/* Style Definitions */ table.MsoNormalTable {mso-style-name:”Tabla normal”; mso-tstyle-rowband-size:0; mso-tstyle-colband-size:0; mso-style-noshow:yes; mso-style-parent:”"; mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt; mso-para-margin:0cm; mso-para-margin-bottom:.0001pt; mso-pagination:widow-orphan; font-size:10.0pt; font-family:”Times New Roman”; mso-fareast-font-family:”Times New Roman”;}
/* Style Definitions */ table.MsoNormalTable {mso-style-name:”Tabla normal”; mso-tstyle-rowband-size:0; mso-tstyle-colband-size:0; mso-style-noshow:yes; mso-style-parent:”"; mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt; mso-para-margin:0cm; mso-para-margin-bottom:.0001pt; mso-pagination:widow-orphan; font-size:10.0pt; font-family:”Times New Roman”; mso-fareast-font-family:”Times New Roman”;}

Itsua igo da metrora, Alvaladeko geltokian. Bastoi zuria baino lehenago ikusi diot aurpegiera, eta segituan atentzioa eman dit ez daukalako batere begirik, betazalek ez dutelako ezer estaltzen, ez bada hutsunea. Hemen, gurean, bizi balitz, seguru asko betaurreko beltzak jantziko lituzke, Kaxianok bezala, baina Lisboan ezinbestekoa zaio gabezia erakustea errukia sorrarazteko, eta niri, egia esan, zeharo erasan dit.
Lepotik zintzilik egurrezko kutxa beltz bat darama papar aldean, eskuineko eskuarekin astindu eta eskaintzen duena, eta txanpona sartzeko zuloa erakusten digu bidaiarioi, distantzia auskalo zeren bidez neurtuta, ez gertuegi, ez urrutiegi, tarte egokian; ez dakit nola, baina ederki sumatzen du non geratzen zaion jendea.
Bagoian aurrera dator, pasillotik, ezkerreko eskuaz bastoia aurrealdean arrastaka lurrean, bide-erakusle, eta hortzetan zerbait errepikatzen du behin eta berriz, beti hitz berberak, portugesez; agian izango da “Limosna bat eman itsu honi, arren”, edo “Errukitu nirekin eta eman zerbait, ostia!”, edo “Ikusiko duzue ni bezala geratzen bazarete…”. Neure pentsamenduetan nenbilela, ohartzerako alde egin dit bagoian aurrera, eta atera gabe poltsikoan geratu da eman-ez eman nenbilkien txanpona. Hurrengo geltokia “Areeiro” iragarri du emakume-ahotsak megafoniatik.
Konturatzerako, gure bizkarraldetik beste itsu bat etorri zaigu, joandakoaren bide beretik, kontrako norabidean, hau ere bastoi zuriarekin bidea eginez aurretik. Honek ere zerbait errepikatzen du, behin eta berriz, letania, eskaera, eta berdin astintzen du egurrezko kutxa. Baina ez dit hainbesteko zirrara eragin, igual hau itsua izan bai, baina begiak badituelako. Edo akaso ohitzen ariko naiz, Lisboara egokitzen eta honelakoak normaltzat hartzen.
Pentsatu dut gure bagoiaren lekuren batean elkarrekin gurutzatuko zirela bi itsuak, elkarren kontrako norabidean baitzihoazen, eta igual elkarri dirua ere eskatuko ziotela, elkarri zerbait esango ziotela, igual elkar ezagutuko dutela… Eta hortik aurrera, imajinazioa urrutirago joan zait. Imajinatu ditut biak metro handi honen barrunbeetan mugitzen egunero, bizimodua ateratzen, iluntasun eternalean berdin zaiela metroko linea berdea, urdina, horia edo gorria, geltoki batetik besterako joan-etorrian, bagoi batetik bestera mugitzen, egurrezko kutxak astintzen, ezer ere ikusi gabe, satorrak lurpean bezala.