Bakarrarekin nahikoa lan ez eta bi triatloi prestatu ditu larunbat arratsalderako Zumaiako Triatloi Taldeak: herrikoia (15:00etan), kirola sustatzeko helburuarekin; esprint erakoa (16:30ean), federatuentzat. Antolatzaileak oso pozik daude jendearen erantzunarekin, duela bi aste agortu baitziren dortsalak.
2008an jokatu zen azkenekoz triatloia Zumaian. Aro baten amaiera izan zen hura, baina Zumaiako Triatloi Taldeak aurrera jarraitu du, eta orain, indarberrituta, herriko proba berreskuratzea erabaki du. Distantzia motzagoa izango du, esprint erakoa –distantzia olinpikoa zuen aurrekoak–, ikusleek jarraitzeko erosoagoa. Baina berrikuntzarik deigarriena triatloi herrikoia izango da: triatloia probatu nahi duenaren neurrikoa, kirola sustatzeko helburuarekin antolatua.
Ekimenak izango zuen erantzunarekin zalantzak bazituzten ere, denak uxatu zitzaizkien dortsalak berehala agortu zirela ikustean. Hasieran jarritako kopurua handitu duten arren, ez da nahikoa izan denei lekua egiteko. Harrituta daude, batez ere proba herrikoiak izan duen arrakastarekin. “Gainera, jendeak serio hartu du, gogor entrenatzen ari dira. Hau ez da patxanga bat”.
Proben xehetasunak
Noiz: irailaren 1ean.
Non: Zumaian, Gernika parkean.
Ordua: 15:00etan herrikoia; 16:30ean sprint erakoa.
Herrikoia
Parte-hartzaileak: 160.
Igeriketa: Abaskaletik irten eta Moilaberrira –zubiaren ondoko eskaileretaraino– (350m.).
Txirrindularitza: Zumaia-Oikia-Zumaia –Xey enpresako biribilgunean buelta– (10km.).
Saltaka: Gernika parkea-barra-Gernika parea, moilatik eta parolbidetik (2,5km.).
Helmuga: Gernika parkean, Estazio zaharraren parean.
Esprinta
Parte-hartzaileak: 200.
Igeriketa: Talaipetik Moilaberrira (750m.).
Txirrindularitza: Zumaia-Aizarnazabal-Zumaia, Oikiatik (20km.).
Saltaka: Herrikoiaren ibilbidea, bi aldiz (5km.).
Jakingarriak
Box-ak: Gernika parkean. Bitan banatuko da espazioa, modalitatearen arabera. Box-etara sartzeko azken orduak: 14:45 popularrentzat, eta 16:15 esprintekoentzat.
Dortsalak: Ludotekan emango dira 11:00etatik 14:30era bitartean. Nortasun agiria edo lizentzia aurkeztuko beharko da.
Aparkalekuak: Kanpotik datozenentzat aparkalekuak jarriko dira, Estazioko industriagunean eta futbol zelaiaren atzealdean.
Oinezkoentzako bideak itxita: Probak irauten duen bitartean itxita egongo dira Moilaberriko zubia (15:15etik 16:00etara, eta 17:20etik 18:30era), eta ibai ertzeko pasealekua eta bidegorria (Parolbidean eta Txomin Agirre kaian).












