Euskara gutxiago entzuten da kalean, gazteek gehiago erabiltzen duten arren

2012-10-30 17:38

Belen Urangak aurkeztu ditu euskararen kale erabileraren datuak. Argazkia: Xabier Azkue

Zumaiako kaleetan entzuten diren solasaldien %52,8 euskaraz dira, duela bost urte baino ia lau puntu gutxiago (%58). Kezkatzeko datua da, baina bada itxaropenerako arrazoirik ere, gazteen artean (15-24 urtea artekoak) euskararen kale erabilera oso altua baita: %71. Soziolinguistika Klusterrak bost urtetik behin egiten duen kale ikerketaren emaitza nagusiak aurkeztu zituen atzo Belen Urangak. Aurkezpenerako erabili zuen dokumentua kontsulta dezakezue hemen: Euskararen kale erabilera Zumaian

Soziolinguistia Klusterrak bost urtean behin egiten duen ikerketak ez du euskararen ezagutza maila neurtzen; ez da galdeketan oinarritzen. Kalean entzuten den euskara neurtzen du, zenbat solasaldi diren euskaraz. Eta neurketa “disimuloan” egiten da, ikerketa egiten ari direla adierazi gabe. Kaleko errealitatearen erretratu gordina egiten dela esan genezake. Ikerketaren emaitza ahalik eta fidagarriena izan dadin, neurketa sakona egiten da. Zumaiaren kasuan, 1.616 elkarrizketa neurtu ziren, 5.063 solaskide tartean. Lan mardula, beraz.

Ikerketak emandako emaitza nagusiak hauek dira:

Euskararen kaleko erabilera jaitsi egin da

Ez da ikaragarri jaitsi, baina behera egin du. 2002an %55,8koa zen portzentaia; 2007an %58koa; 2012an %52,8koa. Beraz, gaur egun, duela hamar edo bost urte baino euskara gutxiago entzuten da Zumaiako kaleetan. Datu hau gaitasun mailarekin alderatzea interesgarria izan daiteke –Eustatek neurtzen du, galdeketa bidez–. Zenbat lagunek dakite euskaraz? Zumaiarren %71,2 da euskaraz egiteko gai –2006ko datua–. Beraz, Zumaiarren %71 inguruk daki euskaraz eta kaleko hizketaldien %52,8 dira euskaraz.

Eremu euskaldunena: erdigunea, parolaldea edo poligonoak?

Ikerketak herriko hiru eremu bereizten ditu: erdigunea, Amaiako plazatik parolera, eta poligonoak. Euskara gehien poligonoetan entzuten da (Basadi, Alai…): %56; ondoren, erdigunean: %54,1; gutxien, berriz, Amaiako plazatik parolaldera: %47,3.

Testuinguruarekin alderatuta

Datuak testuinguruarekin alderatzea ere ariketa interesgarria da. Adibidez, Azkoitia, Azpeitia eta Zestoarekin alderatuta, Zumaiako datuak makalagoak dira, bai ezagutzan, bai erabileran. Zestoan %82,2k daki euskaraz eta kaleko solasaldien %80,5 dira euskaraz. Zarautzekin alderatuta, datuak oso antzekoak dira: ezagutza %70,1, erabilera %50. Urola Kosta osoa hartuta, Zumaia bataz bestekoaren behetik dago: ezagutza %77koa, erabilera %60koa. Eremu zabalagoetara jotzen badugu, errealitatea bestelakoa da. Gipuzkoan ezagutza %52,9koa da eta erabilera %32,7koa; EAEn ezagutza %37,4koa da eta erabilera %16,1ekoa; eta Euskal Herrian ezagutza %27,6koa eta erabilera %13,3koa. Beraz, inguruan baditugu gu baino euskaldunagoak diren herriak, baina mapa osoa hartuta Zumaia herri oso euskaldunen artean dago, zalantzarik gabe. Kaleko solasaldien erdia baino gehiago euskaraz izatea azpimarratzekoa da. Datua baino gehiago, joera da kezkagarria: Zumaian behera egin duen bitartean, Urola Kostan bi puntu egin du gora.

Helduen datuak dira kezkagarrienak

Adin tarteak ere bereizten ditu ikerketak, eta badago zer aztertu. Haurrei dagokienez, erabilera %71,2koa da. Esanguratsuena da, ordea, beraien artean hitz egiten dutenean solasaldien %84 euskaraz direla. Helduekin hitz egiten dutenean jaisten da portzentaia. Eta hor egon daiteke ikerketa honek mahai gainean jarri duen korapilo nagusia: Zumaian, helduen artean jaitsi da, batez ere, euskararen erabilera. Eta oso nabarmen, haurrak tartean daudenean. Datu batzuk: 2002an, kalean euskaraz hitz egiten zuen helduen portzentzaia %52,4 zen; 2007an, %46,3; 2012an, %42,2. Hamar urtean hamar puntu jaitsi da. Eta bereziki kezkagarria da talde berean helduak eta haurrak nahasirik daudenean, helduen %37ak baino ez duela euskaraz egiten. Datu deigarria da, ez baita ohiko joera. Klusterrean ez dute oraindik azalpenik, baina ondo aztertzeko kontua da helduen artean gertatu den jaitsiera, eta zergatik haurrak tartean daudenean are eta gutxiago egiten duten euskaraz.

Puntu honi dagokionez, atzoko ekitaldian aipatu zen helduei dagokion adin tartea (25-60 urte) zaku zabalegia dela eta horrek, ziurrenik, ondorioak ateratzea zailtzen duela. Hurrengo azterketetan kontuan hartuko da eta agian bitan zatitu beharko da, zerikusi gutxi baitute 25-30 urteko gazteen errealitateak eta 50etik gorakoenak.

Gazteen erabilera, goraipatzekoa

Beste muturrean dago gazteen datua. Ikaragarri ona: 15 eta 24 urte arteko gazteen kaleko elkarrizketen %71 euskaraz dira (euskara gaitasuna %82,8koa da). Ikusgarria da azken hamar urteotako bilakaera: 2002an solasaldien %54 ziren euskaraz; 2007an %65 eta 2012an %71. Hamar urtean 17 puntu igo da gazteen erabilera. Lehen aipatu da Zarautzek oso erabilera parekoa daukala; bada, gazteen artean, ez dago alderatzerik: Zarauzko gazteen erabilera %53,5ekoa da. Gazteen datua da, zalantzarik gabe, ikerketa honek eman duen emaitzarik pozgarriena, eta beharrezkotzat jo zen atzoko aurkezpenean gazteei egindako ahalegina aitortzea.

 

 

Iruzkinak itxi dira.

  • youtube
  • in
  • rss
  • twitter
  • facebook

Baleikera harpidetu

Jaso albisteak zure posta elektronikoan:

E-maila:

Puri-purian

RSS Baleike(e)ko iruzkinak
  • Esku pilota txapelketako laugarren jardunaldia jokatuko da gaur
    Laugarren jardunaldian emaitza hauek izan ziren:Olasagasti-Aizpurua, 22 - Beristain-Urbieta, 15Iribar-Ruiz, 22 - Bracamonte-Oliveira, 16 […]
    Baleike
  • Laugarren mangara pasatzeko lehian izango da gaur Alex Uranga
    Alexen txanda bertan behera geratu da. Hirugarren mangako zazpi txanda jokatu dira eta Alexena egin behar zenean hurrengo egunera pasatzea erabaki dute. Bihar lehen orduan jokatu du txanda, eta han lortzen duen emaitzak erabakiko du laugarren mangara pasatzen den ala ez. Hiru dira txanda honetan arituko direnak eta lehen biak pasako dira hurrengo mangara. […]
    Baleike
  • Alex Urangak gaur izango ditu lehen probak Txilen
    Gaurko mangan sentsazioak ez omen dira oso onak izan. Hala zintzilikatu du bere Facebookean. Bihar goizean (Txileko goizeko 7:00etan) jakingo du zein izango dituen aurkariak hurrengo mangan. […]
    Baleike

Sare Sozialak

Azken zenbakia

219 (2013ko martxoa)