Frontoia eraikitzeko baldintzak aldatzea onartu du Udalak

2012-07-27 13:17

Aurreko baldintza pleguarekin enpresa eraikitzailerik lortu ez zenez, baldintzak aldatzea onartu zen atzo arratsaldean egindako ohiko plenoan.Ardantzabiden dituen lursailen truke lortu nahi du Udalak frontoia eraikitzea, eta oraingoz asmo horri eusten dio. Lursail horietan etxebizitzak eraikitzearekin batera frontoia egingo duen enpresa bat nahi du, finean. Asmo horrekin  atera zen aurreko baldintza plegua, baina, hautagai bat aurkeztu zen arren (Sukia), azkenean ez zuen aurrera egin eta bertan behera gelditu zen lehiaketa.

Orain, beste saio bat egin nahi du Udalak,  baldintzetan erraztasunak emanda. Alde batetik, eraiki daitezkeen 38 etxebizitzetatik 32 libreak izango dira –aurreko pleguan tasatuak ziren–, itaundutako prezioarekin –beste seiak babes ofizialekoak–. Horrek esan nahi du 32 etxebizitza horiek adostutako salmenta prezioa izango dutela zortzi urtez, baina hortik aurrera merkatu librean saldu ahal izango direla. Beste aldaketa, bermearen ingurukoa da. Hain zuzen ere, horixe izan zen aurreko lehiaketako enpresa irabazleak gainditu ezin izan zuen baldintza. Izan ere, Udalak ezarritako bermeekin ezinezkoa zitzaion diru mailegurik lortzea. Orain, kontratazio mahaiak aztertu ahal izango ditu ager daitezkeen gainontzeko berme eskaerak.

EAJ eta PSE proposamenaren aurka agertu dira, funtsean, “lur publikoa etxebizitza pribatuak egiteko erabiliko delako”. “Udalaren etxebizitza politika zein den jakin nahiko genuke”, galdetu zuen EAJko zinegotzi Ana Arranzek. “Gure ustez Zumaia Lantzenen bitartez eraiki beharko litzateke frontoia”, PSEko Emiliano Cabañasek. Gaur egun, Zumaia Lantzenen bitartez egitea “ezinezkoa” dela argitu zuen Udal Gobernuak, “ez genukeelako mailegurik lortuko”. Beraz, Udal Gobernuaren iritziz, mahai gainean jarritako aukera da dagoen bakarra. “Eta, eskarmentua badugu, eta ez dugu esango ehuneko ehunean aurrera aterako denik. Baina, une honetan, hauxe da bide posible bakarra”. Behin pleguak buletinean argitaratuta, urriaren 22ra arte izango dute enpresa eraikitzaileek aurkezteko aukera.

Raxoiren dekretua

EAJko zinegotzi Montse Aranak galdetu zuen Raxoiren dekretua aplikatuko ote den edo ez, udal langileei dagokienean. Dekretua oinarrizkoa legea denez, “derrigor” aplikatu behar dela erantzun zion Iñaki Ostolazak Udal Gobernuaren izenean; “ondoren, guk zer egin dezakegun aztertuko dugu”.

318.000 euroko mailegua

Bestalde, Zumaiako Udalak 318.000 euroko mailegua jasoko du, Udal Foru Funtsaren likidazioaren erdia itzuli ahal izateko. Jasotako dirua 2014 urtean amortizatu beharko du. Gipuzkoako hamabi udalek eskatu dute mailegua, Aldundiaren bitartez.

Iruzkinak itxi dira.

  • youtube
  • in
  • rss
  • twitter
  • facebook

Baleikera harpidetu

Jaso albisteak zure posta elektronikoan:

E-maila:

Puri-purian

RSS Baleike(e)ko iruzkinak

Sare Sozialak

Azken zenbakia

219 (2013ko martxoa)