Mugak ixteko daude bisak

martxoa 3rd, 2010

 

Esan bezala, kontu garrantzitsu pare bat konpondu beharra genuen ahal bezain laster. Bisarena zen horietariko bat.

 

 

Espainiar pasaportitisa

 

Euskal Herritar batzuk pairatzen dugun hau, sentimenduen mailatik kategoria praktikora pasatzen den gaixotasuna da Australiara gatozenean.

 

Dirudienez duela urte batzuk hemen izandako estafa-lapurreta batean dago Espainia eta Australiaren arteko harreman ez-onaren jatorria. Tranpatan diru mordo bat egin ostean Mallorca inguruan ezkutatu omen zen hemengo gizonezko bat. Australiak honen estraditazioa eskatu omen zion espainiar Estatuko gobernuari, baina onek ekarritako diruaren onurak ikusita ukatu egin omen zen eskakizuna. Gobernu hauen harremanak eskastu egin ziren orduan.

 

Ondorioz, espainiar pasaportea eraman behar dugunok ez ditugu Europako herrialde gehienetan, Asiako hainbat lurraldetan, Ipar Amerikan edo Txilen dituzten abantailak; Working Holiday Visa kasu. Bisa hau daramatenek errez lortzen dute hona oporretara etortzeko baimena; eta gainera, dirua egin nahi izanez gero Tax File Number (irabazitako dolarrak deklaratzeko zenbakia) delakoa dute lana legalki egiteko. Hori gutxi, eta fruta-biltzen hiru hilabetez jardunez gero bigarren urte baterako luzatzen zaie bisa.

 

Gaur egun beraz, espainiar pasaportea dugunok hiru bisa nagusi ditugu: langileena (sponsorship bidez lortzen dena; lortzeko konplexua), ikasleena eta turistena (3 edo 6 hilabetekoa).

 

 

Adibide gordin bat

 

Koadrila bereko bi mutili Australiara etortzea bururatzen zaie. Herrialdea ezagutu, lana apur bat egin diruak gehiago irauteko, sobratuz gero Asiara pasa… Bat Hendaian jaioa da ordea (frantziar pasaportearekin), eta Irundarra bestea. Lehenengoak guztia errez egiteko aukera izango du; lana legalki eta nahi duenean egin, bi urtez jarraian mugatatik irten beharrik izan gabe… Laguna aldiz, hiru edo sei hilabetez behin kanpora irten beharrean izango da bisa berritzeko, ikasle bisa batekin ikasten ari ez bada behintzat. Ikasten ari bada (oso garestia dena), legalki egin ahal izango du lana (astean 20 ordu) baina klaseen %80etara joan beharko du derrigorrez. Ikasten ez badu aldiz, lana ilegalki egin beharrean aurkituko da, eta harrapatuz gero etxera bidaliko dute!

 

 

Aavalongo koloniatxo euskalduna

 

Beraz, bidaiatzera etorri eta lan egin nahi duenak (klasera joan beharrik gabe) ilegalki egin ahal izango du, eta Aavalon (Sydneyren iparraldeko kostan hiritik autobusez 80 minutura dagoen herriska) da euskaldunon artean honetarako leku ezaguna. Bertako ostatu bakarra garesti ordaintzen da, baina lana egiteko zerrenda batetan izena idazteko aukera dago. Zerrendako postuen arabera lorazain, igeltsari edo etxe-garbitzaile postuak eskeini ohi dira (ondo ordainduta) ilegalki egiteko. Cash in hand!

 

Surfa maite dutenentzat aukera ona da beraz, eta hainbat euskalherritar elkartu ohi da bertan.

 

Hirian ere topatu ohi dira ilegalki egiteko moduko lanpostuak. Hala ere, esan beharra dago apurka-apurka estutzen ari direla hauen eremuak…

 

 

De facto bikoteen bisa

 

Panorama honen aurrean, inongo enbaxadatan jakinarazi ez eta lagun batzuk kontatu ziguten zerbait egin genuen. Maialen hilabete batzuez ingelera ikastekoa zen, eta nik ez nuen nahi klasetara joan baina bai lan egin Sydneyn egon behar nuen bitartean. Biok hainbat urte daramatzagu elkarrekin. Eta konponbidea?

 

Bikoteentzako ikasle bisa bat. Berak bost hilabetez ikasi behar zuenez, seigarren hilabetea oparitu ziguten ‘oporretarako’. Bitartean, Maiak klasetara joan beharra dauka (astean behin besterik ezin du huts egin). Biok dugu legalki 20 orduz lan egiteko aukera; eta bera oporretan dagoenean 40 orduz. Hala ere, garrantzitsuena Tax File Number delakoaren jabe izatea da. Horrekin jardunaldi osoko lana ere errez topa daiteke…

 

Hori bai. Elkarrekin irekitako kontuaren agiria, familiekin ateratako hainbat argazki, hainbat eta hainbat erreserba (hegaldietakoak, ostatuetakoak, trenetakoak, etab.)… Denetik erakutsi behar izan genuen inmigrazio bulegoan ‘de facto’ bikotea ginela erakusteko!! Gutxienez, sinestu zuten, eta eskerrak!

 

Tramite luze batzuen ondoren lortu genuen beraz lana errazago topatu ahal izateko bidea… Ez da merkea hemen liburuxka granate puta hori eramatea!


Santa Claus hondartzan

martxoa 3rd, 2010

 

Gabonak iritsi aurretik itzuli ginen Sydneyra. Urtarrila bitarteko etenaldian zegoen Maialenen ikastaroa, eta eten beharreko langabezian geunden biak ala biak. Zeregin garrantzitsu bat edo beste bagenuen beraz, baina egun erdi-ero ‘berezi’ hauetan egunerokotasunera bideko erorketa motel bat aurrikusten genuen.

 

Elur malutik gabe halako sentsaziorik sortu ez ziguten gabonak ziren protagonista beraz bolada honetan. Beso gabeko eta ehun finetako kamisetek hartua zuten jaka lodi berrien erakusketaren lekua. “Opari-eskatzeko oinetako dizdiratsuen lekuan txankletak jarriko ote dituzte?” ohotu zitzaidan. Ahotik lurruna isurtzen zuenik ere ez genuen topatu; ez eta pinu edo eukaliptorik ere denda hornituen parean. Gezurrezko zuhaitz erraldoi pare bat besterik ez. Eta zer egiten zuten panorama honen erdian Santa Claus, Bizarzuri edo direna direlako haiek?

 

Bazter guztietan ikus zitezken panpinak; eta jendeak sekulako ohitura du eguna joan eta eguna etorri txano gorri ponpoidun ridikuluak jantzita ibiltzeko… Hala ere irudi bat geratu zitzaidan begi-ninian: errepide bazterretako Santa Claus ibiltari publizitarioak. Beroaren beroz ikasita daude, eta autobus geltokien itzalpean ezkutatzen dira. Jaka erantzi, manga motzeko niki zuria jantzi eta praka zein txapel gorria besterik ez dute ibiltzen noizean behin bizar zuriaren azpian ezkutatzen diren indiarrek. Ez dakit zergatik, baina lanpostu hau berezkoaren antzik ez zuten hauek betetzen zuten nagusiki…

 

 

Giro ezberdina

 

Kontuak kontu, ez familiarik; ez hango barraskilo, arkume edo bixigu-janik; ez lagunarteko polboroiz bustitako parrandarik; ez hotzik… Gabon zelebreak izan ziren gureak eta gu bezala beste hainbatenak. Bidaiari eta inmigrante ugari dago Sydneyn. Familia milaka kilometrotara duen jende asko. Egun hauetako hutsunea betetzeko lankideekin edo lagunekin elkartzen den pertsona andana.

 

Gorka eta Wendyren gonbitea jaso, eta hauen etxean ospatu genuen gabon gaua (abenduak 24) bigarrenaren senide batzuekin. Eguzkiak ihes egin aurretik hasi ginen jaten. Ostrak, kroketak, zerrikumea, champagne apur bat… Tertulian gustura aritu ginen. Kanturik ez. Azkenean, hiriaren geldotasuna ikusita errepide hutsetan zehar bizikletan egin genuen etxerako bidea.

 

‘Eguberri eguna’ bezala ezagutua ere ez zen batere berezia izan guretzat. Jai genuen ostiral buruzuri alfer euritsu bat besterik ez. Berdin gertatu zen hilaren 26an ere. Hemen Boxing Day ospatzen da, eta ez du zerikusirik boxeoarekin; opari-kaxak irekitakoan jasotakoarekin gozatzearekin baizik.

 

 

Urtea uretan hastea

 

Urtezaharretakoa izan zen guretzat gabonetako egunik onena. Mundu osoan hain ezagunak diren su artifizial ezagunen zatitxo bat ikusi eta milioi inguru pertsonen artean itotzetik ihes egin genuen. Egun oso batean leku on batean kokatu eta bi metroko garaiera izan ezean zaila omen da ezer ikustea; eta ez genuen egun hau hosto-tarteko zerbaiti begira igaro nahi.

 

Hamar lagun elkartu ginen Micaelaren etxean afai-merienda baten inguruan. Aitor, Miren eta Maialen azpeitiarrak, Imanol azkoitiarra, Gorka gasteiztarra, Wendy, Micaela eta beste bi australiar, eta nire arteko giroa ederra izan zen mahaian geunden bitartean. Baina festa La Perousse (Sydney hegoaldea) inguruko hondartza batetan zen izatekoa, eta taxi pare batean joan ginen gehienak…

 

DJ, malabarista, sutondo eta guzti ederra zen festa klandestino hura. Gonbitea ahoz-aho luzatzen den horietarikoa. Eguraldiak eta jende kopuru ez-gehiegizkoak ere lagundu zuten, eta gustura ibili ginen. Ederrena? Gaueko lauak inguruan gozatutako bainu epela.

 


Bad Behavior has blocked 6 access attempts in the last 7 days.