Nahikoa motibo baduen arren, ez da bere burua goratu zalea. Beti isilean, nahiago izaten du oharkabean pasa, zarata handirik atera gabe. Bi domina irabazi ditu Erromako Munduko Txapelketetan, urrezkoa K2an eta brontzezkoa K1ean, “baina hori ez da hain inportantea”, erantzungo dizu.”Oso gustura nago lortutakoarekin; dominen gainetik, urtea oso gogorra izan da, lan handia egin dugu eta hemen nire maila emateko aukera izan dut. Horrekin konforme naiz”.
Bi domina irabazi ditu Xabier Osak Munduko Txapelketan
Maila eman du, ikaragarria. K1eko proban nagusitu zen australiarra –lau urte gazteagoa– Manuel Busto handiarekin lehia estuan ibilitakoa da duela ez hainbeste urte. “Maila handiko piraguista da”. Hungariarrari buruz, berriz ez du hain iritzi ona: “Australiarrak hanka egin zigun eta hungariarra eta biok ginen atzetik segika. Denbora guztian neu ari nintzen erritmoa markatzen eta bestea atzean, babesean. Aspertu nintzen arte. Erabat gelditu eta esan nion berak ere lana egiteko. Ezetz berak. Han egon ginen minutu erdi edo, erabat geldirik. Biok bagenekien bera azkarragoa zela azken metroetan, baina elkarlana ukatzea ez zitzaidan batere gustatu”.
Gainera, laugarren itzulirako gerriko mina jarri zitzaion, eta ezin izan zuen nahi beste gozatu. “Oso proba gogorra izan zen. Porteoak ere oso gogorrak. Entrenamenduetan ikaragarria zen zenbat jende erortzen zen. Zorua oso labainkorra zegoen, eta protesta ere egin behar izan genuen. Irrist ez egiteko produkturen bat bota zuten, eta askoz hobeto. Baina, hala ere, sekulako kosta gainditu behar zen lehorreratzeko eta aldapa tente igo”. Brontzezko dominarekin konforme gelditu zen Xabier asteazkenean, baina gozatzeko aukerarik ez: K2ko proba falta zitzaion, eta lagunari kale egiteko kezkarekin bere burua estutzen duen horietakoa da. “Medranok ez zuen K1ekoa egin, eta gaur urrea lortuko genuela erabat sinetsita zegoen. Niretzat ardura handia da, huts eginez gero. Baina zorionez dena ondo atera da”. Ondo baino hobeto: irteeratik lasterketa buruan jarri eta lehen porteoan egin dute aldea besteekiko: “Porteoaren irteeran erritmoa bizitu eta hortxe egin dugu zuloa. Gero erritmoan ederki joan gara. Ez da erraza izan, baina estuasunik ez dugu pasa. Azken itzulirako lasaitu naiz eta gozatzeko aukera izan dugu”.
Urrezko eta brontzezko dominak lortuta, egun batzuk pasako ditu Xabierrek Erroman, emaztea eta alabarekin. “Etxean bezala gaude hemen, hirurok apartamentu batean. Elkarrekin bazkaldu… familian”. Larunbatean itzuliko da, “hemengo harritzarrak ikusi eta gero”. Zer ordutan iritsiko den galdetu diogu, baina ez digu zehaztu nahi izan: “Ez dakit, ez dakit… Ez dut ezer berezirik nahi. Etxera joan eta lasai egon nahi dut, deskantsatu”. Tira, igandean izango du atseden hartzeko astia, ezta?












