Udak ihes egin bitartean

martxoa 20th, 2010

 

Zeelanda Berrian ibili ginela, bisa zela, lan bila genbintzala… Konturatu orduko bazetorren udazkena; eta hauxe izan zen atera genuen ondoriotariko bat: hein batean, Australian marketin plan itzelbat burutu dute eguraldiaren inguruan.

 

Herrialde hau aipatzean, hondartzak, olatuak, basamortuak eta eguraldi ona bururatzen zaizkio gehiengoari. Ezta? Eta hondartzak ikaragarriak dira (luze eta basatiak asko), basamortua izugarria da (azaleraren %80 inguru esango nuke), olatu ederrak ere egon ohi dira sarri, baina eguraldia?

 

 

Sydneyko zaparrada eder bat, gure etxetik ikusita

 

 

 Bi zentzutan, euri ugari egin du gu hemen gaudenetik. Egia da giroa oso oso beroa izan dela udan, eta Euskal Herriko udan bezalakoa dela udaberri nahiz udazkenean. Egia baita ere, hotzagandik ihes egin nahi duenak neguan iparraldera joan besterik ez duela… Baina hemengo udako eguzkiaren azpian 2 ordu irautea oso zaila da; eta bestelakoan euria egiten du! Queensland estatua bera ere urazpian egonda denbora askoan…

 

Elena, Javi, Maialen, Natalia eta ni, Gure Txokoko atzealdean

 

 

 

 Baina beno, hemen ari naiz gehiegi jantzi gabe idazten, beraz…

 

Hala, gauza ugari egin genuen uda amaitu bitartean; besteak beste:

 

· Aavalon ‘euskal koloniatxoan’ asteburu bat Imanol azkoitiarra eta Miren azpeitiarraren behin-behineko etxean. Lore eta Unax zarauztarrak ere elkartu zitzaizkigun bertan, eta hondartzaz gozatu ahal izan genuen…

 

· BBQ eder batzuk

 

· Gure Txokoko igande gogoangarriak… Hauetako batean Jose, kazetari kanariarrak, ‘La neura del euro’ monologoa eskeini zigun sekula han ikusi ez nuen jendetzaren aurrean. Politikari guztiak eta burutzen diren politiken kritika gordina zen hein handi batean…

 

· AC/DC (zahar) taldearen kontzertua bizi euren etxean… Australiar, kanariar, euskaldun eta kataluniarrek osatutako 15 lagun-taldea joan ginen gainera, eta sekulako giroa izan genuen Estadio Olinpikoaren erdian…

 

 

Gure ‘kuadrila’, kontzertua hasi aurretik

 

 

Gorka (goian) eta Ugutz; ez zen zaila gu topatzea!

 

AC/DC kontzertua martxan 

 

Azala eta izerdia nagusi ‘botzoaren’ erdian

 

 

 

Hala ere, Australiagandik espero genuenarekiko antzekotasun handieneko bi irteeratan gozatu dut gehien: Jervis Bayko asteburua udako azken bi egunetan, eta udazkenaren hasieran Victoria estatura astebeterako eginiko ihesalditxoa.

 

 

 

(eskerrik asko Ugutz eta Natalia artikulu honetako argazkiengatik)

 


Hitlerren semeorde beltza

martxoa 17th, 2010

 

Putei errespetu osoz, baina hain erabilia den adjektiboa dut nire ordungo nagusiarentzat: PUTAKUMEA!

 

Diru-kontuengatik larritu ez, eta epe ertaineko asmoak ahaztu nahi ez bagenituen, lanean berehala hasi beharrean nintzen. Bide horretan, interneteko helbide asko miatu nituen, han-hemenka curriculumak banatu, jendearekin hitz egin… Baina “hemendik bizpahiru astetara agian behar izango dugu norbait” eta antzerakoak ziren ‘erantzun’ gehienak. Ezer ez.

 

Hartan, Gure Txokoko igande horietariko batean honako hau esan zidan Sergio madrildarrak (euskaletxe honek ekarriko du artikulu bat): “Tío, pues un colega mío dejará su curro porque ha pillau algo mejor. Él conducía una furgona para un chalau que perdió el carné. El tío este es un puto loco, un tío raro, raro, raro… Y no es el mejor curro, pero no está mal. Empiezas hacia las nueve y terminas al mediodía. Bueno, igual algún día un poco más tarde… Pero eso sí, de lunes a sábado. Y el te paga quinientos pavos a la semana en cash in hand, que no está tan mal. Lo que tienes que hacer es aguantar al tío, que es un loco“.

 

Egoera hartan, pozez txoratzen jarri nintzen. Asteroko diru-iturri seguru bat izango nuen azkenik! Hobea zen zerbait topatu bitartean…

 

Berehala hitz egin nuen Javi galiziarrarekin (lana utzi zuena) eta ondorengo asteetan nire nagusia izango zenarekin harremanetan jarri nintzen. Dena ongi; asteazkenean hasteko moduan!

 

 

Lehenengo egunak hiritik bueltaka

 

Oinez etxetik 30 minututara zegoen elkartu beharreko lekua; Freedom Furniture enpresaren dendatako baten biltegi batean (hemengo Ikea moduko bat da). 8.30ean han ezagutu nuen Cass. Ibilgailu zaharra goraino bete eta lehenengo azalpenak eman zizkidan orduan (furgonetak nire adina zuen, eta hau martxan jartzeko): “Kable honekin zure eserlekuaren azpiko torloju hau ukitu behar duzu, eta ondoren eragin giltzari“, jjjajaja

 

Bere lehenengo zigarroa 23 segundutan liatu zuenean abiatu ginen. Berak eskuarekin ‘eskuin ala ezker’ egingo zidan, eta nik erne jarraitu besterik ez nuen egin behar. Gero altzariak etxeetan uztea tokatuko zitzaigun.

 

Sofa, armairu, mahai eta bestelako guztiak hainbat auzotan zehar banatu, enpresa beraren beste biltegi pare batekoekin ere berdina egin, eta arratsaldeko 16.30ean amaitu genuen lehenengo eguna. Uste nuena baino beranduago zen, baina ez zioen axola. Nire lasaitasunerako, Cass berak ere esan zuen berandu genbintzala… Eta hurrengo eguna ere antzerakoa izan zen.

 

Niretzat garrantzitsuena nagusiarekin izango nuen tratua ezagutzea zen; ordutegiarena beherapenak amaitutakoan konponduko baitzen.

 

 

“I´m from Bahamas”

 

Lehenengo bizpahiru egunetan oso itxura ona hartu nion nagusiarekin izango nuen harremanari. Gizona zelebrea zen bai, baina ona ematen zuen. Ez arraro eta ezta zoroa ere.

 

Bahamasetik irten eta Frantziara egin omen zuen ordungo emaztearekin. Han beste batekin ezkondu eta 30 urte omen zeramatzan Sydneyn. Bisa on bat oso erraz lortzen omen zen orduan, eta bera saskibaloian ona zela eta hemen entrenatzaile lanak egingo zituela esanda sartu omen zen.

 

Diseinu grafikogintzan ere aritua zela eta garai batean zazpi hizkuntza hitz egiten zituela esan zidan zigarroak erretzen jarraitzen zuen bitartean (hamabi, lau lanordutan); nahiz eta gaur egun batzuk ahaztuak zituen…

 

Hemen security staff moduan hasi omen zen lanean semearen medikuntzako unibertsitate pribatuko ikasketak ordaintzeko astean zazpi egunez, eta ondoren berekasa furgonetarekin hastea erabaki omen zuen. “Hau da hau tipoa!” pentsatu nuen.

 

Furgoneta berria ere erosi omen zuen milaka dolarren truke, baina lehenengo egunean -oraindik aseguratu gabe zuela- lapurtu egin omen zioten. Handik hiru hilabetera beste hiri batean erreta agertu omen zen. Gizonak pena eman zidan orduan, ezin aurreztuta zebilela-eta…

 

Gainontzean nirekin eskuzabala izan zen egun haietan: kafea gonbidatu, zigarroak eskeini, bazkaria (McDonalds) ordaindu, dena zen “please“, “thank you” eta irriparrea… Etxera itzultzeko oinezko 30 minutuetan zortea izan nuela eta tipoak ez zirudiela txarra pentsatu ohi nuen…

 

 

Auzotako ateak irekita

 

Bolada baterako zela jakinda, gogoko nuen lan hura.

 

Nekeak neke (ez zen ederra ohe-sofa astunak igogailu gabeko etxe victoriano estuetako hirugarren solairutara eramatea), ederra zen hirian hara eta hona ibiltzea.

 

Aberasgarria iruditzen zitzaidan Sydneyko auzo guztiak ezagutzeko aukera; batipat etxe bakoitza barrutik ikusteko parada hura.

 

5 000 000 biztanle inguru ditu hiriak. Etxe gehienak hiru solairu baino gutxiagokoak direla kontuan hartuta, imaginatu zenbaterainoko azalera betetzen duen! Eta gune interes orokorrerako erakargarrienak diren lekuak elkarrengandik gertu daude; hondartzak ekialdean lerrotuta… Nola iritsiko nintzen -edo zertarako- mendebaldeko auzoetara? Nola kostan ez dauden iparraldeko edo hegoaldeko auzotara?

 

Lan honekin hiriko bizimodu guztiak ezagutzeko aukera izan nuen. Ekialde hurruneko jendea, arabiarrak, afrikarrak edo greziarrak konzentratzen diren auzoak; auzo aberatsak eta pobreak; musulmanak, induak, budistak, anglikanoak, katolikoak, protestanteak, juduak elkartzen direnak… Hiriaren inguruko dokumental edo erreportaietan sekula agertuko ez liraketenak ere ikusi nituen. Postalen eta etxeetako hormen atzean ezkutatzen den bizia ikusi nuen: homosexualitatea, inmigrazioa, arrazismoa…

 

Egun batean adibidez, begirada galdua zuen andere batek atea ireki zigunean zaborrez itotako etxe bat topatu genuen. Bapatean, gure lana egiten ari ginela, emakumeak bere barrenetan eraso bat surfrittu eta arrazismo leherketa bat izan zuen nire ‘nagusiari’ “sekula ez dut hain tipo usaintsua izan etxean“, “zergatik etorri zara, ni erasotzeko?“, eta antzerakoak esanaz. Poliziari ere deika hasi zen gu bere etxetik ateratzeko, baina guk hanka egin genuen (ez genuen ulertzen gertatutakoa). Pena eman zidan Cassek; ez bainuen zaborra bezala tratatua ikusi ordurarte… “Diotena diotela, herrialde hau arrazista da. Nik sufritu dut, eta baieztatu dezaket. Hala ere ni ez naiz beste arrazakoak zaborra bezala tratatzen dituenetakoa…” zioen.

 

 

Zaborraren tratamendua

 

Baina laster amaitu zen honenganako nuen sentiberatasuna. Egunak aurrera joan ahala, bere barrenak ezkutatzeko erabili zituen teknikak erortzen joan ziren. Juduak gorrotatzen ditu (Palestinaren kontuagatik omen da, ulergarria), txinatarrak eta ekialde hurrundar gehienak ardikaka bezain baliotsuak dira honentzat, neska beltzek ez omen dute larrutarako ere balio… Ez omen zen arrazista, baina arrazakeria uneoro erakusten zuen! Beranduago kontatu zidan Javik “El tío es fan del Hitler tío, ¡y eso que es negro!“.

 

Txinatarren etxe batetara sartzen ginenean (hauek ere oso lehorrak dira) kasurik ere egin ez, hitz gozorik ez, lana kolpeka egin eta hanka presaka egiten zuen. Berdin beste hainbat asiarren etxeetan ere. Neska japoniarrekin oso jatorra zen ordea, australiarrekin edo hegoafrikar zuriekin adina. Baita propina usaintzen zuen familia aberats indonesiarren etxeetan ere.

 

Hori bai, hauei bizkarra eman bezain pronto “Txinatar puta, wawawawawa… Kaka zaharra! Hauei ez zaie utzi behar gehiago etortzen! Eztute ezertarako balio. Txinatar putak!” (bero-bero hitz egiten zuenean denak ziren ‘txinatarrak’ nahiz eta berak errez bereizten zituen.

 

Homofoboa sutsua ere bazen; martxan gindoazela gay bati furgonetatik “Oi! Marikoi puta!” ohiu egiteraino! Lesbianak ere zin zituen jasan, eta hauen etxeetatik irteten ginen bakoitzean (benetan, asko ziren) bi minutu behar izaten zituen lasaitzeko.

 

Egoera dibertigarriak gertatu ohi ziren. 30 urtetik beherako neska batekin dagoen bakoitzean gizon maitagarria bilakatu ohi da putaseme hau. Beste bat ematen du. Denei aurpegitxo alaiena erakutsi, irriparrea, eskua eman… Ba bezero batek atea ireki eta honelako bat topatu zuenean sekulako irriparrea egin zuen. Eraman beharrekoa eramaten ari ginela ordea, neska haren neska ere egongelara agertu zen eta elkarri musu ematen hasi ziren sofan etzanda… Orduan aldatu zen guztia! jajajja Tipoari ia bihotzekoak eman zion…

 

Bezeroa telefonoz hitz egiten entzuten nuenerako, nolako jarrera ikusiko nuen aurrikusi nezaken azkenean, eta nire buruari Cass putasemea benetan nazkagarria zela esaten nion bitartean berataz barre egiten nuen.

 

 

Birziklatzeko nire beharra

 

Eta okerrena. Niri ere zaborra bezala (inmigrante tonto) bezala tratatzen hasi zen denbora aurrera zihoan bezala.

 

Lan kontuak:

 

Sekula ez genuen arratsaldeko 4ak edo 5ak aurretik amaitzen. Honek astean 50 ordu inguru lan egitea esan nahi zuen, eta 500 dolarren truke? Hori oso gutxi da Australian! Gehiago ordaintzea berarentzako ezinezkoa zelako izango zela pentsatu nuen (soldata batetik bi atera beharko ditu), baina beranduago konturatu nintzen etxe bakoitzeko 65$ jasotzen zituela; astean 1800-2000$ inguru alegia! Aberasten ari zen nik mixeria jasotzen nuen bitartean; eta nik gidatzen nuen furgoneta, bezeroei atea nik jotzen nien, bere bizkarra gaizki zegoela-eta nik eramaten nituen ia kaxa guztiak etxeetara… Kaka alde horretatik. Gutxienez ondo tratatua izango banintz…

 

 

Pertsonarteko tratua:

· Berak sekula akatsik ez: karreteran galdu egiten zela, berak esaten zuen bezala sartzeagatik produktu batek markak zituela, zerbait erori egiten zitzaiola… Ez zuen inporta! Beti izango zen nire errua eta gainera bezeroen aurrean oihuka hasiko zen! Uste dut berak agintzen zuela erakutsi nahi izanagatik zela…

 

· Istripua nire errua. Imaginatu! Furgonetan zaharraren zaharragatik, egun batean aurreko gurpiletako bat eta ardatza lotzen zituen pieza apurtu zen hiriaren kanpoaldeko auzo batean gindoazela. Gurpila azpian sartu eta furgoneta balantzan hasi zen… Ozta ozta lortu nuen autorik jo gabe gelditzea! (auto guztiak batera irteten direla dirudien une horietako bat zen). Eta berak zer egingo? Niri oihuka hasi zen errua nirea zela esanez, eta mekaniko baten bila joan zen, ni han utzita. Sekulako autoilada sortu genuen (amaiera ez nuen ikusten), eta han etzegoen poliziarik… Diru beltzean zebilen gizajo bat nintzen egoera hartan, eta berak nik trafikoa zuzentzea nahi zuen gainera! Putakumea! Gero ez omen zen oroitzen ni iraindu izanaz…

 

· Jatera joaten zenean esan ere ez. Haseran eskuzabala zen arren ondoren jatekoa ere ez zidan ematen. Etxetik badaezpada zerbait eramaten nuen almazenean presaka jateko. Imaginatu, gasolindegietan ni furgonetan geratu ohi nintzen bera ordaintzera joaten zen bitartean eta han irteten zen jatekoarekin niri ezer esan gabe! Edo kilometro ugari egiten genituen nik lanera gindoazela uste genuen bitartean berak (eta berak soilik) gustoko zuen leku batean jan zezan!

 

· Propinak ezkutatu. Lerdoa nintzela uste zuen. Etxe aberatsenetan beti trikimaina bera erabiltzen zuen. Dena ondoen zihoanean eta poltsiko eta kaxoietan mugimenduak somatzen hasten zirenean… “Eh! Behera jeitsi furgoneta zaintzera poliziak multa jarri aurretik“. Askotan garaje barruan genuen ibilgailua, edo bazekien ez zela ezer gertatuko! Gero botatzen nizkion nik zeharka… Baina ezer ez. Bezeroak propina nire aurrean emandako aldietatik bitan bakarrik (10$) banatu zuen. 150$ nire aurrean jaso zituen batean ba al dakizue zer egin zuen? “Gasolinatarako“. Eta inoiz ez zuen 30$ baino gehiago gastatzen horretan! Putakumea!!!

 

· Berarentzat estorboa. Jaten ari zela ez zuen ni bere inguruan egotea nahi izaten, nire bizitzaz ezer kontatzen hastea ere alferrik zen (behin eta berriz galdetzen zizkidan gauza berdinak), almazenean ere ez ninduen inguruan nahi eta ideia bat izanaz gero? Hobe isilik egon, iraindu egiten bainuen!

 

· Umore aldaketak. Jasangaitza zen honena…

 

· Engainua. Lana egitera gindoazela uste nuenean erosketak egiten zituen, lagunak bisitatu, bere kontu pertsonalak hemendik hara eraman… Sekula zer egitera gindoazen esan gabe! Ordu haiek ez zituen ordaintzen, noski, eta zertara gindoazen galdetuz gero haserretu gainera!

 

· GEZURRAK: Ez omen zen arrazista, ez omen zuen diru asko irabazten, frantzian bizi izan zela… Dena gezurra!

Bera zenbat eta gehiago ezagutu geroz eta duda gehiago nituen. Ez nuen sinesten Bahamasekoa zenik ere (hobeto hitz egiten zuen suahiliera ingelera baino), garai batean israelen soldadu izan zela baieztatu zidan Javik, semea zuenik ere ezin sinestu jada…

 

 

Ahaztu nahia

 

Egoera ni irensten ari zen; eta ez zuen merezi hemen horrela bizitzeak. Egun guztia amargatu honen ondoan!

Hala galiziarrarekin hitz egin nuen honen inguruan; eta beste bi gezur agertu ziren!

 

Javik kasu egiteko hots egin dit… bere aurretik mutil argentinar jator bat ibili zen… oso ondo eraman izan naiz nire langileekin...”. Javiri honek esandakoak kontatutakoan… “¡Pero que hijo de puta! Yo le llamé porque todavía me debe pasta, y al argentino también se la debe. ¡Y yo no le aguantaba más! Ese pirau es un mentiroso… Yo he llegado a pensar que un frustrau de la Al Qaeda“.

 

Lana utzi behar banuen, astebete lehenago esatea nahi zuen Cassek. Eta hori zen bere tranpa: lehenago esaten zitzaion, azkeneko aste osoa egiten zen lan, eta gero egun hauek ez zituen ordaintzen. Eta orduan zer egin nuen? Dirua eskuan nuen momentuan esan ez nuela gehiago lanik egingo.

 

Deiak jaso nituen ondoren, gure auzoko zuhaitz baten atzean ezkutatu eta telefonoz deitu zidan (bere begien aurrean nengoela) ea non nenbilen galdetuaz… Ezkutalekutik atera eta hori ezin niola egin zioen… Bera ona izan zela nirekin… “ZOAZ INFERNURA, PUTAKUMEA!” zen pentsatzen nuen bakarra… Berriz ere gezurretan… Badaki nola gaizki sentiarazi.

 

 

“Un frustrau de Al Qaeda…”

 

Berriz ere langabe (eta dirugabe), jajaja aske nintzen. Lan hobeago bat bilatzeko aske, hondartzara joateko aske, planak egiteko aske… Eta benetan diot harengandik urruntzea behar nuela burua okerrago izan baino lehen… 6 aste berarekin eta ezin nuen gehiago! “Tartean biolentziarik izan gabe, ez nuen uste norbait hainbeste gorrota zitekeenik…” nioen.

 

Yemenen ibili ohi den hizkuntza hobeto erabiltzen zuen ingelera baino. Beraz, Bahamasekoa ez bada eta Yemenekoa bada? Juduen armada ongi ezagutu zuen eta gorrotatu egiten ditu. Sinagogatan ere pistola balu bezala barrez egiten zuen, benetan sentitzen bazuen? Cass deitzen genion, baina bere DNIa bera ohartu gabe ikusi nuen eta oroitu ezin dudan izen bat ageri zen han. Hori ere gezurra bazen? Hilean hainbeste diru irabazi eta sekula dirurik gabe baldin bazebilen? Beti gezur artean bazebilen?

 

Hainbeste gezurren artean egia pare bat dakizkit. Ingelera ez zuen ongi egiten (eta Bahamasen Jamaikan bezela hau erabiltzen da), eta kasualitatez beti arabiarrak ziren bere lagun etorkinei etxeak topatzen genizkien (lanordutan).

Deigarria egiten zitzaidan etxeak beti aeroportuen inguruan egon beharra. Aeroportuak hain zabalak izanik, hauen inguruko auzoetatik auzotara tarte handiak daude; baino honek ez zion axola nonbait… Guztietatik aeropurtua garbi ikusten zen; hori bai, eta bera zen errentaren kontu guztiak egiten zituena.

 

Ni ere paranoiatan hasi nintzen bada kontu hauen inguruan! Tipoaren inguruko guztia nahi nuen ahaztu etapa honen inguruan… Hiria eta etxeen barruan ezagututakoaz bakarrik nahi nuen oroitu.

 

Hala ere, eleberri bat idazteko ere ematen du garai honek…

 


Beharra Sydneyn

martxoa 13th, 2010

 

Lana topatzea zen konpondu beharreko bigarren kontua.

 

Oso hiri garestia da Sydney; gure orbitan bizi den jendearentzat gutxienez.

 

CBD (erdigunetik) gertu dagoen etxeren batean gela duin propio bat nahi izanez gero ez da erraza asteko 150$ baino gutxiago ordaintzen den bat topatzea. 3$ inguruko zartada garraiobide merkeenean egindako joaneko bide bakoitza. 2$ gosaltzeko gaileta-zorroa, beste bi esne kartoia; dolarra pasta merkeenaren zorroa, beste bat moldeko ogi merkeena (ogia-ogia ezin da ordaindu); 4$ eta 6$ bitartean pub bateko garagardo basokada bakoitza eta 1,20$ inguru alkol-denda edo almazenetako garagardo botila merkeena; 10$ inguru tabako pakete merkeena… Atera kontuak!

 

Konturatu orduko bizioak baztertzen hasten da bat; baina hala ere, lana egin behar izaten du hirian bizi/iraun eta ondoren bidaiatu egin nahi duen gure mailako gazteak.

 

 

Krisialdiak ez du ito Australia

 

Zorionekoak gu, gaur egungo krisi kapitalista globalak herrialde hau oraindik harrapatu ez duelako. Txinarekiko menpekotasunik ez duelako omen da alde batetik, hauekin harreman onak dituztelako bestetik, eta baldintza geografikoak sortutako aukerak eta muga, zein bertan lan egiteko modua azkenik (formakuntza profesionalik gabe ere negozio propioak arrakastaz sortzen dira)… Ez naiz ekonomista, baina dakidana da hemen langabezia ia ez dela existitu ere egiten.

 

Pentsa, krisialdiak harrapatutakoan hemengo langabezia tasa %5,7ra iritsi zela-eta larritu egin omen ziren! Gaur egun beherantz doa (%5,3 iragan astean). Hala ere, hemen langabeek duten bizi-kalitate maila ona, diru-beltzean egiten den lan guztia, bidaiariok betetzen duten ‘zulo’ kopurua… Hori kontuan hartuz gero, ez dakit noraino larritzeko kontua den.

 

Beno, baina ez naiz menperatzen ez ditudan kontu hauetan sakontzen hasiko… Noan harira: hilabete batzutarako datorrenak lehenago edo beranduago topatzen du zerbait. Hobea edo eskasagoa, zikinago edo garbiagoa… Ilegalki lan egiten duen batentzat ere ez da hain zaila suertatzen hemen ‘mileurista’ izateko ohoreziara iristea. Zorte kontua da, baina aurreztu daiteke.

 

 

Gure kasua

 

Lanpostua eta generoa nahiko elkarlotuak daude sektore askotan. Etxeen garbiketa eta umezaintza postuak emakumezkoei uzten zaizkie orokorrean, igeltsaritza, logistika, lorazaintza eta antzerakoak gizonezkoei…

 

Maialenek etxe pare bat garbitzen dihardu (beste pare bat gehiago topatzeko asmoz). Ez da muduko lanik ederrena besteen etxeak txukundu eta hauen alkondarak plantxatzearena, baina hemen ondo ordaindutakoa da. Bere kasuan, ekasketetan inbertitzen duen denbora guztia kontuan izanez gero, aukera ona da gainera; ordutegiak baimentzen dizkion tarteak ez baitira zabalenak.

 

Eta nik zer esango dut ba? Herrialde hontara etorri aurretik eta bertan, ez da jakiten zertan jardungo den. Eta ni horren adibide bat gehiago naiz.

 

Batzuek agian gogoratuko duzuen bezala, lorazain gisa lortu nituen nire lehen dolar australiarrak.

 

Aukera hura amaitu zen ordea, eta casual bezala publizitate agentziatxo batentzat pare bat spoten gaztelerazko bertsioentzako doblajea egin dut.

 

Modu jarraiagoan lan egitea zen nire nahia ordea. Hala, hizkuntza enpresa batentzat euskara eta gaztelaniazko transkripzioak egiteko proba burutu eta gainditu nuen; eta hilabeteak daramatzat proiektuak hasi zain. Zerbitzari gisa hastekotan ere izan nintzen bitartean… Baina azkenean hemengo ‘Ikea’ antzeko enpresa baten altzariak banatzen furgoneta baten gidari gisa eman nituen 6 aste. Gehiago ezin nuen arte.

 

Ordundik transkripzioarena oraindik ez da hasi ordea, eta zerbaiten bila jarraitu dut. Azkenean, ‘landscaping’ sektorean aurki hastekoa naiz; nolabaiteko lorategietako igeltsaritzan, alegia. Ikusiko dugu azkenean zer gertatzen den!

 

Hala ere, gidari etapa hark artikulu oso bat merezi duela uste dut…

 


Bad Behavior has blocked 4 access attempts in the last 7 days.