Euskararen erabilera bultzatzeko sortu da Kaleko

2012-10-24 10:40

Bizitza sozialeko hainbat esparrutan euskararen erabilera bultzatzeko sortu dute Kaleko euskara zerbitzua Urola Kostako Udal Elkarteak eta udalek. “Udalek eta Udal Elkarteak kalean eragin nahi dugu, Urola Kostako herritarren hizkuntza eskubideak betearazten lagundu”. Horretarako, euskara teknikarien lanaren osagarri izango den zerbitzua jarri dute martxan, eta merkatariekin hasiko da lanean.

Zumaiatik Aiaraino, eskualdeko herri guztietan jarriko da indarrean zerbitzu berria. Horretarako, Udal Elkarteak hiru langile kontratatu ditu, Lanaren Kontratazioak programaren bidez (brigadak), eta kaleko erabilera dinamizatzea izango da haien zeregina. Merkatariekin hasiko dira lanean, baina aurrerago kirola, aisialdia eta beste esparru batzutan ariko dira ere.

Merkataritzarekin hasiko da

Kaleko euskara zerbitzuaren lehenengo ahalegina merkataritza alorrean euskararen erabilera neurtzea eta hobetzeko proposamenak egitea izango da. Ahalegin horren barruan Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako merkataritzako establezimendu guztiak bisitatuko dituzte(ostalaritza, merkataritza eta zerbitzuak), egitasmoaren berri eman eta zerbitzuaren eskaintza aurkezteko. Bisita horietan zerbitzuen katalogoa eskainiko zaie:

- Ageriko elementuak euskaraz jartzeko aukera.
- Idazki ereduak (entrega-agiriak, fakturak, ordainagiriak…).
- Ikastaroak eta oinarrizko materiala ostalarientzat eta dendarientzat.
- Itzulpenak egin eta zalantzak argitzeko zerbitzua.
- Dirulaguntzen informazioa.

Bisita hauen lehen helburua eskualdeko establezimenduetan (ostalaritzan, merkataritzan eta zerbitzuetan) ageriko elementuetan euskararen erabilera normalizatzea da. Ondoren, establezimenduei beste tresna eta zerbitzu batzuk eskainiko zaizkie, bezeroei zerbitzua osorik euskaraz eskaini ahal izateko eta, ondoren, euskaraz lan egiteko.

Webgunea

Aurrez esan bezala, merkataritzarekin hasi badira ere esparru gehiago landuko ditu Kalekok. Horretarako webgunea jarri da martxan, eskualdeko herritarrei bost udalerrietako euskararen inguruko albisteak eta informazioa bateratuta emateko helburuarekin: www.kaleko.org

- Albisteak, euskararen inguruko albisteak, eskualdekoak nahiz orokorrak.
- Agenda: euskararen inguruko ekitaldi eta informazioen agenda.
- Katalogoa: merkatarientzako zerbitzuak eta eskaerak internetez egiteko aukera.
- Tresnak: euskaraz idatzi eta lan egiteko baliagarri diren tresnak.
- Hizkuntz eskubideak: herritarrei hizkuntz eskubideen gainean laguntza emateko.

Hizkuntz eskubideak

Egunerokoan, nahiz eta euskaraz bizitzeko nahia izan, ez da beti erraza jasotzen ditugun zerbitzu edo produktuetan edo izaten ditugun harremanetan euskaraz aritzea. Eta, ez da erraza, gure hizkuntz eskubideak zaintzen etengabe aritu beharra. Hori dela eta, Kaleko Euskara Zerbitzuak gisa horretako gorabeherak konpontzen laguntzeko zerbitzua eskainiko die herritarrei.

Iruzkinak itxi dira.

  • youtube
  • in
  • rss
  • twitter
  • facebook

Baleikera harpidetu

Jaso albisteak zure posta elektronikoan:

E-maila:

Puri-purian

RSS Baleike(e)ko iruzkinak

Sare Sozialak

Azken zenbakia

219 (2013ko martxoa)