Archive for the ‘Paperean argitaratuak’ Category

Agurraren lezioa

Ostirala, abendua 2nd, 2011

Hauxe da Hitzako “Bostekoa” atalean 2011-12-01ean argitaratutakoa:

Agurraren lezioa

Egun batzuk lehenago, idazlea ordenagailuaren aurrean eseri da. Nahiago luke beste batzuen jenialtasuna izango balu, konfiantza osoa izan hain beharrezkoa duen ideia on hori berez eta batez ere garaiz etorriko zaiola; baina esperientziak erakutsi dio ezetz, idazteko, zorionez edo zoritxarrez, jenialtasuna baino eraginkorragoa dela konstantzia, kaskagogorkeria, eguneroko lana, eta badaki oraingoan ere asko idatzi beharko duela, okerreko bide askotan galduta ibili, iritsi nahi duen tokira eta garaiz ailegatzeko.

Egun batzuk lehenagotik, idazleak tente eduki ditu belarriak eta zorroztu egin ditu begiak, inguruan zer gertatzen, idazten, esaten den erne, eta han-hemenka bilatu ditu hari-muturrak zeri tira edukitzeko. Mahai gainera atera du beti poltsan eramaten duen koadernoa, eta azken orrietan idatzitako apunteei begiratu die. Horietako batzuk (hitzak, esaldiak, ideiak) ordenagailura eraman ditu; beste ohar batzuek, berriz, erabat galdu dute idaztean ustez zeukaten distira eta itzali egin dira, egunsentian izarrak bezala.

Egun batzuk lehenago, orain arte idatzitako artikulu guztiak errepasatu ditu, batez ere izua diolako antzeko ideiak behin baino gehiagotan adierazteari; edadean aurrera egin ahala, jakin badaki sarritan gauza berberak errepikatzen dituela, berriak edo inoiz adierazi gabeak balira bezala, eta gertukoek -konfiantzazkoek- ohartarazi behar diote horretaz. Ez du nahi idatzietan ere antzeko zerbait gertatzerik, norbaitek esatea “Hara hemen berriz hau, betikoarekin!”. Horregatik, saiatzen da lehen jorratutakoa berriz ere ez ukitzen, ahalegintzen da adibide berberak ez erabiltzen, eta ahal izango balu hitz desberdinak erabiliko lituzke beti, ez lituzke errepikatuko; baina badaki hori ezinezkoa dela, eta idazkera ere zerbaiten gainean eraiki behar duela. Idazleak errepasatu egin ditu artikuluetan orain arte hizpide izan dituen gaiak, eta konturatu da horiek direla bere gairik maiteenak, garrantzitsuenak, obsesionatzen dutenak: euskara, herrigintza, kultura, gure iragana…

Egun batzuk lehenago, larunbaterako, idazleak aukeratu du azkenean zertaz idatziko duen, eta asteburuko ordu libreetako batzuk horretan pasako ditu, idatzi eta idatzi, irakurleari adierazi nahi dion hori guztia 3.330 karakteretan errenditzen. Ohi bezala, ordea, oraingoan ere askoz ere gehiago idatzi du, eta beti bezala lasaitua hartuko du, pentsatzen duelako errazagoa izango zaiola egindakotik kentzea gehiago idaztea baino. Igande goizean, ohi bezala saltaka egitera joan denean, etengabe izan du idatzia buruan, eta hausnarrean bueltaka ibili du Getaria alderako errepide bazterretik doan bitartean, zer aldatu, zer zerekin lotu, eta etxera bueltatuta, dutxaren ondorenean, idatziari azken ukituak eman dizkio. Azkenean, titulua ere erabaki du, “Agurraren lezioa”, Ruper Ordorikaren abestiarena. Izan ere, kantan protagonistak bezala, idazleak ere agur esan eta trena hartu behar du, azken bi urte pasatxo hauetan bost astean behin geltoki izan duen txoko honetatik alde egin. Bidaiarako motxila arina darama, etorri zenean baino arinagoa, geldialdi bakoitzean bere barruko zerbait utzi duelako “Bostekoa”-n, eta motxila hustu den bezala, idazlea bera ere agortu egin da, ahitu, hitzak ere amaitu egin zaizkiolako. Barrua berriz ere betetzeko premia sentitu du, egunen batean berriz ere hustu ahal izateko.

Agurrak ez dira inoiz errazak izaten, eta are zailagoak izaten dira gustura ibili garenean. Eskerrik asko guztioi. Trena badator eta banoa. Aio!

Irakurri eta idatzi

Osteguna, urria 27th, 2011

Hauxe Hitzako “Bostekoa” atalean 2011-10-27an argitaratutakoa:

Irakurri eta idatzi

Aspaldiko partez, egunotan gozatu ederra hartzen ari naiz ipuinak irakurtzen. Literatur lehiaketa bateko idatziak aurrealdean, irakurtzeaz gain, saiatzen naiz imajinatzen nor ote dagoen orri horien atzean, zerk bultzatzen duen idaztera, zenbateraino gozatuko duen idazten… Gainera, duela gutxi emailez jaso dut EHUko mintegi bateko ikasle batzuen gonbidapena, hiru galderaren inguruan hausnartzeko eta idazteko: “Zergatik idazten duzu? Idaztea noraino da librea? Zein autore/obra d(it)uzu gogokoen?”. Hiru galdera potolo-potolo, zer pentsatua ematen dutenak, baita segidan beste galdera batzuk sortarazten ere: zergatik irakurri? Zeren arabera aukeratu irakurgaiak?…

Irakurzaletasuna aipatu orduko, askotan gazteak datozkigu burura, zaletasun hori umetan baino landu beharko ez balitz bezala, eta hamaika aldiz errepikatutako esaldiak: “Gazteek ez dute irakurri nahi”, “Gogoz kontra irakurtzen eta idazten dute, obligazioz”… Uste dut Anjel Lertxundiri irakurri niola gaur egun inoiz baino gehiago irakurtzen eta idazten dela, eta egia da: dena literatura ez bada ere, gure gazteak helduok baino askoz gehiago dira horretan, eta ikusi besterik ez dago zenbat ordu pasatzen dituzten ordenagailu aurrean. Gertatzen da, ordea, beste gauza asko bezala, irakurzaletasuna eta idazteko grina indartzea eskolaren esku uzten ditugula, eta eskuak garbitu, gure ardura ez balitz bezala; ama batek esana datorkit burura: “Ez dakit zer egin gureak irakurtzeko!”, eta ez nintzen atrebitu galdetzen: “Baina zuk irakurtzen al duzu? Ikusten al zaitu irakurtzen?”.

Idazteko zaletasuna bultzatzeko, beste herri askotan bezala Zumaian haur eta gazteentzako literatur lehiaketa antolatzen da, eta parte har dezaten, eskoletatik bideratzen da (hauxe lehen bekatua?); haurrek eta gazteek gustura eta atseginez egin beharko luketena, askok derrigor eta gogoz kontra egin behar dute, behartuta, eskolako lana balitz bezala; eta idaztea bera gutxi ez balitz, beste zailtasun asko ere gainditu behar dituzte: idazlanak zuzenak izatea, ortografi edo gramatika akatsik gabeak; maisuaren edo ikaskideen begikoak (”onenak” aukeratzen baitituzte ikasgelan); eta nahi edo ez, tartean dago irakasleen arteko lehia, eskolen arteko norgehiagoka ez aitortua, nork irabaziko sari gehiago… Gero, lan sarituak liburu batean kaleratzen dira, eta dena ondo joanez gero, ale batzuk iristen dira etxe batzuetako apalak apaintzera. Hainbesteren eta hainbesteko ahaleginaren ondoren, zenbateraino bultzatzen da idazteko zaletasuna?

Helduen irakurzaletasunari dagokionez, sarritan entzun dut “Eske, nik ez daukat ohiturarik…”, gure ohiturak aldatzea ezinezkoa balitz bezala, noiz eta nahi duen ia orok erretzeari uzten dionean edo 10 kilo flakatzen denean, ohiturak aldatuta. Irakurtzen zaletzeko, ez dago nahia eta beharra bezalakorik, barrenean zerbait ernaraziko digun liburu aproposa topatzea, batere behartu gabe eta atseginaren bila, aspaldi ikasi baikenuen letrak ez direla odolarekin sartzen, begien gozatutik baizik. Begiratu gure ohiko eginkizunei, eta konturatuko gara uste baino gehiago irakurtzen edo idazten dugula: lankideak utzitako oharra, lagunari zorionak emateko egun bat berandu idatzitako SMSa, semeak eskolan idatzi duen ipuina, lagunak emailez bidalitako powerpointa…

Irakurtzea eta idaztea biak dira ekintza aktiboak, pertsonaren borondate eta indar handia -kaskagogorkeria?- eskatzen dutenak, baina ahalegina baino handiagoa da gehien-gehienetan gerora sentitzen dugun satisfakzioa eta poza. Urria izanagatik, udaberria bizi dugu gurean eta egunotan denok irakurri ditugu, gehiago edo gutxiago, letra larriz idatzitako albisteak: lehenengo, Aieteko adierazpena; gero, ETAren komunikatua. Horiek irakurtzean, itxaropena ez ezik, askori beste zerbait ere piztu zaigu barrenean, zerbait egin beharra, idazteko premia. Orain gure garaia da; irakurtze hutsean geratu gabe, idatz dezagun gure etorkizuna.

Alarderik gabeko emakumeak

Osteguna, iraila 22nd, 2011

 Hauxe 2011-09-22ko Hitzako “Bostekoa” atalean argitaratutakoa:

 

Urtea joan eta etorri, beti gertatzen zait konturatzerako eta oharkabean iristen zaidala Hondarribiko Alardea, eta zapuztuta geratzen naiz, amorrarazita, sentsazio berbera nagusitzen zaidalako: ez dugu aurrera egiten, berdinean jarraitzen dugu, eta aurtengoan, gainera, badirudi atzerapausoa eman dugula, batzuei ibilbidea aldarazita. Hori gutxi balitz, zoritxarrez, aurtengoan beste berri bat ere izan dugu: emakume bat hil da, Alardeko desfileko tiro baten ondorioz. Hori jakin nuenean, pentsatu nuen igual behingoagatik debekatu ere egingo zutela (askoz gutxiagogatik ere galarazi izan dituzte beste ekitaldi batzuk); eta gero imajinatu nuen debekatzen ez badute, datorren urtean gezurretako eskopetekin desfilatzera behartuko dituztela, jostailu-dendetakoekin, kortxozko tapoiak listariarekin lotuta kanoietan, punba!

Egia esan, gaur egungo begietatik ikusita, erabat garaiz kanpoko ohitura iruditzen zait desfile militar hori, ahaztekoa, eta pentsatzen dut batzuen parte hartzeko gogoa ez dela izango ohitura edo tradizio bera maite dutelako, ezpada askoz ere gehiago dagoelako jokoan: batzuen parte hartzeko nahia eta beste batzuena ez uztekoa. Kaskagogorkeria hutsa baino gehiago ere bada, ordea: oinarrizko eskubideen aldarrikapena eta ukapena.

Tradizioa tradizioa omen, aldaezina eta mantendu beharrekoa, eta akordatu naiz beste leku batzuetan batere zalapartarik gabe eta normal-normal aldatu dituztela ohiturak: lehen, Antzuolan, festetan, mairua hil egiten zuten, baina azken urteetan epaitu eta barkatu egiten diote bizia; edo orain normaltzat jotzen dugu Donostiako danborradan emakumeak gizonezkoen alboan irtetea; edo Mutrikuko festetan, aurten, benetako ahateak askatu beharrean, plastikozkoak jarri dituzte ur gainean; edo euskal jaietan ohitu ere egin gara emakumeak kamiseta tirantedunarekin ikusten, edo gizonezkoak txapelik edo abarkarik gabe; edo Aste Santuko prozesioa, hain tradizionala eta gorde beharrekoa, bertan behera geratu izan da gure herrian, santuak ateratzeko inor ez zegoelako… Adibideak nahi adina, tradizio edo ohitura batzuk nola utzi izan diren albo batera zentzutasuna nagusitu denean, tradizioari batere traiziorik egin gabe.

Tradizioarengatik balitz, gizonak besterik ez lirateke ibiliko estropadetan, baina batzuek urtez urte egin duten lanari eta erakutsi duten irmotasunari esker, ohitu ere egin gara emakumezkoak arraunean ikusten, eta nola egin arraunean, gainera! Duela hogeita bost urte, Zumaiak Kontxako bandera irabazi zuenean, ez genuen imajinatu ere egingo urte batzuk geroago gure herriko emakumeak han ikusiko genituela bogan, bandera irabazteko lehian. Eta aurten ikuskizuna, eta nolakoa, emakumezkoek eman dute. Halako batean, herritarrok konturatu gara emakumeek zenbateko balentria egin duten, eta berriz ere ikusi ditugu kamiseta gorriak kalean, txaranga bazterrak alaitzen; berriz ere bular aldea puztu zaigu herrian horrelako neskak edukitzeagatik, eta denok sentitu gara zumaiarrago, pozik eta harro.

Kontxako bigarren egunean, Espainia urruneko bidaiatik bueltan etorri eta neskei Zumaian egindako ongietorri bero eta gorriaren ondorena ikusita, pentsatu nuen zer izango ote zen hura bandera irabazi izan balute… Gehiegia!

Neskek izugarrizko lana egin dute, batere alarderik gabe, batere handikeriarik gabe, isil-isilik eta umil-umil. Eta Zumaiako -eta beste herrietako- neska arraunlarien handitasuna ikusita, Hondarribiko Jaizkibel konpainiakoekin akordatu naiz, nahi bezalako alarderik gabe, baina setatsu, gogor, berdintasunaren aldeko txanpan. Animo, neskak!

neskak-telmo-deun-oninart-copia.jpg

Motorzaleak

Osteguna, uztaila 28th, 2011

Hauxe 2011-07-28ko Hitzan ateratako “Bostekoa”:

Motorzaleak

Titularra irakurrita, igual etorriko zitzaizuen burura Steve Mcqueen Ihesaldi handian, naziak orpoz orpo atzetik zituela; edo Valentino Rossi doktorea, mirariak egiten moto gainean; edo Francok bidaltzen zuen hura, ministroei kargugabetzea jakinarazteko, gero euskal bertsioan ere ezagutu genuena… Baina ez, beste motor eta beste motorzale bat ekarri nahi ditut hona: Anjel Alkain vespa zaharraren gainean, kasko berdea jantzita, “Zalantza non, Euskaltzaindia han!” oihukatzen.

Seguru asko, belarria erne baldin badaukazue, hauek edo antzekoak ezagunak egingo zaizkizue: “A ke ondo pasatzen ari gera!”, “Si berandu da!”, “Jokatuko degu guk kontra zuek”, “Porke horrelakoak asko daude”, “Kesi ez dakit zeinek etorri behar duen”, “Ake ezetz irten ondo!”, “Dijoa komoloko!”… Gero eta gorreria handiagoa edukiagatik, ezin egin entzungorrarena horien aurrean, eta horrelakoak entzuten ditudanean, Alkain motorzalearekin akordatzen naiz, zalantzak argitzera baino gehiago, zergatik ez ote den etorriko horiek zuzentzera.

Gure gazteek eskolan eta lagunekin pasatzen dute denbora gehien, eta elkarri eragiten diote etengabe, ikasten edo entzuten dutena gero errepikatu, eta normala ere bada etxean entzuten ez dituztenak erabiltzea. Hori ulertzen eta onartzen dut. Baina zalantza izaten dut nola jokatu behar dugun geuk oker esandakoen aurrean, iruditzen zaidalako haurren eta gazteen hezkuntzako beste alderdi asko bezala, errazegi uzten dugula eskolaren esku eta ardurapean hizkuntzaren alderdia (zuzentasuna, egokitasuna, jatortasuna…); gainera, guraso batzuek ezinbestean egin behar dute hori, ez dakitelako euskaraz. Baina besteok, umeei euskaraz egiten diegunok, belarrian “piiiiiiii” egiten diguten horien aurrean, zer egin behar dugu isildu edo Alkainen motorra hartu eta zuzendu?

Jakin badakit hizkerak zerikusi handia daukala gehienetan ekonomiarekin. Hitz bakarrean eta labur esan daitekeena lehenesten dugu, baina badira joera kezkagarri batzuk, gero eta zabalduago daudenak, ustez euskaldun on, oso eta zintzoen artean ere bai. Horren adibide, eta juntagailuarekin gertatzen ari dena, gaztelaniaren atzapar luzeek desagerraraztera daramatena: nola esaten ditugun urteak (”bi mila hamaika”), nola ematen diren pilota edo futbol partidetako emaitzak (”hogeita bi hamazazpi irabazi zuten”) edo nola esaten diren diru-kopuruak dendetan (adibidez, “Zenbat da?” galdetuta, erantzuna “Bi hamar”), besteak beste. Hitzen ekonomia edo laburtze horretan, beste joera bat ere ikusten dut, tamalez gero eta zabalduagoa: galdera egindakoan, erantzunean ez sartzea galderako deklinabide kasua; hona hemen adibide batzuk: “Zeinekin zoaz” galdetu eta erantzuna “Iñaki”, “Zer ordutan geratu zara?” eta erantzuna “Laurak”, “Non ibili zarete?” galdetu eta “Gernika parkea” erantzuna; horrelako erantzunak entzundakoan, aspaldian hartzen dut Alkainen motorra, eta Euskaltzaindiak non eta noiz erabaki zuen ideiarik jakin gabe, ezta zein arauri dagokion ere, berriz ere errepikatzen dut galdera, borrrrrooooooommm Alkainen vespa zaharrak: “Zeinekinnnn?”, “Zer ordutannnn?”, “Nonnnn”, harik eta “Iñakirekin”, “Lauretan” eta “Gernika parkean” entzuten dudan arte. Ordainetan, purrustadak, musu haizeak eta “Eskerrak Euskaltzaindia etxean daukagun!”, betiko leloa.

Uda hasi orduko, nire Honda 250 CBFri hautsa kendu eta ahalik eta gehien aprobetxatzen dut eguraldi ona, batetik bestera ibiltzeko. Baina hizkuntza kontuetan, motorzalea izateko ez da gidabaimenik behar, borondatea izatea nahikoa da, eta motorzaleak behar dira.

Zer gera gu, nor gera gu

Ostirala, ekaina 24th, 2011

Hauxe Hitzako “Bostekoa” atalean 2011-06-23an argitaratutakoa:

Interneteko sarean arrantzan nenbilela, Mikel Asurmendiren idatzi oso interesgarri bat “harrapatu” dut, “Xala, Xalbador gogoan” izenekoa, argia.com-eko “Erredakzio mahaia” blogean. Etorri da Mikel Zumaiara, Justa tabernara, eta…

“Bazkaltzen hasita, albisteak lagun, ondoko hiru lagunen jarduna zabaldu zen jangela, ozen zabaldu ere.

-‘¿Qué le pasa al francés?

-¿A quién?

-A ese, el francés, a Sala, al pelotari.

-Ahora les da por llorar en público.

-¡Tranquilo, seguro que ese le llama a Sarkozy y sulucionao!’

Nagusiarekin trukatu nuen begirada. Serio gizona. Disgustuko keinua sumatu nion, eta pentsamendua asmatu ere bai. ‘Tontolapikoa… Utzak, utzak, bezeroak beti arrazoi’.

Urepeleko artzainaren odolaren mintzoa borborka jalgi zitzaidan, odola eta mintzoa: ‘Espainolak eginak gira joan den aspaldian!’.

Zer pentsatua eman dit Mikelen pasadizoak, euskalduntasunaz hausnartzeko, eta irakurri orduko, galdera edo duda etorri zait: hiru lagun horiek, elkarrizketakoak, zumaiarrak ote ziren? Izan ere, kanpotik etorritako langile askok bazkaltzen du Justan astegunetan. Gainera, azkenean eta zorionez, Sarkozyri deitu beharrik gabe izango da finalean “Sala, el pelotari”, eta telebista bidezko haren irudia etorri zait, prentsaurrekoan, gaztelaniaz ezinean, euskaraz hizkera ederrean.

Pilota eta euskalduntasuna uztartzen dituen beste pasadizo batekin akordatu naiz, gure lagun zumaiar batek kontatua. Joan da gure lagun hori Gernikara, Alberdi eta Enbil zesta puntako jokalarien finala ikustera, eta frontoira sartuta, eseri da harmailetan. Zumaiarrek Ipar Euskal Herriko bikote bat dute aurkari. Gure laguna zumaiarrez inguratuta dago, baina aurre samarrean baditu herrikide batzuk besteak baino nabarmenago, ozen hitz egiten eta oihu egiten dutenak, harro, eta bereziki zaratatsuak dira iparraldeko aurrelariaren sake guztietan, txistuka eta oihuka, “¡Puto gabacho!” eta antzekoak esaten hitzetik hortzera. Gure lagun hori auzo lotsak janda, amorrazioz beteta, non sartu ez dakiela. Oihuka ari direnak euskaldunak omen, euskaraz hitz egiten dutenak eta Espainia urrun ikusten dutenak, ustez.

Herri euskalduna da gurea, Urola Kostako inguruko guztiak bezala: haur guztiek euskaraz ikasten dute eskoletan, baita kanpo-kanpotik etorritakoek ere, eta ezinbestean ikasiko dute, pentsatzen dut, zer den Euskal Herria, non bizi garen, nolakoak garen; euskararen erabilera handia da Zumaian (herritarren ia %80k dakite), eta UEMAn sartuta ere badago Zumaia; abertzaletasuna da nagusi gurean (azken hauteskundeetan, 13 zinegotzitatik 12 lortu dituzte alderdi abertzaleek eta PSEk bakarra)… Orduan, zer egiten dugu gaizki? Zertan egiten dugu huts?

Aurten, duela hilabete batzuk, Hitzan bertan irakurri nuen Azkoitian ikastaro berezia antolatu zutela etorkinentzat, gure hizkuntza eta kulturara hurbiltzeko. Ondorenean, iritzi edo erantzun andana ere irakurri nuen, ez legokeela gaizki bertakoentzat ere antolatzea ikastaro berbera, hemen jaio eta bizi izanagatik ezer gutxi dakigulako gure hizkuntzaz, kulturaz eta, oro har, hemengoaz; are gehiago: esango nuke ez daukagula garbi zer den “hau” edo “hemengoa”, edo kostatuko zaigula ados jartzea zehazteko zer garen gu, nor garen gu.

Justako Anjeli edo Anttoni galdetu beharko diet elkarrizketa hartako hiru lagunak zumaiarrak ziren edo ez, jakin-minez geratu naiz-eta. Nolanahi ere, nahi duenari apustu egingo diot, oraintxe bertan: Gernikako frontoian “¡Puto gabacho!” oihuka aritu ziren herrikideek ezetz irakurri Hitza!

Politikaren alde

Osteguna, maiatza 19th, 2011

Hauxe gaur (2011-05-19) Hitzan, “Bostekoa” atalean, argitaratutakoa:

Politikaren alde (baina kanpainarik gabe)

Gaur osteguna, eta hauteskunde kanpainaren azken egunetan sartuak dira alderdi politikoak eta politikariak. Estropadan baleude, esango nuke azken txanpan daudela, hamarreko seriean, dena emanda, egurrean. Komunikabideetan aitortuko dizute azken egun hauek gogorrak izan direla, latzak, baina merezi diela: hainbeste denboraz kanpaina prestatu ondoren, badirudi hiru asteko sufrimenduak eta gau bateko emaitzak lau urtean nahi dutena egiteko baimen osoa emango diela… Ja!

Zertarako dira hauteskunde kanpainak? Herritarrari aukeratzen laguntzeko omen dira, politikariek asmoak eta egindakoak aurkezteko. Baina hori horrela bada, non egon dira, ba, orain arte? Kanpaina berezia behar baldin bada adierazteko nortzuk diren, zer egin nahi duten… malo! Aurreko lau urteetan eta egunerokoan urruti samar ibili diren seinale.

Jakin-minez jarraitzen dut kanpaina, eta arreta ematen didate urtez urte marketin arduradunek sartzen dizkiguten berrikuntzek. Halako batean, mitinetan modan jarri zen hautagai edo hizlariaren atzealdean jendea jartzea: zahar eta gazte; gizonezko eta emakumezko; azal zuriko, beltzeko eta horiko; baina guztiak itxura onekoak, txukunak eta irribarrez… Antzerkia, zirkua ez esatearren, prentsari begira egiten diren agerraldiak: orain politikariari atriltxoa jartzen diote paisaia ederra duela atzealdean, eta aurrealdean prentsa besterik ez, publikorik gabe, hizketan; “paseoak” ere antolatzen dituzte, gaur portura, bihar parte teknologikora, hurrena merkatura… Eta hautagaiak beti irribarretsu ageri zaizkigu; dena da zuzena eta egokia, dena da ona eta positiboa, dena da neurrikoa… Hauek ere, ordea, ipurdian izango dute, ba, zuloa!

Zertarako hauteskunde-kanpainak, dena antzerki hutsa baldin bada, eta, batez ere, herritar gehien-gehienek aurretik botoa erabakita baldin badaukagu? Zergatik ez da neurtzen kanpainaren benetako eragina, hau da, zenbatengan aldarazten edo erabakiarazten duen botoa? Eta, bide batez, gustura jakingo nuke kanpainaren hasieran botoa erabaki gabe zeukaten horiek zeren arabera erabakitzen duten bata edo bestea: hautagaiaren edertasuna, proposamenek liluratuta utzi dutelako, ezin ikusi duen beste hautagai hori izorratzeagatik, inkestetan alderdi hori garaile ageri delako eta denoi gustatzen zaigulako irabazle sentitzea…

Interesatzen zait politika eta sinesten dut politikan, errealitatea aldatzeko eta hobetzeko balio duen tresna eraginkorra delako, eta iganderako ilusioa ere badaukat, Madril aldean eskapada latza eginda, aspaldiko partez batzuon botoek besteenak adinako balioa izango dutelako. Bitxia da, gero: lehen aukera politiko batekoak mundukoak omen ginen (eta gainerakoak estralurtarrak, akaso?), orain kontaminatuta edo zikinduta omen gaude, zergatik eta noizbait zerrendetan joan edo zinegotzi izateagatik, politika egiteagatik… Sinesten dut politikan, eta txalotzekoa iruditzen zait inoiz politikan jardun ez eta oraingoan politika egiteko konpromisoa, gogoa eta ilusioa erakutsi duten gizon-emakumeen ahalegina. Bejondeizuela!

Hauteskunde-kanpaina, zirkua edo dena delakoa amaitutakoan, maiatzaren 22ko emaitzen ondoren, denok izango gara irabazle, baina batez ere orduan hasiko da politikarako garaia, herrigintzarakoa, egunerokoan: udaleko batzordeetan, gazteei kiroletan laguntzen, etorkinei nora etorri diren azaltzen, gure ondarea zaintzen eta ezagutarazten, kultur ekitaldiak antolatzen, gizarteko baztertuenei laguntzen, euskararen erabilera areagotzen, ingurumena babesten… Badago zer egina, eta udaletik hori guztia (eta gehiago) erraztu eta bultzatu behar da.

Beraz, gora politika, baina ea behingoagatik amaitzen den kanpaina!

Hondamendia gurean

Ostirala, apirila 1st, 2011

Hauxe osteguneko Hitzaren “Bostekoa”-n ateratakoa:

Hondamendia gurean

Japoniako tsunamiaren eta ondoriozko hondamendiaren harira, berria entzun orduko zuetako askok, nik bezala, galdera berbera egingo zenioten zeuen buruei: zer gertatuko litzateke horrelako olatu erraldoi bat etorriko balitz gurera? Bai, Urola ibaian zenbat eta gorago, orduan eta galdera gutxiago, zaila delako Azpeitira edo Errezila olatu-zipriztinen bat iristea; baina kostaldean bizi garen askok imajinatuko genuen olatua horma bihurtuta itsasotik sartzen.

Japoniako hondamendia gertatu eta hurrengo egunean, Euskadi Irratian entzun nuen gurean ere gertatu izan direla antzeko ezbeharrak, eta belarria zorroztu nuen, erne, adibideen bila: XVIII. mendean Lisboa desegin zuen lurrikara izan zenean, olatutzarrak izugarrizko triskantza egin omen zuen Cadiz hirian eta inguruetako herrietan. “Joño! Urrutira iristen duk, ba, gurea!”, pentsatu nuen, eta euskal irrati publikoan Espainian etxeko sentitzen direnen eskua sumatu, berriz ere, ezkutuan.

Gure kostaldean (Zumaiatik Oriora bitartekoan, ez Cadizen), tragikoa eta beldurgarria ez balitz, bereziki ikusgarria izango litzateke ikustea olatua Zarautza iristen, Santa Barbaratik edo Talaimenditik begira, ura abailan sartzen hondartzan gora… Eta Zumaian… Irudimena borborka jarri eta imajinazioarekin ikusi dut olatua Algorritik Ardantzan barrena etortzen, Amaiako plaza aldera, eta Itzurun hondartzatik behera ere bai, aldapan; Parolaldetik ibaian gora sartzen eta kirol portuko itsasontzi guztiak askatzen, jostailuzkoak balira bezala, eta urak Zumaia ia osorik hartzen azpian, autoak arrastaka: Amaiako plaza, Erribera, Arroakale ingurua, Basadiberri eta Basadizarrak… Urak behera egin duenean, Astilleroetan egiten ari diren itsasontzia ere imajinatu dut Kantera baserriaren teilatuaren gainean, Japoniako irudiekin akordatuta… Berriz ere errealitatera bueltatuta, lasaitua ematen du jakiteak hori hemen ez dugula ikusiko -espero!-, gurean horrelako zerbait gertatzea oso-oso-oso zaila omen delako, adituen ustez. Horrelako arriskuei eta hondamendiei begiratuta, batez ere urak eragindakoak jasan behar izan ditugu gurean, Urola ibaiaren uholdeenak edo itsasoarenak marea bizietan, baina azken triskantza handienez gogoratzeko zuri-beltzeko argazkiei begiratu behar… Aspaldian ez dugu horrelakorik izan, baina, zer nahi duzue esatea, hemen ingeniaritzak denerako konponbidea daukan honetan, oraindik ere naturak agintzen du, guk nahi edo ez. Zumaian aspaldian egin duten ingeniaritza lanik handiena kirol portua izango da, eta akordatu naiz bere garaian ibaia kanalizatu egin zutela bokalean, itsasoratzean, “autodragatzeko”; adituek hitza eman ziguten ura bideratuta eta abiada bizian jaitsiz gero, ez zela hondarrik pilatuko hondoan… Hitza eman eta hitza jan, noski.

Olatutzarra baretuta, Fukushimako zentral nuklearraz akordatu naiz, japoniar txikiak su handia ezin itzalirik, ura bota eta ura bota. Hemen, gurean, eskapada latza egin genuen, Mendata-Sakoneta inguruan zentral nuklearra jarri ez zigutenean, eta Fukushimako zentralaren keari begira, Zubietan egin nahi duten errauskailuaz ere akordatu naiz. “Lasai, dena ondo pentsatuta dago eta”, diote adituek, eta are handiagoa, orduan, beldurra: ez ikusteko moduan jarriko omen dute, ez omen dugu sumatu ere egingo botako duen ke kutsagarria; eta segurua omen da, oso segurua. Errauskailu alu hori ere imajinazioak sortutakoa balitz, sikiera…

Horraino paperean ateratakoa. Hori idazten nuen bitartean, argazki zaharretan bila jardun dut, eta polit batzuk aurkitu ere bai:

Argazki hau Jose Garciarena (Foto Gar), 1967koa, eta marea biziak izango ziren, nonbait. Olatuak erraz gainditzen du Arranplako petrila:

arranplan_ura_gainezka_zumaia_1967_foto_gar_b.jpg

Garai hartakoak (1967ko uholdeetakoak) dira, baita ere, beste bi hauek ere:

moilan-1967.jpgbidabazpi-1967.jpg

Beste hau, berriz, 1932koa, Estazioko Rosendonekoa urez inguratuta:

rosendonekoa-1932.jpg

Azkenik, hona hemen itsaso zakarrari ateratako argazki batzuk, Javier Carballorenak (eskerrik asko!), hauek ere 1967koak:

aprox-1965-atalaiatik-zumaia-javier-carballo.jpg

aprox-1965-talaipetik-zumaia-javier-carballo.jpg

aprox-1965-paoleko-igoeratik-zumaia-001-javier-carballo.jpg

Hirigintzatik herrigintzara, kulturarekin

Ostirala, otsaila 25th, 2011

Hauxe Hitzan, “Bostekoa” atalean, 2011-02-24an argitaratutakoa:

 

Hirigintzatik herrigintzara, kulturarekin

Zumaiako Udalak urtarrilean parte hartzeko prozesua jarri zuen martxan, gure kulturaren orainaz eta etorkizunaz hitz egiteko. Gaia interesatzen zaidan neurrian, ahalegindu nintzen parte hartzen, baina txirrindulariei gertatzen zaien bezala, hainbesteko abaila zeraman tropelak, atzean gelditu nintzen hasi orduko; urrutian, lasterketan han aurrean doazenei begira, kotxe eskobatik nire ekarpentxoa egin nahi nuke.

Kultura zaku handia da, proiektu adina jende eta pentsaera biltzen dituena, eta iruditzen zait Zumaiako poltsa bereziki handia eta betea dela; uste dut kultur eskaintza ederra, askotarikoa eta oparoa daukagula. Ez dakit zer ekarriko duen parte hartzeko prozesuak, baina balioko ahal du kultur zaku horretako pieza guztiak atera eta mahai gainean jartzeko, elkarrekin ahokatu eta osagarri izan daitezen, guztiekin Zumaiako kultur puzzlea egiteko. Kultur irudi horretan, bada hutsune nabarmena, Komentuari dagokiona; oraindik itxura edo formarik ez du, baina etorkizunean garrantzi eta pisu handia behar du. Zumaiako herri kultura aztertzeko eta lantzeko, gure izaera eta nortasuna babesteko, zumaiartasunaren sokak etenik izan ez dezan, Komentuak ezinbesteko pieza izan behar du Zumaiako herrigintzan eta kulturgintzan.

Zer daukagu bereizgarri Zumaian, auzoko herriek ez daukatena? Hor dauzkagu eraikin handi eta ederrak: Parrokia, Foronda, Ubillos, museoak…, horiek nekez galduko dira; baina horiekin batera, badaude gure izana eta izaera azaltzeko balio duten beste hainbat gauza txiki, ustez ezdeusak: Moilaberriko garabiaren errailak, portua oparoa zeneko oroigarriak; herrian pixkanaka desagertzen ari diren lehoi iturriak (bide batez: non dago Beheko plazatik, Txurreren ondotik, kendu zutena?); Mojaxarretako paretako uztaiak, baserritarrek astoak lotzekoak; Estalapeko barometroa, hainbat zumaiarren begiradak jasoa… Gure izanaren zati isil diren neurrian, premiazkoa iruditzen zait horiek guztiak zerrendatzea, ezagutzea, babestea eta zaintzea. Eta “ukigarriak” diren ondasun txiki horiekin batera, bestelakoak ere bai, jakina: Zumaiako hizkera, hitzak edo esaerak, izenak eta ezizenak; belaunaldiz belaunaldi iragan diren abestiak eta bertsoak, jolasak edo ohiturak, pasadizoak eta gertatuak… Otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan, ohi bezala taldean eskean ibili ginen baserriz baserri, goizean Askizu aldean, arratsaldean Jadarretik gora; ostirala zen aurten, eta oso jende gutxi ginen: momentu batean bi koplari eta bi koruko, hiru musikarirekin! Gure azken paradan, Agirreazpikoa baserrian, ohiko merienda ederra dastatzen genuen bitartean, atentzioa eman zidan Migel Agerre etxeko nagusiaren gogoetak: “Hemen zabiltzate, musikariak aspaldiko musika tresnekin; bertsolariak koplaka, baserriz baserri; hemen zabiltzate ohiturari eusten… Hau ere kultura da, ba! Babestu beharko da, ba, ez galtzeko!”.

Herri kulturak etenik izan ez dezan, dirua eta lana behar dira, baina bada ordua pixkanaka gure pentsaera aldatzen hasteko; normala eta beharrezkoa iruditzen bazaigu zubi batean 860.000 euro xahutzea edo Udaletxea berritzen ia 2.500.000 euro gastatzea, zenbat inbertitzeko prest gaude zumaiartasuna ezagutzeko eta zaintzeko? Hemen behingoagatik hirigintza gutxiago eta herrigintza, kulturgintza gehiago behar da. Noizbait konturatuko beharko dugu herriak ez direla porlanaren eta adreiluaren gainean eraikitzen, memoriaren eta izaeraren gainean baizik.

Memoria argitzera

Ostirala, urtarrila 14th, 2011

Hauxe urtarrilaren 13an Hitzaren “Bostekoa”-n ateratakoa:

MEMORIA ARGITZERA

Deskantsatzeko eta indarberritzeko ez ezik, Gabonetako oporraldia txukunketarako ere aprobetxatu dut, eta diferentziako distira daukate orain gure ganbarak, garajeak… Asmoa baneukan, baita ere, hain nabarmen ikusten ez diren baina lekua hartzen duten ordenagailuaren barrunbeak ordenatzeko, baina ezinean ibili naiz, ezer botatzeko penetan. Hain leku gutxi hartzen dute dokumentuek eta hainbesteko memoria dute ordenagailuek…

Argazki zahar mordoa daukat jasota ordenagailuan, eta horiei begira jardun dut denbora luzean, gure iraganean murgilduta. Gosea ase beharrean, gainera, areagotu egin zait, eta argazki zahar gehiago ikusteko gogoa piztuta, www.euskomedia.org-en dagoen Zumaiako argazki-artxiboan jardun dut, lehengo gure herrian murgilduta. Guztira 680 dokumentu daude, denetarik: paisajeak, kaleak, jendea, ospakizunak, kirolak, festak… Berehala, ordea, sentsazio mikatza nagusitu zait: argazkien azalpenetan, ez dago ia batere informaziorik; ez nork atera zuen, ez noiz, ez zergatik, ez nor ageri den irudian…, eta beste batzuetan, gainera, garrantzitsuenari erreparatu beharrean, txikikeriak azpimarratzen dituzte testuek; adibidez, batean jartzen du “Baporea Narrondo ibaian”, eta horixe ageri da aurrealdean, baina atzealdean ikusten da Zubitxikia erorita, argazkia Gerra Zibil garaikoa den seinale. Eraikinetan baino gehiago, ordea, batez ere zumaiarren irudietan aritu naiz begira, ezagunen bila, eta bereziki musika bandaren argazkietan, senideren bat (attitta Jeronimo, haren anaia Martin Patxi…) aurkitu nahian. Horretan nenbilela, bandaren argazki zaharrak aurrealdean, anekdota batekin akordatu naiz. Orain dela urte asko, sanmigeletan, joan da Zumaiako musika banda Artadira, eguna alaitzera, tartean gure attitta eta osaba Martin Patxi. Bazkaldu ere han egin behar, eta horretarako tabernara sartu direnean, sukaldeko atetik lepoa luzatuta, ikusi ditu gure osaba horrek oilasko ederrak, erretzeko prest. “Hau duk nirea!”, pentsatuko zuen, oilaskoa oso jaki preziatua baitzen garai hartan. Eseri dira bandakoak bazkaltzeko eta atera diete lapikoka baba txiki, eta gure osabak muzin, atzetik zetorrenaren esperantzan. “Ez al duk jan behar?”, lagunak, eta hark “Ez, ez, jan lasai”, oilasko izter ederra buruan. Erretiratu dituzte mahaitik jatekoak, eta etxekoandreak “Ondo bazkaldu al duzue?”, eta gure osaba harrituta: “Bazkaldu? Eta oilaskoa?”. Eta etxeko andreak: “Oilaskoa? Agintarientzat!”. Sikiera, baraualdia ere ez omen da txarra eta…

Euskomediako argazki umezurtz horiek direla eta, pentsatu dut gure memoriak merezi dutela informazio gehiago, edukiekin betetzea, zuri-beltzeko argazki horiei kolorea eta bihotz-taupadak ematea. Zertarako behar dugu hainbeste dokumentu, gero ez baldin badakigu -ia- ezer ere horien gainean? Premiazkoa iruditzen zait galtzeko zorian gauden informazio hori guztia lehenbailehen eta behar bezala jasotzea eta erregistratzea, lehenengo, eta ezagutaraztea, ondoren. Urrats bat egin zen duela urte batzuk Javier Carballo eta Ismael Manterolaren Zumaia oroituz bikainarekin, baina bistan da pauso batek ez duela egiten bidea.

Hemen, Hitzan, irakurri berri dut argazki erakusketa antolatu dutela Azpeitian, herriaren 700 urteurrena dela eta. Zumaiarroi oraindik 33 urte falta zaizkigu hain urteurren biribilera iristeko, baina ospakizun horren zain egon gabe ere, egingo ahal dugu zerbait gure iragana berreskuratzeko, gure memoria argitzeko.

Hemen izanik, han naiz

Astelehena, abendua 6th, 2010

Hauxe joan den ostegunean, 2010-12-02an, Hitzako “Bostekoa”-an ateratakoa:

Sarrionandiaren liburu eder baten izenburuari buelta eta ukitu bat eman dizkiot gaurkoa abiatzeko, eta idazle iurretarrari heldu nahi diot, hasteko. Kontatzen du Sarrionandiak, Ruperren ahotsean, Fernando Pessoak hormetan zelai urregorriztatuak ikusten zituela, beste edozeinek pareta soila ikusten zuen lekuan, eta beti gustatu izan zait irudia. Sarrionandia bera imajinatzen dut, auskalo non, ez dakit ordenagailuaren, idazmakinaren edo orri zuriaren aurrean, parera begiratu eta berak bakarrik ikus dezakeen horren gainean izkiriatzen, amesten duen hori guztia begi aurrean balu bezala, han nonbaiten izanik, hemen, gurekin… Zer gauza handia den irudimena, gizakion ezaugarri eta gaitasun ahaltsuenetako bat, gorputza leku batean egonagatik aldi berean burua beste nonbaiten egotea. Segituan imajinatu ditut gure eskola­‑garaiak, nola joaten zitzaidan irudimena hegan irakaslearen ahots aspertua azalpenetan hasi orduko, eta imajinatzen dut gaur, abenduak 2, mutil bat herri­‑eskolako leihotik kanpoaldera, urrutira, etxearen fatxada besterik ez dagoen lekuan itsasoa irudikatzen, eta batel bat arraunean estropadan…; edo neska bat, ikasgelan Europako estatu eta hiriburuen zerrenda aspergarriko izen bakoitza ozen irakurtzen dutenean bere burua irudikatzen Europan zehar bidaiatzen, musika-izar edo dantzari handia, hurrengo emanaldia non egingo duen… Gaitasun handia da irudimena.

Durangoko Azoka gainean dugun honetan, liburuen uholdean ito baino lehen, hausnartu dut nolako indarra daukan liburu batek amets egiten laguntzeko, are indartsuagoa literaturakoa bada, gure gorputza dagoen tokitik erabat eramateko. Ez dago ez trenik, ez hegazkinik liburuak baino urrunago eramango gaituenik; ez dago liburua bezalako garraiobiderik. Baina arriskutsua ere izan daiteke. Askotan trenez joaten naiz lanera, Zumaiatik Usurbila, eta gertatu izan zait liburu bat irakurtzen hasi eta seko ahaztea nora eta zertara noan, baita non jaitsi behar dudan ere; aspaldian, trenean, laneko kontuak bakarrik irakurtzen ditut, badaezpada ere, edo gurutzegrama bat edo beste egin.

Liburua garraiobide ahaltsua da, baina kontrario gogorra dauka azkenaldian: Internet. Gorputza ordenagailuaren aurrealdean eserita egon arren, aldi berean egin dezakegu bilera Bartzelonan dagoen batekin, aurrez aurre bageunde bezala; edo eros ditzakegu kontzertu baterako sarrerak, etxeko zapatilak kendu gabe; edo webcam bidez ikus dezakegu nola eguna esnatzen ari den New Yorken, edo nolako itxura daukan Mont Blancek, Chamonixtik begiratuta.

Adibideak eman ditut erakusteko posible dela leku batean egonik aldi berean beste batean egotea, baina aitortu behar dut orain arteko -ia- guztia aitzakia besterik ez dela izan, azken lerro hauetara iristeko. Izan ere, hemen, gurean, azkenaldian elur zuriz estali zaizkigu bihotz beroak, eta trikua neguan bezala lokartu zaigu gogoa, hibernatzen geratu zaigu animoa, udaberriaren zain. Urriaren amaierako ostegun­‑ostiral malapartatu hartatik, uzkurtuta gabiltza, elkarren arrimuan, gorputza hemen egonik burua han, ezkutuan dagoen iloba gogoan. Egunak aurrera joan ahala, konturatzen gara gu txiki­‑txikiak garela, ezdeusak, eta handitu egiten duk falta denaren hutsunea, hire itzala… Ez zagok eguzkirik hi bezalakorik, zuek bezalakorik, gure elur hotzak urtzeko, gure gogoa berotzeko. Eutsi, eta hagoen tokian hagoela, muxu eta besarkada goxo-goxo bat, Beñat.


Bad Behavior has blocked 31 access attempts in the last 7 days.