Kontinenteko bodyboardlari onenak bilduko dira Zumaian ostiraletik aurrera, Europako Zirkuituko bigarren proba jokatuko baita Itzurunen. Guztien buru, Pierre Louis Costes munduko txapelduna eta Alex Uranga zumaiarra (13. munduko sailkapenean). Txapelketa ostiralean hasiko da ofizialki baina, itsasoko iragarpenari begiratuta, ziurrenik larunbata arte ez da lehia hasiko. ZISKE Zumaiako surf elkarteak antolatu du txapelketa Udalaren eta hainbat babesleren laguntzarekin. “Txapelketa profesionala antolatu nahi izan dugu, goi mailakoa, Zumaiak merezi duelako”, esan dute elkarteko kideek gaurko aurkezpenean.
Horrela gelditu da parte hartzaileen koadroa
Flyschboard: Zumaian diseinatutako bodyboardak
Itzurungo olatuak oso aproposak dira bodyboarderako eta azken urteotan indar handia hartu du kirol honek herriko gazteen artean. Nazioartean ere emaitza bikainak ari dira lortzen. Indar hori ikusirik eta oraindik ere bultzada handiagoa eman nahirik, nazioarteko txapelketa bat antolatzea pentsatu zuten ZISKEko kideek. “Txapelketa bat antolatu nahi genuen Zumaian, baina maila oneko zerbait. Ikusi genuen Europako Zirkuitua azken urteotan ia galduta zegoela eta pentsatu genuen merezi zuela hura berreskuratzeko ahalegina egitea. Australian eta Brasilen zirkuitu indartsuak dituzten bezala, Europan ere merezi dugu halako zerbait”. Harremanak egin ondoren, lortu zuten Europako Zirkuitua osatzea hiru probekin eta bat Zumaiara ekartzea: “Txapelketak hiru proba ditu. Lehena Sintran (Portugal) jokatu zen, bigarrena Zumaian izango da eta hirugarrena Marokon jokatuko da”.
Zumaiak “txapelketa profesionala” antolatzeko aukera merezi duela uste dute ZISKEko kideek: “Zumaia erreferente da Europako bodyboardean. Gainera, aukera bikaina izango da herriko gazteentzat Europako onenekin indarrak neurtzeko”.
Europako onenak
Hemen izango dira Munduko Zirkuituan (IBA World Tour) parte hartzen ari diren Yoan Florentin (Reunion Irla), Brahim Iddouch (Maroko), Yeray Martinez (Kanariar Irlak) eta Pierre Louis Costes (Frantzia), besteak beste. Costes munduko txapeldun izan zen iaz eta aurten hirugarren postuan dago oraingoz. Eta noski, etxeko hamaika bodyboardlariren buru Alex Uranga (13. munduko sailkapenean) eta Alex Odriozola (Europako txapeldun junior mailan eta Espainiako txapeldun). Gainera, Espainia, Portugal, Frantzia, Maroko, Kanariar Irlak eta Euskal Herritik etorritako goi mailako parte hartzaileak izango dira.
Kanporaketak
Dagoeneko zenbait izen ezagun ziurtatuta dauden arren, izena emateko epea ostegunean zabalduko da, 17:00etatik 20:00etara, surfeko lokalean. Federatua edo asegurua duen edonork har dezake parte. Kategoria bakarrean lehiatuko dira denak, adina eta sexua bereiztu gabe. Antolatzaileek 60 partaide espero dituzte, eta lauko kanporaketak jokatuko dira. Bi onenek aurrera egingo dute, besteak kalera. Txanda bakoitzean 20 minutuko lana egin beharko dute, eta hamar olatu hartzeko aukera izango dute, baina puntuazio altuena duten biak hartuko dira kontuan.
Eguraldi iragarpena
Eguraldi iragarpena ez da onegia txapelketarentzat. “Ostiralean ez dirudi txapelketari ekiteko moduko olatuak izango direnik. Larunbaterako iragarpena hobea da, nahiz eta haize handi samarra eman duten eta horrek itsasoa zakartuko duen. Eta igandean badirudi eguerdira arte eutsiko diola. Beraz, gure asmoa da ahal den gehiena larunbatean jokatzea, eta beranduenez igande eguerdian amaitzea. Pena da, urri osoan sekulako olatuak izan ditugulako. Hasiera batean urriaren 12ko asteburuan jokatu behar zen txapelketa, baina atzerarazi egin ziguten eta orain baldintzak ez dira hain onak”.
Festa ere bai
Kirola bultzatzeaz gain, festa giroa ere jarri nahi dute herrian. Hau da prestatu duten egitaraua:
Ostirala 26
00:30ean, The Grace of Dionysus taldearen kontzertua.
Larunbata 27
17:00etatik 20:00etara eta 22:00etatik 23:00etara batukada Amaiako plazaren inguruan dauden tabernetan.
23:00etan, batukadaren amaiera Tximista tabernan.
Ondoren, bodyboard bideoak.
00:00etatik 03:00etara, DJ Alkantara.
01:00etan, bodyboard eta kamiseta zozketa.
03:00etan, bodyboard eta kamiseta zozketa.














Baleike: Europako bodyboardlari onenak lehiatuko dira Zumaian asteburuan http://t.co/kehU3SEH