Udazkena hasteko: Victoria State

apirila 16th, 2010

Udazkena puntuan iritsi zen. Lehenengo egunetik euria indarrez eta tenperaturen hamar graduko erorketa bortitza (nahiz eta hala ere 20ºCtatik jeitsi ez).

Jervis Baytik hirira itzuli ginenerako, lanpostu batean hasteko baieztapenaren zain nengoen deia jaso nuenean: “berandu baino lehenago hasiko zara; baina ez datorren aste hontan“. Maialen ere school holidaysetan, astebetez nahi zuena egiteko aske zen.

Gauzak horrela libre genuen aste hura aprobetxatuz Victoria estatura joatea pentsatu genuen. Ostiral gauean bertan ‘jetstar’ konpainiaren webgunean sartu, Sydney-Melbourne (Avalon) hegaldia 59AUDen trukean erreserbatu, motxila prestatu, ondo gosaldu eta larunbat eguerdian abiatu ginen!

Hegaldia bikaina izan zen lurrartzear ginela pilotuak “hodei mardul batzuk direla eta beranduago egingo dugu beherantz” esan zuen arte. Aurrikusitakoak baino 45 minutu gehiago lainoetako euli moduan ibili ostean sekulako euri zaparradaren erdian lur hartu genuen azkenik aireportu txikian.

Eta ordubetean Melbourne hiri erdiko South Cross autobus-tren geltokiko lurpeko solairuan ginen. Autobusetik irteten hasi eta oinak busti nituela ohartu nintzen. Zer zen hura!! Geltokia urez gainezka zegoen. Izotz zatiak nonahi, osto eta adaskak lurrean ongi zapalduta, jendea blai eginda…

Itxura honekin egin zigun harrera Melbournek (Victoria)

Eta berdin kalean. Jendea oinutsik, alarma guztiak erre beharrean… Hura zen kaosa! Baina zer gertatu zen? Zergatik zeuden arbol zatiak bazter guztietan, izotz zatiak han-hemenka, putzuak errepideetan eta dorretako alarmak ere oihuka?

Panorama haren erdian ostatu merke baten bila abiatu ginen LonelyPlaneta eskuan genuela. Gure zoritxarrerako larunbata zen, eta ostatu guztiak ganbararaino beteta zeuden! Hotelak berriz, ez ziren guretzat egin… Zer egin orduan? Garagardo eta tertulien konpainian gaua luzatu ondoren autobus geltokiko itxarongelan etzatea bururatu zitzaigun. Eta halaxe egin genuen!

Eta honela jakin ahal izan genuen gertatutakoa: gure hegazkina lurreratu ezinda zebilen bitartean, txingor-zaparrada izugarria erori omen zen hirira. Golf piloten neurriko harriak omen ziren, eta alarmak hauen kolpeengatik hasi ziren lanean, tren geltokiko ehunezko sabaia ere hauek zulatu zuten… Eta hiriko Yarra ibaiak ezin izan zuen bapateko hura irentsi.

Great Ocean Road entsutetsuaren ekialdeko ’sarrera’

Igandean goiz, oso goiz esnatu ginen beraz. Hirian buelta bat eman genuen (erdigunea oinez errez ikus daiteke) eta pentsatzen jarri ginen: Sydney bezalako hiri batetik etorri eta beste hau ikusi behar al dugu? Polita da, eta bizitza (kulturala) omen du, baina beste hiri berri hauetariko bat al da opor hauetan nahi duguna?

Azkenean, ostatuekin berriz izango genituen arazoak kontuan hartuta, hiritik irten eta haize frexkoa zela gehien behar genuena ohartuta… Auto bat alokatu eta Great Ocean Road aldera abiatzea erabaki genuen. Australiako Hego-ekialdeko kostan dago; Melbourne hiriaren mendebaldean hain zuzen ere.

‘12 apostoluak’. Gaur egun 7 gelditzen dira mahaian…

Torquay eta Warrnambool arteko errepide honen ingurua aktibitate handiko ingurunea da. Bertako lurra ez da oso solidoa, eta haizea zein hurak errez higitzen dute forma ezberdinak sortzen jolastuz. Artean, mendia, parke naturalak eta kosta modu politean urtzen dira.

Imagina ezazue Zarautz eta Zumaia arteko errepidea mendiari zati bat bera ere kendu behar izanik gabe. Imaginatu orain inguruko mendiak eucaliptus zuhaitzez edo landare tropikalez jantzita daudela. Imaginatu bi herrien artean 120km inguru daudela, eta ez dagoela Getaria baino herri handiagorik, eta hondartza inguruak ez direla etxez gainezka egoten… (bai ordea surflariz)

Autoak ematen zigun askatasunaz errez mugitu ginen; eta sudur-puntan jarritako lekuetan egin genuen lo… Erreza da inguruak irenstea hemen ere; batez ere leihatila jeitsi eta ur gazia eta eukaliptoen nahasketaren usainaz gozatuz gero.

Haize-olatuak sortzea ere zaila hondartzatxo honetan…

Lasaiaskoa zen hau ere… Egun honetan hotz egin zigun ordea

Beste xarmadun hondartzatxo bat...

Eguraldia ongi freskotuta zegoen egia esan, baina ezin izan genion inguru hauetan bainu bat edo beste hartzeko tentazioari uko egin… Marrazo asko ibiltzen omen da inguru hauetan, baina egia esan, ez ginen gogoratu ere egin.

Maialen, oharkabean ateratako argazki batean

‘London Bridge’ natural ezagunak erdia galdu zuen duela hamar-bat urte

Txango ederrak egin zitezken hornidura tropikaleko basotan zehar

Egun batean gaua Cape Otwayn pasatzea pentsatu genuen. Parke natural batean zehar errepide nagusitik apur bat aldenduta dagoen itsasargi ezagun bat da hau. Han inguruko garrantzitsuena… Haizeak gogor jotzen zuen han, eta gauez ekaitz zoragarri bat ere sentitu ahal izan genuen gure pospolo kaxa txikiaren txapen bestaldean…

Esnatu eta gosalduta parkea berriz gurutzatu eta errepide nagusira itzultzen ari ginela, ezusteko eder bat eman zidan Maialenek: “Geldiu Sesma, beitu koalak!“. Errepide bazterrean dozenaka ikusi ahal izan genituen. Handiak, txikiak, lodiak, lotiak, ipurterreak… Grazia ematen zuen haizeak enborrak astintzean hauek zein goxo jarraitzen zuten ikusteak.

Denboraldi eder bat eman genuen hauei begira eta erdi jolasean, nahikoa zela pentsatu eta gure bidera iritsi ginen arte…

Cape Otway inguruko basoan ikusi genituen azkenik koalak, beren giroan

Eta bai ikusi ere! Dozenaka aurkitu genituen, hainbat neurritakoak, mugitzen…

Egun batzuen buruan Melbournen ginen berriz. Hirian zehar bueltaxka bat eman eta beste ‘relocation’ bat egiteko kotxea hartu genuen bertan. Eta ondorengo bi egunotan Melbourne eta Sydney arteko kosta osoko 1050 kilometroak egin genituen… Herritxo eta bailara zoragarriak ikusi genituen bertan (baina kasualitatea, generamatzan bi kamerak izorratuta zeuden ordurako). Merezi zuen!

Hirian gure lagunekiin elkartu eta gure bidaiaz hitz egin genienean harritu egin ziren. “Hainbeste koala aske ikusi al dituzue? Ba hori sekulako zortea da, eh? Australiarrak izan eta bizitza osoan zehar aske dagoen bat edo bakar bat bera ere ikusi ez duten dexente ezagutzen ditugu!. Nik ere bakarra ikusi dut…“.

Egia esan, herrialde honetan kanguroak 40.000.000 inguru direnean, koalak milaka besterik ez dira… Pentsa, suteetan ere nola egin behar dute ihes zuhaitzei helduta lo dauden animaliatxo motel hauek???


Udako azken asteburua Jervis Bayn

apirila 15th, 2010

Hala zen bai. Australian urtaroak ez datoz hogeita batgarrenetan; lehenengotan baizik. Udazkena adibidez, martxoaren batean hasten da. Aitzaki hau eta beste pare bat aprobetxatuz (Iñaki kataluniarra eta beste bat) Jervis Bay ingurura joatea ohotu zitzaigun; Sydneyren hegoaldean (autoz 3 ordu).

Eta bai merezi ere! Bailara baten inguruko kostako parke nazional bat da. Milioika eukalipto, herritxo pare bat, hainbat eta hainbat hondartza… Animalia asko eta jende gutxi! Akanpatzeko gune bat dago Cave Beach ondoan, eta han jarri genuen gure denda nahiz eta azkenean lo hondartzan egin… Egia esan Maialen eta biok Australiagandik gehien espero genuena topatu genuen bertan: natura, lasaitasun-tarte handiak, hondartzak, olatuak, izurdeak, surfa, kanguroak, barbakoak, parranda…

Gustura ibili ginen iran-suediar, indiar, kataluniar, australiar, espainiar, frantziar, brasildar, euskal herritar eta abarrez osatutako koadrilan! Merezi duen leku bat da; baina nola ez, kamera ez zen oso aktibo ibili… Hala ere, hona hemen leku hau hobeto irudikatu ahal izateko irudi batzuk.

Esan beharra dago putakumea haizea hartzera bidali izanak gozamenari zentzumenak irekitzen lagundu zidala…

Cave Beach. Honen inguruan igaro genuen denbora gehiena

Cave Beach. Alde honetako kobazuloan antolatu genuen festa


Paradise Beach (Huskison). ‘Guiness’ liburuan hondar zurieneko hondartza gisa ageri omen da

Ez dakigu inor ez zegoen hondartza erraldoi honen izena. Basatia.

BBQa prestatzen. Australiako ezaugarria

Kobazuloko festako une bat (flashak kendu dio xarma argizari-argiari)

Denden pareko zelaian Australia, Katalunia, Euskal Herria, Brasil, Turkia eta Espainiako ordezkariak

Bai!! Atzean agertzen nintzenean argazki hau ateratzen nenbilen…
Kanguro asko gerturatu zitzaizkigun

Jofre frantziarrak hondartza basatitik ateratako argazki ikusgarria.
Hamaika izurde olatu berean. Hauek ere inguruan genituen...


Sydney inguruan bolada baterako dagoen edonori gomendatuko nioke leku hau. Australiako natura gertuagotik ezagutzeko, dibertitzeko… Eta hiritik atera eta eucaliptus haize gaziak arnasteko!


Jakinarazpena: Argazki pare bat Carles kataluniarra eta Benath iraniarrarenak dira

Udak ihes egin bitartean

martxoa 20th, 2010

 

Zeelanda Berrian ibili ginela, bisa zela, lan bila genbintzala… Konturatu orduko bazetorren udazkena; eta hauxe izan zen atera genuen ondoriotariko bat: hein batean, Australian marketin plan itzelbat burutu dute eguraldiaren inguruan.

 

Herrialde hau aipatzean, hondartzak, olatuak, basamortuak eta eguraldi ona bururatzen zaizkio gehiengoari. Ezta? Eta hondartzak ikaragarriak dira (luze eta basatiak asko), basamortua izugarria da (azaleraren %80 inguru esango nuke), olatu ederrak ere egon ohi dira sarri, baina eguraldia?

 

 

Sydneyko zaparrada eder bat, gure etxetik ikusita

 

 

 Bi zentzutan, euri ugari egin du gu hemen gaudenetik. Egia da giroa oso oso beroa izan dela udan, eta Euskal Herriko udan bezalakoa dela udaberri nahiz udazkenean. Egia baita ere, hotzagandik ihes egin nahi duenak neguan iparraldera joan besterik ez duela… Baina hemengo udako eguzkiaren azpian 2 ordu irautea oso zaila da; eta bestelakoan euria egiten du! Queensland estatua bera ere urazpian egonda denbora askoan…

 

Elena, Javi, Maialen, Natalia eta ni, Gure Txokoko atzealdean

 

 

 

 Baina beno, hemen ari naiz gehiegi jantzi gabe idazten, beraz…

 

Hala, gauza ugari egin genuen uda amaitu bitartean; besteak beste:

 

· Aavalon ‘euskal koloniatxoan’ asteburu bat Imanol azkoitiarra eta Miren azpeitiarraren behin-behineko etxean. Lore eta Unax zarauztarrak ere elkartu zitzaizkigun bertan, eta hondartzaz gozatu ahal izan genuen…

 

· BBQ eder batzuk

 

· Gure Txokoko igande gogoangarriak… Hauetako batean Jose, kazetari kanariarrak, ‘La neura del euro’ monologoa eskeini zigun sekula han ikusi ez nuen jendetzaren aurrean. Politikari guztiak eta burutzen diren politiken kritika gordina zen hein handi batean…

 

· AC/DC (zahar) taldearen kontzertua bizi euren etxean… Australiar, kanariar, euskaldun eta kataluniarrek osatutako 15 lagun-taldea joan ginen gainera, eta sekulako giroa izan genuen Estadio Olinpikoaren erdian…

 

 

Gure ‘kuadrila’, kontzertua hasi aurretik

 

 

Gorka (goian) eta Ugutz; ez zen zaila gu topatzea!

 

AC/DC kontzertua martxan 

 

Azala eta izerdia nagusi ‘botzoaren’ erdian

 

 

 

Hala ere, Australiagandik espero genuenarekiko antzekotasun handieneko bi irteeratan gozatu dut gehien: Jervis Bayko asteburua udako azken bi egunetan, eta udazkenaren hasieran Victoria estatura astebeterako eginiko ihesalditxoa.

 

 

 

(eskerrik asko Ugutz eta Natalia artikulu honetako argazkiengatik)

 


Bad Behavior has blocked 5 access attempts in the last 7 days.