“Bonbak gizonek botatzen al dituzte?”

2012-09-27 16:06

Zinemaldia, herenegun: alfonbra gorri batek lotzen ditu Maria Cristina hotela eta Victoria Eugenia antzokia, baina gaur izarrak limousinean eramango dituzte: euri zaparrada ari du Donostian. Pelikuletako autora igo dira Sara Casasnovas, Egoitz Sanchez, Aitor Mazo… Haiekin batera, neskato begi urdin bat. Denek babesten dute, denak ditu begira. Bi ordu geroago: amaitu da pelikularen estreinaldia. Isildu dira txaloak, itzali dira argiak, amaitu dira argazkiak. Biharamunean: “Zer moduz egin duzu lo?” galdetu du amak. “Ondo. Baina triste nago”, neskato begi urdinak. “Triste? Zergatik?”. “Uste nuen bonbak bakarrik erortzen zirela. Gizonek botatzen al dituzte?”. Goiatz Aguado Atxega du izena, zazpi urte ditu, eta Gernika bajo las bombas pelikulako protagonisteko bat da.

Argazki bilduma

Pelikularen making of bideoa

“Horixe da honek guztiak izan dezakeen parterik txarrena, umeek xalotasuna galtzen dutela. Pelikula grabatzen ari ziren bitartean, berak bonbak lehertzen ikusi zituen, eta kitto. Pelikularen estreinaldian ohartu zen bonba haiek gizonek botatakoak zirela… Orain, telebista aurrean dagoenean, pelikula bat ikusten edo, galdetzen diozu ea beldurrik ematen dion eta ezetz erantzuten dizu, badakiela dena gezurra dela, badakiela nola egiten duten”. Gainontzean, Goiatzen gurasoak pozik daude umeak orain arte egin duen bidearekin. “Umeak oso jarrera ona dauka. Gozatu egiten du, ikaragarri gustatzen zaio mundu hau. Gainera, ez da batere harrotu; are gehiago, ez zaio batere gustatzen lanari buruz galdetzea edo ezer aipatzea”, azaldu digu Montse Atxegak, Goiatzen amak.

Gernika bajo las bombas da Goiatzen lehenengo luzemetraia –Edurne pertsonaiaren papera egiten du–. Orain arte, lan gehienak publizitatearen munduan egin ditu. Bi urte eta erdirekin desfilatu zuen lehen aldiz pasarela batean. “Kursaalen izan zen, Donostiako dendek antolatutako ekitaldi batean. Lagun baten bidez sortu zitzaigun aukera, eta horrelaxe hasi zen”. Gerora, hainbat katalogotarako argazkiak egin ditu. Euskadi turismo kanpainako irudietako bat izan da, eta telebistan agertzeko aukera ere izan du –Oscar Terolen saio batean–.

“Pelikula hau egiteko aukera etorri zen arte, lan txikiagoak egin zituen”. Pelikula hau, ordea, diferentea izan da. “Errodajea oso gogorra izan zen. Hamabost egun izan ziren, maiatzean eta ekainean. Lan saio luzeak. Egun batean, hamar ordu egin zituen Goiatzek Aiako Harrian, goizeko bederatzietatik arratsaldeko zazpietara. Sekulako beroa egiten zuen, mendian gora eta behera ibili ziren korrika, garai bateko soinekoekin… Baina oso ondo aguantatu zuen, batere kexarik gabe”. Okerrena, errodajea amaitu eta eskolako lanak egin behar. “Garai txarra egokitu zen, kurtso amaiera baina, hala ere, berak oso ondo eraman du, oraingoz behintzat, ez dio eskolako martxan eragin”.

Goiatzen gurasoek badakite pelikula honek ate berriak zabalduko dizkiola alabari. “Badakigu eskaintzak etor daitezkeela. Probaren bat egin dugu dagoeneko. Agentzian ere interes bereziarekin landu nahi dute Goiatzen ibilbidea, zine munduan lan egin dezaketen ume asko ez daudelako. Gainera, profesionalek esaten digute balio duela, sena daukala. Dena den, pixkanaka joango gara, proiektuak etorri ahala hartuko ditugu erabakiak”.

Zumaia agertzen da pelikulan

Gernika bajo las bombas pelikularen zenbait pasarte Zumaian grabatu zituzten. “Adibidez, pelikulan agertzen den komentua mojaxarrena da; autobusen geltokia lehengo anbulatorioa da –Moilaberriko estazio zaharra–; eta pelikulan ikusten denean jendea Gernikatik alde egiten, hori Erribera kalea da”.

Donostiako Zinemaldian aurkeztu ondoren, segituan telebistan emango dute, ETB2n. Bi kapitulutan emango dute: lehena, urriaren 2an –asteartean-, eta bigarren urriaren 9an.

Bestalde, ez da Goiatz Aguado Zinemaldian presente izan den aktore zumaiar bakarra, Kandido Uranga baita Iñaki Elizaldek zuzendutako Baztan filmaren protagonistetako bat.

 

 

 

 

Iruzkinak itxi dira.

  • youtube
  • in
  • rss
  • twitter
  • facebook

Baleikera harpidetu

Jaso albisteak zure posta elektronikoan:

E-maila:

Puri-purian

RSS Baleike(e)ko iruzkinak

Sare Sozialak

Azken zenbakia

219 (2013ko martxoa)