Katalunia albiste iturri bihurtu da azkenaldian. Independentzia aldarrikatuz kaleak jendez bete zituen Diada hartatik, egunez egun sortzen dira berriak. Han bizi diren zortzi zumaiarren lekukotzak bildu ditu Eneko Dorronsorok, Katalunian gertatzen ari dena ulertzen lagun gaitzaten. Bideoan eta testuan daukazue urriko Baleike aldizkarian argitaratuko den erreportajearen aurrerapena –ostiraletik aurrera kioskoetan–.
Ia Bizitza osoa darama Maria Jose Balenziagak Katalunian. 1965ean joan zen Bartzelonara bizitzera: “Lehengusu baten ezkontzara etorri eta bertan gelditu nintzen lanean. Ondoren hemen ezkondu… Eta hemen nago oraindik! Baina joaten naiz Zumaiara, eh, asko. Nire bizitza da Zumaia; barruan daukat”. Gogoan du oraindik medikuarengana joan eta pasatako estualdia: “Telefonican lanean hasteko medikuaren errebisioa pasa behar izan nuen. Betaurrekoak erabiltzen ditut. Ikusmena aztertu eta medikuak ez zion garrantzirik eman. Gelatik irteten ari nintzela, ‘Gora Euskadi!’ esan zuen. Nik, dardara batean, “Gora!” erantzun nion. Lehen ezin zen halakorik esan…”.
Agustin Esnal 1976an iritsi zen Kataluniara, “Franco hil eta hurrengo urtean. Ez dut, beraz, sekula botorik eman Euskal Herrian”. Gaur egun Cerdanyolan bizi da. Arantxa Uranga eta Esperanza Rodriguez dira beste “beteranoak”. Arantxa 1983an joan zen eta gaur egun Cambrilsen bizi da. ERCren zerrendetan aurkeztu zen aurreko udal hauteskundeetan. Esperanza duela 26 urte irten zen Zumaiatik, aurrena Tenerifera; duela 14 urte “bizitza sentimentala berregin” eta Bartzelonan bizi da ordudanik. “Hala ere, ez dut inoiz etxera itzultzeko ilusioa galtzen”.
Jonjo Agirrezabalaga ere “bikoteak erakarrita” joan zen Bartzelonara bizitzera, 2004an. Gaur egun, kirol teknikari da Diputazioan. “Katalunian el basc naiz, eta Euskal Herrian katalana”. Nerea Eizagirre, Miren Lopetegi eta Miren Agirre ikastera joan ziren Bartzelonara, duela hiru urte. Literatura ari da ikasten Nerea. “Ikastera etorri banintzen ere, gaur egun iruditzen zait hemen bizi naizela”. Miren Lopetegi eta Miren Agirre arkitektura ikastera joan ziren, baina Lopetegik filosofiagatik aldatu du. “Ikasketak amaitu arte hemen geldituko gara”.
Zortzi zumaiar, bakoitza bere bizi esperientziarekin, bere ideia eta ikusmoldearekin. Badirudi Kataluniatik Zumaian baino naturaltasun gehiagoz hitz egiten dela independentziaz.
Agustin Esnal: “Kataluniak ez du kontzertu ekonomikorik, Madrildik kudeatzen dira haien diruak. Itun fiskal bidezkoagoa eskatu du Kataluniak”
Arantxa Uranga: “Kataluniarrak sentitzen du ez dela ulertua, bere eskaera identitarioak beti interes ekonomikoekin lotzen direlako. Gaur egungo egoeratik ikusita, bistakoa da krisi ekonomikoak aldarrikapen nazionala areagotzen lagundu duela, baina aldarrikapen hori lehendik ere existitzen zen”
Jonjo Agirrezabalaga: “Ez daukat garbi, Katalunian zein Euskal Herrian, erreferenduma egingo balitz zer emaitza aterako litzatekeen. Ez nuke baiezkoa ziurtatuko. Baina garrantzitsua litzateke aukera lortzea”
Nerea Eizagirre: “Une egokia da gurean ere diferentziak albo batera utzi eta herri bezala biltzeko”
Esperanza Rodriguez: “Independestista izateko ezkertiarrago izan beharra dago; nazionalistak aski du ekonomikoki gobernatzeko aukera izanda, beste zenbait gauzatan Madrilen menpe egon behar badu ere! Paktu fiskala izan balu CIUk ez zukeen independentziaz hitz egingo”
Mari Jose Balenciaga: “Haientzat [Espainiarentzat] Euskal Herrian zein Katalunian egiten den ezerk ez du baliorik, legez kanpokoa da; “Eta gauza bat esango dizut: nazionalistenak beraiek dira”
Miren Lopetegi eta Miren Agirre: “Independente izango direla diote, bost urtean gauzak asko aldatu direla. Lehen ez zirela gehiengoa, baina orain itxuraz bai… Ezinezkoa omen da inguruko herrialdeak ez konturatzea, nahiz eta konturatzen azkena Espainia izango den”
Urriko Baleike aldizkarian aurkituko duzue erreportaje osoa.












Aurrerapena: Katalunia zumaiarren begietatik | Baleike http://t.co/j8N6x91Z
Baleike: Aurrerapena: Katalunia zumaiarren begietatik http://t.co/RXvjBpH9
Zumaiarren ikuspegia Kataluniaz @baleike -ren eskutik http://t.co/zGTJh4jL
@baleike -k Principaten bizi diren 8 zumaiarri hango egoera politikoari buruz galdetu die http://t.co/t6VS6IrI @EnekoDorron