Nola ezagutu euskaldunak Euskal Herritik kanpo

2010(e)ko Urriak 25

Hauxe atzoko Hitzan, “Bostekoa” atalean, argitaratutakoa:

Duela hilabete, hona gentozela, autoan, hitz egin genuen gai polita izan zitekeela: Euskal Herritik kanpo gaudenean, nola ezagutu ditzakegun euskaldunak, zeri erreparatu behar diogun bereziki.

Euskaldunak gehienetan autoz bidaiatzen du, eta autoaren arabera ezagutzeko, onena da kanpoaldeko edo atzealdeko kristaleko pegatinei erreparatzea, igual izango du-eta jarrita “Kontuz: haurrak!”, ardi latxa, basurde basatia, Seaska, Egunkaria, Nafarroako bandera, ikurrina… Edo besterik ezean, gureak bezala, edukiko du idatzita matrikulan Torregrosa Pamplona. Lehen bai, errazagoa zen matrikulagatik, orduko SS, BI, VI, NA, 64 (Ipar Euskal Herrikoetan)…, baina gaur egun beste detaile batzuei erreparatu behar zaie. Halaber, auto­‑modelo batzuk bereziki gustukoak dituzte euskaldunek; horrela, ibilgailua Volkswagen Transporterra baldin bada eta gidaria gaztea, euskalduna izateko arriskua.

Entzuten denaren arabera euskalduna ezagutzeko, badaukagu desabantaila handia erdaldunekiko: normalean askoz isilago eta diskretuago hitz egiten dugu, lotsatuta bezala, zein eta ez den bazkalostean edo txikiteoa egin ondoren; orduan bai, entzungo duzu ozen hizketan (ia oihuka) euskalduna. Gerta daiteke, ordea, euskalduna izan bai, baina ez egitea euskaraz, igual ez dakielako edo igual erdaraz egitea guaiagoa delako. Orduan, bereziki zaindu beharko ditugu jardunean erabiltzen dituen hitzak, zer leku­‑izen aipatzen dituen edo euskarazko hitz bereziak sartzen dituen tartean; adibidez: “Nuestra amatxu era de Indautxu”, edo “Me voy pa’itxia” (etxera doala, alegia), edo “Pídeles permiso a tus aítas”…

Arropei begiratuta, berriz,… Buf! Hori mundua! Asko hitz egin da (gehienetan ez famatzeko, gainera) gure mendizale-janzkeraz: jantzi polarra, goretex txamarra, ternua edo astore galtzak, trekkingeko oinetakoak… Kamiseta eta arropa erreibindikatiboak ere oso euskaldunak dira, mila borrokatakoak: presoak, Abiadura Handiko Trena, Jaizkibel edo Zumaia bizirik, Udalbiltza ASKE, Hitza… Horietaz gain, ordea, azkenaldian gero eta gehiago tokatu zait Athleticeko kamisetarekin ikustea jendea; marka da, gero: herrian bertan janztea lotsa ematen eta Saloun kendu ere ez bost egunean! Port Aventurak San Mameserako bidea zirudien!

Eta euskaldunaren ezaugarri fisikoei begiratuta? Zorionez, gero eta atzerago geratzen ari dira, ia ahaztuta, euskal arrazaren ustezko ezaugarriak, homo sapiensekin ia zuzenean lotzen gintuztenak: kokots handia, sudur irtena, belarri handiak, Rh negatiboa… Hori guztia, eta abizenak euskaldunak edukitzea. Ba al dago norbait, oraindik, zortzi abizenak euskaldunak dituenik? Horrexek merezi du elkarrizketa zabala Berrian eta galzorian dauden espezieak bezala babestea! Zorionez, gaur egun ez gara harritzen larru beltzeko batek Aitor izena duelako eta euskaraz hitz egiten digulako! Beraz, itxura fisikoarekin ezin gehiegi fidatu.

Hau irakurtzen duzunean, Salamancara bidean edo Topasko kartzelan egongo gara, osaba Patxi bisitatzera joanak, eta konfirmatuko dut, seguru asko, duela hilabete hona etorri ginenean ere pentsatu nuena; alegia, euskaldunak bereiztea badagoela autoarengatik, arroparengatik, hizkerarengatik… Baina kartzelako itxaron-gelan, hainbeste jende ezezagunaren artean, beste euskaldunak ezagutzeko, nahikoa da begietara so egitea; elkartasuna eta maitasuna ikusten dira euskaldunen begiradetan.


Nian

2010(e)ko Irailak 19

Hauxe 2010-09-19an argitaratua, Hitzaren “Bostekoa” atalean:

NIAN

Astegun buruzuria, gure herriko etxe batean, gaueko bederatziak aldera, afaltzen, sukaldeko mahaiaren bueltan.

AITA: Eta? Nahikoa jan al dek? Bete al haiz?

SEMEA: Ummm… Ez. Beste zerbait ere jango nian…

AMA: “Nian”? Zer da hori?

SEMEA: Beste zerbait ere jango…

AMA: Nikek bai, baina “nian”… Atentzioa ematen dit nola egiten duten hauek hika… Asmatu egiten dute. Nahi duten bezala egiten dute.

Aitak ere zerbait esan du, baina batez ere pentsatzen jarraitu du, hausnartzeko eta eztabaidarako gai polita izan daitekeelakoan.

Semearekin (13 urte) hika egiteko ohitura daukat. Ez dakit noiztik, orain dela pare bat urtetik edo, koskortu zenetik, baina hika egiten hasi nintzaion eta amua ederki irentsita, hika erantzuten dit gehienetan. Igual batzuentzat ez da izango egokiena, igual sakrilegio hutsa izango da semeak aitari errespetua zor diolako, baina, zer nahi duzue esatea, jolas polita iruditzen zait eta semea gertuago, hurbilago sumatzen dut hizketan. Alabari (11 urte) ere egiten hasi nintzaion, noka, baina hasten nintzen bakoitzean zapuztu egiten zitzaidan, eta eskatzen zidan horrela ez hitz egiteko, “normal” egiteko. Galdetu nion zergatik, eta erantzun zidan ez zitzaiolako gustatzen, ez zuela nahi horrela egiterik; iruditzen zait gustua baino gehiago izango zela ez jakitea, ulertu dena ulertzen baitzidan. Gaur egungo joera bada (norbaitek aztertuko ahal du zergatik!) mutilek elkarren artean errazago eta sarriago egitea hika neskek baino.

Gure aita-eta hiru anaia dira, eta elkarren artean toka egiten dute; ama-eta, berriz, hiru ahizpa, eta berdin, elkarren artean noka aritzen dira. Aitak eta amak, elkarren artean, zuka; seme-alaboi ere beti zuka egin izan digute eta anai-arrebon artean ere zuka egiten dugu. Ez daukat gogoan noiz, nola, norekin hasi nintzen hika egiten, baina gaur egun nire lagun gehienekin eta gizonezko askorekin egiten dut; emakumeekin, berriz, apenas. Eta hika egiten ikasteko ez nuen izan inolako ikastaro berezirik, libururik, irakaslerik. Seguru asko, hika egiten hasi nintzenean, nik ere sartuko nuen (eta sartzen dut) hanka barruraino, “nian” eta okerragoak asmatuko nituen (eta ditut); seguru asko, igual neskei toka egingo nien noka egin beharrean, norbaitek horretaz ohartarazi zidan arte; seguru asko, mendeko esaldietan oker erabiliko nuen hitanoa, eta oraindik tarteka ihes egiten didate “naukela”, “diatenean” eta antzekoek; seguru asko, artean gazte mukitsu nintzenean, hika egingo nien noizbait gizon edadetuei… Lehen ez bezala, ordea, gaur egun jakin badakit hikak eta hitanoak badauzkatela bete beharreko arau batzuk, eta ahalegintzen naiz horiek begiratzen.

Ezagutzen al duzue oinez zekiela jaiotako inor? Lehen urratsak inoiz ez dira errazak izaten ezertan. Oinez ikasteko, askotan erori eta makina bat zartako hartutakoa izango naiz, gehiago edo gutxiago zuek bezala, baina halako batean nik ere noizbait ikasiko nuen ibiltzen, noiz, norekin, nola akordatzen ez banaiz ere; trongolloak ere irtengo zitzaizkidan kopetan, molituak hanketan edo eskuetan, baina ez daukat orduko kolpe haien ez oroitzapenik, ezta arrastorik ere.

Gure herriko etxe horretan gertatutakoa gogoan, aita horren gogoeta berbera datorkit burura: zer dugu nahiago, egitea, gaizki baldin bada ere, edo gaizki egitekotan, nahiago batere ez egitea? Nik garbi daukat erantzuna. Aspaldi ikasi ni(n)an oinez, kostata.


Gidariak eta oinezkoak

2010(e)ko Uztailak 28

Hauxe joan den igandean, Hitzan, “Bostekoa” atalean argitaratutakoa:


st1\:*{behavior:url(#ieooui) }

/* Style Definitions */ table.MsoNormalTable {mso-style-name:”Taula normala”; mso-tstyle-rowband-size:0; mso-tstyle-colband-size:0; mso-style-noshow:yes; mso-style-parent:”"; mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt; mso-para-margin:0cm; mso-para-margin-bottom:.0001pt; mso-pagination:widow-orphan; font-size:10.0pt; font-family:”Times New Roman”; mso-ansi-language:#0400; mso-fareast-language:#0400; mso-bidi-language:#0400;}

Gidariak eta oinezkoak

Gaur bukatuko zaigu Frantziako Tourra, eta beste askok bezala, aste honetan ordu batzuk pasatu ditut telebistaren aurrean, Pirinioetako etapetan ikusten txirrindulariek nola egiten duten aldapan gora bihurrika eta jaitsi, berriz, abailan. Ederra gozatua! Baina urtea joan eta urtea etorri, bereziki atentzioa ematen dit nola ez den gertatzen aparteko istripurik mendiko etapa horietan, hainbeste jende errepide bazterretan txirrindularien gain-gainean, eta errepidean, pasillo estuan, autoak eta motorrak bata bestearen atzetik gora. Txirrindularien izerdiari begira etxeko silloia goxatzen, lehengoan gertatu zitzaidana etorri zait gogora.

Goraka hazteari aspaldi utzi genion eta orain alboka baino ez gara hazten, gerri bueltan, eta gerrikoa harri jasotzaileen faja ez bihurtzeko, tarteka saltaka egitera joaten naiz, gehien-gehienetan Getaria aldera, Kostako errepidean. Bereziki gozagarria da inguru hori bista itsasoan galdu eta barne pentsamenduetan murgiltzeko; gorputza nekatu egiten da, bai, baina gehienetan burua zeharo biziberritzen da, egunekoez eta egitekoez hausnartzeko balio duelako kirol saioak. Hala nentorren, saltaka neure pentsamenduetan, duela egun batzuk, goizeko zortziak aldera, eta Getaria goialdean buelta emanda Elkano jatetxearen ondotik behera, Gaztetape hondartzaren albotik, bide bazterretik petrilari pega-pega eginda, sumatu nuen atzealdean ibilgailu handi bat frenatzen, indartsu eta lehor; hura entzunda, are gehiago baztertu nintzen, eta gure eskualdeko enpresa bateko autobusa parean jarri zitzaidanean, kristoren bozina hotsa jo zidan txofer aluak! Salto egin nuen sustoarekin, eta gidariari begiratuta, han ikusi nuen oihuka, eskuak altxata, kexaka, martxa mantsotu egin behar izan zuelako niregatik. Aitortu behar dut: neuk ere goxo eta xamur erantzun nion, baita erdiko hatza zeinen luzea daukadan erakutsi ere, eta Zumaiarako buelta guztian marmarrean eta pentsatzen etorri nintzen, amorrarazita; lehenengo, pentsatu nuen gidari baimena ateratzeko makina bat ordu sartu behar direla autoeskolan, teoria ikasten eta praktikak egiten, baina txofer ona izateko ez dela nahikoa seinale guztiak ezagutzea, edo erreflexu onak izatea, edo abiadura ondo neurtzea, edo bihurguneetara nola sartu behar den ondo kalkulatzen jakitea…, horiek bezain garrantzitsua da besteekiko gizatasunez jokatzen jakitea, eta are gehiago beste horrek ez baldin badauka autobusek, kamioiek eta autoek dauzkaten paratxokerik edo babesik. Gustura geratuko zen gizona, errepideko nagusi, tramankulutzar hura gidatzen jakin bai, baina errespetuaz ezer ere ez dakien gizagaixoa. Gero, pentsatu nuen igual ez dela inoiz ere jaitsiko autobusetik, eserlekuan pegatuta biziko dela, agian ez dela inoiz izango oinezko, eta ez dela inoiz joango bide bazterretik ni bezala, edo ez duela zeharkatuko zebrabiderik.

Ezagutzen dut Zumaian emakume bat inoiz ez dudana ikusi autorik gabe, inoiz ez dudana ikusi oinez bere autotik 15 metro baino urrunago, eta horrelaxe imajinatzen nuen autobuseko txoferra ere… Oraintxe-oraintxe arte. Izan ere, telebista pantailan, txirrindulariak aldapan gora Tourmaleten, iruditu zait nire ditxosozko txoferra ikustea saltaka, ikurrina astintzen eskuan, errepide erdira irtenda txirrindulari baten aldamenean. Begiak igurtzi ditut, ea egia den ziurtatzeko, eta orduantxe atzetik zetorkion autokoak bozina jo dio, ozen eta zaratatsu. Marmarrean eta amorrarazita sumatu dut, autoko gidari alu horrek beldurtu eta ia-ia harrapatu egin duelako.


Zumaiatik Debarako harraldean

2010(e)ko Uztailak 14

 1_sarrera_carballo_algorriko-puntatik-zumaia-060508-002.jpg

Pyrenaicaren azken zenbakian (239.a), artikulua argitaratu dugu Xabier anaiak eta biok, “Zumaiatik Debarako harraldean” izena duena. Zumaiatik Debara harraldetik, haitzen gainetik, oinez joateko proposamena da, eta beste zenbait kontu ere azaltzen ditugu: olagarro-arrantza, Algorri eta babes-izendapenak, flyscha eta bestelako izenak, “Algorri, harri gorrizko liburu” bertsoak…

Eskerrik asko Javier Carballori argazkiengatik

86-89-flysch-2.pdf


Handitzen, handitzen

2010(e)ko Ekainak 21

Hauxe Hitzaren “Bostekoa” atalean argitaratutakoa:

Konturatu naiz aspaldian obsesionatuta nabilela txikitasunarekin eta handitasunarekin, gauzen tamainarekin, zer den handia eta zer txikia, eta, batez ere, konturatu naiz gauza handiak baino askoz ere nahiago ditudala itxuraz txikiak diren horiek. Gauza txikiek barrena samurtzen didate, bihotzean atximurkada egiten, begiak eta begirada goxatzen.

Adibidez, azkenaldian izugarri larritzen nau gure ondasun txikien galerak. Zumaian baditugu gauza handi eta ikusgarriak, zumaiarrok harro erakusten ditugunak: parrokia eta ermita ospetsuak, etxe eta palazio ederrak, museo bikainak… Horiek guztiak erraz ikusten eta hartzen ditugu aintzat, badakigu zer diren eta zer garrantzi daukaten, gehienak babestuta daude, eta egun batetik bestera desagertzeko arriskurik ere ez dago. Badira, ordea, beste hainbat ondasun txiki, lehen begiratuan hain erraz ikusten ez ditugunak, eta albotik pasatzean baloratzen ez ditugunak; besteak beste, ondasun txiki horietatik, burura datorkit Moilaberriko trenbidea, zamalanetako garabia ibili zela akordarazten digun arrastoa, gure portuaren garai oparoak gogoan; edo Karakas inguruko ur-deposituak, Sanjuaniturri urez hornitzekoak; edo Mojaxarren komentuko paretan dauden burdinazko uztaiak, astoak lotzekoak; edo Estalapeko barometroa, telebistako eguraldi-iragarleak baino fidagarriagoa; edo desagertzen ari diren lehoi iturriak, azkena Beheko plazakoa… Gauza txikiak eta itxuraz ezdeusak, objektu zaharrak eta gehienak ustez ezertarako balio ez dutenak, baina maitagarriak. Horietakoren bat desagertuz gero, inork gutxik sumatuko luke falta, eta, tamalez, etengabe desagertzen ari dira, modernitatearen, berrikuntzaren, aurrerapenaren edo dena delakoaren izenean.

Aurrerapenak eta modernitateak asko aldarazi dute Zumaia azken urteotan. Oraindik ere gogoan dauzkat basadiak, Poligono eta Estazio-Basusta ingurua etxerik edo industrialderik gabe, Zumaiaren herrigunea Zubitxikian amaitzen zen garai hura. Azken 30-40 urteotan, izugarri zabaldu da herrigunea, hazi egin da, eta jakin berri dut datozen urteotan are gehiago handituko dela, etxebizitzekin; hurrengo urteotan, Zumaian ia zortziehun etxebizitza berri egingo omen dituzte, hainbat urbanizaziotan: Torreagan, Puntanoetan, Ortizen, Artadin, Ardantzabiden… Orain krisiaren ondorioz dena geldirik dago, baina pasatakoan… Ez da erraza imajinatzea 800 etxebizitza gehiagoko Zumaia, ezta? Hain zuzen ere, orain dela gutxi aztertu dute zumaiarron etxebizitza-eskaria, eta txostenak hauxe dio: 191 zumaiarrek daukatela etxebizitza aldatzeko premia; lehen etxebizitza eskuratzeko premia, berriz, beste 283 zumaiarrek daukate. Beraz, biak batuta, 474 etxebizitza beharko lirateke eskaria asetzeko, baina egin nahi diren 800 arte, hirurehuneko aldea dago! Eta horri gehitu, gainera, Zumaiako etxebizitza hutsak, 2009ko azterketa baten arabera, 253 bai, gutxienez. Beraz, eta batuketa eginda, ia bostehun etxebizitzaren premia eta milatik gorako eskaintza. Norentzat dira hainbeste etxebizitza?

Eskualdean bertan, badaukagu adibide nahiko nabarmena herri-urbanizazioan eta etxegintzan nola hazi eta handitu behar ez den herria, eta nik, behintzat, ez dut nahi horrelako Zumaiarik. Nolako Zumaia nahi dugu, handia edo txikia? Norentzako Zumaia nahi dugu? Gizakiok ezinbestean hazi eta zahartu egiten gara, erremediorik gabe, baina gure herria zenbat eta nola haziko den gure esku egon beharko luke, eta hausnartu ondoren erabaki, eta ez batzuen negozio nahiaren arabera jokatu. Hazi nahi al dugu, handitu?

Txikia izanik asko maite zaitut, nik. 


Venid, llegad, venid

2010(e)ko Maiatzak 19

Hauxe joan den igandean Hitzako “Bostekoa”-n argitaratutakoa:

Abesti baten hitzak eta doinua dabilzkit etengabe buruan, hau idazten ari naizenean. Batez ere jende helduak abesten du Zumaian, erdaraz, eta garai bateko Zumaia deskribatzeaz gain, gonbidapen garbia egiten die kanpotarrei, etor daitezen: “Venid, llegad, venid”, eta abestiaren amaieran, aitortza: “que la villa de Zumaia es un pequeño San Sebastian”, Zumaiak haren inbidia izango balu bezala. Ja! Etorri, lasai, etorri Zumaiara…

Abestiarekin, uda eta beraneanteak ere badatozkit gogora, batez ere 60-70eko hamarkadetan nola etortzen ziren gurera eibartarrak uda pasatzera. Gizonetako asko txikitero latzak ziren, alaiak eta umorekoak, eta ikustekoa zen herriari ematen zioten distira; batzuei “fluoreszenteak” ere deitzen zieten, argi asko eman bai, baina oso gutxi kontsumitzen zutelako.

Eibartarren garai oparo hura amaituta, orain beste era bateko bisitariak datozkigu etengabe: azpeitiarrak udan, Urolako autobusak lehertu beharrean; ibiltariak, Santiagoko bidean; gure naturgune paregabera, Itzurun eta Algorrira… Azkenaldian, bestalde, asko dira ezkon-agurraren aitzakian asteburuetan datozkigun lagun-koadrilak, mozorrotuta; nonbait, norberaren herrian lotsagarri geratzen dena onargarriagoa da Zumaian. Guztiei ere, guk, beti, “Venid, llegad, venid”, ongi etorri Zumaiara.

Badirudi, gainera, etorkizunean bisitari gehiago etorriko zaigula. Duela egun batzuk, agintariak eta zientzialariak izan ditugu bisitan, urre(kolore)zko iltze batzuk sartzen Itzurungo ditxosozko flyschean, eta iltze horien distirak are ezagunagoa egingo omen du gure herria mundu mundialean. Egun horretako argazkiei begira, atentzioa eman zidan politikari eta zientzialariak ikusi nituelako okasiorako propio egindako harrizko maila edo arrapala baten gainean, eta pentsatu nuen: “Ingurua babestu, biotopoan debekuak ezarri, inguruarekiko begirunez jokatzeko gomendatu… eta hara, gero, hauek zer jarri duten, harrian gora ez direlako iristen!”. Jakin-minak bultzatuta, lehengo jaian han joan nintzen begiratzera ea harrizko maila horiek han zeuden, eta ikusi nuen ezetz, zorionez kendu zituztela. Horren haritik, lehengoan eztabaida entzun nuen harategian: Algorrigainerako bidexkan begetazioa asko hazi omen da, eta zenbat jende dabilen ikusita, batek zioen komeni dela landareak moztea; beste batek, berriz, ezetz, bere horretan utzi behar zirela; nik pentsatu nuen oraindik igual norbaitek eskatuko duela hartxintxarra botatzeko lurrean, euriarekin lokazten delako; edo ertzean sokak jartzeko, itsaslabarreko amildegia arriskutsua delako. Gurea erakusteko prest gaude, konforme; baina zenbateraino aldatu nahi edo behar dugu maite dugun hori? Etorri, lasai, etorri Zumaiara.

Aurreko batean, lagun batekin hitzaspertuan, Zumaiaz eta gure etorkizuneko proiektuez ari ginela, konturatu ginen biok asmo berbera geneukala buruan: Zumaiako “beste” txokoen liburua idaztea, hau da, gurean ditugun bazter ezezagun xarmagarriena, turismoko ohiko katalogo-orrietan azaltzen ez direnena eta zumaiar askok ere ezagutzen ez dituztenena. Zumaiara datozkigun bisitariak eta elkarrizketa hura gogoan, Algorriz akordatu naiz; garai batean bakardadea eta lasaitasuna besterik ez zenuen aurkituko han; joan zaitez orain, batez ere asteburuan… Oraingoz, behintzat, txoko sekretuek halaxe jarraituko dute, guretzat gordeta eta ezkutuan, baina etorri, lasai, etorri Zumaiara.

Eta Hitzakoei eskatu diet argazki bat, urrezko iltzea sartzeko ekitaldikoa, han oso ondo ikusten da-eta harri-maila. Hauxe:

urrezko_iltzea_flysch-ean.jpg


Egunekoak eta gauekoak

2010(e)ko Apirilak 19

Hauxe igandeko Hitzan argitaratutakoa:

Bada atsotitz bat bereziki gustatzen zaidana, askotan erabiltzen dudana: “Gaueko lana, eguneko lotsa”. Alegia, gauean, argi gutxirekin eta presaka egiten dena, behar ez bezala egindakoa, lotsagarria izan daitekeela hurrengo goizean, egunaren argitan beste begi batzuekin ikusten direlako gauzak.

Bistan da, ordea, atsotitz horrek indar handiagoa zeukala lehen gaur egun baino, argindarrik eta bonbillarik ez zegoen garairako egokiagoa zela. Izan ere, gaur egun lanerako ez dugu behar hainbesteko egun-argirik eta eguzkia baino indar handiagoko argi edo fokuak dauzkagu. Lehen bazirudien ondo bereizten zutela noiz egin behar zen gauza bakoitza, noiz lan (egunez) eta noiz deskantsatu (gauez); kontrabandoari, gaur egun ere, “gaueko lana” esaten diote Iparra eta Hegoa bereizten dituen sasimuga aldean.

Lehen, elkarren aurkakoak ere baziren eguna eta gaua, kontrajarriak eta osagarriak: argitasuna eta iluntasuna, ikusmena eta entzumena…; gaur egun, berriz, batzuetan zaila da desberdintzea noiz bukatzen den bata eta noiz hasten den bestea, eta are nekezagoa batzuetan ahalegintzen garelako eguna edo gaua ahalik eta gehien atzerarazten, eta, gainera, batzuetan sinetsi ere egiten dugu horretarako gai garela. Alferrik, ordea.

Horretaz guztiaz hausnartzen jardun dut santelmotan gaudelako Zumaian. Munduak biraka jarraitzen badu eta larunbataren atzetik igandea etorri baldin bada, errepetizioetako azkenaurreko parranda-gaua izango zen atzokoa. Batzuek atzoko eguna aprobetxatu eta aparteko ahalegina egingo genuen arratsaldeko orduak iraunarazteko, gauari berez dagokion lekua kentzen, etxera joan aurretik; beste batzuk, berriz, bereziki saiatuko ziren gaua ahalik eta gehien luzatzen, parrandan. Imajinatzen ditut azken horietako batzuk: gaztetxoak, adin-tarte zail horretakoak, tabernetan ibiltzeko gazteegiak, baina ohera joateko helduegiak, gurasoek ezarri dieten ordua atzeratu nahian; edo beste gazte batzuk, lehen gaupasa egin nahian, egun-argia nahi baino gehiago berandutu zaienak, aho-zabalka; beste asko eta asko denboraren zentzua galdu eta pilotu automatikoa jarrita tabernaz taberna, ia zertara irten diren ere ahaztuta; beste batzuk egin nahi duten guztia gau bakarrean egin ezin eta eguerdian oraindik Erriberan ikusiko ditugunak; beste batzuk Kofradiako plazan, dantzan jo ta fuego… Horiekin batera, imajinatzen dut gaur goizean goiz, nahikoa lo eginda, egunkaria eta ogia erostera etxe azpiko okindegira jaitsi dena; atzoko gehiegizkoak erretzeko, saltaka egitera doana Getaria aldera… Bitxia da, baita ere, nola elkartzen diren gauekoak eta egunekoak leku batzuetan, hain zuzen ere gaueko tabernak itxi ahala zabaltzen dituzten beste toki horietan, oso jende desberdina izaten baita: batetik, eguna hastera doazenak, gosaltzeko asmotan; bestetik, gaua iraunarazi edo luzatu nahi dutenak. Zeinen desberdinak garen: bagaude pertsonak eguzkiarekin batera jaikitzen eta abailtzen garenak; beste batzuk, berriz, iluntzean piztu egiten dira, izarrak bezala.

Errepetizioetako azkenaurreko parranda-gauean, kaleetan, eta batez ere Erribera eta Amaiako plazako inguruetan, hor egongo dira gaueko arrastoak: plastiko, kristal, edalontzi… Akordatu naiz hasierako atsotitzarekin: “Gaueko lana, eguneko lotsa”, eta pentsatu dut agian ez duela gaurkotasunik galdu, egunaren argiarekin, oraindik ere, beste begi batzuekin ikusten direlako gauzak.


Betaurrekoak

2010(e)ko Martxoak 1

Hauxe atzo Hitzan ateratakoa, “Bostekoa” atalean:


/* Style Definitions */ table.MsoNormalTable {mso-style-name:”Tabla normal”; mso-tstyle-rowband-size:0; mso-tstyle-colband-size:0; mso-style-noshow:yes; mso-style-parent:”"; mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt; mso-para-margin:0cm; mso-para-margin-bottom:.0001pt; mso-pagination:widow-orphan; font-size:10.0pt; font-family:”Times New Roman”; mso-fareast-font-family:”Times New Roman”;}

Laneko ariketa bat egiteko, lehengoan nire bizitza 10 argazkiren bidez laburbildu behar izan nuen, besteei azaltzeko. Ez da erraza, gero! Hasteko, konturatzen zara desoreka handia dagoela argazki-kopuruan: txiki-txikitako asko daude (eskerrik asko, ama!) eta azkenaldiko oso gutxi, ditxosozko digitalizazioa dela medio. Baina ariketa zaila da, batez ere, gure bizitzako mugarriak zein izan diren erabaki behar dugulako, zer izan den garrantzitsua eta zer azalekoa, zerk bete gaituen eta zerk hustu, zerekin gauden harro eta zerekin lotsatzen garen, zer erakutsi nahi dugun eta zer ezkutatu nahiko genukeen.

Argazkiak aukeratzean, beste gauza batek ere eman zidan atentzioa: argazkien bidez ez ezik, betaurrekoen bidez ere ederki neukala errepasatzea nire bizitza; konturatu nintzen nolako betaurrekoak, halako fasea edo aldia izan zela. 6 urterekin jantzi zizkidaten betaurrekoak, hipermetropiagatik, eta 45 betetzeko bidean gauden honetan, makina bat bisita egina naiz Donostiako General Ópticara lehen, Zumaiako optikara azkenaldian. Gainera, argazkien bila ibili naizenean, gordeta neuzkan betaurreko batzuk aurkitu ditut (mesedez, ez galdetu zertarako gorde nituen).

Txikitan, gogoan dut betaurrekoak jartzea ez zela oso gertaera pozgarria izan niretzat. Oraindik gogoan daukat cuatroojosenbicicleta deitzen zidatela, eta horrek zenbat amorrarazten ninduen (ia-ia Imanol caracol, saca los cuernos y vete al sol hark adina); betaurreko txikiak ziren, amona Benturak zeuzkan haien antzekoak; handik gutxira, gainera, begi bat alferra neukala eta, txaplata jarri zidaten ezkerreko begian (onean), eta ezetz asmatu zein zen pirata? Gero, garai bateko plastiko-pastazko lodi koadratu handi batzuk izan nituen, itsusi amorratuak baina modakoak, eta haiekin ageri naiz 10 urterekin, pilotari-jantzitan, adibidez. Haien atzetik, nerabezaroan, metaliko batzuk izan nituen, zilar­‑kolorekoak, modernoagoak (eskerrak!), eta noiz puskatu zitzaizkidan ere akordatzen naiz: Hertzainak eta Cicatriz taldeek kontzertua eman zuten Egurkoren atzealdean, eta han, aurrealdean nenbilela, lurrera erori zitzaizkidan, eta kontzertuaren ondoren aurkitu nituen, txikituta eta kristalik gabe. Haien ondoren, biribil batzuk izan nituen, Harold Lloydenak bezalakoak, eta ezetz asmatu nola deitzen zidaten lagunek? Soldaduskako argazkietan betaurreko haiek jantzita ageri naiz. Handik bueltan, aurrekoak puskatu aurretik, izan nituen beste berezi batzuk, azpialdetik pita zeukatenak, markorik gabe, eta ondorenean biribil batzuk ere bai, eta akordatzen naiz nola puskatu ziren ere: ohitura txarra neukan edozein lekutan uztekoa, sofaren gainean, adibidez, eta Manex semea jaio zenean, familiak ohiko erromesaldia egin zuenean, osaba Alberto betaurreko haien gainean eseri zen.

Lentillekin ere ibili nintzen bolada batean, ohitu ere egin nintzen haiek eskatzen zuten eguneroko diziplinara, baina ez zen batere erosoa ordenagailu aurrean lan egiteko, ezin ohitu, eta atzera betaurrekoetara bueltatu nintzen. Harrezkero, beste hiru pare ere izan ditut, guztiak ere nahikoa antzekoak eta klasikoak, aldaketa handirik gabe. Izan ere, irudipena daukat betaurrekoak aldatzen ditugunean aro berri bat hasi nahi dugula, baina aurrekoari uko egin gabe, nabarmenegia izan gabe.

Ordenagailu aurrean, betaurrekoak erantzi eta begiak igurtzi ditut. Ondoko argazkiei begiratu diet; gero eta okerrago ikusten dut. Bada garaia betaurreko berriak erosteko.


Gaur zortzi

2010(e)ko Urtarrilak 24

Hauxe Hitzaren Bostekoa atalean argitaratutakoa:

Gaur zortzi 

Gaur zortzi gozatu ederra hartu nuen. Igande goiza, eguraldia lainotsu baina ateri, itsasbehera 11:44an…, dena zen egokia aspaldiko asmo bat betetzeko: Zumaiatik Debara oinez joatea, baina harraldetik, haitzetatik.

Lehendik ere askotan ibilia naiz inguru horretan, batez ere gazte(ago)tan, baina aspaldian joan gabe, beste begi batzuekin ikusi nuen dena. Ez nien askorik begiratu haitzetako putzuei eta han egon zitezkeen olagarro, andarika edo txoazkinei, eta gehiago erreparatu nion lehorraldeari: mendia erorita dago paraje askotan, itsasoaren, euriaren eta haizearen eraginez; bezperan euria eginda, errekak urez saltari zetozen (Andikaraerrekak Niagara zirudien!); zabor koloretsu ikusgarria ari da pilatzen Pikoteazpia inguruan (aurten ere garbitu beharko dute!); Palankamugarrin, Zumaia eta Itziar-Debaren arteko mugan, norbaitek ohol bat zutik jarrita dauka lehen burdinazko palanka (mugarria) zegoen lekuan… Ibilaldian, begiak ederki bete zitzaizkidan.

Haitzez haitz saltoka (susto pare bat ere bai, tartean, labainduta), harritu egin nintzen oso jende gutxi zebilelako. Itsasoa zegoen eta ekarraldi handiak zituen, baina denera dozena pasatxo lagun baino ez nituen ikusi ibilaldian zehar, eta haitzean, harrapaketan, bi lagun besterik ez, lapetan. Pentsatu nuen igual hasi zela biotopoko debekualdia. Gabonetan, gainera, jakin genuen Estatuak biotopo izendapenaren aurka egin duela, eskumen­‑arazoak direla medio, eta seguru asko baten batzuk poztuko ziren, itsasbeheratan zakua nahi bezala betetzen jarraituko duten esperantzan. Eztabaida handia izan dugu eta daukagu herrian, batzuk babestearen edo arautzearen alde, beste batzuk kontra. Baina guztiok bat etorriko gara inguru hau zaindu, babestu eta iraunarazi egin behar dugula, ezta? Guk nahi edo ez, gure harraldea gero eta ezagunagoa da, gero eta jende gehiago dabil atzera­‑aurrera eta are gehiago etorriko da etorkizunean. Etorrera horrek baditu bere arriskuak, eta horiexek nahi ditu saihestu, besteak beste, biotopo izendapenak. Biotopoa aipatu dudanez, beste “izendapen” batzuk ere aipatu nahiko nituzke: zeinen erraz ikasten eta geureganatzen ditugun hitz berriak (biotopo, flysch, geoparke, marearteko zabalgunea…) eta zeinen erraz ahazten eta baztertzen ditugun betikoak (harraldea, haitza, brankada, jaiskunea…).

Ibilaldiaren helburu Deba nuen, baina baneukan beste asmo bat ere: Aitzuritik aurrera dauden galtzada harrien harrobiak ikusi nahi nituen, Arronamendi ingurukoak. Azkenaldian, istorio politak entzun eta irakurri ditut horien gainean: nola ateratzen zuten harria han zeuden sei harrobietatik; nola eramaten zuten itsasoz gabarretan, Debara edo Zumaiara, edo Kostaldeko trenean… Harrobi horien edo gabarlekuen arrastoak ikusi nahi nituen, baina ez nintzen iritsi. Aitzuri parean, putzuzulo handi batek gelditzeko agindu eta bi aukera eman zizkidan: bustita pasa igerian edo atzera egin, buelta eman. Gogo txarrez, bigarrena aukeratu nuen, oraindik hotza dago­‑eta ura. Horrela, Mendatatik gora eginda, lehengo trenbidera irten nintzen, eta Aitzuri azpitik tuneletik pasata, beste aldean, han ikusi nuen harralderako bidezidorra, aldapan behera. Baina nagikeriak harrapatu ninduen: hain da laua eta erosoa Debako araztegira bitarteko bidea… Gero, handik, Debara, mokadua jan eta trenez buelta.

Hurrena, ikusi nahi dudana aseguratze aldera, igual Debatik Zumaiara egin beharko dut ibilaldia. Gaur zortzi, igandea, 11:12an da itsasbehera. Ateri egonez gero, animatzen al da norbait?


Ahotsen iturri aberatsa

2009(e)ko Abenduak 13

Hauxe atzoko Hitzan azaldutakoa, “Bostekoa” atalean:


/* Style Definitions */ table.MsoNormalTable {mso-style-name:”Taula normala”; mso-tstyle-rowband-size:0; mso-tstyle-colband-size:0; mso-style-noshow:yes; mso-style-parent:”"; mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt; mso-para-margin:0cm; mso-para-margin-bottom:.0001pt; mso-pagination:widow-orphan; font-size:10.0pt; font-family:”Times New Roman”; mso-ansi-language:#0400; mso-fareast-language:#0400; mso-bidi-language:#0400;}

Abendua bada gehiegikerien hilabetea, hainbat alderditatik begiratuta: jan­‑edana, gastuak… Gehiegikeriaren traza hartzen diot, baita ere, euskara eta euskal kulturaren aldetik izaten den loraldiari: abenduaren 3an, Euskararen Eguna; egun batzuk geroago, Durangoko Azoka, erromesaldirako Meka berria; aurtengoan, gainera, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala gaur bertan… Horiez gain, beste berri bat ere izan dugu abenduan, igual hainbesteko oihartzuna izan ez duena, baina horri heldu nahiko nioke gaurkoan.

Abenduaren 1ean “Zumaiako ahotsak” proiektua aurkeztu zuten Zumaiako Udaletxean. Poza hartu nuen pleno aretoa beteta ikustean. Hitz egin zuten hitz egin behar zutenek eta bideo labur bat ikusi genuen, Zumaiako euskara zenbateko ondarea dugun azpimarratzen zuena, proiektuan esku hartu dutenen irudiekin eta hitzekin. Gero, hain zuzen, omenalditxoa jaso zuten elkarrizketatuek; banan­‑banan, izena esan eta alkatearen edo zinegotziaren eskutik oparia jaso zuten; une hunkigarria izan zen; niri, ordea, han zeuden gizon­‑emakumeek adinako atentzioa eman zidaten falta zirenek, oso denbora gutxian ahots horietako batzuk fisikoki isildu egin zaizkigulako, baina grabazioei esker oraindik gure artean dauzkagulako hizketan. Bizitza aurrera doa eta galtzen ari dira ahotsak; zorionez, ordea, zumaiar horien testigantza grabatuta eta jasota geratu da.

30 zumaiar ustez arrunt, baina aldi berean berezi ere bai, ez daudelako bi kontakizun berdin; guztiak ere herritar normalak, batzuk senideak, beste batzuk lagunak edo gehien-gehienak ezagunak, bideo batean hizketan, protagonista, herriko hizkerari eutsi diotelako eta zer kontatua badutelako. Bideoari begira, galdetu diot neure buruari ea behar bezala baloratzen dugun etxean bertan daukaguna, gure helduen ahotsa; hau da, askotan urrutikoa hartzen dugula aintzat eta ez diogula garrantzirik ematen bertakoari. Nork ez dauka guraso, senide, lagun, ezagun bat, herriko hizkeran hitz egiten duena, hitz egiteko deseatzen, gainera? Herriko hizkera bizia eta berezia, bere hitzekin, intonazioarekin, ahoskerarekin, doinuarekin, espresioekin…, gure egunerokorako erabili beharko genukeena. Udalak hasi du gure hizkerari prestigioa emateko bidea, eta ea urtez urte gero eta gehiago diren elkarrizketatuak.

Jasota geratu da nola hitz egiten duten zumaiarrek, baina proiektuari are etekin handiagoa ateratzea badago eta atera behar zaiola uste dut: zumaiarrek nola hitz egiten duten ez ezik, zer kontatzen duten ere hartu beharko genuke aintzat; hau da, kontakizunaren mamiari begiratu, eta behar bezala baloratu orain dela 50-60-70 urteko lanak, gertaerak, sineskeriak, pasadizoak, ohiturak, kantuak, jolasak, ipuinak, errezetak… Horri dagokionez, ahalegin txalogarri batzuk egin dira dagoeneko (adibidez, Baleikek ateratako Abelin Linazisororen “Gure zumai zarra”), baina bada ordua proiektu handiagoa diseinatzeko eta martxan jartzeko: Zumaiako Herri Entziklopedia, edo herritar arrunten jakintza jasoko duen egitasmo zabala. Alegia, hitza eman behar diegu gure helduei, zer kontatu nahi diguten entzun eta esaten diguten hori guztia behar bezala jaso eta sailkatu, iraunarazteko eta ezagutarazteko.

Topikoa izango da, mila aldiz entzundakoa, baina esan beharra daukat: globalizazio garaian, urrutikoa hurre(egi) daukagun honetan, garrantzi berezia izan behar du herrigintzak: lehenengo, ondo jakin nondik gatozen; eta horretan oinarrituta, zer garen finkatu, nora joan nahi dugun erabakitzeko.