Enpresako hondakinak edukinontzi batera botatzen ari zela hil da Gorka Ramos gaztea

Langile bat hil da gaur goizaldean Zumaiako Okin enpresan.

Gorka Ramosek zortzi hilabete zeramatzan Okin enpresak Korta Industrialdean duen Artadi Alimentación lantegian lan egiten –Oronan egin zuen lan aurretik–. Ogia egiten dute bertan, eta hondakinak bildu –saltzeko balio ez duten ogiak, orea…– eta edukinontzietara eramatea zen Gorkaren zeregina. Oraindik argitzeko dauden arrazoiengatik, bart gauean, hondakinez betetako edukinontzi horietako batean zendu da. Enpresako segurtasun kameretako irudiak aztertuta, ikusi dute Gorka Ramos atzo gaueko hamabiak laurden gutxi aldera joan zela edukinontzira, eta berta sartu edo erori zela. Edukinontzi barruan zer gertatu zen, kamerek ez dute jaso. Bideoan dauzkazue Langile Batzordeko presidente Iñaki Benaventek (ELA) eman dituen azalpenak –gazteleraz daude–.

Udalaren oharra

Jakin ahal izan dugunez, ez da ohiko prozedura langilea edukinontzian sartzea, ez da bere zereginetan sartzen. Hondakinak garraiatu eta edukinontzira botatzeko langileak ibilgailu bat erabiltzen baitu. Dena den, enpresako iturri batek azaldu digunez, noizean behin edukinontzira igo eta barruko hondakinak zapaltzen dituzte, “lekua egiteko, edota sortzen diren gas burbuiluak makil batekin lehertu, bolumena jaisteko”.

Horrelako edukinontzi batean gertatu da ezbeharra.

Ramos edukinontzi barrura bere kabuz sartu edo erori ote den, Osalanek martxan jarri duen ikerketak argitu beharko du. Azaldu digutenez, edukinontzi barruko hondakinak hatzitu egiten dira, gas burbuilak sortzen dira, eta bertan harrapatuta gelditzeko arrisku handia dago.

Edukinontziek lau aho dituzte; normalean bi izaten dituzte zabalik.

Ohi baino gehiago atzeratzen ari zela ikusirik, lankideak bila hasi dira, goizaldeko hirurak aldera edukinontzi barruan zegoela ohartu diren arte. Laguntzen saiatu dira, baina ordurako hilik zegoen. Laguntzen saiatu diren 11 lagun artatu dituzte, gasa arnastu dutelakoan, baina denak etxean dira jada, bat izan ezik. Oraindik erietxean dago, baina ez gasa arnasteagatik, irinari alergia diolako baizik. Dirudienez, laguntzen ari zela ohi baino irin gehiago arnastu du.

Produkzioa eten dute 24 orduz

Lantegiko 150 langileek produkzioa 24 orduz etetea erabaki dute, eta bihar goizeko 11:00etan elkarretaratzea egingo dute enpresaren aurrean. ELAko ordezkari Iñaki Benaventek azaldu duenez, “langileak lur jota daude. Gure produkzioa ezin da une batetik bestera eten, eta lanean jarraitu behar izan dugu, negar malkotan, lankide bat hil dela jakin arren. Dagoeneko eten dugu, 24 orduz”. Benaventek azpimarratu du “mutil alaia eta oso jatorra” zela Gorka Ramos.

Osalanen ikerketa

Osalanek jadanik zabaldu du ikerketa, eta gaur arratsalderako ziurrenik prest izango du lehen txostena.

 

Iruzkinak itxi dira.

  • youtube
  • in
  • rss
  • twitter
  • facebook

Baleikera harpidetu

Jaso albisteak zure posta elektronikoan:

E-maila:

Puri-purian

RSS Baleike(e)ko iruzkinak
  • Laugarren mangara pasatzeko lehian izango da gaur Alex Uranga
    Alexen txanda bertan behera geratu da. Hirugarren mangako zazpi txanda jokatu dira eta Alexena egin behar zenean hurrengo egunera pasatzea erabaki dute. Bihar lehen orduan jokatu du txanda, eta han lortzen duen emaitzak erabakiko du laugarren mangara pasatzen den ala ez. Hiru dira txanda honetan arituko direnak eta lehen biak pasako dira hurrengo mangara. […]
    Baleike
  • Alex Urangak gaur izango ditu lehen probak Txilen
    Gaurko mangan sentsazioak ez omen dira oso onak izan. Hala zintzilikatu du bere Facebookean. Bihar goizean (Txileko goizeko 7:00etan) jakingo du zein izango dituen aurkariak hurrengo mangan. […]
    Baleike
  • Alex Urangak gaur izango ditu lehen probak Txilen
    Alex bigarren izan da bere txandan, 13,25 punturekin. Lehena Yoan Florantin (Reunion irla), 15,86 punturekin; hirugarren Matias Dias (Txile), 11,75 punturekin, eta laugarren Alberto Colucci (Venezuela), 8,78 punturekin. […]
    Baleike

Sare Sozialak

Azken zenbakia

219 (2013ko martxoa)