Dagoeneko 3.000tik gora sinadura bildu ditu atez atekoaren kontrako herri plataformak

2012-06-07 10:25

Sinadurak biltzeko kanpaina ez dute oraindik amaitutzat eman, baina jadanik 3.000tik gora jaso dituzte. Datorren asteazkenean alkatearekin bilduko dira, gaia mahai gainean jartzeko.

“Jadanik 3.000tik gora zumaiarren sinadurak bildu ditugu, eta kanpaina oraindik ez da amaitu”, jakinarazi digu herri plataformako kide Jean Pierre Ithurbidek. “Gainera, iritzi politiko ezberdineko jendeak sinatu du: PSEkoak, EAJkoak, azken hauteskundeetan Aralarren zerrendan egondakoak, Bildukoak… Hau ez da ezer politikoa, herritarren iritzia da”. Bildu duten sinadura kopuruarekin dagoeneko alkatearengana joateko nahikoa indar badutela uste dute. “Bilera eskatu diogu alkateari, eta datorren asteazkenerako jarri digu hitzordua”. Bileran zer eskatuko dioten galdetuta, “herriaren iritzia zein den planteatuko diogu. Zumaian sekula egin den sinadura bilketarik handiena da; nik behintzat ez dut horrelako besterik gogoratzen. Atez atekoa bertan behera uzteko eskatzeko legitimitatea daukagula iruditzen zaigu. Arazoari aurre egiteko eskatuko diogu alkateari”.

Udalak atzera egiten badu, eskua zabaltzeko prest daude: “Sinatu duten 3.000tik gora lagun horiek ezetz esaten diote atez ateko sistemari, baina birziklatzeko konpromisoa hartu dute. Udalak hala nahi badu, gu prest daude ahal dugun neurrian elkarlana bultzatzeko eta birziklatzea bultzatzeko”.

  • youtube
  • in
  • rss
  • twitter
  • facebook

Baleikera harpidetu

Jaso albisteak zure posta elektronikoan:

E-maila:

Sare Sozialak

Azken zenbakia

235 (2014ko iraila)