Babesteko: 1) Karakas inguruko etxetxo edo arketak

2011(e)ko Azaroak 3

/* Style Definitions */ table.MsoNormalTable {mso-style-name:”Tabla normal”; mso-tstyle-rowband-size:0; mso-tstyle-colband-size:0; mso-style-noshow:yes; mso-style-parent:”"; mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt; mso-para-margin:0cm; mso-para-margin-bottom:.0001pt; mso-pagination:widow-orphan; font-size:10.0pt; font-family:”Times New Roman”; mso-fareast-font-family:”Times New Roman”;} Askotan aritu naiz hemen gure ondasunak, batez ere txikiak eta galtzeko errazak direnak, ezagutu, zerrendatu eta babestu beharraz. Oraingoan, ordea, sermoia botatzeaz gain, beste pauso bat ematea pentsatu dut: pixkanaka, nire ustez Zumaian babestu beharreko gauza txiki eta arriskuan daudenak hemen zerrendatzea edo ezagutaraztea.

Erdizka egindako lana da, ordea, amaitu gabea. Zuen laguntzarekin, bakoitzak dakigun apur hori gehituta, osatzea eta aberastea espero dut.

1) Karakas inguruko etxetxo edo arketak

1_etxetxoa_1.jpg

Gaur egun ohituta gaude etxean iturria zabaldu eta ura beti irtetera, nahi adina. Baina duela ez hainbeste ez zen horrela. Urik ez zegoen etxean, eta kaleko edo baserri inguruetako iturrietatik eramaten zen; gero, etxeetara ura eramaten hasi zirenean, ez zen nahi adina izaten, batzuetan -batez ere udan- lehortea zelako, beste batzuetan behar baino zikinago zetorrelako, beste batzuetan garbiegi (kloro-gustu handiegiarekin) …; nik neuk gogoan daukat nola txikitan, uda partean, eguerdian askotan joaten ginela Ardantza aldera, hango iturrian tuntuxa eta marmita bete eta buelta etxera.

Duela ia 700 urte Zumaia sortu zenean, iturriren baten inguruan elkartuko ziren lehen zumaiar haiek. Gure herria handitu ahala, ordea, ez zen nahikoa izango berez herrigunean zeuden iturriekin, edo tarteka agortu egingo ziren, edo ez zen denentzat iritsiko edo auskalo. Kontua da herrigune kanpoko iturrietatik ekartzen zutela ura Zumaiara. Horretarako, lehenengo pausoa zen iturri egokiak aurkitzea mendian edo erreka-zuloetan eta begiratzea jario jarraitua zuten urte guztian edo noizbait lehortzen ziren; gero, ura analizatu kalitatea neurtzeko; gero, ura herrigunera nola ekarri pentsatu…

Zumaiara ura ekartzeko, garrantzi berezia izan zuten bi inguruk: batetik, Santiago-Karakas inguruak, Sillao eta Orrolloaga mendien magalean; bestetik, Oikia-Garate aldean, Azu baserriaren inguruko errekek: Azuerreka, Erdoitzaerreka… XIX. mendearen amaieran, inguru horietatik hasi ziren ekartzen ura Zumaiara, eta behar bezalako azpiegiturak eraiki behar izan zituzten horretarako: hartuneak, biltegiak, hodiak, ur-ponpak… XIX. mendearen amaieran, Zumaiako iturri nagusietako bat Sanjuaniturri zen, eta harako ura Karakas aldetik ekartzen zuten.  XX. mendean zehar ere inguru horietatik ekartzen zuten ura, eta horren gaineko adibide asko daude; hau adibidez, gaur egun Talaimendin ez dagoen etxe baterako (Plasenciako kondearena) eskaera: “D. José Agustín Arbillaga (…) solicita agua potable necesaria para los dos pisos del chalet recientemente construído en Atalaya-mendi, con destino al servicio indicado en el 1er grupo del Reglamento y procedente de los manantiales de ‘Erdoitza’ y ‘Azua-erreca’” (1910); edo beste hau, Zuloagaren eskaera, 1912koa: “Instancia suscripta por D. Ignacio Zuloaga, propietario de los terrenos arenales de Santiago, por la que solicita agua para beber y usos delicados del primitivo manantial de Caracas que viene a la Plazuela de San Juan y de Orrolloaga para los lavaderos, fregaderos, escusados, riegos y otros usos para el chalete que intenta construir en los referidos terrenos de Santiago”; azken adibidea, Hotel Amayarena, 1923koa: “una concesión para la fabricación de gaseosas, hielo, empleo en cámaras frigoríficas y similares, del manantial de Iru-errequeta o San Juan. Otra para limpieza, aseo personal, retretes, cuartos de baño y demás usos propios de un Hotel, del manantial de Erdoitza. Otra para el servicio de bar y café, del manantial de Iru Errequeta (…) para las habitaciones de la familia del administrador del manantial de Erdoitza”.

Ura herrira ekartzeko lan handia egin behar izan zuten eta oraindik ere garai hartako eraikin askok zutik jarraitzen dute, batzuek ezkutuan (zorionez?) sasi eta landaretza artean kukuka; beste batzuek, berriz, denon bistan daude, bide ondoan, baina ez diegu behar bezalako kasurik egiten, gehienetan zer diren ere ez dakigulako.

Karakas baserrien ondoan, badira oso eraikin bitxi batzuk. Bitxiak, batez ere, etxetxo-formakoak direlako. Bi metro inguru garai dira, hiraulikaz (Zumaiako porlan bereziaz) eginak. Hiru,behintzat, badira:

Karakasberriren atzealdean

1_etxetxoa_2.jpg

Karakastik Orrolloaga aldera doan bidearen ondoan

2_etxetxoa_1.JPG

Karakastik Arteagara doan bidearen ezkerraldean, zuhaitz artean ezkutatuta

3_etxetxoa_2.jpg

Etxetxo horien gainean galdezka ibilita, ez dut jakin izen berezirik bazeukaten. Ur-deposituei “ponte” ere deitzen zaie, eta Arroakaletik Amezmendira bidean dago, adibidez, Amezmendiko pontea:

amezmendiko-pontea-1.jpgamezmendiko-pontea-2.jpg

Eta Orrolloagako paldan bertan, bada leku bat Pontealde izenekoa. Gaur egun mahastia besterik ez dugu ikusiko han, baina lehen ponte elegante askoa zegoen. Ikusi 2005eko argazkiak:

pontealdea_1.JPGpontealdea_5.JPGpontealdea_6.JPG

Begira nola utzi zuten txikizioa egin ondoren, eta nola dagoen gaur egun:

pontealdea_3.JPGpontealdea_4.jpg

Pontearen arrastorik ez. Gure iragana ezabatuta.

Atzera lehenera bueltatuta, hiru eraikin bitxi hauen gainean jakin ahal izan dugun bakarra da arketak edo kutxatilak direla, ur-hartuneak. Hau da, Zumaiarako ura ondoko iturrietatik hartzen eta biltegiratzen zen, eta arketa hauen bidez ikus zezaketen ura behar bezala jariatzen zela, iturriak noiz zeukan ura eta noiz ez, zenbat jariatzen zen… Gaur egun ez daukate urik, iturburuak ere galdu egin zirelako, baina gerturatuta, ura nondik ateratzen zen arrasto nabarmenak daude, hiruretan.

1_etxetxoa_3.jpg 2_etxetxoa_2.JPG3_etxetxoa_3.jpg

Etxetxo edo arketa horiez gain, badaude aintzat hartu beharreko beste eraikin bitxi batzuk, urarekin zerikusia daukatenak. Batzuk lehen ere aipatu izan ditut hemen bertan, batez ere, ur-biltegiak (ikusi hemen eta hemen). Baina badaude beste batzuk alferrikakoak gaur egun, batzuentzat ezertarako ere balioko ez dutenak, baina ura Zumaiara hortik eramaten zela gogorarazten digutenak. Bi adibide jartzearren, hau Orrolloagaren maldan dago, Arteagarraerrekaren ondoan, pinudian ezkutatuta:

orrolloagakoa_1.jpg

Eta beste hau Artadirako errepidearen ondoan:

artadi_bidean_1.jpg

artadi_bidean_2.jpg

Babestuko al ditugu?


Irakurri eta idatzi

2011(e)ko Urriak 27

Hauxe Hitzako “Bostekoa” atalean 2011-10-27an argitaratutakoa:


/* Style Definitions */ table.MsoNormalTable {mso-style-name:”Tabla normal”; mso-tstyle-rowband-size:0; mso-tstyle-colband-size:0; mso-style-noshow:yes; mso-style-parent:”"; mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt; mso-para-margin:0cm; mso-para-margin-bottom:.0001pt; mso-pagination:widow-orphan; font-size:10.0pt; font-family:”Times New Roman”; mso-fareast-font-family:”Times New Roman”;}

Irakurri eta idatzi

Aspaldiko partez, egunotan gozatu ederra hartzen ari naiz ipuinak irakurtzen. Literatur lehiaketa bateko idatziak aurrealdean, irakurtzeaz gain, saiatzen naiz imajinatzen nor ote dagoen orri horien atzean, zerk bultzatzen duen idaztera, zenbateraino gozatuko duen idazten… Gainera, duela gutxi emailez jaso dut EHUko mintegi bateko ikasle batzuen gonbidapena, hiru galderaren inguruan hausnartzeko eta idazteko: “Zergatik idazten duzu? Idaztea noraino da librea? Zein autore/obra d(it)uzu gogokoen?”. Hiru galdera potolo-potolo, zer pentsatua ematen dutenak, baita segidan beste galdera batzuk sortarazten ere: zergatik irakurri? Zeren arabera aukeratu irakurgaiak?…

Irakurzaletasuna aipatu orduko, askotan gazteak datozkigu burura, zaletasun hori umetan baino landu beharko ez balitz bezala, eta hamaika aldiz errepikatutako esaldiak: “Gazteek ez dute irakurri nahi”, “Gogoz kontra irakurtzen eta idazten dute, obligazioz”… Uste dut Anjel Lertxundiri irakurri niola gaur egun inoiz baino gehiago irakurtzen eta idazten dela, eta egia da: dena literatura ez bada ere, gure gazteak helduok baino askoz gehiago dira horretan, eta ikusi besterik ez dago zenbat ordu pasatzen dituzten ordenagailu aurrean. Gertatzen da, ordea, beste gauza asko bezala, irakurzaletasuna eta idazteko grina indartzea eskolaren esku uzten ditugula, eta eskuak garbitu, gure ardura ez balitz bezala; ama batek esana datorkit burura: “Ez dakit zer egin gureak irakurtzeko!”, eta ez nintzen atrebitu galdetzen: “Baina zuk irakurtzen al duzu? Ikusten al zaitu irakurtzen?”.

Idazteko zaletasuna bultzatzeko, beste herri askotan bezala Zumaian haur eta gazteentzako literatur lehiaketa antolatzen da, eta parte har dezaten, eskoletatik bideratzen da (hauxe lehen bekatua?); haurrek eta gazteek gustura eta atseginez egin beharko luketena, askok derrigor eta gogoz kontra egin behar dute, behartuta, eskolako lana balitz bezala; eta idaztea bera gutxi ez balitz, beste zailtasun asko ere gainditu behar dituzte: idazlanak zuzenak izatea, ortografi edo gramatika akatsik gabeak; maisuaren edo ikaskideen begikoak (“onenak” aukeratzen baitituzte ikasgelan); eta nahi edo ez, tartean dago irakasleen arteko lehia, eskolen arteko norgehiagoka ez aitortua, nork irabaziko sari gehiago… Gero, lan sarituak liburu batean kaleratzen dira, eta dena ondo joanez gero, ale batzuk iristen dira etxe batzuetako apalak apaintzera. Hainbesteren eta hainbesteko ahaleginaren ondoren, zenbateraino bultzatzen da idazteko zaletasuna?

Helduen irakurzaletasunari dagokionez, sarritan entzun dut “Eske, nik ez daukat ohiturarik…”, gure ohiturak aldatzea ezinezkoa balitz bezala, noiz eta nahi duen ia orok erretzeari uzten dionean edo 10 kilo flakatzen denean, ohiturak aldatuta. Irakurtzen zaletzeko, ez dago nahia eta beharra bezalakorik, barrenean zerbait ernaraziko digun liburu aproposa topatzea, batere behartu gabe eta atseginaren bila, aspaldi ikasi baikenuen letrak ez direla odolarekin sartzen, begien gozatutik baizik. Begiratu gure ohiko eginkizunei, eta konturatuko gara uste baino gehiago irakurtzen edo idazten dugula: lankideak utzitako oharra, lagunari zorionak emateko egun bat berandu idatzitako SMSa, semeak eskolan idatzi duen ipuina, lagunak emailez bidalitako powerpointa…

Irakurtzea eta idaztea biak dira ekintza aktiboak, pertsonaren borondate eta indar handia -kaskagogorkeria?- eskatzen dutenak, baina ahalegina baino handiagoa da gehien-gehienetan gerora sentitzen dugun satisfakzioa eta poza. Urria izanagatik, udaberria bizi dugu gurean eta egunotan denok irakurri ditugu, gehiago edo gutxiago, letra larriz idatzitako albisteak: lehenengo, Aieteko adierazpena; gero, ETAren komunikatua. Horiek irakurtzean, itxaropena ez ezik, askori beste zerbait ere piztu zaigu barrenean, zerbait egin beharra, idazteko premia. Orain gure garaia da; irakurtze hutsean geratu gabe, idatz dezagun gure etorkizuna.


17 mugarrien ibilaldia

2011(e)ko Urriak 9

Urriaren 8a, larunbata. Azkenean 19 laguneko koadrila ederra abiatu ginen, goizeko 08:30ak pasatxo zirenean, Ardantzabiden barrena.

17_mugarriak_2011_10_08-001.jpg

Ardantzara iristerako euri-tantak hasi ziren. Algorrin, itsaso handia eta haizea zakarra. Harraldean, Andikaraerrekara iritsi aurretik, erauntsia. Babesa bilatu behar izan genuen.

17_mugarriak_2011_10_08-003.jpg17_mugarriak_2011_10_08-005.jpg17_mugarriak_2011_10_08-006.jpg

Pixka bat atertu zuenean, han joan ginen Deba aldera, Palankamugarrira.

17_mugarriak_2011_10_08-009.jpg

Palankamugarrin.

17_mugarriak_2011_10_08-012.jpgEuri txikia zena zaparrada bihurtu zen Baratzazarretako bidean gora. Euria-ateri-euria-ateri, Elorriagako atsedenlekuan Arrito jaso eta Pikotera, eta gero Andikarara, Jadarreko zulora jaitsi eta Indañeta-Xarrondo arteko bidera irten ginen.

17_mugarriak_2011_10_08-013.jpg17_mugarriak_2011_10_08-014.jpg

Narruondora jaitsi ginen, gasolindegiaren ondora, eta atzera San Lorentera, gora, Azkoin baserrien ondotik. Eskerrak hango zakurra erdi lo zegoen eta berandu konturatu zen pasatzen ari ginela.

San Lorenteko aterpean ederki egin genuen hamaiketakoa (12:00etan), eta lehortzeko eta berotzeko aprobetxatu genuen. Errioxa irratia ere ederki sintonizatzen da handik. Zumaia gertu geratzen zela-eta, batzuek etxerako bidea hartu zuten, eta geratu ginenok Agote aldera jaitsi, autopista azpitik pasa eta Ibañarrietara igo ginen. Handik Oikiarako bidea hartu, eta Artabilla baserria pasata, Txortenaren “errantxoa”-ren ondotik, Aizarnazabalgo errepidea hartu genuen. Hemen Etxabe auzora iristen.

17_mugarriak_2011_10_08-017.jpg

Etxabetik errepidera irten eta Muniosoro parera joan ginen. Han, Aizarnazabal eta Zumaia arteko muga egiten duen Muniosorerrekari jarraitu genion gora, Indamendiren oinetara, eta Santakutzerrekako mugarria ikusita, Artzain baserrira irten ginen.

17_mugarriak_2011_10_08-018.jpg

Gosetuta, blai eginda baina kontentu, Zigotzagako mugarri eta bidegurutzean Santa Kruzerako bidea hartu genuen. Handik ere sintonizatzen da Errioxa irratia.

17_mugarriak_2011_10_08-021.jpg

Bertan zegoen Elkano, eta ederki estimatu genuen aterpea eta zerbeza hotza. 15:15ak ziren.

17_mugarriak_2011_10_08-023.jpg

Harmonia ederrean bazkaldu genuen.

17_mugarriak_2011_10_08-033.jpg

Ezetz asmatu nor naizen!

17_mugarriak_2011_10_08-036.jpg

17:00ak jota ziren eta oraindik Aia aldeko lurretan geunden. Ilunak ez harrapatzeko, Zumaia aldera abiatu ginen, aldapa behera zelako kontentu.

17_mugarriak_2011_10_08-037.jpg

Urrutian, Santa Kruzetik, Talaimendi.

17_mugarriak_2011_10_08-040.jpg

Artzainera jaitsi ginen berriz ere, muga-lerroa hartzeko.

17_mugarriak_2011_10_08-043.jpg

Handik, Bentatxotik Meagako errepidera irtenda, Kitmar enpresa zeneko horretan behera egin genuen. Autopista azpitik pasatu eta Guruzelai baserri berrituaren ondotik pasata, erreka ondoko mugarria ere ikusi genuen.

17_mugarriak_2011_10_08-047.jpg

Aldapa igo eta gero, telefono-antenen ondotik zuzenean Arteagara irteteko tentazioa izan genuen… baina ez. Bada oso bide polita, aldapan pikean gora, zuhaitzen arteko pasillo batetik Garateko gainera daramana, eta handik joan ginen… Bat baino gehiago marmarka aritu zen, ea beharrezkoa ote zen hortik igotzea, Arteagara ordekan lasai joan besterik ez genuela, baina gero han goitik, Garateko gainetik, ikusi genuen paisajeak merezi zuen, ezta? Arteagara jaitsi, Errekaldeko mugarri ikusi, gero Karakaskoa, gero Zumentzukoa eta halako batean iritsi ginen Santiagoko hondartzara. Lopek esan zuen akordatzen dela Laiaren ondoan, aldapa hasten den horretan, garai batean mugarria bazegoela; bila ere ibili ginen, baina ez genuen aurkitu. Datorren urtean 18 mugarriko ibilaldia izango ote da?

Hauxe azken mugarriaren ondoko argazkia.

17_mugarriak_2011_10_08-050.jpg

Lagun arteko giro onean, egun-pasa ederra egin genuen, ezta? Datorren urtean berriz?

17_mugarriak_2011_10_08-052.jpg

Oharra: maparen gainean, 25 kilometro inguruko ibilbidea neurtu nuen, baina Javierrek GPSa eraman zuen eta 33 baino gehiago dira. Xabik ere mugarriak GPSaren bidez markatu zituen. Hurrengorako hobekuntzak izan baietz..


17 mugarri, ibilbidea airetik

2011(e)ko Irailak 29

Gonbidapena egin nizuen, urriaren 8an Zumaiaren muga-lerroko 17 mugarri ikusteko, eta gaurkoan bideo baten bidez ibilbidea erakutsi nahi dizuet, baita etortzera animatu ere.

Irudiak ikusita, nabarituko duzue eskuaren dardara, baina ez nago ohituta helikopteroan ibiltzen, eta bideo-kamera ere ez zenez nirea…

Bideoa hemen daukazue, eta animatuz gero, idatzi mezu bat (ateki@hotmail.es), batez ere Elkanoko bazkaria aurrez enkargatzeko.

Animatzen al zarete? Egun-pasa polita egiteko aukera daukazue!


Alarderik gabeko emakumeak

2011(e)ko Irailak 22

/* Style Definitions */ table.MsoNormalTable {mso-style-name:”Taula normala”; mso-tstyle-rowband-size:0; mso-tstyle-colband-size:0; mso-style-noshow:yes; mso-style-parent:”"; mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt; mso-para-margin:0cm; mso-para-margin-bottom:.0001pt; mso-pagination:widow-orphan; font-size:10.0pt; font-family:”Times New Roman”; mso-ansi-language:#0400; mso-fareast-language:#0400; mso-bidi-language:#0400;}

 Hauxe 2011-09-22ko Hitzako “Bostekoa” atalean argitaratutakoa:

 

/* Style Definitions */ table.MsoNormalTable {mso-style-name:”Taula normala”; mso-tstyle-rowband-size:0; mso-tstyle-colband-size:0; mso-style-noshow:yes; mso-style-parent:”"; mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt; mso-para-margin:0cm; mso-para-margin-bottom:.0001pt; mso-pagination:widow-orphan; font-size:10.0pt; font-family:”Times New Roman”; mso-ansi-language:#0400; mso-fareast-language:#0400; mso-bidi-language:#0400;} Urtea joan eta etorri, beti gertatzen zait konturatzerako eta oharkabean iristen zaidala Hondarribiko Alardea, eta zapuztuta geratzen naiz, amorrarazita, sentsazio berbera nagusitzen zaidalako: ez dugu aurrera egiten, berdinean jarraitzen dugu, eta aurtengoan, gainera, badirudi atzerapausoa eman dugula, batzuei ibilbidea aldarazita. Hori gutxi balitz, zoritxarrez, aurtengoan beste berri bat ere izan dugu: emakume bat hil da, Alardeko desfileko tiro baten ondorioz. Hori jakin nuenean, pentsatu nuen igual behingoagatik debekatu ere egingo zutela (askoz gutxiagogatik ere galarazi izan dituzte beste ekitaldi batzuk); eta gero imajinatu nuen debekatzen ez badute, datorren urtean gezurretako eskopetekin desfilatzera behartuko dituztela, jostailu-dendetakoekin, kortxozko tapoiak listariarekin lotuta kanoietan, punba!

Egia esan, gaur egungo begietatik ikusita, erabat garaiz kanpoko ohitura iruditzen zait desfile militar hori, ahaztekoa, eta pentsatzen dut batzuen parte hartzeko gogoa ez dela izango ohitura edo tradizio bera maite dutelako, ezpada askoz ere gehiago dagoelako jokoan: batzuen parte hartzeko nahia eta beste batzuena ez uztekoa. Kaskagogorkeria hutsa baino gehiago ere bada, ordea: oinarrizko eskubideen aldarrikapena eta ukapena.

Tradizioa tradizioa omen, aldaezina eta mantendu beharrekoa, eta akordatu naiz beste leku batzuetan batere zalapartarik gabe eta normal-normal aldatu dituztela ohiturak: lehen, Antzuolan, festetan, mairua hil egiten zuten, baina azken urteetan epaitu eta barkatu egiten diote bizia; edo orain normaltzat jotzen dugu Donostiako danborradan emakumeak gizonezkoen alboan irtetea; edo Mutrikuko festetan, aurten, benetako ahateak askatu beharrean, plastikozkoak jarri dituzte ur gainean; edo euskal jaietan ohitu ere egin gara emakumeak kamiseta tirantedunarekin ikusten, edo gizonezkoak txapelik edo abarkarik gabe; edo Aste Santuko prozesioa, hain tradizionala eta gorde beharrekoa, bertan behera geratu izan da gure herrian, santuak ateratzeko inor ez zegoelako… Adibideak nahi adina, tradizio edo ohitura batzuk nola utzi izan diren albo batera zentzutasuna nagusitu denean, tradizioari batere traiziorik egin gabe.

Tradizioarengatik balitz, gizonak besterik ez lirateke ibiliko estropadetan, baina batzuek urtez urte egin duten lanari eta erakutsi duten irmotasunari esker, ohitu ere egin gara emakumezkoak arraunean ikusten, eta nola egin arraunean, gainera! Duela hogeita bost urte, Zumaiak Kontxako bandera irabazi zuenean, ez genuen imajinatu ere egingo urte batzuk geroago gure herriko emakumeak han ikusiko genituela bogan, bandera irabazteko lehian. Eta aurten ikuskizuna, eta nolakoa, emakumezkoek eman dute. Halako batean, herritarrok konturatu gara emakumeek zenbateko balentria egin duten, eta berriz ere ikusi ditugu kamiseta gorriak kalean, txaranga bazterrak alaitzen; berriz ere bular aldea puztu zaigu herrian horrelako neskak edukitzeagatik, eta denok sentitu gara zumaiarrago, pozik eta harro.

Kontxako bigarren egunean, Espainia urruneko bidaiatik bueltan etorri eta neskei Zumaian egindako ongietorri bero eta gorriaren ondorena ikusita, pentsatu nuen zer izango ote zen hura bandera irabazi izan balute… Gehiegia!

Neskek izugarrizko lana egin dute, batere alarderik gabe, batere handikeriarik gabe, isil-isilik eta umil-umil. Eta Zumaiako -eta beste herrietako- neska arraunlarien handitasuna ikusita, Hondarribiko Jaizkibel konpainiakoekin akordatu naiz, nahi bezalako alarderik gabe, baina setatsu, gogor, berdintasunaren aldeko txanpan. Animo, neskak!

neskak-telmo-deun-oninart-copia.jpg


Mugako ibilbidea

2011(e)ko Irailak 6

Aurrekoan, 17 mugarriak non zeuden adierazi nuen; gaurkoan, proposamen zehatza egingo dut egun batean Zumaiaren muga-lerroaren gaineko ibilbidea egiteko, ahalik eta hurbilen mugatik, baina eroso eta sasitzetan sartu gabe, erreketako uretan busti gabe.

Hauxe proposamen zehatza (parentesi artean, 17 mugarriak):

Goizean:

Zumaiatik abiatu Ardantza aldera eta Algorrira, eta handik, harraldetik, harririk harri, Palankamugarrira (1); Baratzazarretatik Galarretako atsedenleku aldera igo, berriz ere Galarretaerrekari jarraituz behera egin eta Oristomendiren bizkarritik Pikote baserrira (2) eta handik, pistatik, Andikara baserrien aldera (3). Andikarazar baserriaren ondotik (4) Jadarrera jaitsi (5) eta atzera aldapan gora igo Sarrondogoikoaren ondora, errepidera, eta Sarrondoazpikoaren ondotik Narruondora jaitsi, eta Narruondotik atzera gora, Azkoinzar aldera, eta pistara irtenda, San Lorentera (7). Hamaiketako koskorra egiteko unea, eta norbait nekatuta baldin bada, Zumaiara bueltatzeko aukera.

Distantzia, gutxi gorabehera: 8,5 km.

Ibilbidearen perfila, gutxi gorabehera:

zumaiatik-saloentera.JPG

Hamaiketakoaren ondoren

Hartu Agoterako bidea, Ezkaraztoren (6) magaletik, eta autopista azpialdetik pasatuta, igo Ibañarrietara, hartu Oikiarako bidea, eta segi Gazteluerrekaren goitik; Artabilla pasatakoan, hartu Aizarnazabal aldera, eta Gazteluerrekaren gainetik pasata, Etxabe auzora; irten errepidera eta joan bertatik Muniosoro aldera, Ozpide eta Azkenportu baserriak pasata.

Muniosoron, hartu eskuinaldera, Indamendiren barrenaldera, eta Muniosoroerrekari jarraituz, lehenengo, eta Narbaztaerrekari gero, irten Santakrutzerrekara (8) eta handik Artzain baserrira (10); handik irten Meagako errepidera eta hartu Elkano aldera, Zigotzagako gurutzera (9). Eguerdia izango da, gosea nagusi, eta Elkano auzoko Gazteateagi jatetxean BAZKALDU.

Distantzia, gutxi gorabehera: 10,5 km.

Desnibela, gutxi gorabehera:

saloentetik-elkanora.JPG

Bazkalondoan

Atzera errepidea hartu Meaga aldera, Artzain baserrira jaitsi (11) eta Bentatxo ondotik (12) Meagako errepidera irten; errepidean behera joan, Oikialdera, eta eskuinaldean Kitmar enpresa dagoen horretan bidexka bat hartu, beheraka, autopista azpitik pasatu, lehenengo, eta trenbidea gainetik, gero, eta irten Guruzelai baserri berritura; jaitsi Azuerrekara (13); errekatik gora egin, Garate aldera, eta gaina hartutakoan, jaitsi Arteagara, lehenengo, eta Karakasko bidea hartuta, gero, Errekaldera (14); handik, Karakas aldera (15), baserrien ondotik behera jaitsita, pistatik, Zumentzura (16), eta azkenik, Santiagoko hondartzara (17).

Distantzia, gutxi gorabehera: 5 km.

Desnibela, gutxi gorabehera:

elkanotik-zumaiara.JPG

Ibilbidea guztira, gutxi gorabehera: 24 km.

ibilbidea_mugarriekin.JPG

Hitzordurako eguna, ordua eta lekua ere proposatuko dut, gainera: urriaren 8a, larunbata, goizeko 08:30ean, Beheko Albergan (Ardantzabidearen hasieran); hilabete falta da, norbaitek entrenatzen hasi nahi badu ere…

Animatzen al zarete? Zenbat izango garen jakin eta bazkaria aurretik enkargatzeko, joateko asmoa baldin badaukazue, idatzi erantzuna hemen bertan, edo igual nahiago mezu elektronikoa bidaltzea helbide honetara: ateki@hotmail.es


17 mugarri

2011(e)ko Irailak 1

/* Style Definitions */ table.MsoNormalTable {mso-style-name:”Tabla normal”; mso-tstyle-rowband-size:0; mso-tstyle-colband-size:0; mso-style-noshow:yes; mso-style-parent:”"; mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt; mso-para-margin:0cm; mso-para-margin-bottom:.0001pt; mso-pagination:widow-orphan; font-size:10.0pt; font-family:”Times New Roman”; mso-fareast-font-family:”Times New Roman”;} Zumaiako lurrak edo terrenoak noraino iristen diren jakin nahian, aspaldian makina bat ibilaldi egina naiz muga-lerro imajinarioaren gainean edo hurbil, batzuetan hanka bat gure herrian, bestea auzokoan. Ibilaldi horietan, unerik politenetako edo gozagarrienetako bat mugarriak aurkitzea da. Batzuk zaharrak, beste batzuk berriak; batzuk kareharrizkoak, beste batzuk porlanezkoak, edo hareharrizkoak, edo burdinazkoak; batzuk kubo-itxurakoak, zuzen-zuzenak, eta beste batzuk irregularrak; batzuk ageri-agerian, bide ondoan, eta beste batzuk ezkutuan erreka bazterretan, zelaiaren erdian edo sasi artean.

Ikusi edo aurkitu ditudan mugarri horiek zerrendatuta, guztira 17 irteten zaizkit. Baina neurketetako paper zaharrak begiratuta, askoz ere gehiago izan beharko lukete; adibidez, Zumaia eta Deba arteko muga-lerroan 9 omen daude, eta 5 baino ez ditut aurkitu…

Mugarri horietako bakoitza berezia da, eta halaxe jaso nahiko nituzke hemen, banan-banan, bakoitzaren pare bat argazkirekin.

1) Palankamugarri

Izenak berak adierazten du nolakoa den: burdinazko palanka, harraldeko haitzean goitik behera, zutik sartua. Zumaia eta Deba arteko mugan, iparraldeen dagoena da.

1_1_palankamugarri.jpg1_2_palankamugarri.jpg

2) Pikotekoa

Bidearen bazterrean dago, umil-umil, ia ezkutatuta.

2_1_pikotekoa.jpg2_2_pikotekoa.jpg

3) Andikaraberrikoa

Pikote eta Andikaraberri baserrien arteko bidearen azipaldean, bidetik metro batzuk behera eginda.

3_1_andikaraberri.jpg3_2_andikaraberri.jpg

4) Andikarazarkoa

Elorriagarako bidearen ondo-ondoan, belar artean. Zenbat aldiz pasatu ote gara ondotik, eta hor dagoela konturatu ez…

4_1_andikarazar.jpg4_2_andikarazar.jpg

5) Jadarrekoa

Lurrean botata dago. Hemen bat egiten dute hiru udalerrik: Zumaiak, Debak eta Zestoak.

5_1_jadarrekoa.jpg5_2_jadarrekoa.JPG

6) Ezkaraztokoa

Saloente ermitatik gertu, zelaiaren erdian, Ezkarazto mendiaren magalean. Belarra moztuta baldin badago, erraz ikusten da, baina bestela kostatu egiten da aurkitzea.

6_1_ezkaraztokoa.JPG6_2_ezkaraztokoa.jpg

7) San Lorentekoa

Emitaren ondo-ondoan, kaxa-antzekoa ere egina dauka are gehiago nabarmentzeko.

7_1_saloente.JPG7_2_saloente.JPG

8 Santakrutzerrekakoa

Indamendiren azpialdeko errekan, Narbazterrekatik Artzain baserrirako bidearen ondoan.

8_1_santakrutzerreka.jpg8_2_santakrutzerreka.jpg

9) Zigotzagakoa

Meagatik Elkanorako errepidearen ondoan, eskuinaldean, pare bat metro behera. Hemen bat egiten dute Aizarnazabalek, Getariak eta Zumaiak.

9_1_zigotzagakoa.jpg9_2_zigotzagakoa.jpg

10) Artzaingoa (1)

Baserriaren ondoko txabola baten alboan.

10_1_artzain_.jpg10_2_artzain_1.jpg

11) Artzaingoa (2)

Artzain baserritik 50 metro ingurura dago, porlanezko pistaren azpialdean.

11_1_artzain_2.jpg 11_2_artzain_2.jpg

12) Bentatxokoa

Porlanezko pista horren alboan.

12_1_bentatxo.jpg12_2_bentatxo.jpg

13) Guruzelaikoa

Meagatik autopista azpitik pasatuta, Azuerrekaren bazterrean, Guruzelai baserritik gertu.

13_1_guruzelaikoa.jpg13_2_guruzelaikoa.jpg

14) Errekaldekoa

Arteaga eta Karakas baserrien artean doa Arteagaerreka, eta hantxe, sakonunean, dago mugarria.

14_1_errekaldekoa.jpg14_2_errekaldekoa.jpg

15) Karakaskoa

Karakastik Arteagarako bidearen ondo-ondoan.

15_1_karakas.jpg15_2_karakas.jpg

16) Zumentzukoa

Santiagotik Karakas baserrietara doan pistaren ondoan, Zumentzu izeneko parajean.

16_1_zumentzu.jpg16_2_zumentzu.jpg

17) Santiagokoa

Maia izeneko haitzaren alboan, zutikakoaren gainean. Nolanahi ere, mugarri hori ez dator bat gaur egun Foru Aldundiaren mapetan ageri den muga-lerroarekin; izan ere, azken horrek mugarria tunelaren parean jartzen du. Garai batean, mugarria Laia etxe/baserriaren ondoan zegoen, han hasten baitzen Getariarako bidea; baina gertatu da Santiago hondartza etengabe handitu egin dela, eta badirudi terreno horiek (paperetan, behintzat, bai) Zumaiarentzat direla. Pixkanaka-pixkanaka, Orroagara iritsiko ote gara?

17_1_maia.JPG17_2_maia.JPG

Horra hor 17 mugarri, zein baino zein bereziagoak. 17 baino ez, eta seguru asko izango dira gehiago, ezkutuan edo beste norbaitek ezagutzen dituenak, eta eskertuko nuke horien gaineko informazioa edo beste edozein bitxikeria.

Horra hor 17 mugarri, tipi-tapako ibilaldi baten bidez egun batean ikusteko modukoak… Hurrengo batean, proposamen zehatza. Hasi prestatzen!


Asturias

2011(e)ko Abuztuak 29

/* Style Definitions */ table.MsoNormalTable {mso-style-name:”Tabla normal”; mso-tstyle-rowband-size:0; mso-tstyle-colband-size:0; mso-style-noshow:yes; mso-style-parent:”"; mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt; mso-para-margin:0cm; mso-para-margin-bottom:.0001pt; mso-pagination:widow-orphan; font-size:10.0pt; font-family:”Times New Roman”; mso-fareast-font-family:”Times New Roman”;}  niembro.jpg

Oporrak luzatze eta herritik irtete aldera, joan den astean Asturias aldean ibili ginen, Llanestik mendebalderago (5 kilometrora) dagoen Celorion. Berez, hondartzatik irten ere egin gabe egoteko asmoa geneukan, eguzkipean edo sonbrillapean, baina eguraldiak agintzen du eta euria egin zuenez, alternatibak bilatu behar izan genituen. Hondartzak ikusi eta gozatu genituen, bai, baina goitik begiratuta, kostaldearen ondotik doazen bide zoragarrietatik.

Oso deigarria da zer berde dagoen dena, nahikoa euri eginda, eta bereziki eman digute atentzioa han-hemenka, etxe eta lorategi partikularretan, dauden zuhaitz exotiko edo bereziek.

zuhaitza1.jpgzuhaitza2.jpg

Festak ziren Barro auzoan, baina barraketako ijitoek ez zuten negozio handirik egingo, euriarekin. Arratsaldean, zaldiak zeuden, zinta-jokoan. Eskuan egurrezko ezpatatxoa hartuta, zaldikoak trosta azkarrean abiatzen ziren, eta ezpata uztaian sartuta zinta atera behar. Gogoan dut horrelako zerbait ikusi izana Zumaian ere, baina bizikletekin.

zintak1.jpgzintak2.jpg

Bereziki polita iruditu zitzaigun Niembroko eliza, errioaren gainean, kanposantua ibai aldera daukala, eta hor handixkiren baten (akaso indioanoren baten?) hilobi handia, dorre eta guztikoa.

niembroko-eliza.jpg

Nonahi daude etxe bereziak, indianoenak, eta ikusten da zertan gastatu zuten Ameriketatik ekarritako dirua.

indianoarena1.jpgindianoarena2.jpg

Jendea hondartza-gose zegoen. Eguzki-printza bat nahikoa zen jendea hondarrera joateko.

hondartzan.jpg

Kaseta hauek Celorion daude, hondartzaren ondoan. Han izan garen 4 egunetan ez dugu inor ere ikusi erabiltzen.

kasetak2.jpg

Asturiasko sagardoa ere probatu genuen, eta taberna askotan ateratzeko makina bereziak dauzkate: botila sartu, basoa jarri, botoia sakatu eta txurrut!

sagardoa-ateratzekoa.jpg

Kostaldearen paralelo, bide ona doa oinez paseatzeko, ondo markatuta, eta han ibili gara, egun batean Llanes aldera, bestean mendebaldera. Parajeak zoragarriak dira, nonahi daude hondartzak eta senaiak, hondar zuri eta garbia, ur urdin eta gardena; argazkia handituz gero, haitzetan lanpernak ere ikusten dira!

kostaldea.jpg

Niembron, bereziki polita iruditu zitzaigun Torimbia hondartza.

torimbia.jpg

Hondartza horretako Gurutze Gorriko neska-mutilak, ordea, kokoteraino daude batzuek uzten dizkieten erregaloekin.

gurutze-gorrian1.jpggurutze-gorrian-2.jpg

Villahormeseraino iritsita, bertan bazkaldu eta buelta trenez egin genuen. Goiz osoa joaten eta hamar minutu bueltatzen.

trena.jpg

Etxera itzultzeko, abentura txikia geneukan zain: autoko linpiaparabrisak ez zuen funtzionatzen, eta euria goian-behean. Eskerrak Zumaiara hurbildu ahala eguraldia gero eta hobea zen…


Motorzaleak

2011(e)ko Uztailak 28

Hauxe 2011-07-28ko Hitzan ateratako “Bostekoa”:

/* Style Definitions */ table.MsoNormalTable {mso-style-name:”Taula normala”; mso-tstyle-rowband-size:0; mso-tstyle-colband-size:0; mso-style-noshow:yes; mso-style-parent:”"; mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt; mso-para-margin:0cm; mso-para-margin-bottom:.0001pt; mso-pagination:widow-orphan; font-size:10.0pt; font-family:”Times New Roman”; mso-ansi-language:#0400; mso-fareast-language:#0400; mso-bidi-language:#0400;}

Motorzaleak

Titularra irakurrita, igual etorriko zitzaizuen burura Steve Mcqueen Ihesaldi handian, naziak orpoz orpo atzetik zituela; edo Valentino Rossi doktorea, mirariak egiten moto gainean; edo Francok bidaltzen zuen hura, ministroei kargugabetzea jakinarazteko, gero euskal bertsioan ere ezagutu genuena… Baina ez, beste motor eta beste motorzale bat ekarri nahi ditut hona: Anjel Alkain vespa zaharraren gainean, kasko berdea jantzita, “Zalantza non, Euskaltzaindia han!” oihukatzen.

Seguru asko, belarria erne baldin badaukazue, hauek edo antzekoak ezagunak egingo zaizkizue: “A ke ondo pasatzen ari gera!”, “Si berandu da!”, “Jokatuko degu guk kontra zuek”, “Porke horrelakoak asko daude”, “Kesi ez dakit zeinek etorri behar duen”, “Ake ezetz irten ondo!”, “Dijoa komoloko!”… Gero eta gorreria handiagoa edukiagatik, ezin egin entzungorrarena horien aurrean, eta horrelakoak entzuten ditudanean, Alkain motorzalearekin akordatzen naiz, zalantzak argitzera baino gehiago, zergatik ez ote den etorriko horiek zuzentzera.

Gure gazteek eskolan eta lagunekin pasatzen dute denbora gehien, eta elkarri eragiten diote etengabe, ikasten edo entzuten dutena gero errepikatu, eta normala ere bada etxean entzuten ez dituztenak erabiltzea. Hori ulertzen eta onartzen dut. Baina zalantza izaten dut nola jokatu behar dugun geuk oker esandakoen aurrean, iruditzen zaidalako haurren eta gazteen hezkuntzako beste alderdi asko bezala, errazegi uzten dugula eskolaren esku eta ardurapean hizkuntzaren alderdia (zuzentasuna, egokitasuna, jatortasuna…); gainera, guraso batzuek ezinbestean egin behar dute hori, ez dakitelako euskaraz. Baina besteok, umeei euskaraz egiten diegunok, belarrian “piiiiiiii” egiten diguten horien aurrean, zer egin behar dugu isildu edo Alkainen motorra hartu eta zuzendu?

Jakin badakit hizkerak zerikusi handia daukala gehienetan ekonomiarekin. Hitz bakarrean eta labur esan daitekeena lehenesten dugu, baina badira joera kezkagarri batzuk, gero eta zabalduago daudenak, ustez euskaldun on, oso eta zintzoen artean ere bai. Horren adibide, eta juntagailuarekin gertatzen ari dena, gaztelaniaren atzapar luzeek desagerraraztera daramatena: nola esaten ditugun urteak (“bi mila hamaika”), nola ematen diren pilota edo futbol partidetako emaitzak (“hogeita bi hamazazpi irabazi zuten”) edo nola esaten diren diru-kopuruak dendetan (adibidez, “Zenbat da?” galdetuta, erantzuna “Bi hamar”), besteak beste. Hitzen ekonomia edo laburtze horretan, beste joera bat ere ikusten dut, tamalez gero eta zabalduagoa: galdera egindakoan, erantzunean ez sartzea galderako deklinabide kasua; hona hemen adibide batzuk: “Zeinekin zoaz” galdetu eta erantzuna “Iñaki”, “Zer ordutan geratu zara?” eta erantzuna “Laurak”, “Non ibili zarete?” galdetu eta “Gernika parkea” erantzuna; horrelako erantzunak entzundakoan, aspaldian hartzen dut Alkainen motorra, eta Euskaltzaindiak non eta noiz erabaki zuen ideiarik jakin gabe, ezta zein arauri dagokion ere, berriz ere errepikatzen dut galdera, borrrrrooooooommm Alkainen vespa zaharrak: “Zeinekinnnn?”, “Zer ordutannnn?”, “Nonnnn”, harik eta “Iñakirekin”, “Lauretan” eta “Gernika parkean” entzuten dudan arte. Ordainetan, purrustadak, musu haizeak eta “Eskerrak Euskaltzaindia etxean daukagun!”, betiko leloa.

Uda hasi orduko, nire Honda 250 CBFri hautsa kendu eta ahalik eta gehien aprobetxatzen dut eguraldi ona, batetik bestera ibiltzeko. Baina hizkuntza kontuetan, motorzalea izateko ez da gidabaimenik behar, borondatea izatea nahikoa da, eta motorzaleak behar dira.


Andaluzia: beroa eta fedea

2011(e)ko Uztailak 17

/* Style Definitions */ table.MsoNormalTable {mso-style-name:”Tabla normal”; mso-tstyle-rowband-size:0; mso-tstyle-colband-size:0; mso-style-noshow:yes; mso-style-parent:”"; mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt; mso-para-margin:0cm; mso-para-margin-bottom:.0001pt; mso-pagination:widow-orphan; font-size:10.0pt; font-family:”Times New Roman”; mso-fareast-font-family:”Times New Roman”;} Duela bi aste Andaluzia aldean ibili ginen, egun batzuk pasatzen. Zoritxarrez, oraindik ere Puerto de Santa Mariara joan beharra dago lagunak bisitatzera, eta bidaia aprobetxatuta, Espainia hegoalde hartako leku eder batzuk ezagutu ditugu.

Orduko argazkiei begira eta oroitzapenak bueltaka, “beroa” eta “fedea” hitzak etorri zaizkit burura.

BEROA

Arratsaldean kanpotar despistatuak baino ez genbiltzan kalean Sevillan.

1_andaluzia_2011_07_01_04-006.jpg

Lan egin behar zutenek ere ura edan behar, ez urtzeko.

2_andaluzia_2011_07_01_04-008.jpg

Nik ez dakit zer edango duen Rafa Nadalek, baina hona etorriz gero, zerbeza, seguru! Arratsaldeko zortziak ziren…

3_andaluzia_2011_07_01_04-027.jpg

Bederatziak jota, orduan hasi zen jendea kalera irteten. Taberna askotan langargailuak dauzkate terrazetan.

4_andaluzia_2011_07_01_04-033.jpg

Puerto de Santa Mariatik Cadiza joateko, itsasontzia da aukera onena. Bertako emakumeek ederki bilatu zuten itzala, eta haizemailea beti eskuan.

5_andaluzia_2011_07_01_04-038.jpg6_andaluzia_2011_07_01_04-037.jpg

FEDEA

Harrigarria da, benetan, nola bizi duten kristautasuna hango batzuek, nolako fedea daukaten kristo, ama birjina eta horrelakoengan eta zer antzerki egiten duten prozesio, promesa, penitentzia eta abarrekin.

Cadizen, kalean zegoen plaka bat, kofradia baten egoitzaren kanpoaldean.

7_andaluzia_2011_07_01_04-058.jpg

Puerto de Santa Marian prozesioa egin behar zuten hurrengo egunean, eta etxe askotako balkoietan honelakoak zeuden.

8_andaluzia_2011_07_01_04-063.jpg

Almonten gosalduta, El Rociora ere iritsi ginen. Oesteko pelikuletako herria dirudi, hondarraren gainean eraikia, zaldiak eta gurdiak…

09_andaluzia_2011_07_01_04-065.jpg

Eguerdiko 12:00ak ziren, eta ermitaren inguruan, jende asko. Halako batean, mutil batek sandaliak kendu, belaunikatu eta begiak estali egin zituen zapi beltz batekin. Lagunak lagunduta, belauniko ibiltzen sartu zen elizan, poliki-poliki, eta aurre-aurrera joandakoan, errezatzen jardun zuen eta orduan kendu zuen begi gaineko zapia.

9_andaluzia_2011_07_01_04-070.jpg

10_andaluzia_2011_07_01_04-074.jpg

Ermitaren kanpoaldean, ijito-andre batzuek, erromero-sorta eskuan, eskaini eta eskatu egiten zuten.

11_andaluzia_2011_07_01_04-076.jpg

12_andaluzia_2011_07_01_04-077.jpg

Haiek ikusita, Kantalaberrirekin eta Pello Nikolekin akordatu nintzen, haiei gertatutako pasadizo batekin. Joan dira biak Sevillara, eta han omen zebiltzan honelako andreak bueltaka, pelma samar, “¡Ven, que te leo la mano!”, “¡Deje que le adivine el futuro!”. Kantak eta Pellok ezin gainetik kendu andreetako bat, eta hainbestekoa izango zen alamena, azkenean esan dio Kantak Pellori: “Ateraiok! Ateraiok!”, eta Pellok, ra!, eskua atera andreari, etorkizuna iragartzeko. Andrea begiak zabal-zabalik, ezin sinetsirik, hitzik goxoena “¡Desgraciado! ¡Ojalá tenga un montón de hijos y que todos sean subnormales!”. Pellori pinzas ere esaten diote, eta esku batean hiru behatz eta esku-zatia falta ditu, behatz lodia eta txikia baino ez dauzka, txikitan aroztegiko zerran galdu zituelako.