
Final bikaina jokatu zuten atzo Hondarribian Iñaki Osa Goikoetxeak eta Imanol Lopezek. Argazkiak: Jai Alive
Imanol Lopezek ederki estutu zuen Iñaki Osa Goikoetxea partida osoan, 26-27 aurreratu ere bai, baina txapeldun handiak bere abilezia erakutsi zuen azken tantoetan eta buruz buruko hamargarren txapela irabazi. “Partida oso gogorra izan da. Imanolek oso ondo jokatu du. Nik nahiago izan dut markagailuari ez begiratu eta nire jokoa egin”, adierazi zuen Goikok txapela irabazi berri. Lopez ere pozik zegoen erakutsitako mailarekin: “Lanak eman dizkiot. Duela bi urte 26 tanto egin nizkion, aurten 28… Ea hurrengoan!”. Gaur bertan maletak hartu eta Miami aldera doaz bi txapeldunak, udako denboraldia amaituta.
Giro bikaina izan zen atzo Jostaldiko (Hondarribia) harmailetan. Sarreraren prezioan antolatzaileek emandako paella, txakolina eta txanpainarekin giroa bero-bero zegoen, Goikoetxea eta Lopezen artean final handi bat ikusteko irrika. Eta aurreikuspenak erabat bete ziren. Ez zen finalik distiratsuena izan, baina bai azken unera arte borrokatua.
Lopezik egokitu zitzaion sakea, baina ez zion etekinik atera eta Goikoetxeak lortu zituen lehen aldeak markagailuak. Hala ere, ez zen bere jokoa egiteko gai, eta Lopez indartsu agertu zen partidaren lehen tantoetan. 7-10 aurreratu zen Lopez, partida osoan izan zuen alderik handiena. Partida bide okerretik zihoala ohartu zen Goiko, eta 16-13 eman zion buelta, dejada pare bat tartean. Baina ez zen partida hausteko gai izan. Lopezek bikain eutsi zion, eta 18na eta 22na berdindu zuten.
Zumaiatik joandako jarraitzaileak gustura, bi txapeldunak lehia estuan ikusirik. Lopez partidan erabat sartuta zegoen, eta txapelduna ezustekoan harrapatzeko zorian izan zen: 26-27 aurreratu zen markagailuan. Baina orduan atera zuen Goikok txapeldun sena, estualditik atera eta partida 30-28 amaitzeko. Bikaina biek egindako partida. Jarraitzaileen txalo zaparrada jaso zuen biek.
Goikoetxea: “Oso parekatua izan da”
“Gogorra izan da, baina espero nuen. Imanol partidan erabat sartuta zegoen eta nik nireari eutsi diot. Oso parekatua izan da eta nahiago izan dut markagailuari ez begiratu, eta nire jokoarekin aurrera jarraitu. Hamargarren txapela lortu izana pozgarria da, ibilbide ona osatzen ari naizen seinale. Oso pozik nago”.
Lopez: “Lanak eman dizkiot”
“Hasieratik saiatu naiz Goikori eusten, markagailuan alderik lortu ez zezan. Lortu dut. Partida oso gogorra izan da, agian jokoa ez da erakargarriegia izan, baina emozioa egon da azkeneraino. Nik partida ona egin dut. Ez dakit nire onena eman dudan, baina oso ondo jokatu dut. Iñakik lan asko egin behar izan du irabazteko. Duela bi urte 26 tanto egin nizkion, gaur 28. Ea hurrengoan!”.











