Bigara Pulporen garaipena, azken unean

2012-10-16 17:32

Kantabriako Corrales taldeari 24-25 irabazi dio Bigara Pulpok denboraldiko laugarren jardunaldian. Penaltiz egin zuen garaipenaren gola Ibon Sasiainek, denbora agortuta zegoela. Oraingoz bi partida irabazi ditu Pulpok eta beste biak galdu, eta zazpigarren postuan dago sailkapenean.

Aldaketa asko izan ditu Bigara Pulpok joan den denboraldiko plantilatik. Eibar eta Elgoibar aldeko hiruzpalau jokalarirekin osatu zuen taldea azken denboraldietan, baina aurten aro berri bati egin diote, gazte mailatik igotako etxeko hainbat jokalarierekin eta lehiara itzuli diren zenbait beteranorekin. Eta oraingoz gauzak ez doaz gaizki, jokatutako lau partidetatik bi irabazi baitituzte. Azkena Kantabrian, Corralesen aurka.

Partida oso borrokatua izan zen, azken unera arte. Hala ere, amaitzeko bost minuturen faltan Corralesek lau goleko aldea lortu zuen eta bazirudien puntuak etxean geldituko zirela. Baina Pulpok ez zuen amore eman. Ballesteros atezainaren geldiketa bikain pare bat eta defentsako lanari esker beste kontraeraso pare batekin 24nako berdinketa lortu zuten. Eta partidako erasoko azken jokaldia ere Pulporen esku, berriro defentsako lanari esker. Azken segundoetan Larburuk izan zuen gola egiteko lehen aukera, penaltiz, baina huts egin zuen. Hala ere, errebotea berak hartu eta aurkariek falta egin zioten. Lau segundoren faltan, Unai Ballesterosek baloia hegalean jaso, jauzi egin eta jaurtitzera zihoanean penalti egin zioten. Denbora agortuta, Ibon Sasiainek ez zuen barkatu. 24-25, bi puntuak Zumaiara.

Bigara Pulpo: Arkaitz Manterola, Unai Beristain (2), Ibon Sasiain (4), Aitor Alkorta, Iker Azipurua, Julen Aizpurua, Julen Yeregi (4), Ander Larrañaga, Julen Espilla (5), Pablo Gutierrez (2), Unai Ibarguren (2), Ioritz Sasiain (1), Xabier Larburu (5) eta Ander Ballesteros.

Hurrengo partida Lubakin jokatuko dute, larunbatean, 16:30ean, Loiuko Urdanetaren aurka.

Kadeteak eta jubenilak lider Euskal Ligan

Kadeteak eta jubenilak sailkapeneko lehen postuan dira Euskal Ligan. Orain arte jokatutako hiru jardunaldietan, kadeteek erraz irabazi dute Bidasoa, Eibar eta Tolosaren aurka. Jubenilek berdinketa lortu zuten Bidasoaren kontra, eta garaipena Eibar eta Tolosaren aurka.

Hurrengo partidak larunbatean jokatuko dituzte, Lubakin, 18:15ean eta 19:45ean (Bigara Pulporen ondoren).

  • youtube
  • in
  • rss
  • twitter
  • facebook

Baleikera harpidetu

Jaso albisteak zure posta elektronikoan:

E-maila:

Puri-purian

RSS Baleike(e)ko iruzkinak

Sare Sozialak

Azken zenbakia

219 (2013ko martxoa)