“Greba beharrezkoa da orain arte egin diguten iruzur sozial eta politiko handienaren aurrean gaudelako”

2012-09-20 12:51

Irailaren 26an greba orokorra egitera deitu du Zumaiako Ezker Abertzaleak, Kofradian egindako agerraldi publikoan. Besteak beste, “gobernu espainolaren erabakiak ez aplikatzea”, “murrizketak bertan behera uztea” eta “krisitik ateratzea ahalbidetuko diguten politikak egiteko plan instituzional integrala mahai gaineratzea” eskatu dute. Hemen irakur dezakezue Zumaiako Ezker Abertzaleak grebari begira idatziz jaso duen hausnarketa:

Irailak 26, greba orokorra: Euskal Herriak hitza eta erabakia

Sistema finantzieroaren erreskatearekin hasi zen uda, zehazki 100.000 milioi €tan zehazten zena eta, nahiz eta PPko Gobernuak esan horrek ez zuela herritarrengan eraginik izango, jarraian, Uztailaren 14an, “Aurrekontu egonkortasuna sustatzeko neurriei buruzko 20/2012 Errege Lege Dekretua” onartu zuten, hain zuzen ere 65.000 milioi €tako murrizketan gauzatzen dena. Eta jarraian, Abuztuan, Europar Batasunari helarazitako aurrekontu proiektuan murriztuko diren beste 35.000 milioi € agertu ziren. Proiektu horretan ez da argi azaltzen zeintzuk izango diren murrizketak gauzatzeko neurriak, Madrileko gobernuaren datozen urte bietako aurrekontuetan joango baitira islatzen.

Garbi dagoena da sisteman finantzieroaren “erreskatea” geuk ordaintzea nahi dutela. Murrizketak 102.000 milioi €takoak izango dira, hain zuzen ere bankari emango dizkioten 100.000 milioi €kin bat datorren kopurua; kopuru honi gehitu behar zaiolarik aurrez bankari eman dizkioten 146.000 milioi €.

Hau da , 102.000 milioi euro gutxiago oinarrizko zerbitzuak bermatzeko, enplegu politikak egiteko, eredu ekonomikoan inbertitzeko, prestazioak bermatzeko…Diru publikoa, herritarron zergetatik jasotako 102.000 milioi € bankuei oparitzeko. Eta herritarrentzat langabezia, murrizketak, erreformak, pribatizazioak, zerga igoerak, soldata jeitsierak, lan baldintzen suntsiketa…..hau da, miseria. Zumaian aurtengo abuztuan 574 langabetu zeuden; 2008ko abuztuan 184.

Eta ez dira hor geratuko. Lehen erreskate honen ondoren, Estatuaren interbentzioa eta inposatuko dituzten neurriak negoziatzen ari dira (PPren Gobernua, erregea, CCOO eta UGT…).

Greba orokorra justifikatua dago eta, gainera, beharrezkoa da. Beharrezkoa da orain arte egin diguten iruzur sozial eta politiko handienaren aurrean gaudelako. Beharrezkoa da Gasteiz eta Iruñeako gobernuek murrizketa politika berdinak aplikatzen jarraitzen dutelako. Euren buruak Madrildik inposaturiko neurri hauen derrigortasunean izkutatu arren, Iruñea eta Gasteizko gobernuek kapitalaren zerbitzu eta aginduetara diseinatzen dituzte euren politikak.

Onartzen ari diren murrizketa guzti horiek pobrezia eta degradazio sozial nabarmena eragiten ari dira. Ezinbestean egoera honi aurre egin beharra diogu, borrokatu beharra daukagu, eta krisiari irtenbidea emateko gure aldarrikapenak argiak dira:

-Bankari dirurik ez ematea.
-Euskal instituzioek murrizketak ez aplikatzea.
-Politika publikoak errotik aldatzea.
-Behingoz euskal instituzioak gizartearen zerbitzura jartzea. Eta Madriletik uzten ez badute, miseria sortu baino egiten ez duten eta behar ditugun konponbideetatik urruntzen gaituzten neurrien menpeko ez izateko erabakia behingoz hartzea.

Estatu espainolak erabaki du eredu autonomikoa amaitzeko ordua dela, eta dekretuz eta oinarrizko lege bidez egiten ari da, guztiz zentralizatua eta uniformizatua izango den beste eredu bat inposatzeko. Estatu espainola garatzen ari den politikei lotuta jarraitzea suizidio politiko eta ekonomikoa da Euskal Herriarentzat. Hautua argia da: inposaketa eta krisia sakontzearen alde egin duen estatu baten uniformizazioa edo irteera propioa emateko aukera gure esparruan politikak egiteko eta erabakiak hartzeko gaitasunetik; alegia, Espainiarekiko mendekotasuna edo burujabetza politiko eta ekonomikoa.

Alternatiba egon badago eta posible da hiru erabaki zehatz hartzen badira:

-Gobernu espainolaren erabakiak ez aplikatzea.
-Euskal Herriko instituzioetako aurrekontuetan ezarritako murrizketak bertan behera uztea.
-Krisitik ateratzea ahalbidetuko diguten politikak egiteko plan instituzional integrala mahai gaineratzea.

Euskal Herriak hitza eta erabakia behar ditu, “derrigorrezkoa delako aplikatzen dut” esatetik “ezin dut aplikatu Euskal Herriko gizarteak baztertu duelako” esatera pasa behar dugulako. Euskal Herrian badago masa sozial nahikoa bestelako bide bat egiteko, krisiari benetako alternatiba eraikitzeko. Falta dena da hau egiteko prest egongo diren gobernuak. Eta hau soilik lortuko dugu baldintzatzeko gai den gehiengo soziala baldin badago.

Beraz, Irailaren 26an Euskal Herriko kaleak bete behar ditugu gure esparruan aplikatzen ari diren politiken norabidea behingoz aldatzeko eta gure herria izan dadin hitza eta erabakia hartuko dituena.

 

Iruzkinak itxi dira.

  • youtube
  • in
  • rss
  • twitter
  • facebook

Baleikera harpidetu

Jaso albisteak zure posta elektronikoan:

E-maila:

Puri-purian

RSS Baleike(e)ko iruzkinak

Sare Sozialak

Azken zenbakia

219 (2013ko martxoa)