Pierre Louis Costes munduko txapeldunak estreinatu du Bodyboard Zumaia Pro 2012 txapelketaren palmaresa. Alex Uranga eta Alex Odriozola zumaiarrak bigarren eta hirugarren sailkatu dira, hurrenez hurren. Hugo Pinheiro portugaldarrak osatu du lauko finala. Gehiago ezin eskatu. Edo bai. Txapelketako antolatzaile Andoni Izagak esan duen modura, “datorren urtean zumaiar batek irabaz dezala”.
BIDEOA: Alex Uranga
BIDEOA: Alex Odriozola
Txapelketako argazkiak (I): larunbata
Txapelketako argazkiak (II): igandea
“Atzokoa infernua izan zen; gaur gozatzeko aukera izan dugu”. Izagaren hitzok ederki laburtzen dute asteburuan Itzurunen bizitakoa. Europako Zirkuituko proba bat lehen aldiz Zumaiara ekartzeko sekulako lana egin dute herriko bodyboardzaleek. Estreinakoa izateko, txapelketa oso ondo antolatu dute eta Europako Federazioko ordezkariak hala nabarmendu du: “Datorren urtean ere gustura etorriko ginateke”. Baina eguraldia ezin da aurrez enkargatu, eta larunbatean ez zuen batere lagundu. Gaur eguna euritan hasi dugun arren, txapelketa hasterako atertu eta eguerdirako eguzkiak gozatu ditu bazterrak. Itsasoa ere atzo baino askoz txukunago zegoen, olatu garbiagoekin, lehen orduan batik bat.
Lanerako baldintza egokiagoekin, bodyboardlariek gogotsu ekin diote txapelketako azken txanpari. Final-laurdenetara sailkatutako 16 onenen artean, bi zumaiar: Alex Odriozola eta Alex Uranga. Odriozola gazteak –18 urte ditu– sekulako bolada darama azkenaldian: Europako txapeldun izan da junior mailan, eta Espainiako txapeldun. Larunbatean sekulako maila erakutsi zuen, gaur garaipena lortzeko hautagai sendoa bilakatuz. Urangak, berriz, atzo nahikoa justu gainditu zuen hirugarren erronda. Gaur dena emateko gogoarekin agertu da. Odriozolak atzoko bide beretik ekin dio txapelketari, final-laurdenetan eta finalaurrekoetan txandako onena izan da. Hugo Pinheiro portugaldarra izan da bietan bigarren. Urangak ere atzo baino distira handiagoa erakutsi du, maniobra asko eta ikusgarriak eginez. Final-laurdenetan txandako onena izan da, Costesen aurretik; finalaurrekoan Costes sailkatu da lehena eta Uranga bigarren.
Goi mailako finalistak, beraz: Costes, Uranga, Odriozola eta Pinheiro. Munduko Zirkuituko proba bat izan zitekeen, lasai asko. Finala bera, ordea, ez da espero bezain lehiatua izan. Olatuak ez ziren hain egokiak eta, une erabakigarrian, Costes txapeldunaren ofizioa agertu da. Aurkariak konturatzerako goi mailako bi puntuazio lortu ditu eta ia erabakita utzi du finala. Odriozola eta Uranga behin eta berriro saiatu dira, baina olatuek ez diete puntuazio altua lortzeko aukerarik eman. Costesek erraz eraman du txapela.
Costes: “Goi mailako bodyboarda daukagu Europan”
Txapela buruan zuela hitz batzuk egin ditu Costesek podiumetik. Antolatzaileek egindako ahalegina eskertzeaz gain, Europan dagoen maila azpimarratu du. “Denbora asko zen Europako Zirkuitua antolatzen ez zela eta asko poztu nau hemen hainbeste jende ikustea. Europan goi mailako bodyboarda daukagu. Datorren urtean Zumaian ikusiko gara berriro”. Pinheirok ere esker hitzak izan ditu antolatzaileentzat “horrelako proba bat antolatzeagatik”. Alex Uranga eta Alex Odriozolaren iritziak bideoan entzun ditzakezue.
Finaleko sailkapena
1. Pierre Louis Costes (15,25)
2. Alex Uranga (11,95)
3. Alex Odriozola (10,45)
4. Hugo Pinheiro (10,25)













Argazki ederrak! Zorionak Gorka!
Oso argazki onak!!!!