Institutuko kontserbagintza eraikina egokitzeko lehiaketa deitu Eusko Jaurlaritzak, Zumaiako Herri Eskolatik behin eta berriro salatu den leku faltari erantzuteko. Institutuko zuzendari Samuel Ruizekin hitz egin dugu.
Ikasleen premiak asetzeko leku falta du Zumaiako Herri Eskolak azken urteotan. Sagarbiden jarri behar izan diren barrakoiak dira horren adierazle. Eraikin berri bat izango litzateke irtenbiderik egokiena, baina Eusko Jaurlaritzak “ez du nahi gaia aipatzea ere”, dio Samuel Ruizek. “Horrelako inbertsioetarako ez omen dago dirurik”. Beste alternatiba batzuk bilatu dira, eta bi proposatu dira azken urteotan: Sagarbideko eraikinari hirugarren solairu bat gehitzea, edota Institutuaren ondoko kontserbagintza eraikina egokitzea. Azkenaren alde egin du Jaurlaritzak. “Guk ere ikusten genuen espazio hori aprobetxatzeko aukera. Asmoa da lau ikasgela eta jangela egitea. Guk azaldu genien premia gehiago ere bagenituela, aldagelak, esate baterako, eta kontuan hartzeko proiektua diseinatzerakoan. Baina badirudi ez dutela obra handirik egin nahi”. Proiektua diseinatzeko lehiaketa gaur argitaratu da buletinean, eta irailean erabakiko da irabazlea. “Dena den, kalkulatzen dugu pare bat urte joango direla eraikin berritua erabiltzen hasterako”.
Hirugarren solairua
Ruizek aitortzen du kontserbagintzako eraikina egokituta egoera hobetuko dela. “Adibidez, jangela oso beharrezkoa da. Gaur egun, Aita Mariko eraikinean bazkaltzen dute ikasle guztiek, lau txanda antolatu behar izan dira, eta ez du astirik ematen gauzak behar bezala egiteko”. Baina ez da nahikoa Herri Eskolaren leku premia asetzeko. ” Sagarbideko eraikinari hirugarren solairua gehitzea da beste irtenbideetako bat, baina ez dirudi epe motzean ezer aurreratuko denik”.











