17 mugarrien ibilaldia
Igandea, urria 9th, 2011Urriaren 8a, larunbata. Azkenean 19 laguneko koadrila ederra abiatu ginen, goizeko 08:30ak pasatxo zirenean, Ardantzabiden barrena.
Ardantzara iristerako euri-tantak hasi ziren. Algorrin, itsaso handia eta haizea zakarra. Harraldean, Andikaraerrekara iritsi aurretik, erauntsia. Babesa bilatu behar izan genuen.
Pixka bat atertu zuenean, han joan ginen Deba aldera, Palankamugarrira.
Palankamugarrin.
Euri txikia zena zaparrada bihurtu zen Baratzazarretako bidean gora. Euria-ateri-euria-ateri, Elorriagako atsedenlekuan Arrito jaso eta Pikotera, eta gero Andikarara, Jadarreko zulora jaitsi eta Indañeta-Xarrondo arteko bidera irten ginen.
Narruondora jaitsi ginen, gasolindegiaren ondora, eta atzera San Lorentera, gora, Azkoin baserrien ondotik. Eskerrak hango zakurra erdi lo zegoen eta berandu konturatu zen pasatzen ari ginela.
San Lorenteko aterpean ederki egin genuen hamaiketakoa (12:00etan), eta lehortzeko eta berotzeko aprobetxatu genuen. Errioxa irratia ere ederki sintonizatzen da handik. Zumaia gertu geratzen zela-eta, batzuek etxerako bidea hartu zuten, eta geratu ginenok Agote aldera jaitsi, autopista azpitik pasa eta Ibañarrietara igo ginen. Handik Oikiarako bidea hartu, eta Artabilla baserria pasata, Txortenaren “errantxoa”-ren ondotik, Aizarnazabalgo errepidea hartu genuen. Hemen Etxabe auzora iristen.
Etxabetik errepidera irten eta Muniosoro parera joan ginen. Han, Aizarnazabal eta Zumaia arteko muga egiten duen Muniosorerrekari jarraitu genion gora, Indamendiren oinetara, eta Santakutzerrekako mugarria ikusita, Artzain baserrira irten ginen.
Gosetuta, blai eginda baina kontentu, Zigotzagako mugarri eta bidegurutzean Santa Kruzerako bidea hartu genuen. Handik ere sintonizatzen da Errioxa irratia.
Bertan zegoen Elkano, eta ederki estimatu genuen aterpea eta zerbeza hotza. 15:15ak ziren.
Harmonia ederrean bazkaldu genuen.
Ezetz asmatu nor naizen!
17:00ak jota ziren eta oraindik Aia aldeko lurretan geunden. Ilunak ez harrapatzeko, Zumaia aldera abiatu ginen, aldapa behera zelako kontentu.
Urrutian, Santa Kruzetik, Talaimendi.
Artzainera jaitsi ginen berriz ere, muga-lerroa hartzeko.
Handik, Bentatxotik Meagako errepidera irtenda, Kitmar enpresa zeneko horretan behera egin genuen. Autopista azpitik pasatu eta Guruzelai baserri berrituaren ondotik pasata, erreka ondoko mugarria ere ikusi genuen.
Aldapa igo eta gero, telefono-antenen ondotik zuzenean Arteagara irteteko tentazioa izan genuen… baina ez. Bada oso bide polita, aldapan pikean gora, zuhaitzen arteko pasillo batetik Garateko gainera daramana, eta handik joan ginen… Bat baino gehiago marmarka aritu zen, ea beharrezkoa ote zen hortik igotzea, Arteagara ordekan lasai joan besterik ez genuela, baina gero han goitik, Garateko gainetik, ikusi genuen paisajeak merezi zuen, ezta? Arteagara jaitsi, Errekaldeko mugarri ikusi, gero Karakaskoa, gero Zumentzukoa eta halako batean iritsi ginen Santiagoko hondartzara. Lopek esan zuen akordatzen dela Laiaren ondoan, aldapa hasten den horretan, garai batean mugarria bazegoela; bila ere ibili ginen, baina ez genuen aurkitu. Datorren urtean 18 mugarriko ibilaldia izango ote da?
Hauxe azken mugarriaren ondoko argazkia.
Lagun arteko giro onean, egun-pasa ederra egin genuen, ezta? Datorren urtean berriz?
Oharra: maparen gainean, 25 kilometro inguruko ibilbidea neurtu nuen, baina Javierrek GPSa eraman zuen eta 33 baino gehiago dira. Xabik ere mugarriak GPSaren bidez markatu zituen. Hurrengorako hobekuntzak izan baietz..










































