2013ko aurrekontuetan herritarren ekarpenak jasotzeko bilerak deituko ditu Udalak urrian

2012-09-27 14:10

Datorren urteko aurrekontuak zehazteko lanetan hasi da Udala, eta horretarako herritarren ekarpenak jaso nahi ditu. Aurreko lau urteotan egin bezala, herritarrei zuzendutako bilerak antolatuko dira, urrian, nahi duenak bere proposamenak egiteko aukera izan dezan.

2013ko aurrekontuan osatzeko garaian, udaberrian onartutako Plan Ekonomiko Finantzarioa izango da ardatza. Plan honek zehazten du hurrengo hiru urteetan Udalak izan ditzakeen gehienezko gastuak zenbait arlo edo kapitulutan. Muga hori aintzat hartuta, hainbat bilera deituko ditu Udalak urrian.

Aldaketak parte hartzeko prozesuan

Aurreko lau urteetako esperientzian oinarrituta, zenbait aldaketa egin dituzte parte hartzeko prozesuan. Alde batetik, aurten Udalak berak eramango du aurrera prozesua, kanpoko enpresarik kontratatu gabe. “Aurten, inolako bitartekaririk gabe zinegotzi eta teknikariek gidatuko ditugu bilerak. Aurreko lau urteetako esperientziak horretarako babesa ematen digu”, jakinarazi du parte hartze zinegotzi Maitane Agirrek.

Bilerak arloka antolatuko dira: gizartea, kultura, hirigintza, turismoa… Departamentu bakoitzarekin bi bilera izango dira: lehen bileran, departamentuko zinegotziak eta teknikoak esplikatuko dute dirua zertan gastatzen den, zein den egoera orokorra. Bigarren bueltan, 15 egunen buruan, herritarrek beraiek izango dute 2o13rako proposamenak egiteko aukera.

Arlokako bilera horiez gain, prozesuaren hasieran, bilera bat egingo da ogasuneko arduradunekin. Hauek aurrekontuen inguruko azalpen orokorrak emango dituzte: aurrekontuak zer diren, nola antolatzen diren, zer atal dituzten… Oinarrizko kontuak, herritarrek hobeto uler dezaten zer diren udal aurrekontuak.

Azkenik, Artadi, Oikia eta Narruondo auzoetan bilera bana egingo da. “Bilera hauetan auzoetako eskaera konkretuak jasoko ditugu”, argitu du Agirrek.

Parte hartzeko bide gehiago

Bileretara joan ezin dutenek badituzte proposamenak egiteko beste bide batzuk. Alde batetik, zumaia.net webgunean atal berezia izango du parte hartze prozesuak, eta bertan bilera bakoitzean azaldutako informazioa eskuratzeko aukera izango da –udaletxean bertan ere bai–, eta baita ekarpenak egiteko txokoa ere. Komunikazioa@zumaiakoudala.net helbidera ere bidal daitezke mezuak.

Horretaz gain, aurreko urteetan bezala, Udalak postontziak jarriko ditu: Alondegiako sarreran (Erribera kaleko sarreran) eta Artadi, Oikia eta Narruondon. Udaletxean bertan ere bai.

Datorren astean, Udalak herriko etxe guztietara inkesta bat bidaliko du, zenbait proiektu edo egitasmoren inguruan galdetuz. Horrela, herritarren iritzia jasotzeko beste bide bat urratu nahi da.

Bileren egutegia

Urriak 8
Ogasuna (udaletxean)
Hirigintza eta zerbitzuak (Alondegian)

Urriak 9
Euskara eta hezkuntza (Alondegian)
Gizarte zerbitzuak (Brankan)

Urriak 10
Turismo eta merkataritza (Alondegian, 20:00etan)
Kirola (udaletxean)

Urriak 11
Artadi (elkartean)

Urriak 15
Ingurumena (udaletxean)

Urriak 16
Kultura (Alondegian)
Berdintasuna, gazteria, aniztasuna, parte hartzea (udaletxean)

Urriak 17
Oikia (elkartean)

Urriak 18
Narruondo (elkartean)

Urriak 22
Hirigintza eta zerbitzuak (Alondegian)
Ingurumena (udaletxean)

Urriak 23
Euskara eta Hezkuntza (Alondegian)
Gizarte zerbitzuak (Brankan)

Urriak 24
Kirola (udaletxean)
Turismo eta merkataritza (Alondegian, 20:00etan)

Urriak 29
Kultura (Alondegian)
Berdintasuna, gazteria, aniztasuna, parte hartzea (udaletxean)

Bilera guztiak 19:30ean izango dira (Turismo eta merkataritza arlokoa izan ezik).

 

Iruzkinak itxi dira.

  • youtube
  • in
  • rss
  • twitter
  • facebook

Baleikera harpidetu

Jaso albisteak zure posta elektronikoan:

E-maila:

Puri-purian

RSS Baleike(e)ko iruzkinak

Sare Sozialak

Azken zenbakia

219 (2013ko martxoa)