
Xabier Osa, 2008an Txekiar Errepublikan jokatu zen Munduko Txapelketan. Ezkerrekoa da Luis Medrano. Argazkia: Gorka Zabaleta
Aste honetan jokatuko dira Erroman Munduko Piraguismo Txapelketak maratoiko distantzian, eta han izango da Itxas Gaineko Xabier Osa. Asteazkenean K1eko proban hartuko du parte, eta ostegunean K2koan, Valladolideko Luis Medranorekin bikotea osatuz. Beteranoen mailan ariko da, 40 eta 44 urte arteko kategorian. Erromara abiatu aurretik hitz egin genuen berarekin.
Esperientzia handia du dagoeneko Xabier Osak nazioarteko txapelketetan. Beteranoen mailara pasa zenetik, hainbat domina lortu ditu, kolore guztietakoak. “Baina domina gutxienekoa da; inportanteena da norberak egiten duen ahalegina bere onena emateko, konforme gelditzea egindako lanarekin”. Pentsaera horri eutsi dio beti. Erromako txapelketei begira ere ez du domina konturik aipatu nahi, baina inoiz baino hobeto prestatu dela aitortu du. “Oso ondo prestatuta goaz, baina gero beste faktore batzuk hartu behar dira kontutan: zorte txarrik ez izatea, lehiaketako egunean gorputzaldi ona edukitzea…”. Aurten kategoriako zaharrenetakoa izango da, baina horrek ez du kezkatzen. “Hori motibazioa da niretzat, gazteagoen aurka indarrak neurtzea”.
Aurten, gainera, emaztea eta alaba alboan izango ditu. “Laguntza izango da niretzat beraiek etortzea. Hori bai, trukean aste osoa Erroman gelditzeko tratua egin dugu, harriak ikusten…”.











