Hauxe atzoko Hitzan “Bostekoa” atalean argitaratutakoa:
/* Style Definitions */ table.MsoNormalTable {mso-style-name:”Tabla normal”; mso-tstyle-rowband-size:0; mso-tstyle-colband-size:0; mso-style-noshow:yes; mso-style-parent:”"; mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt; mso-para-margin:0cm; mso-para-margin-bottom:.0001pt; mso-pagination:widow-orphan; font-size:10.0pt; font-family:”Times New Roman”; mso-ansi-language:#0400; mso-fareast-language:#0400; mso-bidi-language:#0400;} Zenbat eta aurrerago edadean, orduan eta gehiago akordatzen naiz eskolako kontuez, batez ere txiki‑txikitakoez, gazte eta berde gineneko garai haietaz. Horrelakoetan, lo hartzen dut oroitzapenean magalean eta hortxe egoten naiz gozo‑gozo garai haiek berriz ere bizitzen: maisu-andereño eta ikaskideak, Aita Mariko lokala, Poligonoko eskola, Larraulgo egonaldiak udan… Batzuetan, ordea, egunerokoak eramaten nau garai hartara, nik nahi edo ez, derrigortuta. Guraso zaretenok ulertuko didazue, eta ez zaretenok seguru asko ikusiko zenuten antzeko zerbait inguruan.Nahi baino gehiago kostata, baina azkenean lortu nuen ikasketak bukatzea, “titulua” lortzea. Garai hartan, pozez puztu-puztu eginda, izan nuen Zuzenbidea egiteko tentaldia (matrikulatu ere egin nintzen!), baina erabaki nuen unibertsitatekoak erretiroa hartu ondorenerako uztea; horretan nengoen ni, behintzat, baina hara non gutxien espero dudanean datorkidan errebalida, eta ez nolanahikoa! Guraso arduratsuak gara -ustez-, eta seme‑alabei lagundu egiten diegu eskolako lanak egiten, baita azterketak prestatzen ere. Han etortzen dira eskolatik motxila astuna bizkarrean, eta ikasteko mahaia liburuez eta lanez betetzen dizute: Matematika, Gaztelania, Ingelesa, Euskara… Hemen dena jakin beharra dago! Horregatik, nahi edo ez, ia egunero akordatzen naiz ikasle garai haietaz: zenbat ikastetxetan ibili ginen? Zenbat ordu eta egun ikasgelan eta etxean ikasten? Zenbat paper eta liburu erabili genituen? Zenbat azterketa?… Eta haietatik guztietatik, zer geratzen zaigu buruan, erabilgarri? Gizaki garen heinean, egunero ikasten dugu, gustuko ditugun edo benetan behar ditugun gauzetan are gehiago sakontzen dugu, etengabe, “sortuz eta sortuz gure aukera”. Baina eskolan ikasi beharrekoei dagokienez… Aizue! Nik denak aprobatu nituen!
Ondo baino hobeto akordatzen naiz EGBko 4. mailan gaztelaniako azterketa bat nola prestatu genuen ikaskide guztiok elkarrekin (6 besterik ez ginen!), gelan. Bazegoen esaldi bat oso garrantzitsua, liburuan bereziki azpimarratuta, nahitaez ikasi beharrekoa; hain zen zaila, hain zen konplikatua, buruz ikasi genuen guztiok, arrosarioan letania errepikatzen den bezala: “La oración se compone de palabras”. Zaila, ezta? Ez, baina ez genuen ulertzen esanahia, edo ez ginen kapazak esanahia gaztelaniaz adierazteko, eta buruz ikasi behar. 35 urte geroago, egoera hura etorri zait gogora, semeari lezioa hartzen ari nintzaiola, azterketarako ikasi behar zuen hiztegiaren definizioaren aurrean: “Un diccionario es un libro en el que se recogen y explican las palabras de una forma ordenada”. Definizio garrantzitsua, eta buruz ikasi beharrekoa! Pentsatu dut gauzak ez direla asko aldatu urte hauetan; desberdinak izango dira materialak, irakasleak, ikastetxeak…, baina, funtsean, berdin‑berdin jarraitzen dugu, lehenean, buruz ikasi behar horretan. Eta pentsatzen jarrita, garrantzitsua izan al da niretzat “La oración…” hura?
Tarteka eztabaidak entzuten eta irakurtzen ditut gure eskola-ereduaz, nola ikasten eta irakasten den eskoletan, haurrak nola eta zertarako trebatu behar ditugun, pedagogia eta didaktika hitzetik hortzera…, eta hori guztia interesgarria iruditzen zait, aurrera egingo badugu, bai. Baina orain nire kezka edo beldurra beste bat da, eta aitortuko dizuet, gainera: eskolan inoiz ez nuen ikasi erro karratuak egiten eta beldurrez nago noiz ekarriko dituzten seme-alabek horrelako ariketak etxera.