Larunbat goizean 19 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak tren geltokian, goizaldean Zumaiako lau dendatan eta karabana batean gertatutako lapurretak leporatuta, Barne Sailak jakinarazi duenez.
Larunbat goizaldean gertatutako bost lapurreta kasuren salaketak jaso zituen Ertzaintzak. Zenbait lekukok emandako datuen arabera, bi gazte izan ziren egileak, eta estolderietako tapa bat erabili zuten lokaletako kristalak hausteko. Badirudi lapurretako batek ebakia egin zuela, dendatako batean odola baitzegoen dirua gordetzeko kutxan. Goizeko zortziak laurden gutxi aldera tren geltokiko hesia gainditu zuen gazte bat ikusi zuten inguruan zeuden ertzainek. Lekukoek emandako deskribapenarekin bat zetorrela ikusirik, geldiarazi eta miatzeari ekin zioten. Hainbat txanpon aurkitu zizkioten banketxeek dendei ematen dizkieten plastikoetan bilduta. Horrez gain, odol orbanak zituen arropetan. Gizonezkoa identifikatu ondoren, atxilotzea erabaki zuten. Ustezko lapurrak hainbat delitu aurrekari ditu. Bestalde, ustezko bigarren lapurraren bila jarraitzen du Ertzaintzak.












Baleike: Gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak Zumaiako zenbait dendatan lapurreta egiteagatik http://t.co/CDMbNx9A