Lopezek eta Goikoetxeak irabazi dituzte Miamiko denboraldiko titulu guztiak

2012-06-27 11:30

Imanol Lopez eta Iñaki Osa Goikoetxea puntista zumaiarrak izan dira jaun eta jabe Miamiko frontoiko denboraldia, bien artean eskuratu baitituzte jokoan izan diren titulu guztiak. Iñaki onena izan da buruz buru, eta aurrelari onenaren titulua irabazi du; Imanolek atzelari onenaren saria jaso du, eta bera izan da denboraldi osoan kiniela gehien irabazi duen pilotaria. Egunotan Mexikoko Jai Alai Irekia ari dira jokatzen, Gotzon Enbilekin batera.Imanol Lopez izan da Miamiko pilotalekuan kiniela gehien irabazi dituena aurtengo denboraldian, 159, hain zuzen ere. Bigarren Iñaki Osa Goikoetxea izan da, 146 kiniela irabazita.

Binakako txapelketan, Goikoetxak aurrelari onenaren titulua irabazi du eta Lopezek atzelari onenarena. Erkiaga bizkaitarrarekin lehia bizia izan du Goikoetxeak denboraldi osoan baina, azkenean hiru kinielako aldea aterata, berarentzat izan da titulua. 35 kiniela irabazi ditu zumaiarrak binakako txapelketan, Erkiagak 32 eta Lejardik 18. Atzelarien artean berriz, Lopezen nagusitasuna erabatekoa izan da. Ez du aurkaririk izan zumaiarrak Miamin eta 39 kinielarekin atzelari onenaren tituluaren jabe egin da. Bigarren lekuan geratu da Irastorza lapurtarra eta hirugarren berriz, Durangoko Fundazuri.

Buruz buruko txapelketari dagokionez (Estatu Batuetan singles deiturikoa), Goikoetxea nagusitu da beste guztien gainetik. Espezialitate honetan sekula egon den pilotari onena dela diote adituek. Argi dago gaur egun behintzat ez duela aurkaririk bederatzi aldiz munduko txapeldun denak. Buruz buruko txapelketan, 37 kiniela irabazi ditu aurrelari zumaiarrak aurtengo denboraldian. Imanol Lopez bigarren sailkatu da 30 garaipenekin eta Irastorza izan da hirugarrena 22rekin.

Enbil, Goikoetxea eta Lopez, Mexikon

Miamiko denboraldia bukatu bezain laister Mexikora abiatu dira Goikoetxea eta Lopez, bertako Jai Alai Irekia jokatzera. Beraiekin batera joan da Gotzon Enbil ere, Estatu Batuetako Daniako pilotalekutik. Asteartean hasi eta ekainaren 30a arte jokatuko da Mexikoko Jai Alai Irekia, herrialde hartako hiriburuan. Munduko pilotaririk onenak batu dituzte antolatzaileek eta sei bikote osatu. Irabazleek inoiz zesta-puntaren historian izan den dirusaririk handiena jasoko dute. Goikoetxeak Alliez I.rekin osatuko du bikotea, Lopez-ek Christophekin eta Enbilek berriz, Garcia izango du lagun.

Txapelketa honi esker, zesta-punta bere plazarik garrantzitsuenetako batera itzuli da. Izan ere, Mexikon 70 urte baino gehiagotan jokatu da zesta-puntan modu profesionalean baina azken urteetan goi mailako txapelketarik ez da egon. Salbuespen bakarra 2010ean Acapulcoko pilotaleku dotorean jokatu zen torneoa da. Bertan izan zen Imanol Lopez, besteak beste. Hala ere, zaletasuna handiagoa da Mexikoko hiriburuan. Bertako zaleak zesta-puntan adituak dira eta pilotariak gogotsu animatzen dituzte. Imanol Lopezek behin baino gehigotan eman du aditzera bere ametsetako bat Mexikon garaipen garrantzitsuak lortu eta herrialde horretan arrakasta lortzea dela.

Ikusmin ikaragarria sortu du zesta-puntako txapelketak Mexiko Hirian, urte luzeetan goi mailako txapelketarik ez baitute ikusi. Pilotalekuko harmailak handitu egin behar izan dituzte antolatzaileek jendea sartu dadin eta kaleak berriz, zestalarien irudiekin jantzita daude. Telebista, irrati eta egunkarietan ere oihartzun handia ari da izaten.

 

Iruzkinak itxi dira.

  • youtube
  • in
  • rss
  • twitter
  • facebook

Baleikera harpidetu

Jaso albisteak zure posta elektronikoan:

E-maila:

Puri-purian

RSS Baleike(e)ko iruzkinak

Sare Sozialak

Azken zenbakia

219 (2013ko martxoa)