Aurrekoan, 17 mugarriak non zeuden adierazi nuen; gaurkoan, proposamen zehatza egingo dut egun batean Zumaiaren muga-lerroaren gaineko ibilbidea egiteko, ahalik eta hurbilen mugatik, baina eroso eta sasitzetan sartu gabe, erreketako uretan busti gabe.
Hauxe proposamen zehatza (parentesi artean, 17 mugarriak):
Goizean:
Zumaiatik abiatu Ardantza aldera eta Algorrira, eta handik, harraldetik, harririk harri, Palankamugarrira (1); Baratzazarretatik Galarretako atsedenleku aldera igo, berriz ere Galarretaerrekari jarraituz behera egin eta Oristomendiren bizkarritik Pikote baserrira (2) eta handik, pistatik, Andikara baserrien aldera (3). Andikarazar baserriaren ondotik (4) Jadarrera jaitsi (5) eta atzera aldapan gora igo Sarrondogoikoaren ondora, errepidera, eta Sarrondoazpikoaren ondotik Narruondora jaitsi, eta Narruondotik atzera gora, Azkoinzar aldera, eta pistara irtenda, San Lorentera (7). Hamaiketako koskorra egiteko unea, eta norbait nekatuta baldin bada, Zumaiara bueltatzeko aukera.
Distantzia, gutxi gorabehera: 8,5 km.
Ibilbidearen perfila, gutxi gorabehera:
Hamaiketakoaren ondoren
Hartu Agoterako bidea, Ezkaraztoren (6) magaletik, eta autopista azpialdetik pasatuta, igo IbaƱarrietara, hartu Oikiarako bidea, eta segi Gazteluerrekaren goitik; Artabilla pasatakoan, hartu Aizarnazabal aldera, eta Gazteluerrekaren gainetik pasata, Etxabe auzora; irten errepidera eta joan bertatik Muniosoro aldera, Ozpide eta Azkenportu baserriak pasata.
Muniosoron, hartu eskuinaldera, Indamendiren barrenaldera, eta Muniosoroerrekari jarraituz, lehenengo, eta Narbaztaerrekari gero, irten Santakrutzerrekara (8) eta handik Artzain baserrira (10); handik irten Meagako errepidera eta hartu Elkano aldera, Zigotzagako gurutzera (9). Eguerdia izango da, gosea nagusi, eta Elkano auzoko Gazteateagi jatetxean BAZKALDU.
Distantzia, gutxi gorabehera: 10,5 km.
Desnibela, gutxi gorabehera:
Bazkalondoan
Atzera errepidea hartu Meaga aldera, Artzain baserrira jaitsi (11) eta Bentatxo ondotik (12) Meagako errepidera irten; errepidean behera joan, Oikialdera, eta eskuinaldean Kitmar enpresa dagoen horretan bidexka bat hartu, beheraka, autopista azpitik pasatu, lehenengo, eta trenbidea gainetik, gero, eta irten Guruzelai baserri berritura; jaitsi Azuerrekara (13); errekatik gora egin, Garate aldera, eta gaina hartutakoan, jaitsi Arteagara, lehenengo, eta Karakasko bidea hartuta, gero, Errekaldera (14); handik, Karakas aldera (15), baserrien ondotik behera jaitsita, pistatik, Zumentzura (16), eta azkenik, Santiagoko hondartzara (17).
Distantzia, gutxi gorabehera: 5 km.
Desnibela, gutxi gorabehera:
Ibilbidea guztira, gutxi gorabehera: 24 km.
Hitzordurako eguna, ordua eta lekua ere proposatuko dut, gainera: urriaren 8a, larunbata, goizeko 08:30ean, Beheko Albergan (Ardantzabidearen hasieran); hilabete falta da, norbaitek entrenatzen hasi nahi badu ere…
Animatzen al zarete? Zenbat izango garen jakin eta bazkaria aurretik enkargatzeko, joateko asmoa baldin badaukazue, idatzi erantzuna hemen bertan, edo igual nahiago mezu elektronikoa bidaltzea helbide honetara: ateki@hotmail.es


