Historikoa da herri plataformen bidez 70.000 gipuzkoar elkartu eta era naturalean mobilizatu izana, eta hori ezin daiteke mespretxatu. Gipuzkoan ez da inoiz horrelakorik gertatu eta etorkizunean gertatzea ere zaila izango da. Gaur hemen gure lurraldean sortu diren plataformetako ordezkariak gaude (Arrasate, Astigarraga, Azpeitia, Azkoitia, Bergara, Deba, Eskoriatza, Hernani, Lazkao, Legazpi, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Ordizia, Ormaiztegi, Oñati, Pasaia, Tolosa, Zarautz eta Zumaia), eta beste batzuk ere sortzen ari dira, Atez Ateko sistema inposatu nahi duten Bilduko 34 alkateen erabakiari erantzuteko. Ezer aztertu eta inorekin hitz egin gabeko erabakiari erantzuteko.Horregatik, Bilduri eskatzen diogu, eta baita Bildu babesten duten beste alderdiei ere, gipuzkoarron borondatea errespetatua izan dadila.
Zoritxarrez ikusten ari gara, herriari hitza ematea ez baino, herriaren hitzari ez ikusiarena egiten diotela bildukoek eta enparauek. Nahikoa da aurreko astean Pasaian gertatutakoa ikustea, herri kontsulta babesten duten 4247 sinadurei alkateak agerturiko mespretxua.
Baina Pasaian gertatutakoa ez da berria. Herri plataforma askok oraindik ez dute tokiko Bilduren alkatearen erantzunik jaso, ez bilera deirik egin, ezta kasurik egin ere. Bere erantzuna ezezkoa edo isiltasuna da.
Zaborrak egunero kudeatzen dira. Eta badirudi Bildurentzako, orain ez dela zaborraz hitz egiteko garaia. Zerikusirik ba ote du legebiltzarrerako hauteskundeen atarian egoteak?
Atez Atekoari EZ esaten diogun plataformak birziklapenari BAI esaten dio. Birziklapena eta gaikako bilketa hobetzen joateko lanean jarduteko prest gaude, horregatik herritarrari dei egiten diogu kontenedoreak behar bezala erabili ditzaten, aukera eman den lekuetan noski (Tolosan adibidez, mankomunitateak itxi dizkio ateak organikoari, hau da, kontenedore marroiari). Baina pentsatzen dugu Atez Ateko bilketa ez dela bidea ondorengo arrazoi hauegatik:
Atez Ateko bilketa sistema INPOSIZIOAN dago oinarrituta. XXI. mendean, ez dugu uste inposizioa jasangarria denik. Inposizioak iraganeko garaiak ekartzen dizkigu gogora, zorionez dagoeneko gaindituta ditugunak. Birziklapena bultzatzeko kontzientziazioa, sentsibilizazioa eta hezkuntza erabili behar dira. Errealitateak bide honetatik garamatza. Gipuzkoan, 10 urtetan bakarrik ibilbide handia egin da. 2000 urtean gaika % 17 jasotzetik, 2010ean % 43 jasotzera pasa gara. Gipuzkoarrok lanak egiten badakigula erakusten ari gara, horretarako baliabideak jartzen badizkigute behintzat. Ez gaude alferrik Europaren abangoardian gaikako bilketa tasetan.
Atez Ateko bilketa, kontenedoreen bidezko bilketa baino GARESTIAGOA da, karga guztia herritarrengan jartzeaz gain. Egun bizi dugun krisi ekonomiko egoeran, gure udaletako gastu arrunta handitzen ari da, eta honek ekarriko du hurrengo urtetan udalak finantzieroki itota geratzea.
Atez Ateko bilketa sistema ZIKINA da. Ez ditugu gure kaleak eta eskatzak zaborrez gainezka ikusi nahi.
Pertsona eta familien INTIMITATEA erasotzen du. Gure zabor poltsak gainbegiratzea zabor polizien bidez ez da jasangarria. Ez ditugu gure ohiturak aldatu nahi zaborra noiz jasotzen denaren arabera. Ez dugu gure bizitza pribatua agerian utzi nahi, etxean gauden edo ez jakin dezan inork, ezta gure bizi ohiturak agerian utzi ere. Atez Ateko sistemak argi eta garbi gure pribazitateari eraso egiten dio.
Ezker Abertzaleak, Atez Atekoaren muturreko defentsan, EGIARI MUZIN EGITEN DIO. Ematen ari diren bilketako datuak ez dira egiazkoak, ez baitute kontutan hartzen “zaborraren turismoa”, ezta gaika jasotakoaren errefusa ere (birziklatu ezin daitekeena). Atez Atekoaren ezarpenaren ondorengo portzentajek bakarrik azaltzen dituzte. Ez dira konparaketa garbiak egiten. Atez Atekoa bilketa sistema bat gehiago baino ez da eta ez du zaborraren arazoa konpontzen, izan ere zikloaren azkenean hondakinen tratamendurako azpiegiturak behar baitira edozein kasutan.
Hemendik, elkartzeak duen indarraren jakitun, dei egiten diegu gipuzkoar guztiei gero eta gehiago birziklatu dezaten, argi gera dadin ez dugula inposatutako sistemarik behar, gure borondatez egiten badakigulako.
Baina baita ere, herrietako bizilagunei kasurik egiten ez dien Bilduko alkateei ohar bat bidali. Gure esku dagoen guztia egingo dugula gure eskaera kontutan hartua izan dadin. Eta herria, hauteskunde kanpainan bere zerbitzura dagoena adierazten duten herri hori bera, gutxietsia izan ez dadin.
ESKERRIKASKO













Baleike: Atez atekoaren kontrako plataformen koordinakundea, herri kontsulta babesteko prest http://t.co/OI6hEyhZ
Kasualitatea hauteskunde bezperetan orain ere… jada egiten duzuenak usain txarra bota besterik ez du egiten. Proposamenik ez,sistema adosteko borondaterik ez,eta elektoralismo hutsa.Usaina berak plataformaren testua sinatzea adierazgarria: lehenengo kaleak kartelez bete ditu, gero bere blog jeltzale “ez ofizialean” ipini eta orain baleikera plataformakoen testua bidali. Adierazgarria baita ere,eta espero ez nuena bidenabar, baleiken herri kontsulatren inguruan eginiko inkestaren emaitza. %51 hondakinak derrigor gaika biltzea kontsultan galdetzearen alde %49 aurka. Nik behintzat sekulako aldea espero nuen kontsultaren alde. Badirudi jendeari plataformaren benetako helburuak (bildu eta batez ere psee ko bozkak eajra eramatea) eta eraikitze klabean proposamenik ez egiteak zer pentsatu eman diola, nola ez plenoko zirkoarekin batera.Oraindik ere hondakin guztiak gaika bilduko dituen eta atez-atekoa ez den beste sistema baten proposamenik ez dut entzun. Eta aurka-aurka-aurkako ofentsiba besterik ez dut ikusten.