Ines Aseginolaza Zumaiako pediatra Herriko pediatra modura urte asko daramatza Ines Aseginolazak. Saharako bidaia esperientzia berezia izan den arren, han ere herrikoak zaintzen jardun zuen.
Nola sartu zinen proiektuan? Hasieratik izan zenuen asmoaren berri? Kontsultan jakin nuen. Goiz batean ama batek Saharari buruz zerbait komentatu zidan, baina ez nion kasu handirik egin. Egun berean, Samuel etorri zen eta berak ere zerbait esan zidan. Pentsatzen aritu eta Samueli deitu nion parte hartu ahal nezakeen galdezka. Ez dakit lekurik zegoen, niri behintzat egin zidaten. Zein izan da zure lana han? Hemendik joan ginenak zaindu ditut. Ahalik eta hobekien zaintzen saiatu naiz. Hala ere, batzuk gaixo samar etorri dira… Guztira berrogeita bost bat gaixotu ziren han. Badaude etorri eta gaixo jarri direnak ere. Lehen egunetatik jarri ziren gaixo eta hango nire etxera joan zitezela erabaki genuen. Beraz, kanpoko gutxi ikusi dut. Zailtasunak izan dituzue? Orokorrean, uste dut ongi moldatu garela. Gaixo egon direnek ez zuten hitz egiteko gogo handirik, baina kalean topatu ditudan ikasleak oso gustura egon direla uste dut. Hizkuntza izan da beharbada okerrena. Ez jakitean zaila da elkarrizketa sakonago bat izatea. Bertako mutiko bat izan genuen itzultzaile. Ez da erraza modu horretara informazio asko lortzea. Jendeak nola hartu du zuek hara joatea? Ez dugu ahaztu behar euren bizimodu eta ohiturak dituztela. Beste leku batzuetan sinesmenek traba handiak jartzen dituzte botikak edo laguntza hartzeko orduan. Gure kasuan, ez da hain zaila gertatzen, ohitura handiagoa dute, gugandik hurbilago daude. Hemendik botikak eraman dituzue, orduan. Banatzeko botikak erosi genituen, baita guretzat ere, sobratutakoak han uzteko asmoarekin. Zalantza handiak izan nituen aukeraketan, baina azkenean ongi atera zen. Joango al zinateke berriz? Oso ongi pasa dut. Itzultzeko prest nago. Gure artean ere oso ondo moldatu gara. Besteekin ez dut oraindik hitz egin, baina polita izan da, nire lana dela eta gauzak kanpotik ikusi ditudan arren. Bueltatzekotan, egoera berean? Gauzak beste modu batera pentsatuz egingo nuke. Uste dut nire lana oinarrizko laguntza ematea izango litzatekeela. Baina ez dakit zenbateraino den ona hemendik eraman dezakeguna. Arretaz jokatu behar da. Guztia hara joan eta botikak agintzea baino zerbait garrantzitsuagoa da. Euren ohiturak, bizimodua dituzte. Alde handia nabaritu duzu, beraz. Bi mundu ezberdin dira. Ez dakit egokia den gure oinarrizko laguntza hara eramatea. Esaterako, ama batek anemia zuela eta berun pilula batzuk eman nizkion. Egun batzuetara emakume batek esan zidan ama hori ospitalera joan zela, medikuari galdetzera, emandako pilula haiek onak ziren jakin nahi zuen. Egoera horietan pentsatzen duzu egiten duzuna hain onuragarria den.