Betaurrekoak

Hauxe atzo Hitzan ateratakoa, “Bostekoa” atalean:


Laneko ariketa bat egiteko, lehengoan nire bizitza 10 argazkiren bidez laburbildu behar izan nuen, besteei azaltzeko. Ez da erraza, gero! Hasteko, konturatzen zara desoreka handia dagoela argazki-kopuruan: txiki-txikitako asko daude (eskerrik asko, ama!) eta azkenaldiko oso gutxi, ditxosozko digitalizazioa dela medio. Baina ariketa zaila da, batez ere, gure bizitzako mugarriak zein izan diren erabaki behar dugulako, zer izan den garrantzitsua eta zer azalekoa, zerk bete gaituen eta zerk hustu, zerekin gauden harro eta zerekin lotsatzen garen, zer erakutsi nahi dugun eta zer ezkutatu nahiko genukeen.

Argazkiak aukeratzean, beste gauza batek ere eman zidan atentzioa: argazkien bidez ez ezik, betaurrekoen bidez ere ederki neukala errepasatzea nire bizitza; konturatu nintzen nolako betaurrekoak, halako fasea edo aldia izan zela. 6 urterekin jantzi zizkidaten betaurrekoak, hipermetropiagatik, eta 45 betetzeko bidean gauden honetan, makina bat bisita egina naiz Donostiako General Ópticara lehen, Zumaiako optikara azkenaldian. Gainera, argazkien bila ibili naizenean, gordeta neuzkan betaurreko batzuk aurkitu ditut (mesedez, ez galdetu zertarako gorde nituen).

Txikitan, gogoan dut betaurrekoak jartzea ez zela oso gertaera pozgarria izan niretzat. Oraindik gogoan daukat cuatroojosenbicicleta deitzen zidatela, eta horrek zenbat amorrarazten ninduen (ia-ia Imanol caracol, saca los cuernos y vete al sol hark adina); betaurreko txikiak ziren, amona Benturak zeuzkan haien antzekoak; handik gutxira, gainera, begi bat alferra neukala eta, txaplata jarri zidaten ezkerreko begian (onean), eta ezetz asmatu zein zen pirata? Gero, garai bateko plastiko-pastazko lodi koadratu handi batzuk izan nituen, itsusi amorratuak baina modakoak, eta haiekin ageri naiz 10 urterekin, pilotari-jantzitan, adibidez. Haien atzetik, nerabezaroan, metaliko batzuk izan nituen, zilar­‑kolorekoak, modernoagoak (eskerrak!), eta noiz puskatu zitzaizkidan ere akordatzen naiz: Hertzainak eta Cicatriz taldeek kontzertua eman zuten Egurkoren atzealdean, eta han, aurrealdean nenbilela, lurrera erori zitzaizkidan, eta kontzertuaren ondoren aurkitu nituen, txikituta eta kristalik gabe. Haien ondoren, biribil batzuk izan nituen, Harold Lloydenak bezalakoak, eta ezetz asmatu nola deitzen zidaten lagunek? Soldaduskako argazkietan betaurreko haiek jantzita ageri naiz. Handik bueltan, aurrekoak puskatu aurretik, izan nituen beste berezi batzuk, azpialdetik pita zeukatenak, markorik gabe, eta ondorenean biribil batzuk ere bai, eta akordatzen naiz nola puskatu ziren ere: ohitura txarra neukan edozein lekutan uztekoa, sofaren gainean, adibidez, eta Manex semea jaio zenean, familiak ohiko erromesaldia egin zuenean, osaba Alberto betaurreko haien gainean eseri zen.

Lentillekin ere ibili nintzen bolada batean, ohitu ere egin nintzen haiek eskatzen zuten eguneroko diziplinara, baina ez zen batere erosoa ordenagailu aurrean lan egiteko, ezin ohitu, eta atzera betaurrekoetara bueltatu nintzen. Harrezkero, beste hiru pare ere izan ditut, guztiak ere nahikoa antzekoak eta klasikoak, aldaketa handirik gabe. Izan ere, irudipena daukat betaurrekoak aldatzen ditugunean aro berri bat hasi nahi dugula, baina aurrekoari uko egin gabe, nabarmenegia izan gabe.

Ordenagailu aurrean, betaurrekoak erantzi eta begiak igurtzi ditut. Ondoko argazkiei begiratu diet; gero eta okerrago ikusten dut. Bada garaia betaurreko berriak erosteko.

Leave a Reply

CAPTCHA Image CAPTCHA Audio
Refresh Image

Bad Behavior has blocked 30 access attempts in the last 7 days.