/* Style Definitions */ table.MsoNormalTable {mso-style-name:”Tabla normal”; mso-tstyle-rowband-size:0; mso-tstyle-colband-size:0; mso-style-noshow:yes; mso-style-parent:”"; mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt; mso-para-margin:0cm; mso-para-margin-bottom:.0001pt; mso-pagination:widow-orphan; font-size:10.0pt; font-family:”Times New Roman”; mso-ansi-language:#0400; mso-fareast-language:#0400; mso-bidi-language:#0400;} ![]()
Administrazioa euskaraz aldizkariaren azken zenbakian Kaxildo Alkorta getariarrak idatzitako artikulu interesgarri batekin egin dut topo. Progenerikoak ditu mintzagai Kaxildok, hau da, izen propioetatik eratorritako bestelako hitzak: marimatraka, pellokirten, pernandokeria…Artikuluaren zati bat irakurtzean, begiak zabal-zabalik geratu zaizkit, eta hona ekarriko dut:
“Nahikoa? Baina ekarri nahi nuke, bada, txori izen bat. Euskaltzaindiaren hiztegiak gure arteko txorienik txorienari bi izen aitortzen dizkio: kurloia eta txolarrea. Txori horrek, ia beste guztiak bezala, zein herri, halako izena du: artatxori, erletxoeri, eliztxori, etxetxori, txorretxori, hormatxori, garitxori, lastatxori…Eta hau da esan nahi nukeena, niri egokiena zumaiarrena iruditzen zaidala: patxizarra. Bete-betekoa da: Patxi eta zaharra. Esaten dute kalonjeen antza dutela patxizaharrek, zergatik-eta, bi izaki horiek direlako gaizkien kantatzen dutenak, baina jan, gehien berek jaten dutelako”.
Ez al da polita? Guretzat arrunta dena (txori horiei patxizarrak deitzea) oso deigarria da besteentzat, eta iruditzen zait ez garela kontziente zeinen aberatsa eta berezia den gure herriko hizkera eta euskara.
Askorik pentsatu eta bilatu gabe, hauek etorri zaizkit burura, Zumaian (edo inguruan, behintzat) erabiltzen direnak:
Saltaka egin: korrika egin
Txaperoa: udaltzaina
Zozobelarra: goroldioa
Oldiya: alga
Hamarra: karramarroa
Ostarrena: itsas trikua
Ketxua: datila (gaztelaniazko “navaja”)
Gomexa: itsas kabra
Zanbulla egin: uretara salto egin
Taosa: itsasoko behe lainoa
Lamada: bero itogarria
Katxaperoa: suziri edo etxafuegoa
Eta beste zenbat eta zenbat geratu ote zaizkigu bidean ahaztuta, baserritarren tresnak eta eginkizunak, eta arrantzaleenak… Gure gurasoen, aitona‑amonen oroitzapenetan ere azaltzen dira oraindik tarteka!
Bada ahotsak.com izeneko proiektu interesgarri bat, herritarren hitzak eta hizkera jasotzeko Euskal Herri osoan, eta Asier Sarasuak eta laguntzaileek jaso zituzten zumaiarren lekukotza batzuk (ikusi hemen), herriko hizkera biltzeko eta aztertzeko Udalak ateratako beka bati esker. Laster izango dugu esku artean egindakoaren emaitza, ez dakit nolako formatua eta edukia izango duen lanak, baina polita litzateke Zumaiako hitz berezien edo galtzeko bidean daudenen hiztegitxoa osatzea, eta horiei arnasa emateko lanen bat egitea.
Egunotan, beste adibide bat ikusi dut oso gertu, etxean: gure umeak jolasera joan dira Santiagoko padura aldera, ibaia zeharkatuta igerian, kirol-portuaren ondora, han itsasbeheran fangoa omen dago eta…
Zumaiako hitz bereziak direla eta, animatzen al zarete hitz batzuk ematera?
Posted by iteki 