Zamora aldean Duero ibaian jokatzen den jaitsiera ospetsua irabazi dute Imanol Barruetabeña eta Unai Gereka piraguistek, k2 kadete mailan. Taldeka 12. izan da Itxas-Gain.
Asteburuan Zamoran izan dira Itxas-Gaineko piraguistak, Duero ibaian jokatzen den “Descenso Ibérico” proba ospetsua lehiatzen. Senior eta jubenil mailan ez dute zorte handirik izan, postu onak lortzeko bidean ziren arren, matxurak izan baituzte eta merezi baino atzerago sailkatu baitira. Josu Ansola eta Haize Galarraga bederatzigarren izan dira –buruan izan dira, matxura gertatu arte–, eta Ander Tolosa zortzigarren izan da, lema hautsi duen arren.
Baina kadeteek gozatu dute asteburua, Imanol Barruetabeñak eta Unai Gerekak k2ko proba irabazi baitute. Proba berean, Kepa Txapartegi eta Martin Egaña bosgarren izan dira. Taldeka 12. sailkatu da Itxas-Gain.
Udako denboraldia
Hemendik aurrera, Itxas-Gain bete-betean sartuko da udako denboraldian. Pare bat aste barru Iñigo Peñak Europako sub23 txapelketan hartuko du parte. Ondoren, Urola ibaiaren igoera-jaitsiera izango da Zumaian, eta hortik aurrera piraguista bakoitzak bere helburuak izango ditu. Kadeteak Espainiako abiadura txapelketa prestatzen dabiltza jo eta su: jubenil eta seniorrek, berriz, karrera luzeagotan dituzte esperantzak jarriak; abuztu erdialdean jokatuko den Espainiako Maratoi Txapelketan gehienekm eta Sellako jaitsieran bereziki Haize Galarragak eta Josu Ansolak. Urte guztiko lana udako proba hauetan erakutsi nahi dute. Itxas-Gainetik azpimarratu nahi dute, kirolarien lanaz gain, “garrantzitsua eta eskertzekoa” dela Joxema Balentziaga eta Xabi Osa prestatzaileek egiten dute lana.











