Samuel Ruiz & Ibon Ibarguren Irakasle eta arduradunak
Herri Eskolako eta Maria eta Joseko arduradunekin hitz egin nahi izan dugu beste behin ere, eta jator-jator erantzun digute Samuel eta Ibon irakasleek.
Gaua zen Darahli proiektuan parte hartu duen taldea Tindoufeko aireportu militarrera iritsi zenean. Kamioietan sartu eta errepiderik gabeko bidean abiatu ziren Ahayunera. Iluntasunean milaka eta milaka izar izan zituzten lagun; denak aho zabalik zerura begira egin zuten Saharako lurretan lehen ibilaldia. Goizeko bostetan udaletxean bildu ondoren, emakume batek eraman zituen bosteko taldetan zumaiarrak haimetara. Ibonek, antolatzailetariko batek dioenez, “han ez zuen balio ‘nik ez dut nahi’ esateak. Bizitzara egokitu behar zinen: tearen erritoa, hango janaria, hango kontakizunak…”
Darahli proiektuaren helburu nagusia sahararrekin elkarbizitzea zen eta hori ondo baino hobeto bete dutela diote antolatzaileek: “Ikasle, irakasle eta kazetarien arteko elkarbizitza ona izan da, baita bertakoekin ere. Oraindik familiek deitu egiten diete ikasleei. Gainera, gauza asko ikasi dituzte eta ikasle batzuk ukituta etorri dira”. Saharan izan diren astebetean, errefuxiatu izatea zer den ikasi dute, baita bizi duten egoera gogorrean zoriontasunez nola bizi daitekeen ere: “Ez dute ezer eta duten gutxi hori eman egiten digute eta, gainera, alai bizi dira. Baldintza gogor horietan antolatzeko eta aurrera begiratzeko gai dira, itxaropena galdu gabe”. Samuelek gaineratu duenez, “pazientzi errepasoa ere eman digute: hemen beti erlojuaren kontrolpean bizi gara eta han ez du funtzionatzen, ez dute presarik ezertarako”. Bi urtean lanean aritu ondoren, hainbat proiektu garatzeko asmotan abiatu ziren zumaiarrak Saharara eta proiektuok gauzatzea lortu dute: informatika gera aurrera atera dute, uholdeak suntsitutako udaletxearen pareta altxa dute –40 graduko tenperaturan egun osoz lanean jardunez–, Baleike-k emandako diruarekin erositako botikak Ospitale Nazionalean entregatu dituzte, eskolako materiala utzi dute, eguzki plakak…
Zazpi egun igaro dituzte saharar lurretan eta orain han bizitako esperientzia zabaldu nahi dute. Antolatzaileek diotenez, “Enbaxadore bihurtu ditugu 80 ikasle hauek eta orain ahoz aho zabaltzen ari dira bertako egoera, eta horixe da Sahararrei interesatzen zaiena; izan ere, gai gara laguntza bidaltzeko, baina ez gara ohartzen zergatik dauden han”.
“Darahli’06”-k nolabaiteko jarraipena izateko esperantza badute antolatzaileek: “Saharak badu zerbait, barnean zerbait geratzen zaizu eta berriz joaten saiatzen zara. Ikasleen aldetik ea zerbait irteten den. Hazia bota dugu eta ikusiko dugu fruituak ematen dituen ala ez”.
Amaitzeko eskerrak eman nahi izan dizkiete proiektu hau aurrera eramateko laguntza eskaini duten guztiei: oro har, Zumaiako herri osoari, bai erakundeei, baita banakakoei ere.