Kia Ora (IV)

2010(e)ko Otsailak 11
Gaur egun hemengo eguneroko martxa kargatuaren ondorioz, eta Zumaiako Baleike aldizkarirako testu bat idazten saiatu izanagatik, gure blog honetan ez da berririk izan aspaldian.

Hala, laburpenak laburpen, artikulu hura nahiko osatua da eta ulertuko duzuen bezala, istorio bera bi aldiz idaztea ez da munduko gauzik erakargarriena. Hortaz, alde batetik haren osagarri diren argazkiak zintzilikatuko ditut, eta bestetik Baleikeko testua eta ibilbidea irudikatzen duen mapa luzatuko dizkizuet, ados?


· Orainarte pausoz-pauso azaldutako egunetatik ihes egin zuten argazki pare bat

Little River ondoko lakuan lo egin genuen tokia
Okaritoko hondartza basatia


9.eguna: Ruby Bay > Abel Tasman National Park > Nelson > Picton (220km)
Parke zoragarri honetan eguraldia epelagoa da; uretan sartzeko modukoa.
Furgoneta aparkalekuan utzi, eta urertzetik sekulako ibilbidea egin daiteke bertan haitz, hondar eta mendietan zehar.
Nahi izanez gero,bidean zeharreko kanpinetan igaro daiteke gaua, edo piraguan ibili…

10.eguna: Picton > Wellington (ferryz) > Queen Elizabeth > Tongariro National Park (350km)

Bi geltokien artean ahalik eta ibilbide motzena egin genuen bitartean, bideo-kamera izan zen irudiak bildu zituen bakarra…


11.eguna: Tongariro > Taupo > Huka Falls > Moon Crater Park > Volcanic Valley (175km)

Berriz ere. Lastima argazkien kontu hau…

Maialen, Waio-tapuko ibilbideko zati batean


12.eguna: Rainbow Mountain > Lady Knox Geyser (Waio-tapu Thermal Area) > Rotorua > Tauranga > Whangamata > Hot Water Beach > Black Jack S.R. (315km)

Waio-tapuko Chanpagne putzu koloretsua.
Ke honen usainak gogorarazten zituen arraultz ustelak…

Lady Knox Geyserra puntu gorenean

13.eguna: Black Jack > Coromandel > Thames > Waitakaruru > Auckland > Red Beach > Orewa > Hatfields Beach > Tomatara > Te Arai (335km)

Coromandel penintsulako tarte bat.
Bi milioi pertsona eta hiru milioi etxe gutxiagoko Euskal Herria zirudien…

14.eguna: Te Arai

Hondartza honetan erabateko bakean igaro genituen bi egun.
Albatrosak, bost surfero, arrantzalea, zalduna eta gu. Ez etxe, errepide, semaforo edo farola.
Ez dakit zer dirudien, baina Zarautzeko hondartza neurriz (ere) oso motz geratu zen honen ondoan…


15.eguna: Te Arai > Auckland

16.eguna: Mangere (Auckland)

Zulaika-Nielsen familia bideoz grabatu genuen. Kiwi euskaldunak ezagutzea, familia honekin bertako eran bizitzea, eskuzabaltasuna… Irudi gabe ere erraz oroitzekoak.

17.eguna: Auckland > Sydney



Kia Ora (III)

2010(e)ko Urtarrilak 10

Hasteko, gogoratu irudien tartako apur batzuk bakarrik ditudala hemen jartzeko moduan… Egun batean norbaitek nahi izanez gero, eskatu besterik ez du…


6.eguna: Ross > Greymouth > Arthur Pass > Akaroa > Little River (465km)

Beti bezain goiz jeiki, gure furgoneta zaharra martxan jarri eta iparralderuntz jarraitu genuen Greymouth “hirira” iritsi arte. “Hiria” diot bai, mendebaldeko errepide honetako herri nagusia izan arren Zumaia baino txikiagoa delako; 8 000 biztanle inguru. Pentsa nolakoak ziren beste herri guztiak…

Bertako kaleetan zehar bizpahiru buelta eman eta gugan oso ezohikoa den zerbait egin genuen: turismo bulegora sartu. Zertarako? Supermerkatua non zegoen jakiteko! jajaja (alegia, kar, kar) Beraz, furgonetako armairu guztiak jaki eta edariez bete, eta irla gurutzatzen hasi ginen.

Mendebaldeko errepide bakar hontatik ekialdera joateko bi bide nagusi bakarrik daude gaur egun. Wanaka eta Haast bidean egin genuena alde batetik, eta Arthur Pass mendartean zeharrekoa bestetik. Bigarren hau zegokigun oraingoan.

Arthur Passe inguruko bailaratxo bat


Urtean zehar eskiatzeko pistetako elurrezko mahai-zapian mahai lanak egiten ditu ingurune honek. Zuhaitz gutxiagoko lur garaiez ari gara beraz. Zingira baketsuak, margo zuriak bakarrik zapaltzen zituzten errepideak… Konturatzeko Arthur Pass erdigunean geunden eguerdirako.

Seinalez jositako ibilbideak, hotel bat, turista batzuk eta kea lotsagabeak zeuden han. Eta bai lotsagabeak ere! Beheko argazkikoa da honen irudikapen garbiena. Auto barnean bazkaltzen hasi zen turista familia asiar bat. Hauek zer egiten ikusi orduko inguratu zen bereziki babestutako hegazti mota hontako kuadrila bat eta kotxea biziki inguratu zuten! Nonahi ikus daitezke hauei jaten ez emateko eskatzen duten seinaleak, baina hauek gaizki ohituak nonbait, zerbait jaso zain jarri ziren autoaren gainkaldean. Ezer ematen ez zietela ikusi, eta motor gainean ere jarri zen beste bat… Familiak, izututa, klaxona jotzeari ekin zion; baina ez alperrik! Hauek harrotzea besterik ez zuten lortu…

Gauez kiwi (hego gabeko hegaztitxoa, Zelanda Berriko ikono nagusia) kantuak izaten omen dira hemen entzungai, baina oraindik goiz zen eta guk aurrera jarraitzea erabaki genuen. Familia gaisoak han jarraitzen zuen (literalki) keak gainetik kendu ezinda…

Keak ziren Arthur Passeko aparkalekuko jaun eta jabe

Lehendik ere ezagutzen genuen Christchurch hiriko bidean gindoazen beraz, aurrera eta aitzinera errepidean begiradek bi aldeetara ihes egiten ziguten bitartean… Azkenean hiri hau igurtzi eta Banks penintsulara joan ginen zuzenean (hurrengo egunean furgonetatxoa itzultzera joan behar genuen hona).

Euskal Herriaren antzeko parajeak ziren hemengoak. Trafikoko zeinu horiengatik ez balitz Elorriaga inguruan gidatzen nuela pentsatuko nuke… Eta honetan genbintzala urertzean zegoen Akaroa izeneko herritxo irtirin batera iritsi ginen. Gure harridurarako koloniatxo frantziar ohi bat zen! Hala zirudien behintzat. Edonon irakur zitezken oilarren erako kartelak…

Inguru honetan dohan eta legalki lo egitea ezinezkoa zen ordea, eta atzerabideari ekin behar izan genion… Oraingoan ordea beste nonbaitetik gindoazen, eta Little River izeneko eremu batera iritsi ginen. Ezkerretara begiratu eta atsedengune kuttun horietako bat ikusi genuen laku moduko itsasertz batean eta han gelditu ginen.

18.00 inguru, sekulako eguraldia, uretan antzar, ubarroi eta ahateak, lehorrean gure furgonetatxoa zelai baten erdian, Speight´s garagardotxoak eskuan… Ezin hobeto amaitu zen eguna!


7.eguna: Little River > Christchurch (53km)

Arratsaldean itzuli behar genuen gure ibilgailua eta presarik ez beraz. Gure oasitxoan lasai-lasai egon eta eguerdian abiatu ginen Christchurchera (Zelanda Berriko hegoaldeko irlako hiri nagusienetarikoa). Gaua pasatzeko ostatua topatu eta Tui Campers garajera beraz. Eta han nor topatuko eta egun batzuk lehenago handik ehundaka kilometrotara ezagututako Leyland aitona australiarra! Hau kasualitatea.

Ezin sinetsita kontu-kontari egon ginen, berriz ere bere etxera joan behar genuela gogorarazi zigun… “Hau destinua da, eta joan beharko!” pentsatu genuen agurtu genuenean.

Hiriaren erdigunera iritsi ginen, gure maletak utzi eta oinez ibili ginen bertako kaleetan. Eta hango parke batean topatu genuen handik ordu batzuetara berriz! Sinesgaitza. Ikusitakoak ikusita, “geroarte” esan eta bikote bakoitza bere bidetik joan zen…

Afaldu eta berehala ilundu zen eguna, eta eskote, alkondara eta oihuz jantzitako disco-pub batera joan ordez (honelakoak ziren gehienak) ondoan zegoen irlandar batera joatea pentsatu genuen. Zerbitzariak eta gu bakarrik ginen han eseri ginenean, baina laster agertu ziren bi gazte gitarra bana eskuan hartuta…

Country kontzertu pribatua izan genuen orduerdi batez, jendea (gehienez ere 16 izan ziren) inguratu zen arte. Atsedenaldi bat egin zuten, eta gugana etorri ziren Sam eta Eric. Lehenengoa bertakoa zen. John Mayallen zaletu sutsua, kitarrarein erritmoa jartzen zuen ahots sendo zoragarri batekin abesten zuen bitartean. Hori gutxi eta, harmonikarekin egonaldia alaitu zidan… Eric berriz bertan 5 urte zeramatzan Txinatar fenomeno bat zen. Benetan diot sekula horrelako gitarristarik ikus-entzun ez nuela diodanean.

Hauek lanera itzuli zirenean kantu bat dedikatu ziguten, beranduago beste kiwi bat eseri zen “gure” mahaiean hitz egiteko…


8.eguna: Christchurch > Kaikoura > Blenheim > Randwick > Nelson > Ruby Bay (480km)

Relocationa eginaz Christchurchen hartu eta Auckland hiriburuan utzi behar genuen furgoneta jasotzea izan zen egin genuen lehenengo gauza. Egunean dolar bakarra ordaindu eta beharrezko lekuan behar bezala uztean datza… Eta gure harridurarako 7 metroko luzera eta 3.5 metroko altuerako ibilgailu berri-berri bat utzi ziguten (25.000km besterik ez).

Gure esku utzi zuten kamioia eta Maialen

Parretxoaz abiatu ginen uhartearen iparralderantz… Zuzenean Kaikoura herriraino. Baleak ikusteko eskeintzen dituen irteerengatik da ezaguna herri hau, baina asko ordaindu eta itsasoan lau ordu igaro ondoren zorte asko eta bista ona behar omen da, eta eskura genituen foken ondoan geratzea erabaki genuen. Argazkiek nahikoa diote...

Harro zegoen foka honek ez zuen ez, ihes egin

Foka eta kumea goxo-goxo lotan

Herritxo honek bestela ere eskeintzen zituen paisaiez gozatu genuen ordu batzuez, eta apurka iparraldera jarraitzea pentsatu genuen. Ehun kilometro baino gehiago egin genituen herririk ikusi gabe. Bidean Zumaia-Zarautz errepide moduko bat “a lo bestia”. Eskuinetara mendi ederrak, eskuinetara pinguino eta fokak itsasbazterrean, tartean pelikuletakoa zirudien trenbide bat… Hondartzak, hondartzak eta haitzak. Eta etxerik ez! Zoragarria.



Lasai-lasai gerturatu ziteken fokengana…

Kostatik urrundu eta Blenheim eta zeharkatu genuen iparraldeko kostan zegoen Nelson hirira bidean. Bigarren honekin ere “pasa” egin (itzuleran ere derrigorrez pasa beharreko bidea zen) eta Ruby Bay inguruan gelditu ginen. Bi uharteen arteko padura bati begira zegoen kanpin antzeko bat zen aukeratu genuen lekua. Ikuspegi ederrak, lasaitasuna… Eta Abel Tasman National Parketik gertu.


Kosta eta menditzarrak elkarren ondoan, Kaikoura inguruan




Kia Ora (II)

2010(e)ko Urtarrilak 4
Gabon-tarte honen ondoren Aotearoa inguruko bueltatxoaren nondik-norakoak laburtzen jarraituko dut…

4.eguna: Mosburn > Queenstown > Lake Wanaka > Lake Hawea > Haast Beach (410Km)


Te Anau eta Mosburn artean, errepide bazterreko atsedengune hauetako batean esnatu ginen. Motorra dardarka jarri eta berehala abiatu ginen Queenstown aldera loaldia motzegia izan zenaren sentsazioarekin. Beraz, bideko lehenengo lakuko beste atsedengune batean hosto-hots eta lakutik zetorren haize frexkoaren artean lokartu ginen. Bigarrengoan bai, martxan jarri eta Queenstown “hirira” iritsi ginen. Leku txikia berau, hegomendebalde inguruko eremu garrantzitsuenetakoa da; turismoari dagokionean bai behintzat. ‘Puenting’, ‘ala delta’ eta honelakoak egiteko aukera ugari dago toki politt hontan, eta gazte asko erakartzen ditu. Gu ordea, zerutik erori berriak (Australian), ez gentozen hortara. Beraz, buelta bat eman, kafetxoa hartu, “aspaldiko partez” interneten surfeatu… Eta aio!

Wanaka parean bazkaldu genuen lekua

Hurrengo geltokia Wanaka lakuaren urertza izan zen. Leku ederra eta lasaia hau ere, mendia eta ura batera daudenean… Bertan bazkaldu eta honek eta Hawea lakuak ia elkar ikutzen duten ingurutik joan ginen zeru berde lasai hauek miresten jarraitzeko; non ibai, erreka eta urjauziak diren hodei bakarrak.

Haast bideko bailara zoragarri bat

Konturatu orduko Haast herrira iritsi ginen; hegoaldeko irlaren mendebaldeko kostako errepidearen behekaldera. Iluntzen ari zen, eta etorkizunean furgonetan argindarra eta ura nahi genituenez akanpaleku merke batean lo egitea erabaki genuen… Eta gure ondoan Osasunako kapitaina zen Krutxagaren berdin-berdina zen gizon bat zegoen bere bikotearekin. “Bera ote da? Futbola utzi ote du? Bah! Oporretan egongo da, eta ez diogu KK emango…“.


5.eguna: Haast Beach > Jackson Bay > Fox Glacier > Franz Josef Glacier > Okarito > Ross (375 km)

Gauean zehar sekulako euri-zaparradak entzun genituen, eta goizalderako ez zuen hobetu. Arrantzale batzuekin hitz egin, eta bizpahiru egunean ez zuela hobetuko iragarri ziguten. “Eta orain zer?“. Hegoaldera Jackson Bay ingururako errepidea besteik ez dago; hara joatea erabaki genuen (joan etorria bide beretik egin bear zen). Ea glaziarretara joaterako eguraldiak hobera egiten zuen! Jackson hau lau etxe eta sei itsasontziko herri arrantzale bat da. Handik basotxo bat igaro eta haitz batzutara iritsi ginen (lainotuta zegoen), eta han ikusi genuen lehenengo foka erabat aske! Gerturatzen saiatu ginen, baina abiada bizian egin zuen ihes… Motela zirudien ba!

Jackson Point inguruko basotxoa

‘Lehenengo foka’, ihes egin ondoren

Jackson Bayn ikus ziteken “guztia”
Handik berriz ere Haastetik pasa eta iparraldera jo genuenerako tarte urdinak zeuden zeruan. Hala, kostako errepidea (basamortu berde bat zirudien inguruak, ardi eta behiz josiak) jarraitu genuen Fox glaziarreraino. Bidearen amaieran “Hemen zegoen glaziarra 1750.urtean” eta “Hemen zegoen glaziarra 1975.urtean” kartelak ikusi genituen. Handik kilometro batzutara gaur egungoa… “Uffffaa. Tokita etorri da…“. Bainera moduko hau, bertako ikuspegi hotza, izotz blokea… Sekula ez genuen pentsatu horrelakorik ikusi ahal izango genuenik, eta egia esan, garaiz ibili gara.

Fox Glacier bidean

Glaziarraren beheko aldea eta azpitik igarotzen den ibaia
Bidean zehar hainbat bidaiarirekin solasalditxo batzuk egin eta zerbait jatera joan ginen. Ondoren, eta ondoan geundela aprobetxatuz, beste glaziarra (Franz Josef) ere ikustea ohotu zitzaigun! Handixeagoa zen oraingo hau, baina panoramak tamalgarria izaten jarraitzen zuen izotz kopuruaren ikuspegitik. Honek ere kilometro batzuk atzera eginak zituen azken urteotan...

Glaziarrak atzera egitean utzitako zuloaren zati bat. Lehen guztia betetzen zuen…

Franz Josef Glacier gertuagotik
Glaziarren atzerakadak sortutako hotzikarak hezurrak ukitu baino lehen iparraldera jarraitu genuen. Okarito izeneko kostako herriska batera desbideratu ginen hango kostalde basatia ikustera. Itsasoak eta haizeak indarraz jotako hondartza batean eseri ginen honelako lekuak Europan zenbateraino lehertuko ote ziren pentsatuaz… Lo bertan egitea ere pentsatu genuen, baina ordaindu egin behar zenez, gure bidera itzuli eta Ross herrira inguratu ginen. Ikuspegi ederrak eta lehortu beharrekoak esekitzeko moduko monumentua zeuden leku bat aukeratu genuen lotarako… Ez zen txarrena, ezta?

Lo dohan egiteko aukeratutako lekua


(harri)bitxikeria pare bat

2010(e)ko Urtarrilak 1

 

 

Abenduak 26, aspaldiko partez Gartxot etorri zitzaigun hirira. Eguraldi kaskarra eta jaiegun ofiziala zenez ez zuen aparteko eguna izateko itxurarik, baina bi kontutxo gogoangarri geratu zitzaizkigun.

 

· Bizi garen tokiko atzekaldeko kalean musika entzun genuen aspaldiko partez. Denborapasa, zuzenean jotzen ari ziren, nonbait. Gartxotek kitarra jotzea maite du eta nik ezin izan nuen bateria honuntz ekarri… Hala, bizilagunen atea jotzea erabaki genuen. Gure egoera azaldu, eta berehala gonbidatu gintuzten barrura! Australiako bi gazteren etxetxoko estudio moduko batean zortzi sydneytarrekin musika sortzen genbiltzan bapatean. Saxoa, bibolina, teklatua, tinbalak, makilak, gitarrak eta bateria erabiliaz inprobisatutako hamar minutuko bi piezatan murgildu ginen… Pena eman zigun “gaurkoz nahikoa jo dugu” esan zutenean, baina hurrengotan atea lasai jotzera gonbidatu gintuzten! OZ eskuzabal eta jatorrak ezagutu ditugu…

 

· Oxford kaleko Doctor Pong jatetxean egiten du lan gure etxeko Jules bilbotarrak. Leku berezia da: underground pub erdoildu moderno itxura du, ez du inork jaten, DJ bat egoten da bazter batean, zerbitzari gehiegi elkarri begira… Garagardo pare bat dohan hartzera gonbidatu gintuen eta han agertu ginen irurok. Ah! Eta barra eta jateko mahaien tartean, lokalaren erdian ezetz asmatu zer dagoen? Pinpon mahai bat! Imaginatu egoera. Sydney hiriguneko jatetxe baten erdi-erdian sekulako pinpon saioa, algaraka eta tontakeriatan, izerditu arte… Bitxia bada, ezta?


(harri)bitxikeria pare bat

2010(e)ko Urtarrilak 1

Abenduak 26, aspaldiko partez Gartxot etorri zitzaigun hirira. Eguraldi kaskarra eta jaiegun ofiziala zenez ez zuen aparteko eguna izateko itxurarik, baina bi kontutxo gogoangarri geratu zitzaizkigun.

· Bizi garen tokiko atzekaldeko kalean musika entzun genuen aspaldiko partez. Denborapasa, zuzenean jotzen ari ziren, nonbait. Gartxotek kitarra jotzea maite du eta nik ezin izan nuen bateria honuntz ekarri… Hala, bizilagunen atea jotzea erabaki genuen. Gure egoera azaldu, eta berehala gonbidatu gintuzten barrura! Australiako bi gazteren etxetxoko estudio moduko batean zortzi sydneytarrekin musika sortzen genbiltzan bapatean. Saxoa, bibolina, teklatua, tinbalak, makilak, gitarrak eta bateria erabiliaz inprobisatutako hamar minutuko bi piezatan murgildu ginen… Pena eman zigun “gaurkoz nahikoa jo dugu” esan zutenean, baina hurrengotan atea lasai jotzera gonbidatu gintuzten! OZ eskuzabal eta jatorrak ezagutu ditugu…

· Oxford kaleko Doctor Pong jatetxean egiten du lan gure etxeko Jules bilbotarrak. Leku berezia da: underground pub erdoildu moderno itxura du, ez du inork jaten, DJ bat egoten da bazter batean, zerbitzari gehiegi elkarri begira… Garagardo pare bat dohan hartzera gonbidatu gintuen eta han agertu ginen irurok. Ah! Eta barra eta jateko mahaien tartean, lokalaren erdian ezetz asmatu zer dagoen? Pinpon mahai bat! Imaginatu egoera. Sydney hiriguneko jatetxe baten erdi-erdian sekulako pinpon saioa, algaraka eta tontakeriatan, izerditu arte… Bitxia bada, ezta?


Abenduak 19. Warehouse party

2009(e)ko Abenduak 27

 

 

Bidaiosteko betebeharrak amaituak genituen jada. Arropatako erabili-usainak leungarriariarenari utzi zion hariartean aspaldian okupatua zuen lekua, Paddy´s azoka eroko eskeintzek uxatuak zituzten azkenaldiko hozkailuko durundi-hots isilak, eta gelak, ospitaleko egongela itxura zuri(egi)a galdu zuen. Dena (gu barne) bere (ez)berezko lekura itzuli zen.

 

Gure patiora bueltan bi segunduz malenkonia kutsua izan zuen kafe sarigarri hura amaitu orduko jaso genuen Micaelaren esamesa: “Hey! Qtal en NZ? Hoy hay una fiesta en un warehouse y creo que puede estar muy bien. Os apuntaís?“. ‘Housepartyak’, ‘Gure Txokoko igandeak’, ‘ostadar koloreko pubetako giroa’, ‘Halloween’… Gure zerrendan ez zen ‘Warehouse Party’ terminoa ageri; eta zergatik ez ba?

 

Newtowngo Court Housen elkartu ginen larunbateko 9.00pm aldera. Beranduenez askari garaian terrazako mahai baten gainean VB, Cooper´s, Tooheys edo beste garagardo batez betetako jarra bat jarri ezean oso zaila da inon eseri ahal izatea, eta ez genuen zorterik izan.

 

Maialen eta biok izan ginen iristen lehenak, baina lehenengo burbuilen bizitasuna eztarrian sentitu orduko han ageri zen gure lagun australiarra bere ohiko irriparreaz.

 

Bapatean, bere atzeko ilunpetik gizonezko batek egin zuen jauzi hango farolak argitzen zuen eremura. Gure lagunarekin etorri arren, ez genuen ezagutzen; ez genuen hari buruz sekula ezer entzun… Baina gugana heldu eta beren edari bila abiatu orduko aurkeztu zigun: Este es Javi ‘el Chamán’, de México. Que quieres beber, Javi?. “Ahorita no quiero beber mucho. Es que durante estos cuatro días he hecho mucho ejerzizio tanto con la mente tanto con el cuerpo…“. Capoeira egiten ibili omen zen brasildik etorritako ‘maestro’ horietako batekin, eta egun hauei buruz hitz egiten ari zitzaigun bitartean bere itxura fisikoak esandakoari egin nion men: koleta beltzaren korapiloan luma pare bat, ezkerreko belarritakoan beste bat, begi erne-erneak… “Hau da hau pieza ekarri diguna!” pentsatu nuen.

 

Oso azkarrak izan ziren ondorengo 30 minutuak. Garagardoa edaten genuen bitartean gure lagun berria ezagutu genuen, (betiko) Javi madrildarra iritsi zen eta Micaelak partyko helbidea jaso zuen SMS bidez… ”Los DJs montan toda la fiesta, y hasta el último momento nadie sabe el almacén donde se celebrará; para que no se entere la poli…“. “Bueno camaradas, son las 9.30pm, les propongo que vayamos al bottleshop, compremos unas cervezas y a la party!“.

 

Bidean bi italiar jaso eta bi taxitan Rosebery auzoko industrigune batean agertu ginen. Berehala ohartu nintzen alkohola, droga eta adar kontuez bestelako errebeldia mota bat ere existitzen dela Australian. Lehenengo aldiz, desobedientzia zibil ikutu bat antzeman nion herrialde honi.

 

Industrigune abandonatu gris ilun hartan oinez gindoazela punk eta hippy itxurako hainbat gazte gurutzatu genuen. Lepoa moztutako Santa Claus batzuk jarria zituzten lurrean. Bapatean, burua jaso eta bapatean gazte andana ikusi nuen baranda baten bestaldean… Eta han sartu ginen.

 

Adreilu, sare, txarrantxa eta sprayez hornitutako festa bat zen; malabarista eta DJak protagonistak. Porlanezko enparantza hartan koadrila bakoitza bere erara eta denak guztien erara zebiltzan; norbera bere edariekin. Han ez zegoen ‘segurata’, barman eta agintaririk. Imaginatu Zumaiako Torreaga hustu zenean festa bat antolatu eta denak dantzan…

 

Enparantza haren lau izkinatan pabiloi bana zegoen; mundu bana bakoitzean. Nahi gabe murgildu ginen neumatiko artean ezkutatuta zeuden foku koloretsuen, graffitien eta musika technoaren planeta ilun haietako batean… (bai, gustukoen dugun musika izan ez arren)

 

Bapatean hango harmonia desmadratua apurtu zuen argitxo zuri bat somatu nuen; besteak baino intentsitate baxuagokoa. Donald ahatearen moduko txapela zeraman polizia bat zen ‘osti txarreko’ aurpegiarekin. Hau eta bere atzetik sartu ziren beste alkondara urdindunak zuzenean hango DJarengana joan ziren. “Es que ésto suele ser obra de ellos. Lo organizan todo, lo decoran, meten todos los aparatos, avisan a la gente del lugar donde se celebrará la party, pinchan la música y cuando viene la polizia se comen el marrón“, argitu zigun Chamanak. “Gurean ez dizkiat honelako DJ asko ezagutu…” pentsatu nuen.

 

Han ordea, ez zen ke-hodeirik ere mugitu. Pistola ordez erakutsi zituzten linternek ez zuten irudi agresiboa ematen nonbait! Jendeak oihu egiten zien guztien aurrean antolatzaileekin hitz egiten ziharduten bitartean, eta hauek ezin zuten lotsa aurpegia ezkutatu. “Éstos vienen a buenas, hablan y se van. Luego llegarán otros, más serios. Y ya al final…“. Eta hala izan zen. Hamar minutuan polizia gaixoak desagertuak ziren, eta noski, progresiboki musikaren bolumena igotzen joan zen…

 

Handik ordu pare batera; 2.00am baino beranduago jada, jendeari ezegonkortasuna antzematen hasi ginen. Bizioak gordetzen hasi ziren batzuk; hezkutatzen besteak… Eromen haren erdian gure gelatik atera ginen gertatzen zenaz jabetu ahal izateko. Handik sarbidera begiratu eta inaurri erraldoi ilara bat ikusi genuen; gure Ertzaintza “sinpatikoen” hantza handiagoko patruila batzuk zuzen festaren erdira. “Si tienen mucho dinero de sobra para pagar multas y no les importa rezibir unos porrazos, quedense. Pero yo que ustedes saldría conmigo…” zioen Chamanak.

 

Gu eta beste ehundaka gazte beraien ondotik irten ginen handik. Ez zuten istilurik nahi; “segurtasuna” eta “ongizate orokorraren izenean” hura hutsik geratzea besterik ez.

 

Azkenean gehienok kanpoan geunden poliziari txistuka, DJak poliziarekin hitz egiten, gutxi batzuk oraindik saltoka, bat ala beste galduta… Handik urruntzen ginen heinean gaua itzalduz joan zen. Poliziaren hirugarren fasea iritsi berria zen bestelako txakur eta guzti, eta guk taxi bat hartu eta asteburu hartan bere azken taupadak ematen zituen pub “alternatibo” baterako bidea hartu genuen…


Abenduak 19. Warehouse party

2009(e)ko Abenduak 27

Bidaiosteko betebeharrak amaituak genituen jada. Arropatako erabili-usainak leungarriariarenari utzi zion hariartean aspaldian okupatua zuen lekua, Paddy´s azoka eroko eskeintzek uxatuak zituzten azkenaldiko hozkailuko durundi-hots isilak, eta gelak, ospitaleko egongela itxura zuri(egi)a galdu zuen. Dena (gu barne) bere (ez)berezko lekura itzuli zen.

Gure patiora bueltan bi segunduz malenkonia kutsua izan zuen kafe sarigarri hura amaitu orduko jaso genuen Micaelaren esamesa: “Hey! Qtal en NZ? Hoy hay una fiesta en un warehouse y creo que puede estar muy bien. Os apuntaís?“. ‘Housepartyak’, ‘Gure Txokoko igandeak’, ‘ostadar koloreko pubetako giroa’, ‘Halloween’… Gure zerrendan ez zen ‘Warehouse Party’ terminoa ageri; eta zergatik ez ba?

Newtowngo Court Housen elkartu ginen larunbateko 9.00pm aldera. Beranduenez askari garaian terrazako mahai baten gainean VB, Cooper´s, Tooheys edo beste garagardo batez betetako jarra bat jarri ezean oso zaila da inon eseri ahal izatea, eta ez genuen zorterik izan.

Maialen eta biok izan ginen iristen lehenak, baina lehenengo burbuilen bizitasuna eztarrian sentitu orduko han ageri zen gure lagun australiarra bere ohiko irriparreaz.

Bapatean, bere atzeko ilunpetik gizonezko batek egin zuen jauzi hango farolak argitzen zuen eremura. Gure lagunarekin etorri arren, ez genuen ezagutzen; ez genuen hari buruz sekula ezer entzun… Baina gugana heldu eta beren edari bila abiatu orduko aurkeztu zigun: “Este es Javi ‘el Chamán‘, de México. Que quieres beber, Javi?“. “Ahorita no quiero beber mucho. Es que durante estos cuatro días he hecho mucho ejerzizio tanto con la mente tanto con el cuerpo…“. Capoeira egiten ibili omen zen brasildik etorritako ‘maestro’ horietako batekin, eta egun hauei buruz hitz egiten ari zitzaigun bitartean bere itxura fisikoak esandakoari egin nion men: koleta beltzaren korapiloan luma pare bat, ezkerreko belarritakoan beste bat, begi erne-erneak… “Hau da hau pieza ekarri diguna!” pentsatu nuen.

Oso azkarrak izan ziren ondorengo 30 minutuak. Garagardoa edaten genuen bitartean gure lagun berria ezagutu genuen, (betiko) Javi madrildarra iritsi zen eta Micaelak partyko helbidea jaso zuen SMS bidez…

Los DJs montan toda la fiesta, y hasta el último momento nadie sabe el almacén donde se celebrará; para que no se entere la poli…“. “Bueno camaradas, son las 9.30pm, les propongo que vayamos al bottleshop, compremos unas cervezas y a la party!“.

Bidean bi italiar jaso eta bi taxitan Rosebery auzoko industrigune batean agertu ginen. Berehala ohartu nintzen alkohola, droga eta adar kontuez bestelako errebeldia mota bat ere existitzen dela Australian. Lehenengo aldiz, desobedientzia zibil ikutu bat antzeman nion herrialde honi.

Industrigune abandonatu gris ilun hartan oinez gindoazela punk eta hippy itxurako hainbat gazte gurutzatu genuen. Lepoa moztutako Santa Claus batzuk jarria zituzten lurrean. Bapatean, burua jaso eta bapatean gazte andana ikusi nuen baranda baten bestaldean… Eta han sartu ginen.

Adreilu, sare, txarrantxa eta sprayez hornitutako festa bat zen; malabarista eta DJak protagonistak. Porlanezko enparantza hartan koadrila bakoitza bere erara eta denak guztien erara zebiltzan; norbera bere edariekin. Han ez zegoen ‘segurata’, barman eta agintaririk. Imaginatu Zumaiako Torreaga hustu zenean festa bat antolatu eta denak dantzan…

Enparantza haren lau izkinatan pabiloi bana zegoen; mundu bana bakoitzean. Nahi gabe murgildu ginen neumatiko artean ezkutatuta zeuden foku koloretsuen, graffitien eta musika technoaren planeta ilun haietako batean… (bai, gustukoen dugun musika izan ez arren)

Bapatean hango harmonia desmadratua apurtu zuen argitxo zuri bat somatu nuen; besteak baino intentsitate baxuagokoa. Donald ahatearen moduko txapela zeraman polizia bat zen ‘osti txarreko’ aurpegiarekin. Hau eta bere atzetik sartu ziren beste alkondara urdindunak zuzenean hango DJarengana joan ziren. “Es que ésto suele ser obra de ellos. Lo organizan todo, lo decoran, meten todos los aparatos, avisan a la gente del lugar donde se celebrará la party, pinchan la música y cuando viene la polizia se comen el marrón“, argitu zigun Chamanak. “Gurean ez dizkiat honelako DJ asko ezagutu…” pentsatu nuen.

Han ordea, ez zen ke-hodeirik ere mugitu. Pistola ordez erakutsi zituzten linternek ez zuten irudi agresiboa ematen nonbait! Jendeak oihu egiten zien guztien aurrean antolatzaileekin hitz egiten ziharduten bitartean, eta hauek ezin zuten lotsa aurpegia ezkutatu. “Éstos vienen a buenas, hablan y se van. Luego llegarán otros, más serios. Y ya al final…“. Eta hala izan zen. Hamar minutuan polizia gaixoak desagertuak ziren, eta noski, progresiboki musikaren bolumena igotzen joan zen…

Handik ordu pare batera; 2.00am baino beranduago jada, jendeari ezegonkortasuna antzematen hasi ginen. Bizioak gordetzen hasi ziren batzuk; hezkutatzen besteak… Eromen haren erdian gure gelatik atera ginen gertatzen zenaz jabetu ahal izateko. Handik sarbidera begiratu eta inaurri erraldoi ilara bat ikusi genuen; gure Ertzaintza “sinpatikoen” hantza handiagoko patruila batzuk zuzen festaren erdira. “Si tienen mucho dinero de sobra para pagar multas y no les importa rezibir unos porrazos, quedense. Pero yo que ustedes saldría conmigo…” zioen Chamanak.

Gu eta beste ehundaka gazte beraien ondotik irten ginen handik. Ez zuten istilurik nahi; “segurtasuna” eta “ongizate orokorraren izenean” hura hutsik geratzea besterik ez.

Azkenean gehienok kanpoan geunden poliziari txistuka, DJak poliziarekin hitz egiten, gutxi batzuk oraindik saltoka, bat ala beste galduta… Handik urruntzen ginen heinean gaua itzalduz joan zen. Poliziaren hirugarren fasea iritsi berria zen bestelako txakur eta guzti, eta guk taxi bat hartu eta asteburu hartan bere azken taupadak ematen zituen pub “alternatibo” baterako bidea hartu genuen…



Kia Ora (ondo izan)!

2009(e)ko Abenduak 21
Hementxe gara berriz Sydneyn, Aotearoatik (Zelanda Berria) bueltan. Gezurra dirudi, baina munduaren bestaldean ‘etxera’ itzuli garela esan beharra… Maoriek ‘laino zuri handiaren lurraldea‘ izena jarri zioten herriko bi irla nagusienetan 5000km inguru egin ditugu campervan pare baten barnean, eta egia esan kontu gehiegi dakartzagu hitzez adierazi ahal izateko. Biblia, Korana eta antzekoekin nahikoa dugula eta, irudiak ekarriko dizkizuegu, txintxeta bezala pare bat hitz jarriko dizkiegu… Eta zuek zeuongan bidaia bana sortu dezazuen bultzatzen saiatuko gara.

Hasi aurretik kontu bat. Baliteke eginiko kilometro kopurua bat baino gehiagori astakeria bat iruditzea, baina pentsa egunero 7.00ak aldera martxan jarrita 10.00etarako 200km eginak izan ohi genituela… Lasai ibili ginen. Bigarren kontu bat: tarte askotan argazkirik ez badago, bideoz grabatu genuelako izan daiteke. Etorkizunean agian tarteren bat izango dute…


0.eguna: Sydney > Christchurch

1.eguna: Christchurch > Lake Tekapo > Lake Pukaki > Tasman Glacier > Mount Cook (390 km)
Sekulako behelainoa eta euri txepelaz ekin genion gure ibilbideari. Nahikoa ez, eta ezkerretik gidatu behar izan nuen lehenengoz (bai, lehenengo rotondan…). Goizean goizo abiatuta eguerdirako Tekapo inguruan geunden. Harrigarria da bertako uraren kolore urdin-argia (hondoko eta harrien azido batzuen ondorioa omen da). Pukaki ere antzekoa zen, eta geldialdi laburragoa egin genuen bertan. Handik furgoneta dardarka jarri eta asfaltatu gabeko bide bat igarota Tasman glaziarraren ingurura joan ginen. Ia guztiz urtutako urez betetako zulo galantari begira egon ginen Mount Cook herriskara joan bitartean. Herriska ñimiño hau izen bera duen Aotearoako mendi garaienaren magalean dago (3.750m). Hodeiek ez ziguten tarterik utzi, eta ezin tontorrik ikusi!

Lake Tekapo eta inguruak
2.eguna: Mount Cook > Oamaru > Dunedin > Otago penintsula > Invercargill > Bluff > Oreti Beach > Riverton (760 km)
Goizean goiz eguraldiak hobera egingo zuela zirudien arren okerrera egiten hasi zen, eta Mount Cook inguruari “ez dakigu noiz arte” esatea erabaki genuen Hego Ozeano Pazifikoko kostara iritsi eta hegoalderaka abiatzeko. Eremu gazietara gerturatu ahala eguraldia hobea zen (arratsaldean oraindik eta hobeagoa) eta inguruneaz oraindik ere gehiago gozatu ahal izan genuen. Oamara ingurura gerturatu ginen kafe bat hartu asmoz, eta bertako portuan aske zebiltzan lehenengo pinguinoak ikusi genituen.

Oamaruko portua eta pinguino txiki koadrila eder bat
Handik kostan behera jarraitu genuen Dunedin hiria zeharkatu eta Otago penintsularaino. Bertan Euskal Herriaren antzeko paraje batzuek ikusi ahal izan genituen: mendiak, hondartzak, behiak…

Behi ‘sinpatiko’ eta guzti Urdaibai ematen du, ezta?

Sekulako kilometrada egitera gindoazela bagenekien arren, handik Hegoaldeko uhartearen behekalderaino joatea erabaki genuen, eta kostaldeko errepide lasai eta politetan murgilduta eman genituen ondorengo orduak Invercargill hirira iritsi ginen arte. Bide batez, goiz edo berandu pasa beharreko Te Anau ingurura gerturatu eta denbora irabaziko genuen honela… Bertan Bluff muturrera joan ginen; Hego Polotik 4.800 kilometrotara, jajja Ez geunden hain gertu beraz, baina hango mendi muinoan hezurretaraino iristen zen haize hotz-hezea
somatu ahal izan genuen lotarako leku eroso baten bila abiatu ginen bitartean. Hortan genbintzala, galdu eta bapatean Oreti Beachen agertu ginen. Hainbat eta hainbat ibilgailu zebiltzan bertan Rivertonera bideko autopista izango balitz bezala, baina ederra zen hango panorama. Gure ibilgailuaren adina ikusita ordea (eta ‘
bond‘ alu hura ezin genuen galdu) errepidez abiatu ginen. Kilometroko 15 biztanle bizi diren inguru haietan lasaitasun itzelaz egin genuen lo olatuen zipriztinek furgonetatxoa laztantzen zuten bitartean… Esan behar da baita, sekula ez genituela hainbeste izar eta gisa hartako ilargia batera ikusi.


3.eguna: Riverton > Manapouri > Te Anau > Milford Sound > Te Anau > Mosburn (450 km)
Goizean goiz abiatu eta Te Anau zeharkatu ostean Milford Sound fiordora abiatu ginen. Esan beharra dago, 120km baino gehiago dituen tarte hau bi aldiz egin beharra dagoela; bide bakarra baita. Ondorioz, seinale batek dioen bezala, abiatu aurretik gasolina tankea ondo bete behar! Eguraldia ia hango paisaiak bezain zoragarria zen: eguzki izpiei tarterik uzte ez zizkieten basoak, gutxi batzuk zapaldutako mendiak, ispiluak ziruditen lakuak, ur freskodun ibaiak, urjauziak nonnahi… Ohartzerako bertan geunden! 1954.urtean zabaldu zuten Homer Tunnel historikoa ia 1000 metrotara ilunpean igaro eta han ginen, itsasoari mendi ederren artetik heltzen zitzaion fiordoan! Ur-mailara jeitsi eta itsasontzi batetik mirestu genituen hango bazterrak. Bitartean Leylin ezagutzeko parada izan genuen. Sydneytik gora 800km egin eta kostan dagoen Byron Bay-en lursail handiak dituen “nekazaria” da nonbait 70 urte inguruko gizon hau. Euskal Herrikoak ginela esan genionean “What?” galdetu ordez “From the Spanish or from the French part?” erantzunarekin gure eskema guztiak apurtu zituen. Ordutik aurrera hitz batzuk egin, eta berehala gonbidatu gintuen bere “baserrira”. Bizikletak eta surfeko tablak prest izango zituela, ingurune ederrak zirela haiek, euskal gatazkaren inguruan ikasi nahi zuela… Zorte ederra gurea!
Bidean topatutako kea (hango loroa) lotsagabe bat

Milford Sound (Fiordland) fiordo ikusgarria


Homer Tunnel “poroa” eta inguruak

Inguruko ibai eta urjauzietako bana
Munduan oraindik jende ona ere bada ba!” elkarri esaten genion bitartean itzuli ginen Te Anaura. Egia esan eguraldiarekin sekulako adua izan genuen ordurarte, nahiz eta bidean kristalaren kontra bi euri-tanta bi mila zatitan txikitu bitartean ez ginen ohartu. Gure etapa hartako helmugara iristean, lakuaren ondoan leku eder bat topatu genuen lotarako; zoragarria egia esan. Hala ere, ezin da edozein lekutan lo egin (arau hau betearazteko jende ugari dago) eta ametsetako leku hartan oheratu arren beste nonbait lokartu behar izan genuen 500 dolarretako isuna ekidin ahal izateko. Beraz, Queenstown bidean egin genuen lo.

Oheratu ginen tokia, Te Anaun

Hauxe da bada gure lehen egunetako laburpenaren laburpena. Egia esan aspaldian ez dut idatzi eta ez dakit hainbeste eduki nola metatu. Hemendik aurrerako etapak ez dakit bideo edo argazkien bitartez helaraziko dizkizuedan… Hurrengo baterako utziko ditut.


PD. Zer moduz Santotomasetako biharamuna? (Besteak beste) honelakoek sortzen dute herrimina…


Abenduak 1. Badatoz udako oporraldiak

2009(e)ko Azaroak 29

Abenduaren lehenengoan eta ez 21.enean, Australiako uda ofiziala hasten da. Bai, gure aurtengo bigarren uda. Eta batenbatek “hau da hau parea” esango du, baina uda hau benetako oporraldiekin hasiko dugu Zelanda Berri aldean. Eta bai, benetako oporraldiak izango dira: ez ingeles ikastarorik, ez lanik, ez logela egonkorrik…

Bihartik hasi eta hilaren 18. egunerarte, mugimendua eta askatasuna bermatuko dizkigun campervan bat izango da gure ibilgailua eta gure logela. Hegoaldeko irlako Christchurch (‘kristoren eliza?’) hirian hasiko dugu gure bidaia, uharte berean egun batzuk igaroko ditugu oraindik norabiderik ez duen bide bat eginaz, ferry batean iparraldeko irlara pasatuko gara eta bertan dagoen Auckland hiriburuan amaituko da gure munduaren beste bazterreko lehen sarraldia… (oraingoan bai; zuengandik gugana 12 ordutako desberdintasuna egongo da. Ezin da gehiago).

Bertan egon izan diren askorekin hitz egin dugu leku hari buruz, eta bat berak ere ez digu esan “erdipurdikoa” edo “ps“, “bah! Sin más” edo antzeko zerbait denik. Guztiek basatia dela esan digute, lasaia, gozatu egingo dugula, denbora gehiago xahutzea (zentzu hoberenean) gustatuko litzaigukela… Ea ba!

Irudiak, bideoak, kontakizunak… Zuei ahal bezala helarazten saiatuko gara, nahiz eta badakizuen azaleko oilo-ipurdi egoerak eta usainak bezalako sentsazioak hitz-joko hutsez transmititzea zein zaila den…

Hemen informazio praktiko apur bat doakizue; hara joateko kontuan hartu beharreko kontu batzuk:

· Hegaldia. Euskal Herri aldetik bazoazte ez dizue ezer askorako balio izango, baina Australia aldetik doazenentzat, jetstar konpainia interesgarria izan daiteke zerbait merkea nahi izanez gero. Inguru hauetan zerbitzu zabal bat eskeintzen dute.

· Bisa. Europar Batasunaz haratago mugituz gero beharrezkoa izaten da hau; nahiz eta herrialdetik herrialdera baldintzak aldatu egiten diren. Zelanda Berriko kasuan, Espainiar Pasaportea eramatera derrigortuak gaudenok zein beste 53 herrialdetako bidaiariok ez dugu bisarik behar 3 hilabete baino gutxiagorako joanez gero. Hori bai, betebeharreko baldintza batzuk daude: sarrera eta irteerako hegaldien erreserbak erakutsi behar dira, pasaportea baliogarria izan behar du handik irten bitartean, eta ‘solbentzia ekonomiko’ bat erakutsi beharra dago (lana ilegalki egin beharrik izango ez duzula erakusteko-edo).

· Gidabaimena. Ibilgailuak gidatzea bururatuz gero. Batere gabe bidaiatu izan dutenik ere ezagutu dugu, baina berez, zure herrialdeko gidabaimena eta ingelerara eginiko itzulpen ofizial bat eraman behar dituzu zurekin. Norberak bere herrialdean egin dezake (‘trafico’ ofizinatan uste dut). Nik ahaztu egin nuen ‘nazioarteko gidabaimena’ lortzeko itzulpena eskatzea, eta hemen 70$ inguru orrdaindu behar izan nituen.

·’Relocations’. Ibilgailu enpresa batzuek hiri jakin batean dituzten furgoneta eta auto batzuk beste batzuetara mugitu behar izaten dituzte berriz ere zerbitzu jakin bat eskeini ahal izateko. Beraz, bidaiariei interesatuz gero, dolar sinboliko baten truke egun jakin batzuk ematen dizkiete tarte jakin bat betetzeko. Guk adibidez, Christchurchetik Aucklandera eramango dugu ‘campervan’ bat. 5NZD (2,5€) eta erragaia ordaindu eta bost egunetan zehar gozatuko dugu ibilgailu hau. Gainera, irlatik irlara igarotzeko ferryko autoa eta gidariaren tiketak eurek ordainduko dizkigute. Adibide bat jartzearren…

Eta orain ez zait besterik bururatzen… Gomendioen artean interesgarriak izan daitezken link batzuk jarriko ditut. Eta aurrerantzean izango duzue gure berri…


Lau mila metro bost minutuan

2009(e)ko Azaroak 26

 

Azalpen labur batzuk entzun ondoren Wooloogong (NSW) hiriko aerodromo txiki batean geunden Gorka, Wendy, Javi, Belinda (Wendyren txiki-txikitako lagun australiarra), bi mutil indiar, gure monitoreak eta ni gure pospolo kaja hegalaria iritsi zain. Ez zen hura hegazkin erraldoientzat prestatutako lekua, baina handia zen guretzat egitera gindoazena. “Ya está, jajjaa, que ya estamos aquííí… No hay vuelta atrás y vamos a saltar del cielooo…” zioen urduri gutariko batek azkazalei errepaso ederra ematen zien bitartean. “Duela bi egun nire emazteak txakur bat nahi zuela esan zidan…” begirale batek. Bigarren batentzat 16 002. jauzia omen zen hura. Ziur bizi osoan ez dela hainbestetan joan komunera… (Eta nire galdera: zer sentitzen dute hauek hegazkinetik salto egiten duten bakoitzean?)

 

 

Halako batean iritsi zen gure patxizahar urdina eta bakoitza gure jauzikidearekin batera sartu ginen. Bertan ahal bezala arraunlarien moduan eseri ginen: bi lerrotan eta bat bestearen atzean (begiraleak gure itzal moduan). Gu konturatzerako, plastiko gardenezko ate fina irekita abiatuak ginen lurrean eserita zegoen indiarraren harridurarako. Lasaitu ederra hartu zuen aireratu aurretik itxi zutenean.

 

Ordutik aurrera zarata desatsegin artean garaiera egokia harrapatzen joan ginen. Nahiko lasai nengoen nire harridurarako, eta erorketan nire inguruan izango nituen sentsazioak imaginatu ere ezin nituelako izango zela pentsatu nuen. Sekula ez nuen horrelakorik bizi izan; eta ezezagunak ez duela beti beldurra ematen konturatu nintzen. Bapatean, 4 000 metrotako garaierara iritsi ginela-eta, betaurrekoak jantzi eta prestatzeko esan zigun pilotuak. Atetxoa ireki zenean amildegi ertzean eseri zen jauzi egiten lehenengoa zen indiarra; eta hura “zzzzxxxffffff” zarata batekin batera desagertu zenean estutu zitzaidan lehenengoz sabel ingurua…

 

Haren atzetik bigarren indiarra eta Wendy joan ziren erreskadan, eta konturatzerako “orain gu eseriko gara” ezan zidan nirekin zihoanak. Lehenengoa bota zenetik nire txanda iritsi bitartean dena segundu erdian gertatu balitz bezala zen…. “Ready? Let´s go!!!“. Eta bapatean ziztu bizian bueltaka nengoen zeruan.

 

Ez nuen distantzia eta abiaduraren pertzepziorik, ez zen ez neurri ezta magnituderik somatzen; ezin nuen ezer egin, ez heldu… Askatasun ero bat zen hura! Handik apur batera oihuka hasi nintzen (egin beharra dago, ezta?) ahoa lehortu eta ixtea hobeto zela konturatu nintzen arte. Hutsune hartan apur bat kokatu nintzenean, gorputza guztiz luzatu eta minutu bateko erorketa hura erabat gozatu nuen: Inguruko paisaiak begiratu, abiadura azalean sentitu… Gozamena!

 

(ondorengo hau Javiren erorketa da)

 

Bapatean era bertikalago batean jarri ginen, eta sekulako tirakada sentitu nuen, goruntz joan bagina bezala. Paraxuta ir

ekia zen nonbait, eta mantsoagoa zen gure erorketa. Orduan ohartu nintzen nire bizkarrari lotua beste gazte bat nuela… Gidatzeko sokak eman zizkidan erorketa motelago hura nik gida nezan, eta eskubiko soka behera bultza nuen kiribil bizi batzuk eraginez, ezkerrera buelta batzuk gehiago… Gozamena. Bapatean “nahikoa, orain nire txanda da” esan zidan. Orduan itsasoaren gainean kokatu gintuen, apurka hondartzara gerturatu… Eta bapatean zelai batean eseritan geunden… Erorketa hari amaiera gozoa eman zion lurreratzea izan zen hura. Ipurdia jarri eta ohean eseritzea bezala…

 

Segundu gutxitako oroitzapen-bilduma bat bezala banu bezala sentitu nintzen orduan. Ondoriotariko bat: erne egon beharra dago inguruan gertatzen dena eta bizitzen ari zarena barneratu eta asimilatzeko. Jausgailuen kontu hau bizitza osora aplika daiteke agian, ezta?

Gutako bat adibidez, lurrera iritsi orduko iada ez zen ezertaz ohartzen… Beretzat hegazkinetik lurrera bitartean ez zen ezer gertatu. Esperientzia hura ez zen ezer berezia izan… Eskerrak bideoa erosia zuen! Niretzat garestiegia zen, jauziaz gain bideoa ere ordaintzea, baina berea ikusi eta nirea gogorarazteko nahikoa dela iruditzen zait…

 

Nahi baduzue, beraienen link bat bidali dezaket… Edo kontaketarekin nahikoa?