Ni ez naiz Hirigintzan aditua, baina iruditzen zait inguru hau dela Zumaiako politenetako bat, batez ere ibai aldera daukan arnasarengatik eta Zumaiaren ikuspegiarengatik (Parrokia, Parolaldea, Santiago aldea…).
Lekuaren izen ofiziala Gernika parkea da, hor dagoelako landatuta Gernikako arbolaren urtadarra, baina zumaiar askorentzat, batez ere adinekoentzat, Moilaberria da. Moilak, berez, portuetako eraikin bereziak dira, pertsonen eta zamen ontziratzea eta lehorreratzea errazteko edo laguntzeko prestatuak, eta Moilaberrian aspaldian itsasontzirik lotu ez bada ere, badago garai bateko lan-jardueren arrasto oso nabarmena: burdinazko bi errail, elkarren paralelo, moila horretako hormigoizko zoruaren gainean alderik alde luzetara.

Burdin horiez ume batzuei galdetuta, erantzun zidaten trenaren arrastoak zirela, lehen Urolako trena horraino iristen zelako. Egia da garai batean Urolako Moilaberriraini iristen zela, eta horren arrasto nabarmenena estazioa da, gero anbulatorioa ere izan zena, gaur egun hutsik.

Errail edo burdinbide horiek, ordea, ez dira trenarenak, baizik eta garabienak. Eta ideia hori indartzeko, beste detaile batzuei ere begiratuko diegu: oso zabalera handiko burdinbidea da, eta bi burdinbideen artean ez dago trabesarik.

Egin zenean, Moilaberriari “Muelle del Urola”, “Muelle de la Diputación” edo “Nuevo Muelle Comercial” deitzen zioten paperetan, eta Lourdes Odriozolak, Estudio Histórico del Puerto de Zumaia liburuan, hainbat xehetasun ematen ditu proiektuaz. Moila egiteko arrazoi nagusia komertziala izan zen. 1910 eta 1920 artean, Gipuzkoan hazkunde industrial handia izan zen, baina Urola bailaran ez zegoen behar bezalako garraiobiderik; horregatik, inguruko udalek (Zumarragatik Zumaiarako ia guztiek) indar egin zuten Urolako trenbidea egiteko; horrela, Zumaian, ordurako eginda zegoen Vascongados trenarekin lotura izango zen eta Estaziotik trenbidea Zumaia aldera 2 kilometro luzatuta, Basusta inguruan (gaur egun araztegia dagoen horretan) buelta hartu eta ibaiertzetik itsas aldera, itsas garraioarekin ere lotura izango zuen, Donostiako, Bilboko edo Pasaiako portuetara joan beharrik gabe. Moilaberria egiteko, Zumaiako Udalak 10.000 m2 eman zizkion Gipuzkoako Foru Aldundiari, azkenean, 1926an inauguratu zuten; otsailaren 26an, Alfontso XIII.a Espainiako erregea etorri eta Urolako trena eta Moilaberria inauguratu zituen.
Berriz ere burdinbideari helduta, Moilaberriaren hormigoizko egituraren gainean karga-deskargan aritzeko garabiak jarri zituzten, errailen gainean; trenbideari esker, moilan zehar aurrera eta atzera mugitzea zeukaten garabia, itsasontzien eta tren-bagoien komenientziaren arabera. Batez ere itsasontzietatik ikatza eta burdin totxoak deskargatzen zituzten.
Argazki hau 1961ekoa da, “Paisajes Españoles”-ek atera eta Zumaiako Udalak utzitakoa, eta ederki ikusten da lanerako ingurua:

Beste hau zaharragoa da. Ez dakit norena den (Foto Gar?), ezta noiz ateratakoa den ere; Hotel Amaya eraikita dago (beraz, 1923tik atzera), baina Eusebio Yeregiren etxea ez (Kofradiaren ezkerraldean, gaur egun azpialdean banku bat daukana, 1945/1946koa da).

Argazki berriagoak dira Bertil Lagestrom Suekoak ateratakoak, hurrenez hurren 1982 eta 1986koak. Bietan, ederki ikusten dira garabiak.


Garabiak birakariak ziren, eta garabilarietako bat Erramun Telleria izan zen.
Burdinazko errail horiek dira, beraz, garai batean hor egiten zenaren lekuko ia bakarrak, eta batek baino gehiagok estropezu egin eta erortzekotan egon bada ere, babestu eta iraunarazi behar ditugula iruditzen zait.
Moilaberriko zubia 1986-1987an egina da, baina gabezia nabarmenak bazituen, eta irisgarriago egiteko, 2011n berritu zutenean, badakit teknikariek begirunez jokatu dutela errailekin eta aintzat hartu zituztela.
Burdinbideak topeak ere badauzka alde batean, deskuido batean garabia ez erortzeko behera.



Ondoan, lurrean, 1966 dago idatzita porlan-gainean, seguru asko orduan obraren bat egingo zutelako

Hortik gertu, itsasontzia lotzeko mutiloi hau dago; nork egina den ere jartzen du: “Torreaga, S.L.”.

Galdategi hori 1961/1962koa da, eta, beraz, seguru asko obra egin zutenean jarriko zuten mutiloia. Beste bi ere badaude, baina ez daukate batere inskripziorik.


Eta beste mutiloi batzuk egondako lekuak ere nabarmenak dira. Horrelako pieza bat kentzeko zenbateko indarra behar den ere… Batean oraindik inskripzioaren arrastoak ere ikus daitezke.


Burdinazko bi errailen artean, hormigoizko zoruan, hainbat zulo daude, hogei inguru, eta horietako batzuk adierazi ditut argazki honetan:
Pentsatzen dut izango direla euria egiten duenean ura hortik behera jaisteko, zoruan putzurik ez egiteko. Baina behin baino gehiagotan ikuskizun ederra ikusita nago zulo horiei esker, betiere goizaldean: goizeko seietan, trenera noala, marea biziak direnean, marea goian eta itsaso handiaren zarata urrutian, olatua ibaian gora indarrez igotzen da, eta Moilaberriaren azpialdean aire-ganbera sortzen denez, geyserren antzekoak sortzen dira, olatua ibaian gora doan neurrian zuloetatik ura gora bata bestearen atzetik. Donostiako Haizearen Orrazian bezala. Zoragarria!

Itsasbehera denean, posible da Moilaberriaren “barrura” sartzea, azpialdera, eta ederki ikus daiteke nola dagoen eraikita:


Ibaialdera, itsasontziak lotzen ziren lekuetan, porlanaren kontra kroskoak ez mailatzeko jarritako egurren azken arrastoak baino ez dira geratzen.



Eta bestelakoak ere bai, gorpuen hezurrak balira bezala, zer ziren edo zeri eusten zioten ere ia-ia ahaztuta.


Amaitzeko, Moilaberrian ez baina ondoan, Txomin Agirre kaian, pantalanaren gainaldean, begira zer kartel daukan jarrita Eusko Jaurlaritzako Portu eta Aireportuen Zuzendaritzak:

Bistan da okerreko lekuan jarri dutela. Hor urdinez iragartzen diren zerbitzu guztiak egongo dira seguru asko ibaiaren beste aldean, kirol-portuan, baina hemen… Eta debekuak ere ezartzen ditu: ezin da igeri egin eta ezin da arrantza egin, alajaina! Hemen babesteaz ari gara, baina, mesedez, kendu eta eraman dezatela kartel hau behar den lekura!