Gaur eguerdian, telebistan, Iruñeko iturri berezi batzuk izan dituzte mintzagai: lehoi-burua daukatenak babestu nahi omen dituzte, pixkanaka desagertzen ari direlako. Interneten ere erraz aurkitu dut horri buruzko albistea.
“Joño!”, pentsatu dut, “horietako batzuk badauzkagu, ba, Zumaian ere!”, eta aspaldian horretaz idazteko asmoa neukanez eta oporraldian denerako astia izaten dugunez, argazki-kamera hartu, bizikleta gainean jarri, eta bueltaxka eman dut herrigunean, horien bila.
Lehenengo, San Telmo kalera joan naiz, hangoa ondo gogoan daukat eta. Zenbat eta zenbat ardo-barrika garbitu ote dituzte Txatoak eta Riojanoak han!
Erribera kalean, Inpernupe tabernaren ondoan, bada beste bat, aspaldian goialdeko taparik gabea:
Goiko kalean iturririk bada, ordea, hori Sanjuaniturri da. Aspaldi moztu zioten urari etengabeko jarioa, baina han jarraitzen dute iturriek, ura emateko prest.
Inoiz fijatu al zarete nolako lehoiak dauden?
Iturri honi buruz, beste zerbait ere adierazi beharra dago. Orain ura aurrezteaz kontzientziatu nahi gaituzte, zerbait berria eta aurrerakoia balitz bezala, baina Sanjuaniturri egin zutenek ondo baino hobeto zekiten zer zen hori: handik ateratzen zen ura elizaren aurrealdeko ur-biltegi batean pilatzen zen, Albergako eskaileren ondoan, eta gero Beheko albergan aprobetxatzen zuten. Garai batean, Sanjuaniturrirako ura Karakas ingurutik ekartzen zen.
Hortik gorago, Goiko alberga izan zeneko kanpoaldean, Intxaurtxuetan, iturri eder hau dago, lehoi-burua daukana:
Ondo fijatuz gero, urtea ere ikusten da, grabatuta, ondoan: 1840.
Irudipena neukan Arritokieta kalean ere bazela beste bat, baina ez, hangoa nahikoa iturri arrunta da, eta ez da erraza ikustea, autoez inguratuta. Iturri horrek lehen aska ere bazeukan, eta halaxe ageri da Javier Carballok pasatako argazki zahar batean:
Mojaxarretako paretan behera, elizaren ondoan, iturri izandakoaren arrasto batzuk daude:
Horri dagokionez, ezin aipatu gabe utzi 1935eko udal-agiri batean adierazten dena: “teniendo en cuenta que la fuente pública existente al comienzo de la calle Arritokieta, junto a la iglesia de las Carmelitas Descalzas, tiene la pila demasiado grande, y por dicho motivo se presta a utilizarla indebidamente para limpieza, jabonado y otros escesos (…) acuerdan cubrir la expresada pila, dejando escuetamente la fuente pública”.
Azken iturriaren bila joan naiz, Beheko plazara, Txurreren puestoaren ondora, baina… Ez dago. Odietako lanak direla eta kendu egin dute.
/* Style Definitions */ table.MsoNormalTable {mso-style-name:”Tabla normal”; mso-tstyle-rowband-size:0; mso-tstyle-colband-size:0; mso-style-noshow:yes; mso-style-parent:”"; mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt; mso-para-margin:0cm; mso-para-margin-bottom:.0001pt; mso-pagination:widow-orphan; font-size:10.0pt; font-family:”Times New Roman”; mso-ansi-language:#0400; mso-fareast-language:#0400; mso-bidi-language:#0400;}
Lanak bukatutakoan, ikusiko a(ha)l dugu berriz ere lehoi-burua?!
Han nengoela, beste iturri batekin akordatu naiz, eta argazkia atera diot:
1975ekoa da, kutxak opari emana, baina ezin esan lehoi-buruen xarmarik daukanik, ezta munduko lore guztiekin apainduta ere.
Iturrien kontu honekin, aspaldian buruan dabilkidan kezka bat areagotu egin zait: gure ondarea, Zumaiarena eta zumaiarrena, galtzen ari gara, obraz obra, eta batez ere ezjakintasunagatik eta axolagabekeriagatik. Gaur hemen dagoena kendu egiten da, lanen bat egiteko, eta bukatutakoan, zaharra bota, berria jarri eta kito!
Bada ordua gure herriko ondasun txiki eta ustez garrantzirik gabeak zerrendatzeko, katalogatzeko, ezagutzeko, babesteko… Eta proposamen zehatza ere egin nahiko nioke Udalari: beka bat sortzea horretarako.
Posted by iteki