Korrikalariez gain, aurten patinatzaileak ere ikusiko ditugu Zakila Biran (larunbatean, 17:00etan). Donostiaroller elkarteko kideak etorriko dira erakustaldia egitera. Bestalde, aurten hiru izango dira lasterketako omenduak: Jose Mari Alkorta, Juan Mari Larrañaga eta Club Atletico Zumaia.
“Urte batzuk badira patinaje lasterketa antolatzeko proposamena jaso genuela, baina ez ginen ausartu, segurtasun arazoengatik –abiadura handia hartzen dute, trafikoari zabaldutako errepidean…–”, azaldu du kirol teknikari Fran Aizpuruak. Baina aurten proba egingo dute, Donostiroller elkartearen eskutik. “Hauek Behobia Donostian ateratzen dira, eta Zakila Birara etortzeko aukera proposatu genien”. Patinatzaileek Zakila Birako ibilbide osoa egin beharko dute, baina zenbait neurri hartu dituzte segurtasuna bermatzeko: korrikalariak baino minutu batzuk lehenago aterako dira; lehen 17 kilometroak erakustaldikoak izango dira eta azken hiru kilometroak baino ez dira izango lehiakoak; 30 lagun baino gehiagok ezingo dute parte hartu. Donostiaroller elkarteko kidez aparte norbaitek parte hartu nahiko balu, badu aukera. Hori bai, esperientziadun patinatzaileak bakarrik onartuko dira. Izena emateko, kirol teknikariarekin jarri behar da harremanetan (943143396).
Omenduak
Zakila Biraren ohituretako bat da atletismoari lotutako herritarrak omentzea. Aurten hiru izango dira omenduak: Jose Mari Alkorta eta Juan Mari Larrañaga atleta ohiak; eta Club Atletico Zumaia, 50 urte baitira Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuela.
Gainontzean, ibilbidea betikoa izango da (20km): Erribera kaletik abiatu, herrian itzulia egin (Parolaldera), eta Arroa Behetik, Iraeta, Aizarnazabal, Oikia eta helmuga Erribera kalean. Kategoria guztietako korrikalariak aldi berean abiatuko dira, 17:00etan (patinatzaileak pixkat lehenago).
Izen ematea www.kirolprobak.com web gunean egin behar da. Bertan dituzue probaren xehetasun guztiak.












