Hautagai sendoa dela berretsi du Zumaia Salegik

2012-08-31 0:58

Zumaia Salegi, gaurko sailkatze estropadan. Argazkia: Gorka Zabaleta

Kontxako sailkatze estropadako trainerurik azkarrena izan da Zumaia Salegi, eta 15 segundoko aldea atera dio bigarren egin duen Getaria-Tolosari. San Juan eta Galizia dira bandera jokatuko duten beste bi traineruak. Gizonezkoetan, Zumaia Altuna y Uriak ez du bere arratsalderik onena izan eta 17. postuan sailkatu da, aurreko postuetatik urruti.

Igandean, denak gorriz Donostiara

Sailkatze estropadako argazki bilduma

Irabaziko al du Zumaia Salegik Kontxako Bandera?

Berez aukera gutxi dituenari beti pizten zaio ezusterako itxaropena itsasoa harrotzen denean. Aldiz, arrisku txikiena ere saihestu nahi izaten du bere burua indartsuenen artean ikusten duenak. Donostiako kaiara iritsi, eta olatuen tamaina ikusi eta haizearen indarra sumatu orduko, argi bat piztuko zitzaien Zumaiako arraun elkarteko mutilei; kezka neskei. Baina, gehienetan gertatu ohi den bezala, oraingoan ere indartsuenak gailendu dira.

Neskek ez dute kale egin. Getaria-Tolosa eta Galiziaren aurretik abiatzea egokitu zaie, baina ez dira urduri jarri. Irla pareraino ederki etorri dira, olatuekin jauzi gehiegi egin gabe, arraunkadari txukun eutsiz. Ordurako abantaila zuten aurkariekiko, eta handik ziabogarako bidean aldea zabaltzeko gauza izan dira. Helmugako 15 segundoak joaneko luzean atera dizkio Zumaiak Getaria-Tolosari.  Bueltakoan, olatuen bultzadarekin trainerua okertu eta trabezka gelditzeko arriskua zegoen, baina aparteko larrialdirik gabe etorri dira zumaiarrak Nagore Osoro patroiak gidatuta. Olatu bat edo beste ere hartu dute, eta, irlatik barrualdera, Hondarribia gainditzeko aukera ikusi dute. Oihana Erkiziak azaldu digunez, hortxe izan dute estualdia, Hondarribia gainditu nahian, helmugako baliza ababorretik gainditu beharrean istriborretik pasatzeko arriskua ikusi dutelako, baina ez dute arazorik izan.

“Galiziarrak dira faboritoak”

Gipuzkoako Liga eta Euskotren Liga irabazi, eta gaur bigarrenari 15 segundoko aldea aterata ere, zumaiarrek ez dute beren burua faboritotzat ikusten. Oihana Erkizia: “Gaurko denborek ez dute iganderako balio. Faboritoak galiziarrak dira, eta Getaria-Tolosa eta San Juan ere hor daude. Denboraldi osoan denak egon gara oso segundo gutxiko tartean. Gaur helburua sartzea zen, eta hemendik aurrera, gozatzea. Saiatuko gara, baina zaila dago”.

Gizonezkoen estropadan, itsaso handia eta haize zakarra baino zerbait gehiago behar zuten zumaiarrek aurreneko postuetara gerturatzeko. Garbi dago beraien burua ez jaisteko kanporaketan dagoela, eta ez dute egunik onena izan. Hasieratik atzean gelditu dira eta ziabogako denborekin ikusi da ia ezinezkoa izango zela. Azkenean, 17. postuan amaitu dute. Ezustekoa eman duena, eta nolakoa, Galiziako Chapela izan da, seigarren postuan sailkatuta. Gainontzean, Kaikuk sekulako erakustaldia egin du. Chapela eta Kaikurekin batera, Urdaibai, Hondarribia, Astillero, Tiran, San Juan eta Donostia izango dira banderaren lehian datozen bi igandetan.

Sailkapenak

Emakumezkoak

1. Zumaia 12:32,56
2. Getaria-Tolosa 14,64ra
3. San Juan 25,10era
4. Rianxeira 25,60ra
5. Hibaika 56,52ra
6. Orio 1:05,36ra
7. Hondarribia 3:12.98ra

Gizonezkoak

1. Kaiku 21:25:30
2. Urdaibai 14,94ra
3. Hondarribia 29,06ra
4. Astillero 29,66ra
5. Tiran 39,42ra
6. Chapela 49,84ra
7. San Juan 56,82ra
8. Pedreña 1:03,60
9. San Pedro 1:03,90era
10. Orio 1:05,22
17.Zumaia 1:45,48ra

Iruzkinak itxi dira.

  • youtube
  • in
  • rss
  • twitter
  • facebook

Baleikera harpidetu

Jaso albisteak zure posta elektronikoan:

E-maila:

Puri-purian

RSS Baleike(e)ko iruzkinak
  • Laugarren mangara pasatzeko lehian izango da gaur Alex Uranga
    Alexen txanda bertan behera geratu da. Hirugarren mangako zazpi txanda jokatu dira eta Alexena egin behar zenean hurrengo egunera pasatzea erabaki dute. Bihar lehen orduan jokatu du txanda, eta han lortzen duen emaitzak erabakiko du laugarren mangara pasatzen den ala ez. Hiru dira txanda honetan arituko direnak eta lehen biak pasako dira hurrengo mangara. […]
    Baleike
  • Alex Urangak gaur izango ditu lehen probak Txilen
    Gaurko mangan sentsazioak ez omen dira oso onak izan. Hala zintzilikatu du bere Facebookean. Bihar goizean (Txileko goizeko 7:00etan) jakingo du zein izango dituen aurkariak hurrengo mangan. […]
    Baleike
  • Alex Urangak gaur izango ditu lehen probak Txilen
    Alex bigarren izan da bere txandan, 13,25 punturekin. Lehena Yoan Florantin (Reunion irla), 15,86 punturekin; hirugarren Matias Dias (Txile), 11,75 punturekin, eta laugarren Alberto Colucci (Venezuela), 8,78 punturekin. […]
    Baleike

Sare Sozialak

Azken zenbakia

219 (2013ko martxoa)