v\:* {behavior:url(#default#VML);} o\:* {behavior:url(#default#VML);} w\:* {behavior:url(#default#VML);} .shape {behavior:url(#default#VML);} Duela egun batzuk, igandean, Elorriaga aldera joan ginen, goiz-buelta ematera. Bidean, geldialdia egin genuen Andikarako mugarrian, argazki batzuk ateratzeko.
Auskalo zenbat jende pasatzen den ondotik eta inor gutxi konturatzen da hor dagoela eta hor amaitzen dela Zumaia, hor hasten dela Deba (edo Itziar).Pikote ondotik Ollaostagañera aldera hartuta, gainaldean dagoen beste mugarriaren ondotik pasatu ginen.
Urrutian, Andikara aldera begiratuta, ezagutzen ez nuen beste mugarri bat ikusi nuen, belardian. Hemen daukazue zirkulu morearen barruan, eta berdez Andikarakoa.
Argazkia aterata, neure buruari agindu nion bueltatu beharra neukala, eta uztailaren 23ko arratsaldean itzuli nintzen.
Andikaratik Pikoterako bidea hartuta, txarrantxa-hesiaren ondotik behera jaitsita, berehala aurkitu nuen.
Hareharrizkoa da, polita oso.
Pentsatu nuen muga-lerroari jarraitzea Deba aldera, eta Pikote aldera hartu nuen.
Bi lagun parapentean zebiltzan, itsas haize ederra aprobetxatuta.
Pikote ondoko mugarritik Oristoerrekan behera sartu nintzen, gurdi-bidetik barrena, toponimia-mapa eskuan, beste mugarriren baten bila, baina ez nuen aurkitu mugarrien arrastorik. Erreka-zuloa pasa eta goialdera irtenda, Palankamugarri aldera egin nuen. Galarretaerreka aldera egin nuen ertzetik, eta harralde aldera begiratu. Auzolandegikoek prest dauzkate zakuak.
Galarretaerrekatik zaila da harraldera jaistea, labarretik, eta berriz ere atzera egin dut, etorritako bidetik. Muga lerroa izan daitekeen horretan erpin geodesiko bat aurkitu dut, labarraren ertzean.
Oristoerreka itsasoratzen den horretan bada tramankulu bat aspaldian atentzioa ematen didana eta bertatik bertara ikusteko gogoa neukanez, haraxe joan nintzen.
Entzuna daukat baserritarrek egina dela, egurra karreatzeko harraldetik gora. Baina ez dakit ez noiz egina den, ez nork, ez zertarako… Norbaitek argibiderik izanez gero, eskertuko nioke.
Hortik, Pikotera igo nintzen, eta hango txakurrek ongi etorria eman zidaten. Neure buruari agindu nion hurrena makila hartu behar nuela eskuan, dedio!
Pikotegañatik Andikaraerreka aldera egin nuen, labarraren ertzetik.
Eta oraindik ere buru gainean neuzkan parapentekoak.
Andikaraerreka pasa eta Algorri bidean, urrutitik argazkia atera nien Algorriko muturrean zeudenei.
Arratsaldeko zortziak ziren. Ordu ederra tabernan kaña eder eta hotz bat (edo bi) hartzeko, horrelako ibilaldiaren ondoren!
Oharra:
Muga-lerroa nondik nora doan ikusteko, Diputazioko gipuzkoa.net-en material ugari dago.





