Gaur zortzi bi

2010(e)ko Urtarrilak 25

harraldea.jpg

Hitzan ezin izan nuen argazkirik jarri, baina makina bat atera nuen. Kontakizunean jarri nuen gozatu ederra hartu zutela begiek, eta hemen jarriko dizkizuet argazkiak, zuek ere goza dezazuen.

Algorritik, pasoak pasa behar dira lehenengo Andikaraerrekara iristeko. Argazki hau dago aterata lehenengotik.

lehen-pasotik.jpg

Bigarren pasoaren parean, mendia etengabe ari da behera, egunetik egunera aldatzen da. Lehen bazegoen zulo batetik pasatzea batetik bestera, baina gaur egun ez. Konparatu bi argazkiak: ezkerraldekoa, orain dela astebetekoa; eskuinaldekoa, 2007ko ekainekoa.

bigarren-pasoa-2010-01-17.jpgbigarren-pasoa-2007-06-07.JPG

Hirugarren pasoa, Andikaraerreka aurretik.

hirugarren-pasoa.jpg

Zoragarria, Andikaraerreka!

andikaraerreka.jpg

Behetik begiratuta, a zer indarra daukaten itsaslabarrek!

bizkarra.jpg

Iaz harraldea garbitzen aritu ziren gazte batzuk, eta tona batzuk zabor atera zituzten. Aurten ere badaukate lana!

pikoteazpin-zaborra.jpg

Oristoerreka ere ur askorekin zetorren.

oristoerreka.jpg

Jendea zetorren Algorri aldera. Harribiribiletan, txakur bat. Kuriosoak dira harri hauek, zuri-zuriak!

txakurra-harribiribiltan.jpgharribiribilak.jpg

Palankamugarri parean, burdinazko palankaren faltan, ohol bat zutik, Zumaia eta Deba arteko mugarria. 2007an ere bazegoen zutikako beste zerbait, leku berean. Baten batek hartzen du lana.

palankamugarri.jpgpalankamugarrin-egurra-zutik-2010-01-17.jpgpalankamugarrin-egurra-zutik-2007-06-07.JPG

Zaborra etengabe pilatzen da.

palankamugarrin-zaborra.jpg

Baratzazaraurrea eta Aizbeltz. Eskuinean, Arantzako portua

harraldea-palankamugarritik-mendebaldera.jpg

Atzera begiratuta, orain arte egindako bidea, eta bukaeran Algorri eta Talaimendi.

harraldea-palankamugarritik-ekialdera.jpg

Baratzazaraurrea. Koadrilla bat hamaiketakoa egiten ari zen.

baratzazaraurrea.jpg

Oso jende gutxi zebilen haitzean. Hau lapetan ari zen.

lapetan.jpg

Aizbeltz. Ez dago dudarik izena nondik datorkion.

aizbeltz.jpgaizbeltz-lerro-zuriaekin.jpg

Aizbeltzeko erreka.

aizbeltzeko-erreka.jpg

Pagoetako erreka.

pagoetako-erreka.jpg

Haitzean forma oso kuriosoak aurki daitezke.

forma-kuriosoak.jpg

Arantzazpia-Liñapotzueta parean, oso haitz bereziak daude harraldean. Ez al du ematen ilargiko edo desertuko paisaia?

linapotzueta.jpg

Zer den zuzentasuna!

zuzentasuna.jpg

Beste hau ere haitzean zebilen, txakur batekin.

haitzean.jpg

Arantzako jaiskunearen gainaldean jendea. Azpialdetik argazkia atera nuen eta ederki ikusten dira soka eta mailak. Goitik ateratako argazki bat ere baneukan, lehendik (eskuinaldekoa).

arantzako-portuan-jaiskunean-eta-jendea.jpgarntzako-jaiskunea-behetik.jpgarantzako-jaiskunea-goitik.JPG

Sakonetako erreka, mailaz maila.

sakonetako-erreka.jpg

Mendia Azaldegietako bizkarra da, eta oinetan Sakonetako hondartza.

azaldegietako-bizkarra.jpg

Aizkaizto, Sakonetako muturrean.

aizkaizto.jpg

Urrutira begiratuta, Mendatako jaiskunetik zerbait zuria ikusi dut jaisten, eta gero atzetik jendea. Txakurra ederki jaitsi da sokarik ukitu gabe, eta atzetik surflariak.

surflariak-mendatako-jaiskunean-1.jpgsurflariak-mendatako-jaiskunean-2.jpg

Mendatako errekak salto ederra egiten du bukaeran.

mendatako-erreka-harraldera.jpgmendatako-errekaren-saltoa.jpg

Honaino! Busti eta aurrera; edo media buelta! Gero jakin nuen,Josu Sakonetari galdetuta, marea bizietan baino ezin dela pasa asko busti gabe.

honaino-iritsi-nintzen.jpg

Mendatako jaiskunetik igo nintzen, eta saltoaren beste ikuspegi der bat ikusten da handik.

mendatako-errekaren-saltoa-goitik.jpg

Berdez, noraino iritsi nintzen.

aitzuri-eta-noraino-berdez.JPG

Aitzuri azpitik, tuneletik, lehengo trenbidea doa. Debekatuta dago pasatzea, baina zer atsegina den debekuak urratzea!

tunela-aitzuri-azpitik.jpg

Ordeka-ordekan, ederki doa bidea.

trenbidea-izandakoa-ordekan.jpg

Beste tunel bat pasa behar da, araztegira iristeko.

arronamendira-iristeko-tunela.jpg

Debako araztegia, lehen Arronamendi baserria zegoen lekuan. Aldapa gora egin eta errepidera.

debako-araztegia.jpg

Berriz ere atzera begira, Amabirjinabistatik, errepidetik. Harrobien eta gabarlekuan arrastoak hurrengorako geratu ziren.

harraldea-amabirjinabistatik.jpg

Debara iristen, eta Sorginetxe. Debalde da amets egitea…

debara-iristen.jpgsorginetxea-labar-gainean.jpg


Gaur zortzi

2010(e)ko Urtarrilak 24

Hauxe Hitzaren Bostekoa atalean argitaratutakoa:

Gaur zortzi 

Gaur zortzi gozatu ederra hartu nuen. Igande goiza, eguraldia lainotsu baina ateri, itsasbehera 11:44an…, dena zen egokia aspaldiko asmo bat betetzeko: Zumaiatik Debara oinez joatea, baina harraldetik, haitzetatik.

Lehendik ere askotan ibilia naiz inguru horretan, batez ere gazte(ago)tan, baina aspaldian joan gabe, beste begi batzuekin ikusi nuen dena. Ez nien askorik begiratu haitzetako putzuei eta han egon zitezkeen olagarro, andarika edo txoazkinei, eta gehiago erreparatu nion lehorraldeari: mendia erorita dago paraje askotan, itsasoaren, euriaren eta haizearen eraginez; bezperan euria eginda, errekak urez saltari zetozen (Andikaraerrekak Niagara zirudien!); zabor koloretsu ikusgarria ari da pilatzen Pikoteazpia inguruan (aurten ere garbitu beharko dute!); Palankamugarrin, Zumaia eta Itziar-Debaren arteko mugan, norbaitek ohol bat zutik jarrita dauka lehen burdinazko palanka (mugarria) zegoen lekuan… Ibilaldian, begiak ederki bete zitzaizkidan.

Haitzez haitz saltoka (susto pare bat ere bai, tartean, labainduta), harritu egin nintzen oso jende gutxi zebilelako. Itsasoa zegoen eta ekarraldi handiak zituen, baina denera dozena pasatxo lagun baino ez nituen ikusi ibilaldian zehar, eta haitzean, harrapaketan, bi lagun besterik ez, lapetan. Pentsatu nuen igual hasi zela biotopoko debekualdia. Gabonetan, gainera, jakin genuen Estatuak biotopo izendapenaren aurka egin duela, eskumen­‑arazoak direla medio, eta seguru asko baten batzuk poztuko ziren, itsasbeheratan zakua nahi bezala betetzen jarraituko duten esperantzan. Eztabaida handia izan dugu eta daukagu herrian, batzuk babestearen edo arautzearen alde, beste batzuk kontra. Baina guztiok bat etorriko gara inguru hau zaindu, babestu eta iraunarazi egin behar dugula, ezta? Guk nahi edo ez, gure harraldea gero eta ezagunagoa da, gero eta jende gehiago dabil atzera­‑aurrera eta are gehiago etorriko da etorkizunean. Etorrera horrek baditu bere arriskuak, eta horiexek nahi ditu saihestu, besteak beste, biotopo izendapenak. Biotopoa aipatu dudanez, beste “izendapen” batzuk ere aipatu nahiko nituzke: zeinen erraz ikasten eta geureganatzen ditugun hitz berriak (biotopo, flysch, geoparke, marearteko zabalgunea…) eta zeinen erraz ahazten eta baztertzen ditugun betikoak (harraldea, haitza, brankada, jaiskunea…).

Ibilaldiaren helburu Deba nuen, baina baneukan beste asmo bat ere: Aitzuritik aurrera dauden galtzada harrien harrobiak ikusi nahi nituen, Arronamendi ingurukoak. Azkenaldian, istorio politak entzun eta irakurri ditut horien gainean: nola ateratzen zuten harria han zeuden sei harrobietatik; nola eramaten zuten itsasoz gabarretan, Debara edo Zumaiara, edo Kostaldeko trenean… Harrobi horien edo gabarlekuen arrastoak ikusi nahi nituen, baina ez nintzen iritsi. Aitzuri parean, putzuzulo handi batek gelditzeko agindu eta bi aukera eman zizkidan: bustita pasa igerian edo atzera egin, buelta eman. Gogo txarrez, bigarrena aukeratu nuen, oraindik hotza dago­‑eta ura. Horrela, Mendatatik gora eginda, lehengo trenbidera irten nintzen, eta Aitzuri azpitik tuneletik pasata, beste aldean, han ikusi nuen harralderako bidezidorra, aldapan behera. Baina nagikeriak harrapatu ninduen: hain da laua eta erosoa Debako araztegira bitarteko bidea… Gero, handik, Debara, mokadua jan eta trenez buelta.

Hurrena, ikusi nahi dudana aseguratze aldera, igual Debatik Zumaiara egin beharko dut ibilaldia. Gaur zortzi, igandea, 11:12an da itsasbehera. Ateri egonez gero, animatzen al da norbait?