Olano-Imaz eta Santxo-Galarza bikoteek irabazi dituzte Dinastia Etxabeko txapelak

2012-08-31 16:58

Irabazleak, omenduak eta antolatzaileak, txapelketa amaierako argazkian. Argazkia: Arritxu Salegi

Final batzuei dagokien bezelakoxe pilota jaialdia bart arratsekoa. Zestoako pilota leku ederrean, eta gala egunetan bezela eserleku eta inguruak betetako pilotazaleen aurrean, Olano-Ander Imaz eta Santxo-Galarza bikoteak jantzi zituzten XLIgarrengo Dinastia Etxabeko txapelak. Hauexek emaitzak eta Jexux Iribar Olalde-k bidalitako kronika mamitsua:

Olano-Ander Imaz 22-14 Larrañaga-Erostarbe
Santxo-Galarza 22-21 Dorronsoro-Aizpuru

Jubenil mailako norgehiagokan gauza politak ikusi genituen, baina akats gehiegitxo ere bai, behar bada, eta horiexek izan zituen soberan atzoko partidak. Garaile egokitu ziren gerriko gorridunak beti joan ziren aurretik markagailuan, eta, nahiz eta zenbait unetan bazirudien gerriko urdindunak lanak emango zizkietela, nahiko errez iritsi ziren 22garren tantora.

Anartz Olano aresoar aurrelariak betiko erara jokatu zuen, nahiz pilota bat edo beste galdu, hauek hiru eta egindakoak sei izan zirelarik. Mikel Larrañaga gasteiztar aurrelariak ez zuen bere egunik onena izan atzo. Irabazi nahiak eraginda edo, ezingo den jakin arren, utzi beharreko edo tantoa amaitzeko ez ziren pilota batzuetara sartu zen, eta galdu ere bai batzuk. Aukerako pilota asko ere ez zuen izan, egia esanda, baina sei tanto egin zituen, hala ere. Eta Gasteiztarrak aukera gutxi izana Ander Imaz atzelariari egotzi behar zaio; ederra benetan jokatu zuen norgehiagoka, pilotarik galdu ez, ezker eskubiz pilota kendu aurre koadroetatik aurkariari eta atzean ezker hormaren kontra joandako pilotakada eder batekin tanto bat egin ere bai; bikain amona zestoarra duen oiartzuar pilotaria. Honek erakutsitako sendotasunak etsiarazi zuen, behar bada, Erostarbe urretxuar atzelaria. Pilotakada ederrak jo zituen baina ez zuen lortu nagusitzea atze koadroetan eta, sake errestoak ere barne, behar baino pilota gehiago galdu zuen baita ere.

Aldiz, nagusien arteko norgehiagoka oso gogorra eta emozioz betetakoa izan zen, ordu eta laurden pasako iraupenarekin. Gerriko urdinez atera ziren Dorronsoro eta Aizpuruk partida hasiera ikusgarria egin zuten, eta 11 eta 4 jarri ziren aurretik markagailuan, azpeitiarra nagusi atzean eta amurrioarrak tantoak erabakiaz aurreko koadroetan, era guzitako pilotakadekin. Gerriko gorridun Santxo eta Galarzak e z zuten etsi, ordea, eta pilota aldatu ondoren 7 tanto egin zituzten jarraian, 11garrengoan berdinduz.

Hortik aurrera eta 17garren tantoraino berriz ere, baina alde txikiagoarekin, urdinak joan ziren aurretik eta hor berdindu zuten bigarren aldiz markagailua gorriek, eta 18ra aurreratu ere bai. Hemeretzigarrenean hirugarren aldiz berdindu ondoren, 21garren tantora aurreratu ziren azkenean galtzaile egokitu ziren gerriko urdindunak, baina, inork ez zuen nahi partida galdu eta, 21garren tantoa Santxok sakez egin ondoren, azken berdinketa.

22garrengoan Aizpuruk sakea jaso eta tantoan zehar nagusitu ere bai atzealdean, baina Galarzak ekarri eta ekarri eta Dorronsoro, aurreko tantoetan erasoko pilota bat baino gehiago galdu izanaren beldurrak eraginda, ziur aski, ez zen ausartzen errematatzera aurreko koadroetan. Damutuko zitzaion, behar bada, ausardia falta hori, baina txapelak zeuden jokoan, eta azkenean Aizpururi txapara joan zitzaion azkeneko pilotakada.

Azpimarratu beharrekoa, aurrelariek ere lan asko egin zuten arren, atzelarien arteko norgehiagoka gogorra izan zela atzokoa. Bikain biak, benetan, eta bat nabarmentzekotan Andoni Aizpuru azpeitiarra, gutxi galdu eta pilota zailak ere atzetik aurrelariari kenduz gain, gehiago jo eta atzeko koadroetan agintzeko gai izan zelako. Ez zuen merezi txapelik gabe etxera joatea atzo eta pena zuen berak ere azken aurreko sakea eta azken pilotakada frontisera eraman ez izana. Bere lagun Aitzol Dorronsoro ere latz saiatu zen eta tanto zorta ederra egin ere bai txalo zaparrada ederrak jasoaz, baina bai berak eta baita ere atzo frontoia bete zuen publikoaren zati haundi batek nahi baino pilota gehiago galdu zuen eraso jokaldietan.

Xabier Santxok ere, 4tik 11raino joan ziren garaian bera izanik protagonista nagusiena, komeni baino pilota gehiago galdu zuen bainan defentsan ondo aritu zen eta garrantzitsuena lortu zuen, txapela irabaztea, eta aurtengoarekin hirugarrena jarraian, pasa den urtean Peñasekin eta aurreagokoan, Jubeniletan oraindik, Aizpitarterekin lortu zuena. Kerman Galarza galdakoztarrarengatik zer esan berriz orain artekotan esan ez degunik, bikain baita ere. Partidua irakurtzen daki eta pilotakada bakoitza ondo kokatzen du frontisean, atzetik pilota zailak ekarriz gain, aurreko koadroetan sortutako zuloak ondo tapatuz ere.

Bost pilotari omenduak

Sari banaketa egin ondoren, aurten bost zumaiar pilotari ohiri eskerrak eman eta omenaldi xume bat eskeini zitzaien ehuren bizitzan zehar esku pilotari egindako ekarpen onarengatik. Manuel Azkue Elorriaga, Keperin Sasiain Urbieta, Aniceto Martinez Telletxea eta, Jeronimo eta Jose Mari Goikoetxea Egaña anaiak izan ziren hain zuzen esker oneko pilotazaleen txaloen artean oroigarri eta aurresku batekin omendutako pilotariak.

Iruzkinak itxi dira.

  • youtube
  • in
  • rss
  • twitter
  • facebook

Baleikera harpidetu

Jaso albisteak zure posta elektronikoan:

E-maila:

Puri-purian

Sare Sozialak

Azken zenbakia

219 (2013ko martxoa)