Herriko elkarte gastronomiko bati ematen dio izena, eta eskubaloi taldeari. Zopan edo patatekin prestatzeko ohitura daukagu, eta lehiaketa gastronomikoak ere antolatzen ditugu. Hura arrantzatzea da zumaiar askoren denborapasa gustukoenetakoa. Olagarrozale mitikoak ere baditugu; eta haiek harrapatutako aleen tamainaz eta kopuruaz hamaika istorio. Jaiegun handia egiten dugu bere izenean: Zumaiako ikurretako bat bihurtu dugu olagarroa. Jakin, ordea, nahi baino gutxiago dakigu olagarroez eta Zumaiak harekin izan duen harremanaz.
Liburua, bi euro merkeago Baleike aldizkariarekin
Galdera gehiegi airean: noiztik arrantzatzen da olagarroa? Nondik dator lehortzearen ohitura? Zergatik mantendu da Zumaian? Zertarako arrantzatu izan da? Nork? Nola? Nolako animalia da olagarroa? Erantzunak aurkitzea izan da, hain zuzen ere, Olagarroa eta Zumaia liburuko egileen erronka. Udalak deitutako bekari helduta, ikerketa lan sakona egin dute Javier Carballok, Inaxio Manterolak, Oihana Artetxek, Xabier Alberdik eta Imanol Azkuek: hamaika elkarrizketa, dokumentu zahar eta iturri erabili dituzte idazteke zegoen historia aberatsa behingoz paperean jasotzeko. Ander Hormazurik egin ditu liburuko ilustrazioak eta Roberto Gutierrez arduratu da diseinuaz eta maketazioaz.
Hiru zati nagusi ditu liburuak: olagarroaren biologiaz eta hazkuntzaz idatzi du Inaxio Manterola biologoak; Zumaia eta olagarroaren arteko harremanaren jatorri historikoa ikertu dute Xabier Alberdi eta Oihana Artetxe historialariek; eta XX. mendeko olagarrozaleen ikerketa antropologikoa egin du Javier Carballok. Balio handiko ekarpena egiten du liburuak, gaur arte ez baitzegoen gaiari buruz ezer argitaratuta. Horrek zailtasun handiak sortu dizkie egileei, informazio iturri falta gainditu behar izan dute arlo historikoa jorratzean, baina ahaleginak eman ditu bere fruituak, eta “urrea balio duen” dokumenturen bat edo edo beste aurkitu dute.
Olagarroaz asko hitz egiten dugu Zumaian, baina animaliaz ezer gutxi dakigu. Olagarroaren ezaugarriak deskribatu ditu Manterolak liburuaren lehen atalean, eta haietako asko harrigarriak dira: azalaren kolorea eta itxura aldatzeko duen ahalmena, adimen garatua, nerbio sistema aparta… “Olagarroa 40 urte biziko balitz, itsasoko nagusi”, laburbildu du biologoak.
Xabier Alberdi eta Oihana Artetxerentzat informazio iturri falta gainditzea erronka izan da. “Alde batetik, arkeologiaren ikuspegitik, olagarroak ez du aztarnarik uzten: ez du hezurrik, ez oskolik… Bestetik, bigarren mailako arrantza izan da, etxeko ekonomia mailakoa, eta ondorioz ez dago ia informazio idatzirik”. Hala ere, ideia nagusi hauek defenditzen dituzte lanean: historiaurretik arrantzatu da olagarroa; industrializazioa etorri aurretik emakumeen lana zen; Zumaian oso errotuta egon da arraina lehortzeko ohitura. Tesi horiek defenditzeko dokumentu interesgarriak aurkitu dituzte.
Azkenik, Javier Carballoren lanak hartzen du liburuaren zatirik mardulena. XX. mendeko Zumaiako olagarrozaleen erretratu zehatza egin du Carballok, familiatan antolatuta. Carballoren kasuan, olagarrozaleei egindako elkarrizketak izan dira bere informazio iturria. “Oso zaila da olagarrozale guztiak biltzea liburu batean, eta, ziur aski, aipatu beharreko bat edo beste geldituko zen sartu gabe. Jende askorekin hitz egin dut, eta irizpide sinple batean oinarritu naiz: guztiei galdetzen nien, beraien iritziz, zeintzuk ziren olagarrozale aipagarrienak”. Baina ez da izen zerrenda hutsera mugatu, balio handiko informazioa bildu du: arrantzarako ohiturak, teknikak, gertaerak, bitxikeriak, pasadizoak… Jakinduria oso bat ekarri du paperera.
Olagarroarekin presta daitezkeen errezetan bilduma ere jaso da amaierako eranskinean.
Olagarroa eta Zumaia
Egileak: Inaxio Manterola, Oihana Artetxe, Xabier Alberdi eta Javier Carballo (Zuzenketa: aldizkarian egiletzat jo dugu Imanol Azkue baina, berak argitu digu ez dela zuzena: bekan parte hartu zuen eta lan batzuk egin ditu libururako, baina edukien egileak beste lau kideak dira).
Argitaratzaile: Zumaiako Udala
Orrialdeak: 184
Prezioa: 15 euro (Baleikeren kupoiarekin 13 euro).
;











