Gaur zortzi
Hauxe Hitzaren Bostekoa atalean argitaratutakoa:
Gaur zortzi
Gaur zortzi gozatu ederra hartu nuen. Igande goiza, eguraldia lainotsu baina ateri, itsasbehera 11:44an…, dena zen egokia aspaldiko asmo bat betetzeko: Zumaiatik Debara oinez joatea, baina harraldetik, haitzetatik.
Lehendik ere askotan ibilia naiz inguru horretan, batez ere gazte(ago)tan, baina aspaldian joan gabe, beste begi batzuekin ikusi nuen dena. Ez nien askorik begiratu haitzetako putzuei eta han egon zitezkeen olagarro, andarika edo txoazkinei, eta gehiago erreparatu nion lehorraldeari: mendia erorita dago paraje askotan, itsasoaren, euriaren eta haizearen eraginez; bezperan euria eginda, errekak urez saltari zetozen (Andikaraerrekak Niagara zirudien!); zabor koloretsu ikusgarria ari da pilatzen Pikoteazpia inguruan (aurten ere garbitu beharko dute!); Palankamugarrin, Zumaia eta Itziar-Debaren arteko mugan, norbaitek ohol bat zutik jarrita dauka lehen burdinazko palanka (mugarria) zegoen lekuan… Ibilaldian, begiak ederki bete zitzaizkidan.
Haitzez haitz saltoka (susto pare bat ere bai, tartean, labainduta), harritu egin nintzen oso jende gutxi zebilelako. Itsasoa zegoen eta ekarraldi handiak zituen, baina denera dozena pasatxo lagun baino ez nituen ikusi ibilaldian zehar, eta haitzean, harrapaketan, bi lagun besterik ez, lapetan. Pentsatu nuen igual hasi zela biotopoko debekualdia. Gabonetan, gainera, jakin genuen Estatuak biotopo izendapenaren aurka egin duela, eskumen‑arazoak direla medio, eta seguru asko baten batzuk poztuko ziren, itsasbeheratan zakua nahi bezala betetzen jarraituko duten esperantzan. Eztabaida handia izan dugu eta daukagu herrian, batzuk babestearen edo arautzearen alde, beste batzuk kontra. Baina guztiok bat etorriko gara inguru hau zaindu, babestu eta iraunarazi egin behar dugula, ezta? Guk nahi edo ez, gure harraldea gero eta ezagunagoa da, gero eta jende gehiago dabil atzera‑aurrera eta are gehiago etorriko da etorkizunean. Etorrera horrek baditu bere arriskuak, eta horiexek nahi ditu saihestu, besteak beste, biotopo izendapenak. Biotopoa aipatu dudanez, beste “izendapen” batzuk ere aipatu nahiko nituzke: zeinen erraz ikasten eta geureganatzen ditugun hitz berriak (biotopo, flysch, geoparke, marearteko zabalgunea…) eta zeinen erraz ahazten eta baztertzen ditugun betikoak (harraldea, haitza, brankada, jaiskunea…).
Ibilaldiaren helburu Deba nuen, baina baneukan beste asmo bat ere: Aitzuritik aurrera dauden galtzada harrien harrobiak ikusi nahi nituen, Arronamendi ingurukoak. Azkenaldian, istorio politak entzun eta irakurri ditut horien gainean: nola ateratzen zuten harria han zeuden sei harrobietatik; nola eramaten zuten itsasoz gabarretan, Debara edo Zumaiara, edo Kostaldeko trenean… Harrobi horien edo gabarlekuen arrastoak ikusi nahi nituen, baina ez nintzen iritsi. Aitzuri parean, putzuzulo handi batek gelditzeko agindu eta bi aukera eman zizkidan: bustita pasa igerian edo atzera egin, buelta eman. Gogo txarrez, bigarrena aukeratu nuen, oraindik hotza dago‑eta ura. Horrela, Mendatatik gora eginda, lehengo trenbidera irten nintzen, eta Aitzuri azpitik tuneletik pasata, beste aldean, han ikusi nuen harralderako bidezidorra, aldapan behera. Baina nagikeriak harrapatu ninduen: hain da laua eta erosoa Debako araztegira bitarteko bidea… Gero, handik, Debara, mokadua jan eta trenez buelta.
Hurrena, ikusi nahi dudana aseguratze aldera, igual Debatik Zumaiara egin beharko dut ibilaldia. Gaur zortzi, igandea, 11:12an da itsasbehera. Ateri egonez gero, animatzen al da norbait?