Asteleheneko plenoan gertatutakoaren inguruan eta Udal Gobernuaren oharraren aurrean argi utzi nahi dugu:Tinko gaitzesten ditugu bertan izandako irainak, mehatxuak eta errespetu faltak.
Bertan egondako inork ezin izango du esan guk onartu edota bultzatu genituenik; aldiz, behin eta berriro gure lekutik isiltasuna eskatzen genuen.
Dena den, gutxi batzuen jarrerak ezin du estali bertan elkartu zen jendetzak ordezkatzen duen eskaera; gobernuak kontutan hartu dezala hainbat eta hainbat herritarren nahia, alegia.
Alde bateko jarrera bakarrik gaitzesteaz gain norberarena aztertu eta zuzentzea ere beharrezkoa izaten da; hau ere heldutasunaren adierazgarria bai da. Eta oraingoan ere, ohi den bezala, ez dugu horrelakorik ikusi udal gobernua osatzen duten alderdien adierazpenetan. Umiltasunetik urrun, ez dute onartzen beraien aldetik, oposizioko alderdiei, eta batez ere EAJ-ri, jaurtitako irainak eta erakutsitako errespetu falta ere lekuz kanpora daudela eta bereziki, esaten duten bezala, adostasunerako jarrera baldin badago.
Gu, aurrerantzean ere, hitzegiteko prest eta adostasunetara iristeko prest, baino errespetuarekin eta zintzotasunarekin.
EAJ-PNV Udal Taldea
Zumaian, 2012ko uztailaren 26an.












Umiltasunetik urrun… beti besteak. (Hau dek hau!) Harrigarria zuei ‘tinkotasuna’ gauzak gertatu eta handik hiru egunera etortzea. Han zeundetenean ez zenuten ba tinkotasun handirik erakutsi! Ez behintzat zuen jarreraren aldeko ahobero edukazio gabeko haiek gobernatzeko. Ongi etorri, hala ere gaitzespena. Halla ere, nik barkamen-eske bat ere faltan somatzen dut.
Asteleheneko plenoan argi ikusi zen nork duen istiluak sortzeko gogo bizia. Herritarrok pentsatzen duguna adierazteko eta aldarrikatzeko eskubidea dugu, baina bidea ez da ondokoak mehatxatzea eta iraintzea. Okerreko bidetik zabiltzate. Penagarria benetan zaborrak biltzeko sistema batengatik “faxista” eta antzeko mehatxuak egin beharra. Nor da, benetan, “faxista”? Gehiengo bidez ingurumena benetan zainduko duen sistemaren alde egiten duena, edo kobazuloko Cro-Magnonen pare borrokatzera, mehatxatzera datorrena? Errespeturik eta edukaziorik ez izateaz gain, lotsagarri geratu zarete.Batzuek Udaletxeko plenora joan eta iraindu, mehatxatu eta oihukatu bitartean, beste batzuek isil-isilik eta bake-bakean lan egiten dute, adierazpen askatasunez, pentsatzen dutena aldarrikatuz, hitza hartuz, baina inor mehatxatu eta iraindu gabe. Portaera eredugarria Ezker Abertzaleak, Aralarrek, EAk eta hainbat herritarrek asteartean izandakoa, pentsatzen zutena aldarrikatuz, baina inor mindu gabe. Zorionak!!
Ederra lotsagabekeria zuena! Lintxamendurako deialdia egin, bideak ireki eta orain damutu? Nik ez dizuet ezer ez sinisten. Horren bila joan zarete eta! Zuen alderdiak duen ”esperientzia”rekin ederki dakizue piroteknia nola piztu. Izan ere, ez da hau egiten duzuen lehen aldia.
Isiltasuna eskatzea baino, batzuen jarrerek zerbait gehiago exijitzen zutela uste dut. Aulkitik altxa eta bertan gaitzestea, adibidez? Pertsonai horiek pleno aretotik alde egiteko gonbidapena egin, akaso? Bada ez, plenoan gertatutakoa “tinko” gaitzeteko hiru egun behar izan dituzue eta herrian sortutako kritikak erantzuteko izan da, besterik gabe. Bitartean, pozarren egon zarete.