Egunekoak eta gauekoak

Hauxe igandeko Hitzan argitaratutakoa:

Bada atsotitz bat bereziki gustatzen zaidana, askotan erabiltzen dudana: “Gaueko lana, eguneko lotsa”. Alegia, gauean, argi gutxirekin eta presaka egiten dena, behar ez bezala egindakoa, lotsagarria izan daitekeela hurrengo goizean, egunaren argitan beste begi batzuekin ikusten direlako gauzak.

Bistan da, ordea, atsotitz horrek indar handiagoa zeukala lehen gaur egun baino, argindarrik eta bonbillarik ez zegoen garairako egokiagoa zela. Izan ere, gaur egun lanerako ez dugu behar hainbesteko egun-argirik eta eguzkia baino indar handiagoko argi edo fokuak dauzkagu. Lehen bazirudien ondo bereizten zutela noiz egin behar zen gauza bakoitza, noiz lan (egunez) eta noiz deskantsatu (gauez); kontrabandoari, gaur egun ere, “gaueko lana” esaten diote Iparra eta Hegoa bereizten dituen sasimuga aldean.

Lehen, elkarren aurkakoak ere baziren eguna eta gaua, kontrajarriak eta osagarriak: argitasuna eta iluntasuna, ikusmena eta entzumena…; gaur egun, berriz, batzuetan zaila da desberdintzea noiz bukatzen den bata eta noiz hasten den bestea, eta are nekezagoa batzuetan ahalegintzen garelako eguna edo gaua ahalik eta gehien atzerarazten, eta, gainera, batzuetan sinetsi ere egiten dugu horretarako gai garela. Alferrik, ordea.

Horretaz guztiaz hausnartzen jardun dut santelmotan gaudelako Zumaian. Munduak biraka jarraitzen badu eta larunbataren atzetik igandea etorri baldin bada, errepetizioetako azkenaurreko parranda-gaua izango zen atzokoa. Batzuek atzoko eguna aprobetxatu eta aparteko ahalegina egingo genuen arratsaldeko orduak iraunarazteko, gauari berez dagokion lekua kentzen, etxera joan aurretik; beste batzuk, berriz, bereziki saiatuko ziren gaua ahalik eta gehien luzatzen, parrandan. Imajinatzen ditut azken horietako batzuk: gaztetxoak, adin-tarte zail horretakoak, tabernetan ibiltzeko gazteegiak, baina ohera joateko helduegiak, gurasoek ezarri dieten ordua atzeratu nahian; edo beste gazte batzuk, lehen gaupasa egin nahian, egun-argia nahi baino gehiago berandutu zaienak, aho-zabalka; beste asko eta asko denboraren zentzua galdu eta pilotu automatikoa jarrita tabernaz taberna, ia zertara irten diren ere ahaztuta; beste batzuk egin nahi duten guztia gau bakarrean egin ezin eta eguerdian oraindik Erriberan ikusiko ditugunak; beste batzuk Kofradiako plazan, dantzan jo ta fuego… Horiekin batera, imajinatzen dut gaur goizean goiz, nahikoa lo eginda, egunkaria eta ogia erostera etxe azpiko okindegira jaitsi dena; atzoko gehiegizkoak erretzeko, saltaka egitera doana Getaria aldera… Bitxia da, baita ere, nola elkartzen diren gauekoak eta egunekoak leku batzuetan, hain zuzen ere gaueko tabernak itxi ahala zabaltzen dituzten beste toki horietan, oso jende desberdina izaten baita: batetik, eguna hastera doazenak, gosaltzeko asmotan; bestetik, gaua iraunarazi edo luzatu nahi dutenak. Zeinen desberdinak garen: bagaude pertsonak eguzkiarekin batera jaikitzen eta abailtzen garenak; beste batzuk, berriz, iluntzean piztu egiten dira, izarrak bezala.

Errepetizioetako azkenaurreko parranda-gauean, kaleetan, eta batez ere Erribera eta Amaiako plazako inguruetan, hor egongo dira gaueko arrastoak: plastiko, kristal, edalontzi… Akordatu naiz hasierako atsotitzarekin: “Gaueko lana, eguneko lotsa”, eta pentsatu dut agian ez duela gaurkotasunik galdu, egunaren argiarekin, oraindik ere, beste begi batzuekin ikusten direlako gauzak.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>