Lauadarkoa

2012(e)ko Maiatzak 13

Beste asko bezala, propio joana naiz animalia bereziak ikustera urrutira; horrela, bat-batean, burura datozkit Tenerifeko Loropark, Kantabriako Cabarceno eta Santillana del Marko zooa, Bartzelonako zooa, Parisko zooa, Senda Viva… Beste batzuetan, berriz, Basakarte aldera ere joana naiz, batez ere gure gazteak umeak zirenean, hango hegaztiak ikustera.

 

Baina batzuetan gertatzen zaigu gutxien espero dugunean animalia bereziren bat aurkitzea bat-batean; gogoan daukat, adibidez, Galarreta aldean ikusi nuen azeria; oraindik ere, han ondotik pasatzen naizenean, begira jarduten dut, hura berriz ikusteko esperantzan…

Gaur horrelako egun bat izan da. Elorriaga aldera abiatu gara, goiz-buelta egiteko asmotan, eta begira zer aurkitu dugun Arridokieta ondoko belardi batean:

Ikusita neuzkan bikoak, entzunak ere bai adarbakarren kontuak, baina lau adarrekoak…

Uste dut akerra zela (ez naiz oso abila urrutira ahuntzen errapeak edo akerren barrabilak bereizten), eta ez dakit zer izango den edo zertarako bizkarrean zeukan egurrezko tramankulua.

 


Grife

2012(e)ko Apirilak 5

Lehendik ere ezaguna nuen gaztelaniazko “grifa” hitza, marihuana esanahiarekin. Baina duela gutxi oso antzeko hitz bat azaldu zait, “grife”, eta hortxe nabil, bueltaka, nondik etor daitekeen ezin asmaturik.

Rafael del Pilar lagunaren liburu bat itzultzen ari naiz aspaldian, eta hango pasarte batean, Balenciaga astilleroei buruz, hauxe dio: “Como simple anécdota añadir que años atrás este astillero era popularmente conocido como ‘el grife’”.

 

Balenciaga

Rafaelek ez du beste azalpenik ematen, eta izenaren atzean izana ere izango delakoan, hasi naiz peskizan, galdezka. Horrela, jakin dut duela urte batzuk nahikoa normala zela horrela deitzea Balenciagari, arruntak zirela “Grifian hasi da lanian”, “Grifeko langileak”… Baina hitzaren jatorriari buruz arrastorik ez. Horregatik, Astilleroan lanean ibilitakoei eta adineko beste batzuei galdetuta, zuzen edo oker, hipotesi batzuek bidea egin dute:

  • Batek esandakoaren arabera, Parolaldean, Kerejetaren astilleroen ondoan, ba omen zen beste ontziola bat, eta horrek izena omen zuen “grife”, eta handik omen datorkio izena.
  • Beste batek kontatutakoa: aitari entzuten zion “grifa”, eta zen erreminta bat, tresna bat, teilatuetan edo goietan jartzen zena, trasteak igotzeko gora. Dirudienez, polearen bat edo antzekoren bat zen. “Baniak, grifa jartzera teilatuan”.
  • Grifa izena du astilleroetan gaur egun ere erabiltzen duten erreminta batek, burdinari edo txapari heltzekoak. Interneten bilatuta, ez da zaila hainbat irudi aurkitzea. Adibidez, hauek:

Grifa izena du, baita ere, letra-tipo batek, “aldina” ere deituak, eta deitzen zaio horrela Sebastián Gryphiusek (Lyongo inpresoreak) erabili zuelako. Baina honek, seguru asko, ez du zerikusirik izango Astilleroekin…

Beraz, hipotesiak hipotesi, hasierako lekuan gaude: gure aurrekoek Balenciaga astilleroari “grife” deitzen zioten. Inork ba al daki zergatik?


Zu bazoaz, ni hemen geratzen naiz

2012(e)ko Martxoak 27

Santiagora baldin bazoaz, oraindik bide luzea geratzen zaizu, erromes, 763 kilometro besterik ez; hori gutxi balitz, beste zerbaitek ere seguru asko entretenituko zaitu bidean, handituko du ibili beharreko distantzia, luzatuko du bidaia-denbora; hor izango dituzu begiak betetzen dituzten paisaiak, irribarretsu hartuko zaituen jende atsegina, hitz berezien doinu erakargarria, aterpe bila jarraraziko zaituen eguraldi makurra… Nik ez zaitut gehiago entretenituko, adio, bidaia ona izan. Santiagorako bide luzea daukazu, baina gutxi falta zaizu gaina harrapatzeko. Aurrerago, ur-deposituaren parera iritsitakoan, begiratu atzealdera, zer herri polita uzten duzun bizkarrean. Zumaia da.

Elorriaga aldera baldin bazoaz goiz-bueltan, edo San Martin ondotik Jadarrera, edo Andikaraerrekatik behera Algorri aldera, laster arte esango dizut, hurrena arte besterik ez, badakidalako berriz ere hemen albotik pasako zarela.

Bitartean, zu noiz bueltatuko zain, egonean harri, egonarri geratuko naiz, argituko eta berotuko nau eguzkiak, melatuko nau euriak, leunduko dizkit ertzak haizeak, eta hurrena ere zure begiek ikusten nautenean, esango dizut 763 kilometro luze daudela Santiagoraino, berdin erromes baldin bazoaz edo goiz-buelta egitera abiatu baldin bazara. Ni hemen geratzen naiz, zu noiz itzuliko zain.

Eskerrik asko, Manu, hain lan ederra oparitzeagatik!


Zumaiarrok non bizi garen

2012(e)ko Otsailak 6

Aurrekoan galdera egin genuen, non bizi garen zumaiar gehiago, Zubitxikia muga jarrita. Batzuek erantzun ere egin duzue hemen, Aren edo Xn alde ere egin duzue, betiere “baina”-ren batekin… Tentatu ondoren, bidezkoa da orain argibideak ematea.

Horretarako, bi iturri erabiliko ditugu: Zumaiako Udalarena (errolda) eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena (kaleetan zenbat jende bizi den). Bide batez, eskerrik asko Maiteri eta Gontxali, laguntzeagatik!

Dokumentu honetan dauzkazue datuak:

zumaiako-datuak.pdf

Beraz, eta hasierako apustuari helduta, Ak galdu, Xk irabazi, eta sei lagunek bapo bazkalduko dugu apustu horren kontura. Egin lasai apustu hurrengoaren ere!  


Non bizi da zumaiar gehiago?

2012(e)ko Otsailak 2

Garai batean, Zubitxikia zen Zumaiaren herrigunearen muga: Fielatotik hasten zen herrigunea, eta hor bizi ziren zumaiar gehien-gehienak. Orduan, duela ez hainbeste (30 urte!), ez zegoen ez Basadi, ez Aita Mari poligonoa, ez Alai, ez Puntanoeta…

Elkarteko bazkalondoan, kafearen beroan, eztabaida piztu da, non bizi den zumaiar gehiago, zubiaz herrigune aldera edo Poligono aldera; batek (Ak) dio Poligonoan-eta askoz ere jende gehiago bizi dela; besteak (Xk), berriz, ezetz, hori iruditzen zaigula etxe berri gehiago daudelako, baina aldea ez dela hainbestekoa, zubiaz haraldera ez dela bizi zumaiarren % 60. Batek baietz, hamarretik sei zumaiar Zubitxikitik hegoaldera bizi dela; besteak, berriz, ezetz, igual erdiak baino gehiago bai, baina hainbeste ezetz. Bero-beroan, egin dute biek apustua, bazkaria jokoan.

Zuei zer iruditzen? Nork dauka arrazoi, Ak edo Xk? Zuek zeinen alde egiten duzue?


D titulua

2012(e)ko Urtarrilak 17

/* Style Definitions */ table.MsoNormalTable {mso-style-name:”Taula normala”; mso-tstyle-rowband-size:0; mso-tstyle-colband-size:0; mso-style-noshow:yes; mso-style-parent:”"; mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt; mso-para-margin:0cm; mso-para-margin-bottom:.0001pt; mso-pagination:widow-orphan; font-size:10.0pt; font-family:”Times New Roman”; mso-ansi-language:#0400; mso-fareast-language:#0400; mso-bidi-language:#0400;} 1979ko kontu bat ekarri nahiko nuke gogora.

Orain dela 32 urte, ez dut gogoan nondik jakin nuen azterketa haren berri, baina kontua da erabaki nuela Euskaltzaindiaren D tituluaren (gaur egungo EGAren) azterketara aurkeztea.

Azterketa larunbat batean izan zen, eta egun osokoa. Egun eguzkitsua irten zen, eta goizeko lehen trenean han joan ginen Donostiara Patxi R. eta biok, Patxiren aita (Joxe Mari) laguntzaile genuela.

Estaziotik EUTGrako bidea eginda, azterketa-ordua noiz iritsiko zain geundela, beste zumaiar batzuk ere gerturatu ziren hara; bat Mari Asun A. zen, irakaslea; eta beste bat Don Juan Ignacio M. apaiza, izatez Zumarragakoa eta Zumaian urte asko egin zituena, “El que avisa no es traidor” lema Zimitorioan popularizatu zuena. Harrituta zegoen apaiz hura, nola zitekeen 14 urteko bi umemoko (gu, alegia) hain azterketa serio eta garrantzitsura aurkeztea… Baina ordurako, Zarauzko ikastolan OHOko 8. maila eginda, euskara-maila polita geneukan eta perpausak aztertzeko makina bat zuhaitz amorragarri eginak genituen, euskal literaturako izen nagusiak ikasita, sinonimoak landuta eta abar. Ez daukat gogoan azterketa hura prestatzeko saio edo ahalegin berezirik egin izana (ez bazen literaturako idazleen izenak eta liburuen tituluak ikastea), eta uste dut nahikoa izan nuela ordura arte ikasitakoa errepasatzea. Gogoan dut idatzizko azterketa oso luzea izan zela, goiz osokoa.

Ahozko azterketa arratsaldean zen. Begiratu nuen nire izena zerrendan, eta hantxe egon nintzen, pasilloan, noiz deituko zain. Halako batean, nire txanda iritsita, ahozkoa egiteko gelara sartu nintzen. Gela luzea zen, eta han, amaieran, gizon betaurrekodun bat zegoen eserita, mahaiaren atzealdean. Aurpegia ezaguna egin zitzaidan, eta berehala ezagutu nuen. Ohiko agurren ondoren, nongoa nintzen galdetu zidan.

-Zumaiakoa -erantzun nion-.

-Ummmm -esan zuen, pentsakor-… Eta? Nola da, zumaiarra edo zumaitarra?

Galderaren zergatia ez nuen ondoegi ulertu, baina ez nuen zalantza handirik egin.

-Zumaiarra.

-Oso ondo. Bukatu dugu. Adio!

Harrituta geratu nintzen, askoz ere azterketa luze eta gogorragoa espero nuelako. Eta pozik, hura, behintzat, pasa nuelako.

Egun batzuk geroago jakin nuen Euskaltzaindiaren D tituluaren jabe nintzela, eta harrezkero oso baliagarria izan zait mukitsu nintzenean ateratako agiri hura.

Gero jakin ahal izan nuenez, Don Juan Ignacio hark ez zuen gainditu azterketa.

Aztertzailea, berriz, Txillardegi zen, eta pasadizo honekin akordatu nintzen haren heriotzaren berri jakin nuenean.


Artea hondartzan

2011(e)ko Abenduak 11

/* Style Definitions */ table.MsoNormalTable {mso-style-name:”Tabla normal”; mso-tstyle-rowband-size:0; mso-tstyle-colband-size:0; mso-style-noshow:yes; mso-style-parent:”"; mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt; mso-para-margin:0cm; mso-para-margin-bottom:.0001pt; mso-pagination:widow-orphan; font-size:10.0pt; font-family:”Times New Roman”; mso-fareast-font-family:”Times New Roman”;} Gutxien espero duzunean ezusteko bereziak izaten dira.

Larunbat goiza. Patxiren argazkiaren aitzakian, Itzurun hondartzara joan naiz, eta hor nabil kalkulatzen non jarri jendea, ahal dela Algorri aldea atzean ageri dela. Itzurun gainetik hondarrera begira ari naizela:

-Eskultura ziok hor, Santelmopean.

-Eskultura? -nik, sinesgogor.

-Bai, norbaitek hondarrarekin pareja bat irudikatu dik haitz gainean, oso polita!

-A, bai?

-Bai, bai. Artista norbait! Hondar pila bat bota haitz gainean, eta han egin dik eskultura hondarrarekin…

Oraindik 15 minutu falta dira argazkiaren hitzordurako, eta hondarrera jaitsi naiz, ezkerraldera, Santelmopean zer dagoen ikustera.

Hauek argazkietako batzuk:

artea-hondartzan-1.jpg

artea-hondartzan-2.jpg

artea-hondartzan-3.jpg artea-hondartzan-4.jpg


3) Arritokieta kaleko argollak

2011(e)ko Abenduak 6

/* Style Definitions */ table.MsoNormalTable {mso-style-name:”Tabla normal”; mso-tstyle-rowband-size:0; mso-tstyle-colband-size:0; mso-style-noshow:yes; mso-style-parent:”"; mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt; mso-para-margin:0cm; mso-para-margin-bottom:.0001pt; mso-pagination:widow-orphan; font-size:10.0pt; font-family:”Times New Roman”; mso-fareast-font-family:”Times New Roman”;} Garai batean, duela ez hainbeste, Zumaiaren herrigunean lau auzo besterik ez zeuden: Goiko kalea (edo Alde Zaharra), San Jose (edo Arroakalea), Zubiaurre (gaur egungo San Telmo kalearen ingurua) eta Eizagirre edo Arritokieta izenekoa,

Goiko plazatik Arritokieta ermitara doan kalea. Gaurkoan azken horretara joango gara, eta bertan aurkituko ditugu, Komentuaren paretan, astoak lotzeko burdinazko argolla edo uztaiak.

argollak_hasiera.jpg

1859ko udal-agiri batean jartzen duenez, 13 etxe zeuden Eizagirre auzoan, eta gaur egun ere, kontatzen jarrita, horiek izango dira, gutxi gorabehera. Ordutik, etxeak berritu egin dira, itxura aldatuta ageri dira, baina oraindik ere kaleak badauka zerbait berezia, denboran atzera eragiten diguna: etxe txikiak, ongi zainduak; giro lasaia, isiltasuna… Kaleari behetik gora begiratuz gero, ikusiko dugu kaleari zuzentasuna ematen diona Mojaxarretako Komentuko pareta dela, ezkerraldean. Paretaren kontra, gaur egun autoak ikusiko ditugu aparkatuta, baina duela ez hainbeste, astoak egoten ziren lotuta, baserritarrenak. Marrazki hau Yulen Zabaletarena da (Javier Carballok emana), eta orduko giroa irudikatzen du, Goikotorre inguruan:

zumaia-gipuzkoa-dibujo-yulen-zabaleta.jpg

Asto haiek joan ziren, orduko arrasto gutxi geratzen zaizkigu gaur egun, baina paretan begiratuz gero, hor ikusiko ditugu burdinazko argollak, garai hura akordarazten digutenak.

Uztaiei begiratuta, ez da zaila imajinatzea duela 100 edo 50 urte kalearen ezkerraldea astoz beteta. Argollak zenbatzen hasita, 42, behintzat, badaude, era guztietakoak: lodiak edo meheagoak, uztaidunak edo kakoak…

arridokieta-astoa-lotzekoak.JPGarridokieta-komentuko-pareta-2.JPGarridokieta_mojaxarretako_uztaiak7.JPG

Astoak hor egoten ziren garai hartan azoka benetakoa zen. Etxeetan hozkailurik gabe, egunero egin behar ziren erosketak, etxekoandreek egunero egiten zuten plazako buelta, eta han erosten zituzten esnea, berdura eta abarrekoak. Orduan inguruko baserritar gehienak lurra lantzetik eta egindakoa saltzetik bizi ziren, eta horiek saltzera egunero joaten ziren azokara astoa hartuta. Goiko kalera ailegatu, azokan astoaren kartolak hustu eta astoa Arritokieta kaleko uztaietara eramaten zuten. Baserritarrek jeneroa “pasta” edo “txalma” izeneko zakuetan ekartzen zuten, eta asta-otarretan ere bai. Ordaindu ere egiten zuten astoa uzteagatik: erreala (25 zentimo) eguneko (esne-litroa 6 errealean zegoenean). Argazki hau German Azumendirena da (Javier Carballok utzia), 1950-1960 ingurukoa:

arritokieta-kalea-zumaia-gipuzkoa-aprox-1950-1960-foto-german-azumendi.jpg

Dirua kobratzeaz handik hurre bizi zen Gabriela arduratzen zen, han egoten zen baserritarren zain mantal eta guzti. Astoak pare bat ordu-edo egoten ziren han lotuta, eta asto-kakak hainbatek jasotzen zituzten, baratzerako, simaurretarako. Orduan dena aprobetxatzen zen! Donatoneko etxean (Arritokieta, 6) estalpe bat ere bazegoen, eguraldi txarra egiten zuenean animaliak babesteko.

Mojaxarretako paretari begiratuta, badaude beste sorpresa atsegin batzuk, atentzioa ematen dutenak. Lehena, gurutzeak, 3 baitaude, Arridokietarako gurutzebidean geldiuneak. Oraindik ere egiten da gurutzebidea Aste Santuan, Ostiral Santu egunean, eta geldialdi bakoitzean abestu eta errezatu egiten dute.

gurutzea.jpg

Atentzioa ematen dute, baita ere, ate izandakoen arrastoek; birenak, behintzat, nabarmenak dira, eta beste zenbait lekutan ikusten da lehengo pareteko harriak erori eta bete egin dutela beste harri batzuekin.

atea1.jpgatea-2.jpg

Paretako harri gehienak txiki samarrak dira, gutxi landuak, itxuraz Proesko (Floresko) edo Larretxokoak, tartean hiraulikaren gogortuak.

harriak.jpg

Goikotorreren ondoan garai batean iturria eta aska bazeuden, baina gaur egun iturri txiki bat baino ez da geratzen.

goiko-iturria.JPGgoiko-iturria-2.jpggoiko-torre-nevado.jpg

Bere garaian, itxuraz bazen beste iturri bat, gero kendu egin zena, eta horren arrastoak badaude paretaren hasieran, eliza zenaren ondoan

igual-iturria.jpgiturriaren-arrastoak.jpg

Paretan, atentzioa ematen du goialdera erantsi zioten adreiluzko pusketak. Seguru asko, kaleaz bestaldeko etxeak handitu zituztenean, mojak kanpokoen begiraden beldur izango ziren…

lebantea.jpg

Zorionez edo zoitxarrez, astoen eta argollen garai hura ez da itzuliko, baina geratzen zaizkigun arrastoak zainduko eta gordeko bagenitu…


Agurraren lezioa

2011(e)ko Abenduak 2

Hauxe da Hitzako “Bostekoa” atalean 2011-12-01ean argitaratutakoa:


/* Style Definitions */ table.MsoNormalTable {mso-style-name:”Tabla normal”; mso-tstyle-rowband-size:0; mso-tstyle-colband-size:0; mso-style-noshow:yes; mso-style-parent:”"; mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt; mso-para-margin:0cm; mso-para-margin-bottom:.0001pt; mso-pagination:widow-orphan; font-size:10.0pt; font-family:”Times New Roman”; mso-fareast-font-family:”Times New Roman”;}

Agurraren lezioa

Egun batzuk lehenago, idazlea ordenagailuaren aurrean eseri da. Nahiago luke beste batzuen jenialtasuna izango balu, konfiantza osoa izan hain beharrezkoa duen ideia on hori berez eta batez ere garaiz etorriko zaiola; baina esperientziak erakutsi dio ezetz, idazteko, zorionez edo zoritxarrez, jenialtasuna baino eraginkorragoa dela konstantzia, kaskagogorkeria, eguneroko lana, eta badaki oraingoan ere asko idatzi beharko duela, okerreko bide askotan galduta ibili, iritsi nahi duen tokira eta garaiz ailegatzeko.

Egun batzuk lehenagotik, idazleak tente eduki ditu belarriak eta zorroztu egin ditu begiak, inguruan zer gertatzen, idazten, esaten den erne, eta han-hemenka bilatu ditu hari-muturrak zeri tira edukitzeko. Mahai gainera atera du beti poltsan eramaten duen koadernoa, eta azken orrietan idatzitako apunteei begiratu die. Horietako batzuk (hitzak, esaldiak, ideiak) ordenagailura eraman ditu; beste ohar batzuek, berriz, erabat galdu dute idaztean ustez zeukaten distira eta itzali egin dira, egunsentian izarrak bezala.

Egun batzuk lehenago, orain arte idatzitako artikulu guztiak errepasatu ditu, batez ere izua diolako antzeko ideiak behin baino gehiagotan adierazteari; edadean aurrera egin ahala, jakin badaki sarritan gauza berberak errepikatzen dituela, berriak edo inoiz adierazi gabeak balira bezala, eta gertukoek -konfiantzazkoek- ohartarazi behar diote horretaz. Ez du nahi idatzietan ere antzeko zerbait gertatzerik, norbaitek esatea “Hara hemen berriz hau, betikoarekin!”. Horregatik, saiatzen da lehen jorratutakoa berriz ere ez ukitzen, ahalegintzen da adibide berberak ez erabiltzen, eta ahal izango balu hitz desberdinak erabiliko lituzke beti, ez lituzke errepikatuko; baina badaki hori ezinezkoa dela, eta idazkera ere zerbaiten gainean eraiki behar duela. Idazleak errepasatu egin ditu artikuluetan orain arte hizpide izan dituen gaiak, eta konturatu da horiek direla bere gairik maiteenak, garrantzitsuenak, obsesionatzen dutenak: euskara, herrigintza, kultura, gure iragana…

Egun batzuk lehenago, larunbaterako, idazleak aukeratu du azkenean zertaz idatziko duen, eta asteburuko ordu libreetako batzuk horretan pasako ditu, idatzi eta idatzi, irakurleari adierazi nahi dion hori guztia 3.330 karakteretan errenditzen. Ohi bezala, ordea, oraingoan ere askoz ere gehiago idatzi du, eta beti bezala lasaitua hartuko du, pentsatzen duelako errazagoa izango zaiola egindakotik kentzea gehiago idaztea baino. Igande goizean, ohi bezala saltaka egitera joan denean, etengabe izan du idatzia buruan, eta hausnarrean bueltaka ibili du Getaria alderako errepide bazterretik doan bitartean, zer aldatu, zer zerekin lotu, eta etxera bueltatuta, dutxaren ondorenean, idatziari azken ukituak eman dizkio. Azkenean, titulua ere erabaki du, “Agurraren lezioa”, Ruper Ordorikaren abestiarena. Izan ere, kantan protagonistak bezala, idazleak ere agur esan eta trena hartu behar du, azken bi urte pasatxo hauetan bost astean behin geltoki izan duen txoko honetatik alde egin. Bidaiarako motxila arina darama, etorri zenean baino arinagoa, geldialdi bakoitzean bere barruko zerbait utzi duelako “Bostekoa”-n, eta motxila hustu den bezala, idazlea bera ere agortu egin da, ahitu, hitzak ere amaitu egin zaizkiolako. Barrua berriz ere betetzeko premia sentitu du, egunen batean berriz ere hustu ahal izateko.

Agurrak ez dira inoiz errazak izaten, eta are zailagoak izaten dira gustura ibili garenean. Eskerrik asko guztioi. Trena badator eta banoa. Aio!


2) Moilaberriko errailak

2011(e)ko Azaroak 12

/* Style Definitions */ table.MsoNormalTable {mso-style-name:”Tabla normal”; mso-tstyle-rowband-size:0; mso-tstyle-colband-size:0; mso-style-noshow:yes; mso-style-parent:”"; mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt; mso-para-margin:0cm; mso-para-margin-bottom:.0001pt; mso-pagination:widow-orphan; font-size:10.0pt; font-family:”Times New Roman”; mso-fareast-font-family:”Times New Roman”;} Ni ez naiz Hirigintzan aditua, baina iruditzen zait inguru hau dela Zumaiako politenetako bat, batez ere ibai aldera daukan arnasarengatik eta Zumaiaren ikuspegiarengatik (Parrokia, Parolaldea, Santiago aldea…).

Lekuaren izen ofiziala Gernika parkea da, hor dagoelako landatuta Gernikako arbolaren urtadarra, baina zumaiar askorentzat, batez ere adinekoentzat, Moilaberria da. Moilak, berez, portuetako eraikin bereziak dira, pertsonen eta zamen ontziratzea eta lehorreratzea errazteko edo laguntzeko prestatuak, eta Moilaberrian aspaldian itsasontzirik lotu ez bada ere, badago garai bateko lan-jardueren arrasto oso nabarmena: burdinazko bi errail, elkarren paralelo, moila horretako hormigoizko zoruaren gainean alderik alde luzetara.

mollaberria-1.jpg

Burdin horiez ume batzuei galdetuta, erantzun zidaten trenaren arrastoak zirela, lehen Urolako trena horraino iristen zelako. Egia da garai batean Urolako Moilaberriraini iristen zela, eta horren arrasto nabarmenena estazioa da, gero anbulatorioa ere izan zena, gaur egun hutsik.

moilaberria-2.JPG

Errail edo burdinbide horiek, ordea, ez dira trenarenak, baizik eta garabienak. Eta ideia hori indartzeko, beste detaile batzuei ere begiratuko diegu: oso zabalera handiko burdinbidea da, eta bi burdinbideen artean ez dago trabesarik.

mollaberria_bi-errailak.jpg

Egin zenean, Moilaberriari “Muelle del Urola”, “Muelle de la Diputación” edo “Nuevo Muelle Comercial” deitzen zioten paperetan, eta Lourdes Odriozolak, Estudio Histórico del Puerto de Zumaia liburuan, hainbat xehetasun ematen ditu proiektuaz. Moila egiteko arrazoi nagusia komertziala izan zen. 1910 eta 1920 artean, Gipuzkoan hazkunde industrial handia izan zen, baina Urola bailaran ez zegoen behar bezalako garraiobiderik; horregatik, inguruko udalek (Zumarragatik Zumaiarako ia guztiek) indar egin zuten Urolako trenbidea egiteko; horrela, Zumaian, ordurako eginda zegoen Vascongados trenarekin lotura izango zen eta Estaziotik trenbidea Zumaia aldera 2 kilometro luzatuta, Basusta inguruan (gaur egun araztegia dagoen horretan) buelta hartu eta ibaiertzetik itsas aldera, itsas garraioarekin ere lotura izango zuen, Donostiako, Bilboko edo Pasaiako portuetara joan beharrik gabe. Moilaberria egiteko, Zumaiako Udalak 10.000 m2 eman zizkion Gipuzkoako Foru Aldundiari, azkenean, 1926an inauguratu zuten; otsailaren 26an, Alfontso XIII.a Espainiako erregea etorri eta Urolako trena eta Moilaberria inauguratu zituen.

Berriz ere burdinbideari helduta, Moilaberriaren hormigoizko egituraren gainean karga-deskargan aritzeko garabiak jarri zituzten, errailen gainean; trenbideari esker, moilan zehar aurrera eta atzera mugitzea zeukaten garabia, itsasontzien eta tren-bagoien komenientziaren arabera. Batez ere itsasontzietatik ikatza eta burdin totxoak deskargatzen zituzten.

Argazki hau 1961ekoa da, “Paisajes Españoles”-ek atera eta Zumaiako Udalak utzitakoa, eta ederki ikusten da lanerako ingurua:

moilaberria_1961.jpg

Beste hau zaharragoa da. Ez dakit norena den (Foto Gar?), ezta noiz ateratakoa den ere; Hotel Amaya eraikita dago (beraz, 1923tik atzera), baina Eusebio Yeregiren etxea ez (Kofradiaren ezkerraldean, gaur egun azpialdean banku bat daukana, 1945/1946koa da).

moilaberria_argazki_zaharra.jpg

Argazki berriagoak dira Bertil Lagestrom Suekoak ateratakoak, hurrenez hurren 1982 eta 1986koak. Bietan, ederki ikusten dira garabiak.

moilaberria-1982.jpg

moilaberria-1986.jpg

Garabiak birakariak ziren, eta garabilarietako bat Erramun Telleria izan zen.

Burdinazko errail horiek dira, beraz, garai batean hor egiten zenaren lekuko ia bakarrak, eta batek baino gehiagok estropezu egin eta erortzekotan egon bada ere, babestu eta iraunarazi behar ditugula iruditzen zait.

Moilaberriko zubia 1986-1987an egina da, baina gabezia nabarmenak bazituen, eta irisgarriago egiteko, 2011n berritu zutenean, badakit teknikariek begirunez jokatu dutela errailekin eta aintzat hartu zituztela.

Burdinbideak topeak ere badauzka alde batean, deskuido batean garabia ez erortzeko behera.

mollaberria-topeak.jpgmollaberria-topea-1.jpgmollaberria-topea-2.jpg

Ondoan, lurrean, 1966 dago idatzita porlan-gainean, seguru asko orduan obraren bat egingo zutelako

mollaberria-1966.jpg

Hortik gertu, itsasontzia lotzeko mutiloi hau dago; nork egina den ere jartzen du: “Torreaga, S.L.”.

mollaberria-014.jpg

Galdategi hori 1961/1962koa da, eta, beraz, seguru asko obra egin zutenean jarriko zuten mutiloia. Beste bi ere badaude, baina ez daukate batere inskripziorik.

mollaberria-029.jpgmollaberria-032.jpg

Eta beste mutiloi batzuk egondako lekuak ere nabarmenak dira. Horrelako pieza bat kentzeko zenbateko indarra behar den ere… Batean oraindik inskripzioaren arrastoak ere ikus daitezke.

moilaberria_arrastoak1.JPGmoilaberriaarrastoak2.JPG

Burdinazko bi errailen artean, hormigoizko zoruan, hainbat zulo daude, hogei inguru, eta horietako batzuk adierazi ditut argazki honetan:

mollaberria_zuloak.jpgPentsatzen dut izango direla euria egiten duenean ura hortik behera jaisteko, zoruan putzurik ez egiteko. Baina behin baino gehiagotan ikuskizun ederra ikusita nago zulo horiei esker, betiere goizaldean: goizeko seietan, trenera noala, marea biziak direnean, marea goian eta itsaso handiaren zarata urrutian, olatua ibaian gora indarrez igotzen da, eta Moilaberriaren azpialdean aire-ganbera sortzen denez, geyserren antzekoak sortzen dira, olatua ibaian gora doan neurrian zuloetatik ura gora bata bestearen atzetik. Donostiako Haizearen Orrazian bezala. Zoragarria!

mollaberria-zuloa.jpg

Itsasbehera denean, posible da Moilaberriaren “barrura” sartzea, azpialdera, eta ederki ikus daiteke nola dagoen eraikita:

mollaberria_azpialdea.jpgmollaberria_azpialdea2.jpg

Ibaialdera, itsasontziak lotzen ziren lekuetan, porlanaren kontra kroskoak ez mailatzeko jarritako egurren azken arrastoak baino ez dira geratzen.

moilaberria_egurrak2.JPGmoilaberria__egurrak3.JPGmoilaberria_egurrak1.JPG

Eta bestelakoak ere bai, gorpuen hezurrak balira bezala, zer ziren edo zeri eusten zioten ere ia-ia ahaztuta.

moilaberria_burdinak1.JPG

moilaberria_burdinak2.JPG

Amaitzeko, Moilaberrian ez baina ondoan, Txomin Agirre kaian, pantalanaren gainaldean, begira zer kartel daukan jarrita Eusko Jaurlaritzako Portu eta Aireportuen Zuzendaritzak:

moilako_kartela_1.jpg

Bistan da okerreko lekuan jarri dutela. Hor urdinez iragartzen diren zerbitzu guztiak egongo dira seguru asko ibaiaren beste aldean, kirol-portuan, baina hemen… Eta debekuak ere ezartzen ditu: ezin da igeri egin eta ezin da arrantza egin, alajaina! Hemen babesteaz ari gara, baina, mesedez, kendu eta eraman dezatela kartel hau behar den lekura!