Gutuna: Ongi etorri, Beñat

2012-07-02 19:24

Aupa, Beñat:

Hogei hilabete pasa eta gero, atera dugu azkenean bihotzean sartuta geneukan arantza. Hogei hilabete pasa eta gero, jaso genuen, azkenean, horrenbeste denboran espero genuen deia.

Eta horrekin batera Aranjuezerako bidaia prestatu genuen, zure bila joateko bidaia, zu etxera ekartzekoa. Aspaldian egin dugun bidarik politena, alaiena, zoroena, bitxiena.

Zer polita izan zen espetxera iritsi eta zu kanpoan ikustea, besarkatzea, musukatzea, ukitzea. Zer polita zure amaren negarrak entzutea, beldurrak, amorruak, inpotentziak, kezkak, gau amaigabeak atzean lagatzen zituen negarrak entzutea, semea etxera eraman ahal izateak sortzen duen negarra, pozak ematen digun negarra, negar alaia, negar lasaia, negar ederra…

Zer hunkigarria lagunen emozio aurpegiak ikustea, begietako distira indartsua sumatzea, familiako gazteen egonezin zoragarriaz konturatzea.

Zer indartsuak diren espetxe aurrean botatako irrintziak, zer doinu polita duen trikitiak Euskal Herritik kanpo jotzen denean, zer ederki sartzen den Lizeagako sagardoa, beroa egonda ere.

Eta denen artean zu, ezpainetan barre txiki bat zenuela, begi eder horiekin gure artean.

Den-dena iruditu zitzaigun ederra momentu haietan, eta horrelaxe ekin genion bueltako bidaiari, bidaia zoragarriari!

Zer motzak egiten diren mila kilometroak, zer azkar pasatzen diren hamar ordu maite duzuna datorrenean, kantatzeko zer gogoa geneukan eta zer ondo dena!

Zumaiako sarrera, berriz, amets bat bezala gogoratzen dut. Hunkituta geratu nintzen zure koadrilak egin zizun ongi etorriarekin; han zeuden denak, gaztetxean, zure zain, urduri, egon ezinik, negarrez, barrez, denak zure zain, zurekin egon direla, daudela eta egongo direla esanez. A zer koadrila zurea, mundialak, bejondeiela!

Zure kideak zer esanik ez, isil-isilik beti lanean ari diren gazte zoragarri horiek ere han zeuden, zuri-zuri, hemen zaudela sinetsi ezinik, zu besarkatzeko deseatzen, zurekin hitz egiteko zain, mila kontu kontatzeko, egunean jartzeko gogoarekin…

Eta hitzak falta zaizkit Erribera kalean zegoen jendetza deskribatzeko; han zeuden lagun, ezagun, bizilagun eta herritarrak, gaztetxoak, zaharragoak eta helduak, zumaiarrak eta inguruko herrietakoak, denak han, Beñat, zuri ongi etorria ematen, zuri maite zaituztela esaten.

Txistu eta danbolinaren doinuak, dantzak eta bertsoak, amonari eman zenion besarkada, familiakoen muxuak…

Emozioz gainezka iritsi nintzen etxera, sentimendu haiek guztiak tolestu ezinik, neka-neka eginda, erdi zorabiatuta.

Eta hurrengo goizean zuen etxera joan ginen gosaltzera. Eta dena beti bezala zegoen, etxea txukun-txukun, zure gela zure gauzekin, zure ama atzera-aurrera, etxekoak balkoian lasai ederrean gosaltzen, familiako txikiena zure lepotik zintzilik kontu kontari isildu ezinik.

Eta orduan argi ikusi nuen hogei hilabetean sumatu dugun hutsunea desagertu egin zela.

Ongi etorri, Beñat!

 

Iruzkinak itxi dira.

  • youtube
  • in
  • rss
  • twitter
  • facebook

Baleikera harpidetu

Jaso albisteak zure posta elektronikoan:

E-maila:

Puri-purian

RSS Baleike(e)ko iruzkinak

Sare Sozialak

Azken zenbakia

219 (2013ko martxoa)