Azken zenbakia

219 (2013ko martxoa)